Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar kultur institutuen lehen lankidetza-hitzarmena

Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar –

Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar kultur institutuek lau aldeko lehen lankidetza-hitzarmena sinatu dute.

Etxepare Euskal Institutuko, Institut Ramon Llull-eko, Consello da Cultura Galega-ko eta Instituto Cervantes-eko zuzendariak gaur elkartu dira, bideokonferentzia bidez, lankidetza-hitzarmena sinatzeko.

Hitzarmenak lankidetza-esparru bat ezartzen du institutu horien berezko kultura eta hizkuntzek sustatzen dituzten ekintza komunetan parte hartzeko.

Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar kultur institutuen lehen lankidetza-hitzarmenaEuskara, katalana, galiziera eta gaztelania sustatzen dituzten erakundeetako arduradunek gaur sinatu dute, modu digitalean eta bideokonferentzia bitartez, lau erakundeen arteko lehen lankidetza-hitzarmena, hizkuntza horiek eta haien kultura sustatzeko helburuarekin.

Lau hizkuntzatan sinatutako lankidetza-hitzarmen honek lau urteko indarraldia izango du, luzatzeko aukerarekin. Protokoloak lankidetza-esparru bat ezarriko du Espainiar Estatuko berezko kultura eta hizkuntzak sustatzen dituzten ekintza komunetan parte hartzeko, betiere bakoitzak “bere jarduera-esparruen eta aukeren barruan”.

Ekintza horiek, besteak beste, honakoak izango lirateke: berezko hizkuntzen eta kulturen ezagutza zabaltzea jatorrizko lurraldetik kanpo; kultura-jarduerak planifikatzea eta gauzatzea, adierazpide eta diziplina artistiko guztietan (erakusketak, kontzertuak, mintegiak, topaketak, etab.), kultura-aberastasuna eta -aniztasuna erakusteko; edota erakundeen zentroetan zabaltzeko interesgarriak diren kultur programak edo ekimenak sustatzea, sinatzaileen arteko lankidetza sendotuz. Halaber, batzorde misto bat jarriko da martxan, aldian-aldian aztertuko duena zer lankidetza-maila duten kultura espainieraz, katalanez, galizieraz eta euskaraz zabaltzeko jarduera horiek.

Irene Larraza Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak Anjel Lertxundi idazlearen esaldi bat hartu du maileguan akordioa sinatzera bultzatu duten arrazoiak azaltzeko: “Ez dago ezer unibertsalik, sostengu edo jatorri partikularrik ez duenik”. Etxeparerentzat, sortu zenetik nazioarteko hainbat kultur erakunderekin lankidetza estuan ari dena, Institut Ramon Llullekin, Consello da Cultura Galegarekin eta Cervantes Institutuarekin egindako akordio hau “mugarri bat gehiago da gure kulturaren nazioartekotzean”. Halaber, “Zentzuduna da bidearen zati bat elkarrekin egitea eta aniztasuna elkar ulertzeko beste modu bat dela aitortzea”, dio.

Iolanda BatallĂ© Institut Ramon Llulleko zuzendariak Larrazaren hitzak azpimarratu ditu, eta gehitu du: “Hitzarmen hau denon artean komunikatzeko estrategia baten parte da, elkarrekin urrunago iristen garelako”. Era berean, gogo handiz agertu da Ramon Llull Institutuaren 18 urteko ibilbidean pilatutako ezagutza gainerako erakundeekin partekatzeko.

Rosario Alvarez Blanco Consello da Cultura Galegako zuzendariak, bere aldetik, ekitaldi horren “garrantzi sinbolikoa” azpimarratu du. Gaineratu duenez, erakunde bakoitzak bere berezitasunak izan arren, “gehiago da batzen gaituena bereizten gaituena baino”, eta “hizkuntzak adierazpen eta komunikazio sistemak dira, ezin dira oztopo gisa ulertu”.

Sinadura-ekitaldian gidari lanak egin dituen Instituto Cervanteseko zuzendari Luis GarcĂ­a Monterok, elkarlan honetan institutu honek izan duen papera azpimarratu du: “Poztasun eta esanahi handiko unea da hau. Jarduera hauek Cervantes Institutuaren bihotzean egon behar dute, bere aberastasun eta aniztasunaz harro dagoen Espainia baten irudia emateko “.

Cervantes Institutuaren YouTube kanaletik eman dute zuzenean sinadura-ekitaldia. Sarbidea zuten kazetari eta komunikabideek jarraitu ahal izan dute, baita galderak egin ere, plataformak eskaintzen duen chat tresnaren bitartez. Etxepare Euskal Institutuak COVID-19ak eragindako larrialdi egoera hasi zenetik eskaini duen lehen prentsaurreko digitala izan da hau.

.

Aurrekariak

Lau aldeko lehen akordio honek lau erakundeetako arduradunek joan den ekainean Bartzelonan, Institut Ramon Llullen egoitzan, egin zuten bileran du oinarria. Urteak dira institutu hauek Europa mailako eta nazioarteko proiektu ezberdinetan elkarlanean jarduten dutela; baina bilera horretan, lauen arteko lankidetza lehen aldiz hitzarmen formal batean islatzeko beharra ikusi zen. Horrela, espainiar estatuko kultura eta hizkuntza ezberdinek nazioartean duten proiekzioa hobetzeko balizko lankidetza-bideak jorratzen hasi ziren bertan, gaur sinatu den hitzarmenera eraman dituztenak.

Euskal, kataluniar, galiziar eta espainiar kultur institutuen lehen lankidetza-hitzarmena