Euskal Herriko Emakumezkoen II. Futbol Kopa hastear

Aurten ere Euskal Herri osoko emakumezkoen futbol talde hoberenak bilduko dituen kopa antolatu du Euskal Herria Kirolak. Larunbatean hasiko da Ipar Euskal Herriko selekzioaren eta Oiartzunen arteko partiduarekin. Norgehiagoka 17:00etan jokatuko da Donibane Garaziko udal zelaian. Ekainean iraganen da lehen fasea, eta bigarrena, berriz, abuztuan. Finala abuztuaren 26an jokatuko da.

Iaz egindako apostua, eta arrakastatxua bihurtu den ekimena, aurrera eramatea eta garatzea erabaki du Euskal Herria Kirolak. Euskal Herri Kirola, Euskal Herriko kirolariek sortutako elkartea da, kirolarien bilgunea, Euskal Herria kulturala eta Euskal Herria kirolaria oinarri hartzen duena. Haren logoak ere hori adierazi nahi du, ideologietatik haratago, kolore guztietako Euskal Herria kontutan hartzen dituena, ligak, kopak eta txapelketak antolatzean.

Bere bigarren urtean, Kopan beste lau taldek hartuko dute parte, Arrasatek, Eibarrek, San Inaziok (Bilbo) eta Oiartzunek. Iaz zortzi taldek parte hartu zuten Athletic-ek, Errealak, Lagunakek (Barañain), Abantok (Zierbena), San Juanek (Iruñekoa), Aurrera de Vitoriak, Añorgak eta Ipar Euskal Herriko taldeak (Donapaleu, Donibane Garazi eta Mauleko taldeen artean osatutako selekzioa). Talde buru izaki daukaten mailagatik, lehen laurak bigarren fasean baizik ez dira sartuko Kopan, abuztuan alegia. Besteek, ordea, haien artean lehiatuko dira bigarren fasera pasatzeko ohorea zeinek daukan jakiteko.

Ekainaren 2an, 12:00etan, Iruñeko San Juanek Bilboko San Inazio hartuko du bere zelaian, eta egun berean, baina 18:00etan eta Gasteizen, Aurrera de Vitoriak Arrasate. Lehen fase honen laugarren norgehiagoka Añorga eta Eibarren artekoa izango da, lehenaren etxean, baina eguna zehazteke dago oraindik. Hemen daukazue aurtengo Koparen eskema:

Iaz Athleticek irabazi zuen kopa, finalean Erreala 4 eta 1 menean hartuz. Aurten ere bi talde hauek dira faboritoak, baina denboraldi zaila izan duen arren Lagunakek bi hauean nagusitasuna zalantzan jarri dezake partidu bakarrean.

GAUZA AGERIA