Euskal subjektu politikoaren berrezarpenaren bidean

Euskal Subjektu Politikoaren Berrezarpenaren Bidean –

Lehenbiziko artikulu honekin EUSKAL SUBJEKTU POLITIKOAren berrezarpenaren gaineko eztabaida piztu nahiko nuke, ZuZeuk abiarazi duen Euskal Estrategia Independentisten gaineko Eztabaida Nazionalaren ildotik, ofizialki ez izan arren. Iruzkin batean esanda utzi dudan bezala, euskal ildoa baztertzen duen errepublika bat ez da izango euskal errepublika bat, oso errepublikarra izan arren.

Euskal Subjektu Politikoaren Berrezarpenaren Bidean

Orain idaztera noakizuen artikulua ZuZeun bertan egindako iruzkin batzuen jarraipen modura aurkeztu beharra dago. Nolabait ere, Beñat Castoreneri zor behar diogu lerro hauek idatzi eta publikatu ditzadala, berarekin izandako iritzi trukaketa digitalak akuilatua izan baita artikulua idazteko borondatea. Artikuluaren helburua ez da inondik inora nire iritzia inork onartu dezala eta are gutxiago nartzisismo nahi batengatik publikatzea, kontrara, ez naiz oso pertsona publikoa eta anonimotasunak barrera hori garaitzen laguntzen dit. Berez, ideia trukaketa bat sortzeko nahiarekin idazten ari naiz, eztabaida honen joanean guztiok aberastu gaitezen, inteligentzia kolektibo baterako bidean, gure ezjakintasun partikularrak garaituz.

Sarrera modura, artikulu honetan zirriborratzera noana euskal politikaren krisi sakon baten ondoriotzat hartu daiteke, niretzat, egun, hiru ildo nagusitan laburbildu daitekeena: kapitalismo berantiarraren ezarpena eta euskal ekonomiaren desindustrializazio eta tertziarizazioa, euskal komunitateak masa kultura global erdalzalean diluitzea eta ETAren arma uztearen ostean ezker abertzaleak egindako ziklo politiko aldaketa, bere krisi propioak eraginda. Dena den hiru ildo hauen gainean hausnartzea ez da nire asmoa, kontestua ezartzea baino ez.

Ez nuke gehiegi luzatu nahi, artikulu motz eta ondo sintetizatuek arreta erakartzeko gaitasun handiagoa daukatelako, horregatik hau artikulu segida baten lehenbizikoa dela esatera ausartuko naiz. Zein izango da artikulu segida horren gaitegia? Artikuluak arreta erakartzeko eta engaiatzeko ahalmenik erakusten badu, iruzkingile guztion artean erabakiko dugu zein izango den ideien sintesi batera heltzeko bidea: hizkuntza, hezkuntza, ekonomia, kultura, politika… nazio bat ezaugarritzen duten alderdi ezberdinen gaineko lana proposatzen dut nik, gutxika, gutxika, eta komunitate honek zertan lagundu dezake nazio eraikuntza horretan. Nola erdietsiko du euskal komunitateak hori guztia?

ZuZeuko iruzkinetan sortu diren eztabaidetan normalean Estatu eta politika instituzionaletik haragoko posizio batean kokatu naiz gai askotan. Zergatik? Teorikoki oso ohikoa delako pentsatzea boterea nonbait dagoen zerbait dela pentsatzea, normalean Estatuan pentsatzen dugu, instituzio publikoetan eta enpresa pribatu handi transnazionaletan eta beraz, esparru horiek irabazi behar direla boterea lortzeko. Baina zinez uste dut komunitate batek, naiz eta botererik ez “izan”, botere hori sortzeko eta botere horri jarduna emateko biderik badaukala, nahi izatekotan. Nik ez diot Estatuaren eta instituzio publikoen gaineko eta baitako lan politikoari uko egiten, baina egungo abagunean badirudi paternalismoak jota gure komunitatea (eta ez soilik gure komunitatea, baizik eta biztanleriaren zati handi bat ere bai) eska eta erreguka ari zaiola beti administrazioari zerbait egin dezan eta erabaki horiek bultzatzeko bideak bilatzen. Orain arteko eska eta erregu horietako asko antzuak izan dira. Orduan, zergatik ez dio euskal komunitateak berak bere arazoetako askori konponbidea bilatzen? Zerk lotzen gaitu immobilismora? Nazio proiektu bati begira, nazioa eraikitzeko bidean, batzuetan alderdi eta instituzio publikoen gainetik egon behar gara eta nazio ikuspegia daukaten proiektu anbiziosoak sortu.

