EITBk “euskal Netflix bat” jarriko du martxan 2022an

EITBk “euskal Netflix bat” jarriko du martxan 2022an –

“Euskadin sortzen den ekoizpen guztiaz gozatzeko plataforma digitala sortuko du EITBk” irakurri dugu eitb.eus atarian.

Gainera, aliantzak sortu nahi ditu Europako beste komunikabide batzuekin, eta eskaintzen duen zerbitzu publikoa euskal gizartearen eskaera berrietara egokitu.

EITBk plataforma digital handi bat jarriko du martxan 2022an, Euskadin sortzen den ikus-entzunezko ekoizpen guztia bilduko duena. Horrela iragarri du Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak Eusko Legebiltzarreko Kontrol Batzordearen aurrean, asteazken honetan, maiatzaren 19an.

EITBk "euskal Netflix bat" jarriko du martxan 2022anPlataforma hori “apustu estrategiko eta berritzailea,” izango dela esan du Aldekoak, OTT plataforma bat. “‘Euskal Netflix bat‘ garatu nahi dugu, euskal gizarteari eskaini eta biltzeko; halaber, nazioarteko leiho bat izatea nahi dugu, eta ez soilik EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzea, baizik eta Euskadin sortzen diren euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak ere”, zehaztu du.

Plataforma berria talentuari balioa emateko asmoz sortu dela azpimarratu du Aldekoak. “Ikus-entzunezkoen euskal ekoizpen handia, gure kultura eta, noski, gure hizkuntza, euskara, dira gure estrategiaren funtsezko arrazoia”, gaineratu du.

“Egungo ikus-entzunezko kontsumoan plataformak funtsezkoak eta erreferentzia geldiezina direla uste dugu. Gaur egun euskarak ia ez du lekurik eremu horretan; eta euskarak gainerako hizkuntzen kalitate bereko edukiak ematen ez baditu, eta eduki horiek gainerakoekin bezain erraz eta erraz eskuratzen ez badira, gure hizkuntzaren etorkizunerako galera konponezina izango da”, adierazi du. Ez da euskara hutsezko plataforma izango, baina bere funtsezko egitekoen artean euskarazko edukiak zabaltzea egongo da.

“Plataforma hau aukera bat izango da merkatuan dauden ikus-entzunezko edukien hornitzaile handietan egoteko, telebista enpresen eta kable bidezko edukien joera plataformen integrazioa baita”, azpimarratu du Andoni Aldekoak.

Bere aburuz, EITBk aurrerapauso bat eman behar du eta erronka hori onartu, baina espiritu irekia izanik eta beste batzuekin partekatzeko asmoarekin. “Euskadiko ikus-entzunezkoen eta kulturaren arloa munduan erreferente izan daitekeela uste dugu, eta erakustea merezi duela. EITBk euskal ekoizpen horren guztiaren motorra izan nahi du”, adierazi du.

.

Nazioartekotzea eta zerbitzu publikoa

Begirada estrategiko berri honetan, nazioarteko inguruneak duen garrantzian ere jarri du arreta EITBko zuzendari nagusiak. Bere esanetan, “EITBk modu aktiboan parte hartu behar du Europako gainerako hedabide publikoekin, guztien artean Europako balioak eta kultura defendatzeko, demokrazia defendatzeko eta indartsuago egingo gaituzten aliantzak bilatzeko”. Ildo horretan, EITBk lehen harremanak izan ditu Europa Creativa Media programarekin, EITBren eta ikus-entzunezkoen euskal sektorearen ateak irekitzeko eta Europako beste herrialde batzuekin eta beste komunikazio-talde batzuekin lankidetzan aritzeko.

Ingurune horretan, zerbitzu publikoaren garrantzia azpimarratu du Aldekoak, eta EITB helburu zehatzetan lanean ari dela adierazi du, bere egungo funtzio sozialera egokitzeko. “EITB unibertsala, irekia eta doakoa izateko; pertsona guztiengana iritsiko dena, eta eskaintza zabala eta askotarikoa izango duena. Era guztietako bitartekoak eta generoak eskaintzeko gai izango dena, kalitatezkoa, egiazkoa eta kontsumitzaileari nahi duena ikusteko eta entzuteko aukera emango diona, nahi duen lekuan, nola eta nahi duenean“, azaldu du. EITBren misioa euskarazko edukietarako sarbidea eta kontsumoa bermatzea dela gaineratu du; “‘Euskal frame’ delakoa sortzea edo eduki eta gai propioak lantzea; Euskadi eta euskal gizartea eraldatzen laguntzea; ikus-entzunezkoen euskal ekosistema indartzea eta EITB arrakasta duen enpresa gisa sendotzea“, azaldu du EITBko zuzendari nagusiak.

EITBLab, inbertsioa Nafarroan eta Gardentasun Plana

Andoni Aldekoa EITBko zuzendaritza berriak abian jarri dituen lehen proiektuez ere mintzatu da. Horietako bat EITBLab da, EITB osorako formatu berriak esperimentatzeko laborategi bat, Donostiako Miramongo Ekoizpen Zentroan egoitza duena. Halaber, EITBren Nafarroako egoitza handitu eta digitalizatzeko lanetan ere badabil, 1.100.000 eurotik gorako inbertsioarekin; eta Gardentasun Plan berria ere jarri du martxan, hiru ardatzetan oinarrituta: gardentasuna euskal gizartearekiko, gardentasuna EITBren Administrazio Kontseiluarekiko eta gardentasuna profesional guztiekiko.

Era berean, 8000 erabiltzaile dituen EITBPodkast plataforma berria aipatu du; baita informazio eta nahieran app berriak ere (EITB Albisteak eta EITB Nahieran), jada 100.000 erabiltzaile bakar baino gehiago dituztenak.

Bere agerraldian, Komunikazio Taldea murgilduta dagoen hausnarketa estrategiko eta parte-hartzaileaz aritu da EITBko zuzendari nagusia. Eskuzabaltasunez eta aliantzak eginezjokatzeko beharra azpimarratu du: “Gure betebeharra da gure laguntza behar duten gainerako eragile eta erakundeak integratzea, lankidetzan aritzea, partekatzea, eta laguntzea; baina, aldi berean, kontuan izan behar dugu Estatuko eta Europako ikus-entzunezkoen panoraman EITB txikia dela, eta aliantzak, beste talde publiko eta pribatu batzuekin partekatzeaz eta batzeaz gain (Euskal Herrikoak, Estatukoak eta nazioartekoak), funtsezkoak izango dira bizirauteko”.

EITBk “euskal Netflix bat” jarriko du martxan 2022an

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, geure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude