Euskal Herritik Kataluniari begira: zerbait ezohikoa, berria, ezustekoa!

Euskal Herritik Kataluniari begiraEuskal Herritik Kataluniari begira, zerbait ezohikoa, berria, ezustekoa dugu aztegai: gaur egun, “abertzaleak” ez diren askok independentziaren alde egiten dute, bihotzez espainiarrak diren arren. Nazionalistak izan gabe, independentistak omen dira. Hauxe da, nire ustez, hango prozesutik interesgarriena, benetako gakoa haientzat eta guretzat.

Ez dut  ezagutzen hango egoera, hango gizartea, baina esango nuke Espainiaren proiektuan eta etorkizunean sinisteari utzi diotela, espainiar estatuan sinisteari, alegia. Sentimendu hau, berez, ez da batere berria. Espainian bertan ere ez dira gutxi ondorio honetara iritsi (izan) direnak, aspaldidanik, gainera. Berpizkundea, Endekapena eta Arrangura: horixe Espainaren historia laburbiltzen duen sorgin gurpila. Aldea da, ordea, Espainan ez daukatela inolako alternatibarik malenkonia ez bada, edo erbestea: kanpoan edo barruan, norberaren barruko erbestea.

Katalunian bai, badaukate alternatibarik. Katalunian, lehenik eta behin, abertzaleek independentzian sinistu egin dute eta eredu alternatiboa eraikitzeko gauza izan dira: “Aizue, hauxe izango da Katalunia independientea, Europako estatu europearra, modernoa, demokratikoa, anitza eta orain dauzkagun osagarriekin eraikiko duguna”. Eredu hori erreala da, gauzagarria eta erakargarria, eginda dago, aitormen juridikoa baino ez zaio falta. Horrela ikusi dute orain arte independentistak ez ziren katalanistek, baita katalanistak ez ziren askok ere.

Katalunian aukera paregabea ikusi dute Espaniaren ahuldadean, eta aprobetxatzen ari dira. Horretarako, jakina, aldez aurretik etxeko lanak eginda zeuzkaten.

Gu tokitan gaude egoera horretatik. Tokitan Kataluniatik.  Han bisitan egun batzuk egitea nahikoa da konparaketa erabat mingarria eta etsigarria dela konturatzeko, gure kalterako, noski. Kataluniari kopiatu? Agian ibilbidea ez dugu kopiatu behar, agian ezin da edo ez da komeni, baina argi daukat, euskal estaturik inoiz sortuko badugu, orain Katalunia dagoen geltokitik pasatu behar dugula.

Etorkizuneko euskal estatu baten osagarri subjektiboak orainaldiko osagarri subjektibo errealetan oinarritu behar dira, ez balizko eredu batean, ez estatu horrek denboraren poderioz ekarriko omen lituzkeen osagarrietan, ez nahiko genituzkeen osagarri irrealetan. Bestela, Münchausen baroiak bezala egin nahiko genuke: zaldi eta guzti aintziratik ateratzeko norberak norberaren ileetatik tira egitea. Orainaldiko osagarriak nahiko ez badira, alferrikakoa da beste guztia, alferrikakoak ibilbide orriak, egutegiak, estrategiak, norabideak eta asmo handinahiak zein txikiak. Alferrikakoak dira, batez, ere, arrangurak. Osagarriak nahiko ez badira, osatzeko egin behar da lan.

Oraingoz, hemen, euskal estatu independiente batean sinistea zaila da oso. Modu teorikoan bai, sentimenduz ere bai, imajinario kolektibo lausotuan murgildurik, baina abertzaleak bere bakardadean etorkizunari begiratzen dionean, balizko euskal estatu hori laino artean agertzen zaio, itxurarik gabe… ia ukitu mitikoa dauka. Eskuraezina iruditzen zaio, burua galderaz betetzen zaion bitartean. Oraingo Euskal Herriaren irudi errealak ametsetakoarekin talka egiten du. Orduan errealitate lazgarrira itzuli eta, etxegileak bezala, lurrean dauzkan tresnak eta materialak aztertu, planoa ikusi eta horiekin etxea egiterik ez dagoela ondorioztatzen du. Edo osagarriak eskasak dira edo planoa ez da egokia. Agian biak moldatu edo osatu behar dira.

Baina ez ote da gurea ere Berpizkundea, Endekapena eta Arrangura sorgin gurpila? Gurea ere malenkonia aukera bakarra? Erbestea: kanpoan eta barruan, bietan? Gabeziak betetzen saiatu beharrean, arrangura nahigo dugu, harik eta berriz ere iluminaturen batek kea saltzen digun arte: eta berriz ere gurpil zoroa.

Independentzian sinistea ala ez sinistea ez da fede kontua hemen. Ez da euskal estatua desiratzea eta irudimemaz gustuaren arabera asmatzea, ez da ustezko iragan loriotsuak aldarrikatzea; ez da, noizbait, nola edo hala, nolabait iritsiko den zerbait dela pentsatzea.   Sinistea, kasu honetan, posibilitatea ikustea da, dagoena eta egon daitekeena, guk geuk egin dezakeguna ikustea, alegia. Geure buruari argazkia egin beharko genioke, zorrotz aztertu, eta gero pentsatu zintzotasunez baietz edo ezetz, hori estatu independientea izan daitekeen ala ez, zer falta ote zaion. Errealistak izan behar dugu, ez dugu geure burua engainatu behar. Baina errealista izatea errealiatea ikustea da, baita errealitatea eraldatzeko behar dena aurrikustea ere. Errealitatearekin konformatzea errealista izateko modu bat baino ez, ez bakarra ez onena.