Nire ustez, lokaletik nazio mailara, euskalduna (noski) eta demokratikoa izan behar den bide honi heltzeko subjektu bat sortu behar da, edo sortu baino gehiago, subjektu hori berrezarri behar da: euskal subjektua. Euskal subjektua berrezartzeko programa pedagogiko komunikatibo serio bat abiatu beharko litzateke, zertarako? Izatearen kontzientzia hartu dezan, norbera dena balioan jartzeko, fiertasuna berreskuratzeko eta euskal komunitateak behar duen lanera engaiatzeko. Bere kultura eta historiaren jakintzarik ez daukan herria desagertzera kondenaturik dago egun, deriban utzitako ontzi bat besterik ez. Beste nolabait esanda, euskaltasunak militante aktiboak behar ditu, haien artean ongi antolatuak eta saretuak, proiektu txikietatik proiektu makroak sortzeko bidean.

Beraz, lehenbiziko artikulu honekin EUSKAL SUBJEKTU POLITIKOAren berrezarpenaren gaineko eztabaida piztu nahiko nuke, ZuZeuk abiarazi duen Euskal Estrategia Independentisten gaineko Eztabaida Nazionalaren ildotik. Iruzkin batean esanda utzi dudan bezala, euskal ildoa baztertzen duen errepublika bat ez da izango euskal errepublika bat, oso errepublikarra izan arren. Estrategia ildo, Beñat Castorenek esan bezala, ez elektoralista eta ez putschista honi hasiera emateko gure ingurune politikoaren argazki bat egin beharko genuke, mugimendu politiko guztietan egindako oinarrizko taktika:

Gizakiok janari eta edariaren gainean sozializatzeko ohitura daukagu, agian azken bi urteetan nahas-mahas geratu zaigun ohitura bat, baina ohitura ona, azken finean. Esan bezala, nazio eraikuntza lokaletik hasi behar da eta nahi duenarentzat esperimentu edo hastapen puntu bat proposatzen diot, nahi duen mahai edo barran egitekoa, harreman sareak sortzeko bidean:

Hausnartu, zenbat euskaltzale ditut ezagutzen herrian edo auzoan? Baloratu, zeintzuk egon daitezke ideia hauen alde eta lanerako, xumea izan arren, prest? Eszenatokia prestatu eta hitz egin jendearekin, saiatu engaiatzen… Somatzen dudanagatik geroz eta indibidualismo eta pribatismo gehiago dagoenaren ustea dago, pertsonok ez ditugu besteak influentziatu nahi, baina barrera psikologiko hori garaitu beharra dago, astun, berbati edo sudurluze bezala geratzeko beldurrik gabe.

Badira hurbilduko direnak, baina askoz gehiago izango dira erakarri ditzakegun zalantzatiak.

Apustu hori egin gabe ez dago garaipenik.

Euskal Subjektu Politikoaren Berrezarpenaren Bidean Euskal Subjektu Politikoaren Berrezarpenaren Bidean Euskal Subjektu Politikoaren Berrezarpenaren Bidean

7 pentsamendu “Euskal subjektu politikoaren berrezarpenaren bidean”-ri buruz

  • Zerbait egin beharko da bai azken aldiko gainbeherari buelta emango badiogu. Nazio askapena eta nazio eraikuntza jolakelu politikotik desagertuta daude eta diskurtsoa konplexuz betea; abertzale izatea ere lotsarako dela dirudi. Kaleko aldarrikapen eskasak Espainiako Vallecasekoak izan litezke, baldin eta euskaraz (oraingoz) eginak ez baleude.
    Ea ba, herri honi eutsi nahi diogunak zer edo zer egiteko gai garen. Egiteko horretan orri zuri batekin abiatu beharra daukagu. Iraganeko eskemek zatiketa eragiten dute gugan eta zatiturik irabazi ezin dela gauza jakina da. Konplexuak eta dogmak alde batera utzita egin dezagun aurrera.
    Izateko eskubidea izateko aukera bihur dadin, izateko nahia berpiztu behar dugu eta horretarako, bide egingarri bat marraztu.

