Joseba Agirreazkuenaga: “Euskal kultura eta izatea hobeto bereiztuta zeuden Ipar Euskal Herrian”

Joseba Agirreazkuenaga: “Euskal kultura eta izatea hobeto bereiztuta zeuden Ipar Euskal Herrian”

Leioako EHU-ren komunikazio eta gizarte zientzia fakultate berria ezagutzen ez delarik, bidea atxematea ez da erronka makala. Eraikinari itzulia hiru aldiz eman ondotik, Joseba Agirreazkuenagaren bulegorat heldu gara: atea jo, bortzeko bizi-bizia eman eta haren Euskal Herritarren burujabetza (Arbeldania, 2012) liburuari buruz hasi gara kalakan, gaur egungo historian katedraduna dena zenbait argibide emateko prest agertu baitzaigu.

Joseba Agirreazkuenaga: “Euskal kultura eta izatea hobeto bereiztuta zeuden Ipar Euskal Herrian”

Zer erran nahi du burujabetza kontzeptuak eta zein aldetatik ikertu duzu?

Liburu honetan, burujabetza kontzeptua autogobernuaren sinonimotzat erabiltzen dut. Hasieran, etxea kudeatzen da eta, gero, etxe multzo bat. Hala egiten da etxejabetzatik burujabetzarainoko igarobidea.

Lege Zaharraren testuinguruan, Batzar Nagusiek, Lapurdiko Biltzarrak edo Nafarroako Parlamentuak hartzen dute beren gain ardura hori. Baina, aldi berean, XVI. mendeaz geroztik erregetzak beretzat nahi du erabateko burujabetza. Tirabira hori, Europa osoan egon ohi da. Horregatik, tokian tokiko burujabetzaz arduratzen zirenek benetako lehia eramaten zuten erregearen agintzarekin. Beraz, burujabetza aipatzen dudanean, agintaritzaz pentsatu behar dugu.

Hori guztia, XVIII. mende bukaeran, iraultza frantses giroan, eraldatu egiten da: erregearen burujabetza, nazioak hartzen du bere gain. Nazio-estatuaren sorrerak lehia egiten du Euskal Herrian gorpuzten ari ziren tradizio politiko desberdinekin.  Irudipenezko komunitate berri bat sortzen da orduan, nazioa deitzen dena, eta horrek estatu baten gorpuztea hartzen du.

Foru konstutizio tradizio horrekin, tirabira bat sortzen da. Eta liburu honetan, saiatzen naiz azaltzen tirabira horretan, modernitate berri honetan, euskal tradizio politikoaren erantzunak zeintzuk izan ziren. Bereziki, Batzar Nagusietako ordezkarien erantzunkizuna zein zen. Hau da, elite agintariak. Baina, elite errepresentatibo horrek oso aintzat hartzen ditu populuaren iritziak.

Zergatik ikertu duzu 1793 eta 1919. urte bitarteko garaia?

1793. urtean, Konbentzio Gerraren hasiera da eta soldadu frantsesak Hego Euskal Herrira eta Espainiara igarotzen dira. Iraultza frantsesak eten nabarmen bat markatzen du: aurrerantzean, kultura politiko berritzaile bat sortzen da, non irudipenezko komunitate hori, hots nazioa, ardatz bihurtzen den. Gainera, 1793. urtetik aurrera Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak konferentzia delako sistema indarrean ezarri zuten, batzar komunak indartuz, Irurac bat lelopean.

Bestalde, 1919. urtean Europako gerratea amaitu eta gero nazio-estatu berri batzuk sortu eta berragertzen dira. Hala, nazio-estatuaren kontzeptua egonkortu egiten da, gaur egun nagusi dena.

1919. urtean, foruen bidezko konstituzio politikoa deseginda, Hego Euskal Herrian lehendabizikoz estatutu kontzeptua asmatu zen eta estatutu politiko berezia, nazio-estatuaren aurkari gisa ulertzen zen. Estatuaren barruan, estatutua… Eta hori ez zen bi politikariren ikuspegia; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako buruzagi politikoen proiektua baizik.

Zein hipotesi hartu duzu abiapuntutzat?

1801. urtean, W. von Humbolt ondoko honetaz konturatu zen: euskal kultura eta izatea hobeto bereiztuta zeuden Ipar Euskal Herrian, Hegoaldearekin parekatua. Baina, Hegoaldekoek erakundetze politikorako gaitasun bat zuten. Horrez gainera, Hegoaldeko agintari politikoek eragin zuzena zuten espainiar monarkiaregan, lobby gisa. Horrek esan nahi du, azken finean, Hegoaldeko euskaldunek nortasun politiko bat gorpuzturik zutela dagoeneko. Nire ustez, oso ikuspegi zuhurra da, hori baita Ipar eta Hego Euskal Herrien arteko funtsazko ezberdintasuna. Hori hipotesi moduan hartu dut, XIX. mende guztirako. Eta behar bada, XX. menderako ere balio du.

Burujabetzaz mintzatzen garenean, ondasun kudeaketaz ari gara. Komunitatearen zerbitzuak antolatzeko, zergak hartzen dira. XIX. mendeko euskal agintarien ustez, barne gobernuak Batzar Nagusien esku izan behar du. Kanpo gobernua, aldiz, estatuaren esku. Iparraldean ere, Biltzar Nagusiak bazeuden; baina, frantses iraultzaren ondorioz desegiten dira, uniformitate geometriko baten izenean.

Bestalde, Hegoaldean, Batzar Nagusiek irudimenezko komunitate berri bat irudikatzea lortu zuten. Hegoaldean erresistentzia handiagoa izan zen, herritar xumeen artean ez ezik, elite agintarien artean ere bai. Azken hauek ondasunak kudeatzen eta gobernatzen ohituta baitzeuden. Hor kultura politiko bat dago auto-gobernuaren alde.

Elite horien artean, euskararen tokia zein zen?

Batzar Nagusietan, berdin egiten zen euskaraz eta gaztelaniaz, bat-bateko itzulpenak izanik. XIX. mendean zehar eta lehen ere bai, diskurtsoak euskaraz inprimatzen hasten dira. Pentsatu behar da oraindik jende asko euskal elebakarra zela.

Foruen bidezko erakundetzetik Autonomia estatuturat, nolako goiti-beheitiak izan ziren? Zeintzuk dira urrats nagusiak?

1812. urteko urriaren 18an, Bilbon Bizkaiko Batzar nagusiak bildu ziren. Eta bertan erabaki bat hartzen da: Bizkaiko konstituzioak aurrera egin behar du. Cadiz-ko konstituzioari zin egitea ala ez, horixe zen eztabaida. Eta erabakia hauxe izan zen: bai egingo diogu zin Cadiz-ko konstutizioari, baina Bizkaiko konstituzioarekin uztartzen den heinean. Azkenean, 1813. urtean armada bidaltzen da Madrildik eta hala jartzen dira Cadiz-ko konstituzioaren araberako agintari berriak. Eta herri guztiek zin egin behar izan zioten Cadiz-ko konstituzioari. Hala ere, horrek portaera bat markatu zuen tokian tokiko lege atxikimenduari dagokionez.

1833. urtetik 1839. urtera arte, gerra karlistak dira. 1837an, foru konstituzio guztia espreski desegiten da. 1839an, gerra horren bukaera giroan, Erresuma Batua eredugarritzat hartuta, foruak gauza onuragarri gisa ikusten ziren. Beraz, Espainiako Parlamentuan eztabaidatzen hasi zen Foruek nolabaiteko jarraipena behar zutela izan.

Batez ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, estatu moduko aginte bat sortzen doa (azpiegitura ekonomikoaz, errepideez, hezkuntzaz, eta garapen ekonomikoaz ere bai…).

Estatu liberala Euskal Batzar nagusien agintaritzaren bidez gorpuzten da Hego Euskal Herrian. Hau da liburu honen ondorio nagusietako bat.

Baina, inflexio une nagusienetariko bat azpimarratu behar da : 1841. urtean, aduanak Ebro ibaitik Pirineoetara eta kostaldera pasatzen dira. Ordura arte, Hego Euskal Herria Singapur bezalako eremu ekonomiko  berezia eta askea zen. Hala, Espainian integratzen da.

1877. urtean, indarrean ezartzen da lege bat foruak desagertarazten dituena. Berez, karlistek galdu zuten gerla eta liberalak ere zigortzen dira. Orduan, Espainian kanpainia handia da foruen kontra. Bi arrazoi ziren: armada (euskal konpainiak antolatzen ziren) eta fiskalitatea (probintziek haien kabuz pagatzen zituzten zergak).

Liburu honetan aztertzen dut, azken finean, Hego Euskal Herriko lau probintzietako foru moldaketen prozesua, beti ere kontuan hartuz hori egiten den bitartean kontzientzia politiko indartsua sortuz doala, elite agintarien artean. Gainera, praktika bilateral bat indartzen da, non euskal ordezkaritzak Espainiako agintaritzarekin gorpuztu eta antolatzen duen euren pratika politikoa. Galdera da nork agintzen duen eta non.

Haien eginbidea betez, Euskal agintari horiek nola bizi zuten sortzen zen abertzaletasun bikoitza, euskalduna eta espainiarra?

1876ra arte, biak bateragarriak direla esan daiteke. Bikoiztasun hori eliteen artean landu egiten zen. Pedro Egañak euskal nazionalitate kontzeptua garatu zuenean 1850.ean, Madrilen bizi zen. Eta Espainiako ministroa izan zen.

1876an, zer gertatzen da? Etena egiten da. Hor dago eztabaida historiografikoa: ezbateragarri bihurtzen ote dira nortasun euskalduna eta espainiarra? Hortik aurrera, euskal abertzaletasun berriaren sorreraz geroz bata edo bestea lehenesten dela esan daiteke.

Azkenean, zer da gai honen gaurkotasuna?

Gaur egun ere hor gabiltza: agintaritza non dago?

Duela zenbait urte aktore berri bat dago, hots Europa. Europaren aktoretza berriak gure aginte sistema bermoldatzera eta berpentsatzera behartzen gaitu. Hori dugu eztabaida. Europako erakundeetan errepresentazio zuzena izatea da euskal erakundeen erronka nagusi bat, Euskal Herriari buruzko gaietan, dela arrantza, dela nekazaritza, dela delakoa.

Joseba Agirreazkuenaga: “Euskal kultura eta izatea hobeto bereiztuta zeuden Ipar Euskal Herrian”