Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren

twitterrenGarbi dago euskal eleberrigile askoren artean Twitter ez dela gustuko alorra. Gizonezko bost idazle kanonizatuen artean —beti ere Bost idazle liburuari jarraituta—, inork ez du konturik Twitterren. Emakumezko zortzi idazle kanonifikatuen artean, berriz —eta horretarako Zortzi unibertso, zortzi idazle hartu dugu abiapuntu—, bakarrak du kontua Twitterren: Laura Mintegi.

Saridunei begiratuz gero, Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi duten eleberrigile euskaldunen artean, bakarrak du kontua Twitterren, Unai Elorriagak, baina oraindik ez du txio bakar bat ere idatzi (beste baten mezu bat bertxiotu du). Euskadi Saria irabazitakoen artean, lauk soilik dute kontua Twitterren: Ur Apalategik, Iban Zalduak, Felipe Juaristik eta Aingeru Epaltzak. Hala ere, Laura Mintegi eta Iban Zalduaren kasuak salbu, euskal eleberrigile jarraituenak olinpo horretatik kanpo daude.

Euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Hortaz, horrela geratzen da sailkapena, zeintzuk diren euskal eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, 2013ko uztailaren 30ean begiratutakoaren arabera:

1. Laura Mintegi @lauramintegi: 11.972 jarraitzaile Twitterren
2. Hasier Etxeberria @hasier: 2.678
3. Gari Berasaluze @kalaportu: 2.511
4. Iban Zaldua @IbanZ: 2077
5. Xabier Mendiguren @xme64: 1.993

Baten batek esan lezake Laura Mintegik hainbeste jarraitzaile dituela politikaria ere badelako, eta egia izan liteke, baina euskal eleberrigilea ere badenez, hortxe utziko dugu, ezinezkoa da-eta hori bereiztea modu objektiboan.

Munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren
Intelligent Life aldizkariari kasu eginez gero, hauek lirateke munduko eleberrigilerik jarraituenak Twitterren, baina atzo bertan begiratuta:

1. Paulo Coelho @paulocoelho: 8.282.826 jarraitzaile
2. J.K. Rowling @jk_rowling: 2.367.606
3. Neil Gaiman @neilhimself: 1.877.342
4. John Green @realjohngreen: 1.608.967
5. Salman Rushdie @SalmanRushdie: 610.903

Norbaitek pentsatzen badu Twitterrek zahartuta harrapatu dituela gure idazleak, pentsa dezala berriz, zeren Paulo Coelho bera Ramon Saizarbitoria baino hiru urte gazteagoa da, baina gainerako guztiak baino zaharragoa, eta hor dago, puntaren puntan.

(Jatorrizkoa, Joxe Aranzabalek idatzi du Faroan)

artikulu interesgarriak ...

2 pentsamendu “Euskal idazlerik jarraituenak Twitterren”-ri buruz

  • Gonzalo Etxague 2013-08-01 23:48

    Erdipurdiko iruzkina, egia esan. “Baten batek esan lezake Laura Mintegik hainbeste jarraitzaile dituela politikaria ere badelako”, eta zalantzarik gabe, horregatik da, politikan aritzeagatik, batez ere. Baina besteen kasuan? Hasier Etxeberria idazlea eta nobelagilea da, baina kazetaria ere bai, eta sare-gizona. Beste horrenbeste esan liteke Gari Berasaluzez. Mendiguren, berriz, internauta amorratua izateaz gain, editorea da, editoreen editorea, il cappo di cappo (konparaketa onartzen bazait). Iban Zaldua baino ez da salbatzen, eta nobelagilea berez ez da. Egia esan, euskal nobelagileek Twitterren kontua balute, euren txioak irakurriagoak lirateke euren liburuak baino, tamalez eta horixe delako errealitatea. Beraz, ondorio argi bat: Gutxiago begiratu euskal idazleei eta euren izenei eta irakurri gehiago; gutxiago begiratu pertsonari eta gehiago paperari (edo ebook-ari).

  • Laura Mintegi 2013-08-02 00:15

    Interesgarriak dira atera dituzuen datuak. Idazleok ikasi beharko genuke irakurleak gureganatzen literatura-pilulak eskaintzen hedabideetan eta, nola ez, txioen bidez.
    Zehatzagoa izateko, ikasi beharko genuke irakurmina sortzen balizko irakurleengan. Nola? Txioa amu bihurtzen liburuan dioguna erakargarri egiteko.
    Horren ordez, aitzitik, idazle gehienok ez dugu erabiltzen horrelako amurik. Badago hantuste puntua: “esateko daukadana liburuan esanda daukat; nahi duenak hortxe du liburua!”.
    Tira, hausnarketarako gaia bada.
    A! Eta bai, jarraitzaile kopurua nire beste jardunagatik da, noski. Baina nobelagile hutsa naizen egunean eutsiko diot TW erabiltzeari, irakurleen itsasoan balizak botatzea bezain bestekoa delako.