  • Beñat Castorene 2021-10-07 12:06

    Ongi Indar. Zuk segi zure desmartxa sintetizatua. Ni entseiatuko naiz iruzkin analitikoagoak eta punktualagoak egiten.
    Ene ustez diagnostikoaz eta ekimen praktikoaz batera eraman behar da hausnarketa. Izan ere ezin gara adoretsu izan diagnostikoan ez badugu denbora berean argitxo bat ere ikusten akzioaren arloan.
    Nik badut denbora bateko lana. Laster hasiko.
    Animo

  • Arras eta biziki pozten nauk, Undar, hire proposamenarekin, neronek era aspalditik zeukeat eta ideia bera, KULTURGINTZA-2022, eta horretarako plangintza zehatza, Paco Soduperen artikuan ageri dena. Agur, ohore eta Congratulations

  • Benat Castorene 2021-10-07 18:15

    Aurretik barkatu, egia eta erealitatea zilatu nahi izaiteagatik, zuenguzien beharriak zaurtzen baldin baditut. Konbentzituta nago ezin dugu ezer seriorik eraiki baikortasun lasaigarriaren eta elgarri buruzko konplimendu inozoen gainean.
    1) Lehen oharra guri dagokigu: gurean momentuz ez dut frantses subjektu politikorik baizik ikusten. Bi mende eta erdiz errepublika frantziarraren mendean bizi izan ondoren ulergarria da. Baina bada larriagorik ere zeren, asimilazioa eta inbasioagatik, euskal subjektuak gero ta gutiagoak, gero ta ahulagoak baitira. Alta euskal subjekturik gabe ez da euskal subjektu politikorik izanen. Beraz euskal subjektu politikoa berrezartzeko, iduritzen zait euskal subjektua berrezarri behar dela denbora berean, bestenaz alferretan ari gara. Sustut ez dugu amets egin behar, euskal subjektu politikoek, hobereneko, biztanlegoaren gutiengo bat osatuko dute. Gaitza sobera barna sartu zaigu.
    Artetetik erraiteko, ene aldetik, Iparraldean, azken hiru mendeetan, ikus nitzakeen azken euskal subjektu politiko seguruei dagokienez aipa nitzake lapurtar batzu iraultza denboran, eta berrikiago Ik erresistentzia- mugimendukoak. Zorigaitzez estrategia eskasak zituzten, galdu zuten eta bistakoa da makurtu nahi izan ez zutenak lehertuak izan zirela gupidarik gabe.
    2) Orai errepublikari buruz: errepublika estatu modelo bat. Izan daiteke guretzat interesgarrienetarik bat. Baina errepublikak iraun nahiko du beste estatu guziek bezala, beraz politika linguistiko hori begiratuko du ber iraupenaren araberan. Horregatik, errealismo politikoz, populuan hegemonikoak direnekin egokituko da, haiek ditu faboratuko. Euskal subjektu politikoa ez da inozoa izan behar eta oinarriko egia hori jakin behar du.
    Horregatik, estrategiari dagokionez, gaurtik beretik, bada ezpadaere, euskal subjektu politikoak estatuetaz aparte edo estatuen gainetik auto-antolatzen ahalegindu behar dira.

