Euskal selekzioen ofizialtasuna legez bideragarria dela dio Aitor Estebanek

Euskal selekzioen ofizialtasuna legez bideragarria dela dio Aitor Estebanek

“Oztopo ideologikoen gainetik betidanik egon da aldarria: gure nazio selekzio propioak izan nahiko genituzke”. Aitor Esteban diputatuak egin ditu adierazpenok, abenduaren 20ko hauteskundeetarako EAJren Bizkaiko zerrendaburuak. Kirola talde sentimenduari lotuta dagoela-eta, “nazio gisa aitortuak izatea nahi dugula esaten dugunean, kirol esparruan ere hala izatea nahi dugu” dio jeltzaleak; “EAJren aldarria da, euskal gizartearena eta gure kirolariena”.

Euskal selekzioen ofizialtasuna, legez bideragarriaDiziplina ezberdinetako kirolariekin bat -esker ona adierazi zien Kayak Surf eta Pencat Silat-eko selekzioei, lortutako emaitza bikainengatik-, Estebanek Euskadiren nazio selekzioak aitortuak izatearen “garrantzia eta beharra” azpimarratu du; “herri gisa lehiatzeko aukera izan dezagun, beste hainbat lekutan arazorik gabe gertatzen den moduan”.

“Espainiar gobernuek urteotan ezarri dituzten eragozpenak” jasan behar izan ditu ofizialtasunak, Bizkaiko zerrendaburuaren arabera legeak ematen baitie euskal kirol federazioei ofizialak izateko aukera. “Zoritxarrez -deitoratu du- PSOE eta PPren burugogorkeriak ez digu aurrera egiten utzi”, ezta “akordioa errazagoa izango litzatekeen diziplinetan ere”. Sokatira selekzioak, esaterako, ikurrina beste herrialde askotako banderen mailan jarri du, Basque Country izenpean lehiatuz.

Aitor Estebanek bi kirol hartu ditu ahotan arestian aipatutako ofizialtasuna, “borondaterik egonez gero”, legez bideragarria denaren adibide; errugbia eta pilota.

Errugbia aipatzen hasita, Gales eta Eskoziako selekzioak gogorarazi ditu; baita Irlandakoa ere, Eireko errepublikako jokalariek eta Ulsterrekoek talde nazionala osatzen baitute. “Horrenbeste tentsio egon diren lekuan denak irlandarrak direla eta denek jolastu ahal dutela onartu dute. Sentsibilitate hori bilatu dute, baina denek dakite herri bat direla eta Britainia Handiak ere izan du baimentzeko moduko sen ona”. Gurera etorrita, “hemen ere egin beharko litzateke, hau da, Iparraldeko eta Hegoaldeko jokalariz osatutako nazio selekzio bat”, egin du aldarrikapena.

.

Euskal pilota

Pilotari dagokionez, “oraindik ere ezin dut ulertu nola jartzen dituzten oztopoak” esan du egun Kongresuko EAJren bozeramaile ere baden Estebanek, jokoak gure izena daramala gogorarazita: “euskal pilota da”.

“Nola liteke herri honekin horren identifikatuta dagoen kirolari nazio selekzioa izaterik ez uztea?” galdetu du Estebanek. Eta adibide modura Lacrossea jarri zuen -Kanadako amerindiarren joko batean oinarritzen dena-. “Munduko txapelketak egiten direnean, iroquiar selekzioari, jokoa asmatu zuten indigenei, parte hartzen uzten zaie, jokalariak kanadarrak zein estatubatuarrak direla ere”; naturaltasun osoz nazioarte mailako aitortza egiten zaie kirolaren sortzaileei.

Legez bideragarria bada, gizarte mailako aldarrikapena badago, inguru hurbilean egingarria dela ikusi bada eta gure izena daramaten kirolak badaude… “zein da arrazoia Euskadiko selekzioek aitortza ez izatearen arrazoia? -itauntzen du Estebanek-. Erraza da erantzuna: politikoki nahi ez dutelako”.

Jeltzaleek urteak daramatzate erabakigune guztietan eskaria egiten, eta etorkizunean agertuko diren aukerak baliatuaz, Aitor Estebanek argi du: “denon artean aurrera aterako dugu”.

3 pentsamendu “Euskal selekzioen ofizialtasuna legez bideragarria dela dio Aitor Estebanek”-ri buruz

  • Estatu independiente gabe euskal futbol selekzio ofiziala izango dugu etxeko lorategian unikornio bat hezten dudanean.

  • PNVko hauek ama ere salduko lukete ahal bazuten…

  • EAJ-k Euskal Selekzioa dioenean zer esan nahi du, Euskal Autonomia Erkidegoko selekzioa (EAEko kirol federazioen menpekoa, eta haiek dituzten eskuduntzetan oinarritutakoa), Hego Euskal Herriko selekzioa ala Euskal Herri osoa hartuko lukeen selekzioa?
    Sekula ez baitut jakiten EAJ-k euskal dioenean, edo gure herria dionean, zertaz ari den…