Kanpotik ikusita ere, turista jantzita, nik argazki hori Katalunian egiten dut eta baietz pentsatzen dut. Hemen ezetz, ezta zooma sartuta eta abertzalerik abertzaleenei bakarrik eginda ere. Hemen euskaldun sentitzea eta jokatzea kostatu egiten zaigu, militantziak batera eta inertziak bestera gidatzen gaituztelako. Hemen simulakro batean bizi gara, dekoratu batean. Katalunia kontrako muturra da: espainar sentitzea kostatzen zaie, han ez dago militantziarik gurean bezala, ghettoetatik kanpo militantzia espainarra izateko baita, inertziak kataluniar izatera eramaten duelako. Hau ez da berezkoa, egindako lanaren ondorio baizik. Lan itzela, mirestu behar den lana.

Guk oinarrietan daukagu arazoa. Euskal abertzaletasunari denetarik falta izan zaio betidanik: eredua, kohesioa, kemena, zehaztasuna… Konplexuak, ordea, sobera izan ditu, bai eta handikeria ere. Eskizofrekioa dirudi esandakoak, baina oso eskizofrenikoak gara gu: Europako hizkuntzarik zaharrena omen denaz harrotzen eta lotsatzen gara txandaka; lotsatu edo gutxietsi, azkenan baztertu. Bien bitartean, oraindik ez dakigu, ez dugu asmatu nola demontre esan erdarazko “vasco”! Izan nahi dugun subjektu politikorako ere ez daukagu izenik gure hizkuntzan, “euskotar” neologismo arrakastarik gabekoa ez bada. Arazoa ez da orain arteko bilakaerak horretarako izenik eman ez izana. Ez dago zertan lotsaturik alde horretatik. Arazoa da bereizketa behar dugunean, zehaztu behar dugunean, erabaki behar dugunean… gure konplexuek sorgotzen gaituztela. “Es vasco, pero no es euskaldun”, esaten dugu, adibidez, lasai asko erdaraz. Euskaraz esan nahi dugunean, komeriak: “hemengoa da…”, “Euskal Herrikoa/Euskadikoa da…”, bizkaitarra/nafarra… da, baina ez da euskalduna”. Beste adibide bat: “En la Guerra Civil  muchos vascos huyeron a América”/” “Gerra Zibilean ………….. (?)  askok ihes egin zuten Amerikara”. Euskaldun asko? Hara zein erraza litzatekeen arazoa konpontzea euskaraz “basko” hitza onartuko bagenu normal!

Gaitz edo konplexu hauek erabat zabalduta daude, gainera, abertzalea ezpal batekoa zein bestekoa izan. Ideia gorpuztu gabe dago oraindik maila kolektiboan, euskaltasunik ba ote dagoen ere zalantzan jartzeraino. Zer ote da euskaltasuna? Badago hizkuntza bat, historia, ohiturak, kultura… Hango herriren bat ere isolatu daiteke eta benetako Euskal herria dela baieztatu, ametsetako ezaugarri guztiak betetzen dituelako. Pertsonekin ere bai.  Baina mapa zabaltzean horiek gorputza bakarra osatzen al dute gaur egun? Hala bada, zein da benetako indarra, benetako ordezkapena Euskal Herria deitzen dugun lurraldeetan? Hala bada, nola ikusten du batek euskaltasun hori, nola ikusten du besteak? Latza da esatea, baina badirudi gaur-gaurkoz euskaltasun kolektiboa Euskaltelen iragarkietan islatzen dena baino ez dela. Gehiago zehazten saiatzeak ezinbesteko talka dakar.

Tamalez, diagnostikoa egiten ere ez dugu batere asmatzen: arazoa norabide falta omen da batzuen ustez, estrategia falta, helburuak lortzeko formula magikoa egongo balitz bezala, alkimisten harri filosofala. Baina norabide falta, zerbait izatekotan, gaixotasunaren sintoma da beti, besterik ez. Gainera, egia bestelakoa da: estrategiak eta norabideak ere sobera izan ditugu beti, ez beti txarrak. Mapa batek, ordea, ez du ezertarako balio non zauden ez badakizu; berdin du mapa ona edo txatxua den. Nora eta nodik joan behar dugun jakin gabe, bidean galdu egiten gara beti.

Azken finean, anekdota bada ere, gaur egun bazterreko batzuek azken boladan egin dituzten planteamenduek egoeraren larria baino ez dute islatzen: batuera ustezko naffarrera asmatu batekin ordezkatzea, Naffarroa okupatzen omen duten kolonoak eta kolaborazionistak botatzea eta euskal estatua berreskuratzea, inoiz Nafarroak izan zituen lurralde guztiak berreskuratzea, independentzia demokraziaren abiapuntutzat hartzea… Frikikeriak nonahi topa litezke, hori egia da, baina joera fundamentalista eta totalitarioak erakusten dituztenean, kate motzean hartzekoak dira, ez bakarrik berez jarrerok onartezinak direlako: etsipenaren sintoma ere badira. Norberaren gaitasun intelektualak babes-ezkutua izan beharko luke horrelako tentandien aurrean, baina jakina denez, sutan jartzean jakiten da nolakoa den lapikoa.

Non izan gara denok azken 50 urteotan? Indarra, baliabideak, aukerak eta denbora xahutu besterik ez dugu egin, den-denok. Eta, esango nuke, ia arlo guztietan: politikan, hizkuntzan, kulturan, gizartean… 30 hamar urteotan pintxoak hobetzen baino ez dugu asmatu. Horixe da egia eta hauxe da froga: non eta nola gauden orain. Baina oraindik atzera begiratu nahigo dugu, akatsetatik ikasi gabe, mutur joka jarraitzeko. Erraz esan liteke, adibidez, bestearen estrategia okerra zela eta norberarena zuzena, baina ez da zilegi norberak estrategia hori praktikara eramateko aurrerako urrats gutxi eta atzerako asko egin dituenean. Eta esan ere esan liteke norberaren estrategiaren porrota bestearen errua dela , besteak lagundu ez ziolako, bakarrik utzi zuelako, eta horregatik omen gaudela gauden bezala. Eta besteari ere leporatu lekioke norberak muturrera jo izana, beste biderik utzi ez ziotelako… Eta horrela jarraitu Euskal Herriko mendi guztiak berdindu arte. Bataren okerra, errealitatea aintzat ez hartzea; bestearen okerra, errealitatea desituxuratzea, makilatzea, simulakroa osatzea. Baina zertarako jarraitu gorroto eta mendekuzko eztabaida honetan, ezer adostu ezinik, ondorio bakarra begi-bistakoa bada: porrota denona da.

Datorren urtean, 2014an, Katalunian eta Eskozian erreferenduma daukate. Ikusteko dago nola egingo duten Katalunian, zein norabide izango duten. Bejondiela! Datorren urtean ere, 2014an, ehun urte beteko dira Endurance ontziko espedizioa Antartikarako bidean itsasoratu zenetik kontinente izoztua mutur batetik bestera igarotzeko asmoz. Espedizioa erabateko porrota izan zen: kostaldera iritsi gabe, izotzak hartu zuen ontzia, gero hondaratu.  Halaber, erabateko arrakasta izan zen Shakleton kapitainari eta espedizioko partaide guztiei esker inor hil ez zelako: ia bi urte heriotza ziurrenetik ihes egiten eman ondoren, den-denak bizirik itzuli zirelako. “Porrotaren kudeaketa”, oraindik ere ikasgai da arlo akademikoan. Kataluniak eta Eskoziak erabakitzen duten bitartean, guri porrota kudeatzea tokatuko zaigu denbora luzez. Asmatuko ahal dugo horretan!

Hasteko,  apaltatasuna behar dugu, apaltasun itzela.

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

30 pentsamendu “Euskal Herritik Kataluniari begira: zerbait ezohikoa, berria, ezustekoa!”-ri buruz

  • oso ona, Gonzalo.

  • Gonzalok diosku:

    “batuera ustezko naffarrera asmatu batekin ordezkatzea,”

    Nire asmoetan ez dago honelakorik. Espainol eta frantses hizkuntzek gaur egun okupatzen duten lekuan, ordea, bai ikusi nahi nukeela naffarrera.

    Osasuna

  • Diagnostikorik ez, estrategiarik ez, eredurik ez, kemenik ez,…indarra, baliabideak,aukerak… xahutu ditugu, Ongi etorri Gonzalo.

    • Beti bezala, ez duzu tutik ere ulertu. Ez da harritzekoa. Agian orain hasi gara gauzak txukun egiten. Zuek iraganean geratu zarete, arranguran.

  • Orain hasi zaretela…..?….?….?…? Agian….?…..?…..?

  • Ondo, nolanahi ere, ez daukat batere asmorik zuekin eztabaidatzeko. Zoazte hemendik janaria bilatzera. Norbaitek bere iritzia eman nahi badu, primeran. Zaborra ezbatzen hasiko naiz, ordea.

    • Ez baduzu eztabaidatu nahi, ez eztabaidatu.
      Niri hau gustatu zait : “Hasteko, apaltasuna behar dugu, apaltasuna itzela”.

      • Ez, iñaki, zurekin ez dut ezbaidatu nahi, zurekin ez dut ezer nahi. Zer esanik badaukazu, idatzi nahi duzuna eta egin zure sarrera, baina niri eman bakea.

  • Gonzaloc diosku:

    “inoiz Nafarroak izan zituen lurralde guztiak berreskuratzea”

    Neu, personalki, haratago nindoake. Ukan zituenaz haratago, alegia. Penintsula osoa eta kontinenteko parte eder bat, gutienez.

    Eta oso seriotan ari naiz.

  • Nere iritziz, Kataluniakoa hemen gertatzeko lehengo estatuak lapurtzen diguna baino askoz gehio lapurtu beharko zigun, langabezia asko haunditu behar da, zorra ere, murrizketak, ta PNVk lortu behar du, guztia Espainiari leporatzea.

    Orduan ikusiko zan nola hemen bizi diranak, Euskaldunak ala ez, Espainia barrun ez ziala ondo sentituko.

    Catalunian jendearen haserrea piztu ditun gauz ugari egon litezke, Estatut-arekin Espainiak egin zuna adibidez, baina krisi hau gabe ta Kataluniak gu bezalako kontzertu batekin, ez zan egoera hontan egongo (Independentismoari dagokionez).

    Kataluniak ditun arazo ugari (langabezia, zorra…), Espainiari egozten diete (arrazoi askorekin), ta jateko ez dagonean erruduna hor badezu, inteligentzia pixkatekin jendeari proiektu Erakargarri bat jartzen badiozu…

    Adibide batzuk, CIUk Espainia mailan sostengatutako zergen politikak (hau da aberatsak ordaintzen zuten zergen kenketan edo murrizketan), Kataluniari 4 mila (buruz nabil) milioi euro gutxigo urtero jasotzea eragin zion, ta hori duela gutxi izan zan.
    Baina CIUk (ta beste batzuk) Katalunian sostengatutako zergen politikak (gauz berdinengatik baina beraiek kontrolatzen dituzteneatan), Kataluniak beste 2 mila milioi urte jasotzea eragotzi dio, duela gutxi ere.

    Diru hori Kataluniren baliabide izanda, langabezia murrizteko balioko zun, defizit txikiagoa izateko ta hainbeste murrizketak ez izateko….

    Beraz, ez dut uste Katalunian, hainbeste indar izango zuenik Indepoendentismoak, PPk eta CIUk, ekonomian egin dituztenak egin izan ez balute.
    Eta espero dut helburua lor dezaten, beraiek nahi dutena bada ta gure Independentzia (Espainiaren aldekoa behintzat), erreztuko liguketelako.

    Baina horretarako Katalanarrak Espoliatuak, Engainatuak eta arruinatuak izan dira lehengo, eta PPk eta CIUk babestutako politikak aberatsenen alde, bidea erraztu die Independentistei. CIUk ez zun aurrera egin nahi baina ez zaio besterik gelditu.

    • Bai, egia da diozuna, eta orokorrean ados. Baina Kataluniara egoera hori iritsi denean, hango independentismoa prest zegoen erantzuna emateko. Horrelako prozesuak antzeko moduan gertatzen dira beti: ustez kontra, egoera egun batetik bestera alda daiteke, oso azkar, horretarako baldintzak egokiak badira. Mugimendu abertzale eta independentista batek ezin ditu baldintza guztiak kontralatu, dagokiona baino ez. Gainerakoa unea aprobetxatzen jakitea da.

      Adibidez, nik sarreran diot espainol sentitzen diren askok independentziaren alde egiten dutela orain, hautu hori daukatela orain, baina esango nuke gehienek katalaneraz egiten dutela, buruan Katalunia eta Espaina bereizita zeukatela lehenagotik… Orain arte, bereziketa hori lurralde-bereizketa zen; orain, estatu-bereizketa da, ziur aski interes praktikoagatik. Eta hauxe da lehen apaitutako unea. Beti izaten da horrelakoa, interes praktikoa eragilerik garrantzitsuena baita independentzia prozesuetan, azken txinparta egurrari su emateko. Baina egurra prest ez badago, heze, bildu gabe…?

      Azken finean, Katalunian kulturaren eta integraziaren aldeko apostua egin zuten aspaldi eta horretan sartu zuten indarra. Guk, ordea, eredu horri heldu arren, bestelako kontuetan xahutu dugu gure indar gehiena, ziur aski kataluniarrek baino kemen handiagoz, gure emaitza antzua bada ere. Gure apostua beti izan da unea behartzea, independentzia armen bidez edo autonomiaren bidez bai ala bai lortu behar zela, derrigorrez, erretaguardian zer zegoen zaindu gabe.

      Atzera begiratzen erraza da asmatzea, noski. Kataluniarrek ez zekiten nora iritsiko zen euren apostua; geuk ere ez, gurea. Horregatik, atzera begiratzeak ez du gaitzespen merkea eta arrangura bilatzeko izan behar, ikasteko baizik. Zertan egin dugun huts eta zertan ahalegindu behar dugun ikasteko.

      Bien bitartean, niri bost axola dit zer egin nahi duten labakian sartuta banguardiek: estatus politiko berria, ibilbide orria, erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena edo Orreagatik Naffaroa berriro berreskuratzea. Bost axola dit orain horretarako momentua ez delako. Orain egur bila joateko momentua da, egurra pilatzeko, San Juan gauaren zain.

  • Ados nago Independentistak momentua aprobetxatzen jakin dutela, baina horretarako momenentua gertatu behar da, hemen gaizki gaude baina ez hain gaizki oraindik.
    Han Katalana gehiengo batek hitzegin ta daki, ta horrexegatik bereizita izan dezakete Katalunia ta Espainia, baina hemen Euskara ez dakien gehiengoa, ez du Euskara ikasi nahi, beraz horretan denbora asko beharko zan.

    Katalunian ere gizartea izan da talde politikoak bultzatu dutenak, hemen gizartearen zati haundi bat eroso dago Espainian, ta bai, indarrak batu beharko dira, baina niri zaila egiten zait Indarrak batu nahi izatea, Euskara ikasiko ez lukeen jendearekin, ezta dohainik izanda.Adibide bat jartzeagatik, indarrak batu, jendea erakari… baina zeri uko egiten?
    Ongi izan.

    • Katalunian ere dena ez da erraza . Aspaldi, kanpotik etorkin andana jasotzeaz gain, azken urteotan milio erdi etorkin gehiago jaso dute, gehien-gehienak Europatik kanpokoak, Hego Amerikatik eta gaztelania ama hizkuntza zekartela. Espainolista sutsuak ere badituzte, lehen eta orain. Katalunieraren eta gaztelaniaren arteko hurbiltasunak bestelako arazoak ere ekartzen ditu… Baina, arazoak gorabehera, espainolak edo amerikarrak diren horietako asko bertaratzeko gauza izan dira.

      Orduan, geuk ere gauza bera egin beharko genuke? Bai, zalantzarik gabe, baina gurdia idien aurrean jarri gabe. Hemen bizi baina euskaraz ez dakien batek ikas eta erabil dezan, presioa behar du, gizarte presioa: “euskara ikasi/erabili behar dut, behar dudalako”. Ez dago misterio handirik kontu honetan: Ondarrun senegaldar batek azkar ikasiko du euskaraz, beharrez; Hondarribian, agian ez; Azpetian bai; Donostian, nekez; Bilbon, ziur ezetz… Euskararen kontrako jarrera edukita, gainera, askoz ere zailagoa da erronka.

      Gizarte presio hori egiteko, lehenik eta behin, euskaldunok gaur egun ez dauzkagun koherentzia eta kohesioa behar ditugu. Koherentzia (militantzia) norberaren kontua da; kohesioa taldeari dagokio arlo guztietan (hartu-emanak, kultura kontsumoa, lege egokiak…) eta lehen estrategia baten menpekoa izan behar du. Behin euskaldunen koherentzia eta kohesioa lortuta, bide luzea dago oraindik gure presioa nabararitzen has dadin, eta ezinbestez bigarren estrategia errealista baten menpeko. Donostia batean, adibidez, azkar ikusiko lirateke emaitzak, nire ustez; Bilbo batean, presioa kanpotik ez baletor, inoiz ez. Baina, aurreko pauso hori osatu gabe, orain bigarren pausurako estrategiak diseinatzen hastea erabat alferrikakoa iruditzen zait, gurdia idien aurrean jartzea, alegia. Politikan bezala: herria osatu gabe independentzia bilatzea. Jatetxea eta eliza hartzea norekin ezkondu izan gabe.

      Era berean, batzuek darabilten “liberalismo linguistikoa” (merkatuan ekonomia bezala, kalean hizkuntzak auto-erregulatzen omen dira kanpoko inposaketarik gabe) tratamendu paliatiboa baino ez zait iruditzen; azken finean, tranpa hutsa. Eta tranpa hutsa ere badira makilajeak, simulakroak: halako liburu bat erdaraz ataera ondoren euskarazko bertsioa hilabeteak pasata argitaratzea; hitzaldi edo diskurtso bati euskaraz hasiera ematea gero erdara hutsez jarraitzeko; seme-alabak ikastolara bidaltzea eta guraso euskaldunek elkarrekin erdarraz egitea…

      Baina hauek guztiak arrangurak dira salaketatik harago joaten asmatu ezean, eta lehenago ere esan dut arrangurek ez dutela ezertarako balio. Euskaldunok behar duguna, bene-benetan, ilusioa da, zaplada lagunkoia bizakarrean ohiko makilakadaren ordez.

      • Aipatu gabe utzi dut simulakrorik handiena: euskara tituluak!

        • Euskal estatua Euskararik gabe ez da Euskal estatua, beraz gauz ezberdinak bilatzen ariko gea edo gutxiengo baten ados jarri.
          Nik behintzat (eta ez dut uste 4 katu bakarrik geanik) norbaitekin Independentzira joateko (lortzen bada), Euskara lehenetsi behar da, nik behintzat ez naiz fidatuko norbait Nazio justu bat izateko indarra egingo duenik, hizkuntza bat ikasten saiatzeko gai ez badira.

          Hizkuntza ikastea (baliabdieak jarriz), askoz errazago da denok mundu justu baten bizitzeko egin behar dana egiten saiatzea baino, beraz gauza erraza egiteko ez badira ezta saiatzeko gai, ez naiz fidatuko beste gauzak lortzeko saiatuko diranik.

          • Buff, sugar, egin kontu: euskaldunok gutxiengoa gara, baita EAEan ere. Eta euskaldunen artean zenbat gara euskaltzale? 100.000? Nahiko! Lau katu ez gara, hitz egiteko modua, baina ideia emateko, nire ustez, horixe da errealitatea. Alderdi politikoa osatuko bagenu, PPk baino gutxiago.

          • Iruzkin normal bat egin nahi nun, inori erantzun gabe, barkau.

  • fermin morrokozoko 2013-09-24 14:52

    Denbora osoan aritu izan zarete independentzia politikoaren justifikazioa eta hizkuntza-erabilera hegemonikoa parekatzen, eta iruditzen zait premisa boluntarista ez besterik; hori ez dator berez derrigorrez eta ezinbestez.
    Herri baten izaeraa goitik-behera, errotik, desberdina sentitzen denean, gehi (edo) arrazio historikoak, gehi (edo) ezperdintasuna hizkuntzan, gehi (edo) egoera klimatiko eta ekologikoan, edo geografikoan, gehi (edo) etnian, gehi (edo) erlisioan, gehi (edo) ekonomia sisteman eta jokaeran, gehi (edo)… sor daiteke independentzia politiko batetarako kausa nahikoa.
    Eskozian gaelikoa guttiengoa da, eta independentziaz ari dira. Kaledonieraren kontua bitxi da, bestetik.
    Eiren gaelikoak gutiagora egin zuen, indepente egin eta gero.
    Amerika eta Asiako koloniaz independente bihurtu ziren, ez jakina hizkuntzarengatik.
    Indian, Hegoafrikan, Suitzan, makina bat hizkuntza dago eta ez da ezagutzen ia independentzia asmorik.
    Honetatik beronetatik, ateratzen dudan ondorio praktiko interesgarria enetzat, zera da, herri hau geografikoki elkartu gabe, bere izaera propian sakondu gabe (euskaraz at, aitor bedi), bere izaera ez-propioan ere sakondu gabe (onartuz eta estimatuz), elkar maitatzeke, eta bere buruan sinesteke, berriketa hutsa dela independentziarena, eta egoera honetan, gainera, helburu afrusa. Bakoitza bere komarkan ari da pentsatzen, edo bere lagunartean.

    • Ez dut batere ulertu. Hasieran ukatu duzuna amaieran baieztatu duzula esango nuke. Testuan inkoherentzia ikusten dut. Agian gaizki ulertu dut argi dagoena.

      Nolanahi ere, erantzuten saiatuko naiz.

      Munduan zehar idenpendentziarako arrazoiak hamaika izan litezke, nork bereak ditu. Ezin da araurik idatzi horretaz. Irlandan katolikoak arlo guzti-guztietan azpiratuta egotea zen arrazoietako bat, praktikoena, bigarren mailako herritarrak ziren ingeles protestanteen aldean. Baina zer pisu zeukan erlijioak? Hemen, ordea, euskal herritarrak lehen mailako herritarrak dira Espanian, agian bigarren mailakoak Teruelen, Kanarietan eta abarretan, eta gutako batek ez du inolako arazorik izan, adibidez, Espainiako erregearen alabarekin ezkontzeko. Inork pentsa al lezake horrelakorik Kongo kolonialean, gaur egungo Palestinan edo aspaldiko Perun? Hemen hizkuntza daukagu zapalduta. Demokrazia eta eredu soziala ere bai, baina hau ez independizatzeko arrazoia berez, iraultza egiteko baizik.

      Nik hemen bi arrazoirengatik ikusten dut independentzia beharrezko, eta Hegoaldez ari naiz:

      1) Espainia berez desastre hutsa delako, beti izan delako eta beti izango da, eta arlo guztietan: ekonomia, gizartea, kultura… Estatu modernoa, demokratikoa eta europearra izateko aukera guzti-guztiak galdu egin ditu, eta nik horrelako estatu batean bizi nahi dut. Arrazoi hau, noski, hemen balio du eta Andaluzian ere bai, baina Andaluzian jakingo dute zer nahi duten.

      2) Batez ere, Espainaren barruan euskara ziur galduko delako.

      Agian, baten batek hirugarrena gehituko luke: euskal sentimendua, euskal kontzientzia, herria osatzen dugun kontzientzia. Baina kontzeptu hau, ukatu gabe ere, hain lauxoa da, hain definizio gutxikoa. Euskaltasunari buruzko zalantza da. Eta definitu nahi dugunean, ezin dugu: lurraldea, jendea, ezagugarriak, hizkuntza, izenak, ikurrak… Dena da zalantza eta eztabaidarako arrazoia. Hau arrazoia eta hauspoa izan beharrean, arazoa da gaur egun, arazorik potoloena, ziur aski.

      Izan ere, independentzia lortzeko, lehenik eta behin, eredu alternatiboa eskaini behar da, independentistek ez ezik, besteek ere baloratu eta onartu ahal dezaten. Katalunian, Espainarekin etsi egin dute eta eredu alternatiboa daukate. Eredu hori ez da hipotesi bat, martxan dago dagoeneko, oraindik ere ghetto espaniar handiak ere badaudela ahaztu gabe.

      Gurean, ordea, lehen arrazoia ez daukagu erabat argi. Oraindik ere euren burua abertzaletzat jotzen duten askok etorkizuna ikusten dute Espaniaren barruan, eta ez da beharrezkoa politikariengan bakarrik pentsatzea. Baina, bigarren arrazoia, euskara, besterik gabe, gutxiengo euskaltzalearena baino ez da. Nolanahi ere, ideiak argi edukiko bagenitu ere, oraindik ez daukagu inolako eredu alternatiborik. Ez daukagu zer esakaini. Herria osatzen dugun kontzientzia daukagu, baina ez gara definitzeko gauza, ez guretzat eta besteentzat. Azken harri filosofala: orain denok nafarrak omen gara!

      Auzo lotsa sentitzeko modukoa. Gero, guardia zibil zelatariak “deskojonatzen” agertzen zaizkit buruan.

      Tira, txapa bukatzeko:

      Independentista ez denak begiak ondo ireki eta Espania interesatzen ez zaiola pentsatzen badu, oraindik ere Espaniarekiko desafekzioa behar du independentzia onartzeko. Eta hemen sartzen da euskara , kultura, ohiturak eta gainerakoa.

      Euskara, hitz lauez esanda, helburua izateaz gain, tresna ere bada Espainatik ihes egiteko. Oso tresna indartsua, gainera. Hori ondo dakite Espainian eta hemen Euskal Herriaren etsai direnek, baina gu oraindik ez gara konturatu. Erakundeen, alderdi politikoen, gizarte eragileen eta, orokorrean, gizartearen aldetik ez dago bultzada nahikorik, inertzia besterik ez, eta hori kasurik onenean. Hemen ghettoak euskaldunek osatzen dituzte, batzuetan fisikoak eta besteetan mentalak.

      Orain arte espainar sentitu den kataluniarrak (bera, bere gurasoak edo aiton-amonak Kordobatik etorri ziren, kasu) errazago onar dezake independentzia, berak ere katalaneraz dakielako, bertako ohiturak dituelako, azken finean, eredu alternatibo horretan berak ere lekua daukalako.

      • fermin morrokozoko 2013-09-24 18:49

        Ez naiz zurekin debate batetan sartu, argi gera bedi.
        Garbi erran didazu zuk identifikazio ia ispiluzkoa egiten duzula independentzia eta euskararekin; horrengatik parrafo luze batetan hasten zara herriak solasten, gero hizkuntzara iragaten zara, gero herrira, eta segi. Ez zara zu bakarra inolaz ere, anitzek egiten du. Bidaia on, hortik, baina litezkeen bide askoren artean, batto da.
        Nik, alde edo kontra egon baino lehenago, ez badut eztabada horretan argitasun gehiago, ezin naiz sartu. Ez baitira gauza berdinak, eta eta jhenero berdinekoak.
        Aparte, nik zuk bat ere estimatzen ez dituzun talde horietakoa ez naizela aitzinetik argiturik (Nabarralde, Orreaga, e.a.), adierazi nahi dizut niretzat ez dela iseka egitekoa ‘denok gara nafarrak’ baieztapena. Nire neure bizitze-ibilbidean, ez dut holakoa ukan nire lehen maitasuna, baina sendoena ikusten dut. Soberakinak jakina ba dira. Baina hala eta ere.
        Amaitzekoz, mapa bat. Milaka haluzinazio entzun eta irakurtzen ditut, baina geografia maite dut. Mapa bat. Baldin galtzontzilo eitea duen EAEkoa bada, Trebiñu aldean zuloduna, hobeki sartzen ahal dakion, eta batez ere mendebalde aldera zarpaildua, jai enekin.
        Izan ongi.

        • fermin morrokozoko 2013-09-24 18:50

          …herriaz solasten…

        • Bai, nik independentzia eta euskara batzen ditut. Euskararik gabe independentzia ez zait interesatzen. Balizko euskal estatu batek euskara hartu beharko luke hizkuntza nagusitzat, Herbeheretan, Danimarkan, Norvegian, Suedian, Lituanian edo Katalunian egiten duten bezala. Hori, gainera, oraintxe bertan egiten hasi beharko genuke. Zuri ez zaizula ezinbestekoa iruditzen? Ondo, zuri eta beste askori ere bai. Jakina da hori, eta jakina da euskaltzaleok lau katu garela hemen; prostituta zahar batek baino makillaje gehiago daukagu, ordea. Horregatik, herri honetan oinarrietan ados jartzea ezinezkoa da, horregatik etsipena eta malenkoniarako kondena.

          Denok nafarrak garela esatea ez da erokeria edo frikikeria berez. Ni ez nago ados horrekin, baina ez nuke inolako arazorik izango praktiko eta estrategikotzat joko banu. Eztabaidarako arrazoia denez, ez konponbiderako, ez du balio, eta kitto. Arazoa, benetako arazoa, “denok nafarrak gara” esanez gure arazo guztiak konpondu nahi direla. Horrela, zerbait konpontzekotan, arazo lexikoren bat izango, ez beste.

          Eta kontu honetan jeltzaleei erabateko arrazoia ematen diet, ezker abertzaleak aldea egiteko era guztietako esperimentuak egin baititu, eta gehinetan oinarri historikorik gabe, gainera. Gutxi gorabehera, 1992ra arte “Euskadi” zen ezker abertzaleak erabilitako hitza. Handik aurrera, Euskadi hitza baztertu/kondenatu eta “Euskal Herria” hobetsi zuen. Laster, ordea, Euskal Herriarekin batera (oraingoan ez zuen kondenatu) “Nafarroa” hasi zen erabiltzen barra-barra, bai eta hango bandera eta ikur erdi asmatu bat: Arrano Beltza (azken hau, oker ez banago, Monzonen erruz), ez baizen inoiz Nafarroaren ikurra izan. Baina ez pentsa kontua hemen bukatuko denik: iluminatiren batek edo bestek jarraituko du esperimentuak egiten, izenak, lurraldeak, banderak eta hizkuntza berdaderoak topatzen, hau da, ilunpetan bizi garenoi argia ematen. Hobe lukete Tolkien bidetik jarraituko balute euskal “Tronu jokoa” saila osatzeko edo, baina…

          • fermin morrokozoko 2013-09-24 22:31

            Nik independentzia lege bat lortuko balitz, euskararentzat ona izan zedila nahi nuke. Horretan ados egonen gara.
            Haatik, nik euskaraa ezinbestekoa ez dut ikusten independentziaa lortzekoz, zuk baietz ez bezala, baina ez didazu ulertu dexentez halere. Ni baino euskaltzaleagoa nekez ikusiko duzu, egitateak ditut aski eginak eta ez dut frogatu behar. Baina ez dut ezinbesteko ikusten, independentziaa beste kontzeptu ezperdina ikusten dudalakoz. 2013garren honetan, euskararen bitartez ez da independentzia bat lortuko, inolaz ere. Sofisma ikaragarria litzateke, da, hortik jotzea, eta ez da lortuko. Gai dibergenteak dira, edo, hobeki, planu desberdinetakoak. Sagarra eta mandarina.
            Oraindik ez dakizuna, aldiz, zera da: nik zer nahi dudan? Nik nahi dut euskaraa zabaltzea, mundurat jalgitzea. Betik ere. Bestea? Tira, bada ona bada, hobe, eta bestela, ez. Xinplea, jakin dakit, baina hala da. Euskaraa substantiboa da, eta independentziaa, enetzat, soil-soilik beste substantibo batzuen adjektiboa, epitetoa, eta beraz, ona edo txarra, zer ezaugarritzen duten arau.
            Gustatuko litzaidakeen independentzia batetarat iristea? Ni bezalakoekin ezpairik gabe bai, baina ni bezalakoak guztiz urri dira; ongi dakit; agian zu bezalakoak ere bai, baina ez zaitut ezagutzen. Ezagutu, kasu. Etsipen, desengainu pila hartu ditut honetan, baina hori ere iragana da. Orain, ba dakit zer den hau, eta lasai nagoen moduan egonez, baieztatzen dut konbentzitu sakonak, hemen, lau katu direna. Aitaketan eta amaketan jostatzen aritzea da gai hau, hainbatetan. Herrialdeketan.
            2013garren honetan, burujabetasuna lortzez geroz (zer herri partek?), mafiaz aldatuko ginateke. Oraintxe, bederen. Gure mafiaa aldiz, diozu? Oraintxe ere bai handiz gurea, lasai.
            Beste alde batetatik, Nafarroaz diozuna ulertzen dizut, nola ez, sentitzen naiz hainbeste gauzatatik itzulian, barka harrokeriaa baina hala izanki hala diot; baina Euskadi kontzeptua uste dut distantzia batetatik ikusten duzun. Bada, guztiz endakaturik dago, niretzat balio du gauerdiko ahuntzaren eztula, West EH-ren erran·nahikidea da guztiz, eta unionista orok darabilte, berengaturik etá. Ez zuen ezker abertzaleak, eta beste batzuek, baztertu berez, nik ikusi dudanez, tartea hartuta ere, baizik-eta ezin irentsizko mondongoa gertatuz joan zen bera. Ez bide duzu ikusi aski bere izenean zer egin den, ez bide duzu jakin bere izenean zer egiteko kapable izan diren eta diren bere “jabeak”, ilargian ikusten zaitut. Edo urrun. Erromantizismo pipiak joak, antigoalekoak, kilikaturik.
            Ez dut betarik ukan nazkatzen zaituzten joerak ni nazkatzeko bezainbat denboran pairatzeko, eta menturaz zuri ez zaizu egokierarik suertatu nik ok egiten ditudan zenbait jokaerarekin ase zintezen. Bizipen ezperdinak, menturaz. Baina ez zaitut ikusten, zinez, miresten omen dituzun zenbait kaimanekin kontentatuko zinatekeela.
            Eta mapa bat, kuleroa ez dena. Geografikoa.
            Ari gara, ba goaz. Izan ongi.

          • Tira, dramatikoa ni neu nitzelakoan nengoen, baina are erreago ikusten zaitut. Oker zaude nire jarrera existentzialista dela pentsatzen baduzu. Horretan oso praktikoa naiz. Esan nahi dut kasurik okerrenean, Euskal Herria eta euskara desagertuko balira, bada, muduak jiraka jarraituko lukeela lasai. Egunero galera handiagoak gertatzen dira eta ez da ezer gertatzen unibertsoaren bilakaeran. Egia esan, dena bizitzaren gurpilaren ondorio eta parte da. Kontu subjektiboa da norberari dagokiona, kontu erlatiboa, baina kanpoko errealitatea absolutua dela ahaztu gabe, objektiboa. Norbait hiltzen bada, adibidez, gaixotasunak hiltzen bada, zer garrantzi dauka horrek gizateriantzat? Baina pertsona hori maite baduzu, ezinbestez eragingo dizu. Bi maila horiek bereiztea ezinbestekoa da: zilegi da galeraz tristatzea, baita horregatik errespetua aldarrikatzea ere, baina ezin duzu eskatu zure penagatik besteak ere penatu behar direnik. Puntu honetara eta ulertu badidazu (ez nago ziur), esango dizut nire kontu erlatiboan sartzen dela euskara eta herri honen bilakaera. Euskararik gabeko independentzia posible dela diozu, eta hipotesitzat hartuta, bai, posible da, ez da ezinezkoa. Kontua da niri ez zaidala interesatzen, hil zitzaidan pertsonarekin antolatuta neukan bidaia egitea interesatuko ez balitzait bezala: helburua ez zen bidaia, konpainia baizik.

            Nolanahi ere, independentzia, edozein kasutan eskuragaitza daukagu, denok indarrak batuta ere. Baina interesak ez dira berdinak. Izan ere, independentzia herri honen hizkuntza, kultura eta garapen demokratikoa bermatzeko tresnatzat har liteke, edo interes profanoago batzuetarako txiringitotzat, besteak beste. Arazoa da hemen askok tranpa egiten dutela: nik, eta beste askok, argi eta garbi esaten dugu zertarako nahi dugun independentzia; besteek ez dute argitzen. Gure beharra daukatelako, noski. “independentzia lortu eta gero dena posible da”, horixe leloa. Ezaguna egiten zait. Bada, ez, nirekin ez, behintzat: nik lehenik bermeak sinatuta nahi ditut.

          • fermin morrokozoko 2013-09-25 08:27

            Ni ez nago errerik. Fresko fresko nago. Ni erretzat jotzen duena vade-retroa aditzera eman nahi du; alegia, oraindik sinesten du nik sinesten ez dudana. Adur on, niketz, ez dira egia.
            Nik gauza batzuk dakizkit. Ez da besterik.

  • Gorka Galdos 2013-09-25 05:21

    Gonzalo, iruzkinik inoiz idazten ez duen horietako bat naiz. 8 bat urte daramatzat EHtik kanpo EEBB eta Europan bizitzen. Katalunian gertatzen ari dena ikusten dut eta Euskal Herritar bezala lotsa sentitzen dut azken hamarkadetan erridikulua egin dugularen sentimentuak jota. Katalanek beraien erakunde kultural nazionalak eta hizkuntza eraikitzen zuten bitartean gu ezin izan gara gure sinboloak adostu edota hizkuntza defendatzeko gai izan. Energi guztiak gure arteko borrokak jan ditu. Ni ere frikikeriez nazkatuta nago.

    Eskerrik asko sentimentu hau beste inork baino hobeto azaltzeagatik. Zergatik ez duzu Berrian argitaratzen?

  • fermin morrokozoko 2013-09-25 07:39

    Azken hamarkadetan egin den zatiketa lana, azpilana, atzera ekarri behar da. Ez da kontu makala, hori bururatu dutenak salbatuko gaituzten “inportanteak” direnean, jende handia.
    Alemaniako dirua zupatu dutenak, sumentzioak e.a.

  • Nik alde handi bat ikusten dut Kataluniarekiko: hemen gure artean, independentziaren bidea armen bidez defendatu izan da; independentziaren izenean jendea hil da, jendea hil dute. Hori batzuengan oso sustratituta geratu da.

    • Orain ere badugu nori eman errua. Besteek; besteek salbatu behar gintuzteen. salbatu ezin izan gintuztenez, beraiei eman diegu gure frustrazioaren sorburua…
      Gurasoen errua…heziketaren errua…gizartearen errua…
      Baina orain dagoeneko HELDUA NAIZ (adinez behintzat bai), ez da ez etarik eta ez aitarik.
      Zer egin NAHI DUT “nire bizitzarekin”? Ze proposatzen dut? Neure “buru-jabe”, zer erabaki dut.
      Erabakitzen dut…bihar erabakiko dudala?
      (Nire iritzia da (Euskalgintzan bederen, oso argi dut iritzia) : besteek jotzen duten musikarekin dantzan, hran sokaren alde edo aurka, dantzan besteen sokan. Ez dugu potrorik/ez dugu ausardirik/ez dugu gaitasunik? gure alternatiba sendoa eta garbia plazaratzeko. Benetan, urgentziazkoa, behe-behetik)
      BESTE txiringito bat? Ezzzzzzzzzzzzzz. Lidergoa eta antolakuntza.

  • Ta Gonzalo Etxagüeri erantzun zuzena: hontan (zure azken hausnarketarekin) zeharo ados naiz. Euskal-herria euskalduna da nire maitasuna, eta bera hiltzen bada, ez dakit “besterik” maitatu nahiko nukeen.