  • Caixo,
    Barca ecer baino lehen baldin nere chapatto haur astuna considera badeçaçue.
    Uste dut ez dela egongo subjectu politicoric gurean, subjectu culturala (ez folkloricoa) lehenago berphizten ez bada. Oraingo subjectu nagusia gurean Europa da, eta horren parte gara, eta hor gaindituac dirade orain arteco Statuac eta haien chauvinismoac. Xabier Arçallucec espainiar cacetari bati erran beçala, Espainia edo Francia beçalaco Statuac noizbait desaguertuco dira; aldiz herriec hor iraunen dute.
    Europa ossotic denec dakite, ecen euscaldunoc ez garela ez frances ezta ere espainol. Gure ulhermenaren irismena ez balitz pasatzen Madrid edo Parisetic ez guinateque hortaz enteratzen, baina hala da Europan eta Munduan. Bainan euscaldunoc cer gara? Euscaraz aritzen den communitate ethnico bat, euscaldun desnationaliçatuac ere barnebilduta; herri bat cein Historian Statu batez ere dotatu içan bait da, ceina Franciac eta Espainiac conquistatu ukan bait dute; ceina gaur egun espainiar edo franciar cittadinanzan adiarazten duen bere egoera legala. Francia eta Espainiatic campo ba dakite berheizten nationea eta Statua.
    Nere ustez, euscaldunoc educ deçaquegu cer erran importante bat ethorquiçunean, bainan horretaracotz çaphaldu-complexua (realitate hurbilean oinharrituta bada ere) gainditu behar guenuque. Nere ustez euscal Republica bat ethorquiçun batean egon liteque baldin Europa batu humanista batean nor içaiteco prest egon baguenedi. Historian, Euscal Republica bat projectatu jada çuen Naffarroac 1789an. Bainan ordutic honat pausu batzuc atzeraca eguin ditugu, çaphalçaile frances eta espainolen strategien baithan. Orain jauci erraldoia eguin behar guenuque, bainan auquerac hor daude, ez da impossible bat.
    Gacoa culturala da, eta mentalitatezcoa. Gure etsai diren Espainia eta Francia gainditu behar guenituzque culturalqui, euscaldunoc jauci evolutivo cultural bat eguinez. Orain beçala seguituz gueroz, ethorquiçuna ilhun. Eta hortaz ez dago nehori ecer aurpeguiratzeric. Guri gueuri dagoquiquegu.
    Europaco Cultura grecoa da. Cein ere nagussitu den europar nationec eguin duena berceric ez da baicic eta greciar ondarea bere eguin. Ondoren, natione çaphalduac egoera horretan mantencecotz, natione çaphalçaileec Statuen bitartecoac valiatuz elicatu dute bethi natione çaphaldu haiengan barbariea eta sauvagismoa.
    Cer da euscaldunon artean, sauvageriaren apologia, natione conquistatzaileequico collaborationea baino, ascotan nahigabea bainan batzutan intelligentqui nahita eta bulçatua? Eta sauvagismoaren oppositionea gurean chinchoqueri catholico beçala aurquezten da. Sauvageac ez direnac ardi chincho eta obedienteac içan daitecençat. Ascatassunac ez du cerikussiric ez batequin ez bercearequin.
    Euscaldunoc ondino eguiteque dugu, Europar ondare culturala euscararat ekarri, eta euscaraz garatu, eta handic euscaraz oraingo realitateari ascatassunez heldu, eta Europan nor içan. Guiçabanaco asque eta cultivatuen societate bat eraiquitze dugu. Orduan bai eraiqui gueneçaque Euscal Republica bat.
    Adeitassunez

  • Nere ustez Euscal Herrico refferente culturalen gainean azterqueta criticoa eguin behar liçateque. Cer moduco rola jocatzen du Euscalçaindiac, cer moducoa Eusco Ikascunçac. Certan aritu eta ari diren EITB, EHU-UPV beçalaco eraguile publicoac. Certan ari diren Berria, Arguia, Jakin, etc. Certan ari diren schola gucietaco iracasleac.
    Problema ecin derauegu atchiqui Espainia ezta Franciari, ceren gure baithan infiltratua bait dugu. Haur suicidio collectivo bat da. Ez da possible orain purga sacon bat, beharrezcoa liçatequeen arrren. Bainan behinçan problema haur nola garatzen ari den bai azter daiteque, eta hortic planteamendu batzuc eguin.

  • Benat Castorene 2021-10-07 22:58

    Gero nahikoa ados naiz erraten duzun guziarekin.
    Eskatzen duzu:
    3) “Orduan, zergatik ez dio euskal komunitateak berak bere arazoetako askori konponbidea bilatzen? Zerk lotzen gaitu immobilismora?”
    Beti hitz politikoetan esplikatzen dugu baina beharbada “euskal komunitate”aren ideiak ez gaitu gehiago mugiarazten gure baitan oso ahulduta dagoelako? Nola iratzarrarazi?
    Ez da imobilismorik denarentzat: Erosotasun indibiduala ez ote da bilakatu gure eragingarri despotikoa? Kontsumo asko, turismo exotiko asko, lan guti, sustut haurrik ez. Hau ezin da egunetik biharrera aldatu batez ere ez badugu zerbaitekin ordezten. Beharbada erronka da gure populuaren tradizio sakonenean xerkatzea beste eragingarri ezkutu kolektiboagoak susper genezakeenak. Baina hastapenean erreakzioa ez daitekeelako bakana eta elitista baizik izan, beharbada jadanik existitzen da eta ez dugu ikusten.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude