Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2.zatia)

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2. zatia) –

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2. zatia)

Publikatu genuen artikuluaren lehenengo zatia, hemen: zuzeu.eus/euskal-herriko-demografiaren-larrialdiaz-1-zatia

MIGRAZIO-FLUXUAK EUSKAL HERRIAN

Gizarteko desberdintasunak areagotzen ari diren mundu bidegabe honetan, migrazio-fluxuak ondorio logikoak dira. Urtero milioika pertsona herrialde aberatsetara abiatzen dira gerretatik, gosetetik edo miseriatik ihesi, eta joera hori ez da  aldatuko epe laburrean. Giza tragedia izugarri horren aurrean ezin gaitezke bihozgabeak izan, eta bizitza hobe baten bila gure atea jotzen dutenekin enpatia izan beharrean gaude, iraganean, guk kanpora joan behar izan genuenean, beste batzuek gurekin egin zuten modu berean.

Hala ere, eskaini beharreko elkartasun horrek ezin du ezkutatu txanponaren beste aldea: alegia, zer eragin duten migrazio-fluxuek harrerako gizartean, hizkuntza-, kultura- eta soziologia-arloan. Batez ere, delako harrera-gizartea gurea bezalako nazio txiki batekoa baldin bada, burujabetasunik gabea, mendekoa, ukatua eta hizkuntza gutxitua duena. Guk ez ditugu, orokorrean, Estatu batek dituen baliabideak etorkinak gure hizkuntzan eta kulturan behar bezala integratzeko, eta horrenbestez Euskal Herrira etortzen direnak Espainian eta Frantzian integratzen dira, eta ez gurean. Horrek izugarri higatzen ditu gure gutxitutako hizkuntza eta berezko kultura.

 

1.- POPULAZIO MUGIMENDUAK, KOLONIZAZIOAREN TRESNA ERAGINKORRAK

Ondo baino hobeto dakite mundu osoko inperialistek mendeko nazioak asimilatzeko eta irensteko demografia-aldaketak  tresna oso eraginkorrak direla. Ondo baino hobeto dakite demografia zein garrantzizkoa den nazio txiki baten bilakaeran, eta horregatik populazio-mugimenduak eta biztanleriaren leku-aldaketak ere erabili ohi dituzte mendeko nazioak suntsitu eta desagerrarazteko.

Demografia da kolonizazioaren baliabide garrantzitsuenetako bat. Funtsean, kolonoen bitartez inperialistek demografia-aldaketak sustatzen dituzte haien mendeko Herriak hobeto kontrolatzeko. Kolonizazioa, Herri batek, ideia inperialista bati lotuta, beste Herri baten ondasun materialaz jabetu eta tokiko herritarren hizkuntzaz, kulturaz eta identitate kolektiboaz desjabetzeko prozesua da, alienazio edo arrozte-prozesu baten bidez. Kolonizazioaren funtsa, Herri bat azpiratzea da, atzerriko kontrola bere gainean ezarrita. Giza jardueraren arlo guztietara zabaltzen da kolonizazioa: ekonomiara, demografiara, gizartera, kulturara eta politikara. Eta kolonizazioaren funtsezko ezaugarri bat, beti aplikatzen dena, biztanleriaren masa-emigrazioa da, nazio menderatzailetik mendean hartutako naziora.

Demografia-kolonizazioaren adibideak ugariak dira, eta historian zehar patroi berari jarraitu diote beti. Batzuk aipatzearren, hona hemen zerrenda labur bat:

1.- Mussolini faxistak Hego Tirol eta Aosta Harana “italiartzeko” egindako saioak. Italiako kolonoak bidali zituen masiboki italiar kultura eta hizkuntza ez zituzten bi lurralde horietara.

2.- Sionistak, kolono judutarrak etengabe hara bidaliz, Palestinako lurralde okupatuetan garatzen ari diren politikak, NBEren irizpideen aurka.

3.- Txinak Tibeten aplikatzen duen politika etnozida. Gaur egun, Tibeten, jatorrizko tibetarrak baino askoz ugariagoak dira txinatar kolonoak, eta Tibeteko hizkuntzaren eta kulturaren gutxiagotze-prozesua azkartzen ari da.

4.- Turkiarrak Siriako Kurdistanen 2019tik bultzatzen ari diren populazio-mugimenduak.

5.- Marokok 1975etik Saharan jarraitzen duen politika, okupatutako lurralde hartara milaka kolono bidaliz. Marokok behin eta berriz uko egin dio Saharan autodeterminazio-erreferenduma egiteari, baina badaezpada ere, 1975etik demografia-aldaketa etengabe burutzen ari da bertan, aipatutako erreferenduma azkenean antolatuko balitz ere bere aldeko emaitza bermatzeko

6.- Gauza bera egin du Frantziak Kaledonia Berrian, autodeterminazio-erreferendumean frantses kolonoek Frantziako interesak defenda ditzaten.

7.- Stalin genozidak Baltikoko errepublikak (Letonia, Lituania eta Estonia) ehunka mila errusiarrekin birpopulatu zituen. Estonian eta Letonian, bereziki, errusiarrak eta haien ondorengoak biztanleriaren zati garrantzitsua dira oraindik ere, eta horrek hizkuntza-gatazka bortitzak eragiten ditu noizbehinka (ikusi: www.naziogintza.eus/estonia-eta-irlanda-bi-eredu-linguistiko-antagonikoak).

8.- Kosovoko errepublikaren kasua ere paradigmatikoa da: bertan, duela 150 urte, populazioaren gehiengoa serbiarra zen. Albaniatik lekualdatutako migrazio handiek bertako demografiaren egoera aldatu egin zuten, eta duela 70 urte albaniarrak (serbiarrek baino jaiotza-tasa handiagoa izaki) gehiengoa ziren bertan.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Euskal Herriak Francoren diktadurapean bizi izan zuen demografia-aldaketa itzela. Ez da kasualitatea Hego Euskal Herria eta Katalunia izatea frankismopean etorkin espainiar gehien jaso zituzten bi lurraldeak, 1955 eta 1975 urteen artean. Mussoliniren demografia-politikak ondo ezagutzen zituen Francok. Eskulan merkea behar zuten euskal enpresaburu handien konplizitatearekin, Francoren erregimenak Gaztelatik, Galiziatik, Andaluziatik edo Extremaduratik populazio-olde handiak lekualdatu zituen, Hego Euskal Herrira eta Kataluniara bereziki. Aipatutako urteen artean, ia 500.000 etorkin espainiar iritsi ziren EAEko lurraldeetara, biztanleriaren %30 osatuz.

Ez dugu ukatzen, inondik inora, migrazioen eta ekonomiaren arteko lotura estua. Logikoa eta normala denez, migrazio-fluxuak lurralde txiroetatik lurralde aberatsetara bideratzen dira. Baina gure kasuan, frankismopean, immigrazio fenomenoak osagai politiko nabarmena ere bazuen: erregimen frankista ez zen inozoa, eta inperialista guztiek historian zehar egin dutena gurean errepikatu zuen, hots, demografia-aldaketa eragin eta sustatu, euskal kontzientzia nazionala amatatu nahian. Saiakera, ordea,  ez zitzaion guztiz ondo atera, ez baitira gutxi izan euskal kausa nazionalaren alde konprometitu ziren etorkinen seme-alabak.

 

2.- IMMIGRAZIOAREN FENOMENOA EUSKAL HERRIAN

Hego Euskal Herriak hiru migrazio-olatu handi ezagutu ditu azken 150 urteotan: lehena, XIX. mendearen bukaeran hasitakoa, Gaztelatik -batez ere- etorri zen, eta Bizkaia izan zuen helmuga. Bigarrena, eta handiena, XX. mendeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Espainiatik Hego Euskal Herri osora zabaldu zena. Eta azkena, XXI. mendearen hasierakoa, bereziki Afrikatik eta Hego Amerikatik etorri dena. Hego Euskal Herriak ehunka mila etorkin jaso ditu hiru olatu handi horietan, eta horietako gehienak, orokorrean, ezin izan dira gure hizkuntzan eta kulturan integratu gure Herriko eremu euskaldunetan. Batzuek herri txiki euskaldunenetan soilik lortu dute integrazioa.

Gaur egun, Euskal Herri osoan, kanpoan jaiotako pertsonen ehunekoa  Europako handienetakoa da: %29. Aldiz, Espainian (%13), Alemanian (%13), Frantzian (%12) edo Italian (%10) ehuneko horiek askoz apalagoak dira.

Beste datu honek ere ondo islatzen du gure nazioak izan duen migrazio-fluxu handia: Trebiñu gabeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %35 soilik da bertan jaiotakoa eta bi gurasoak bertakoak dituena.

Europako nazioen artean, Kataluniak bakarrik du etorkinen ehuneko altuagoa: %37.

Inon ez dago kanpoko jendea hartzeko eta integratzeko mugagabeko gaitasuna duen gizarterik. Euskal Herrian ere ez. Euskararen arloan, esaterako, argi dago gure hizkuntza ahulegi dagoela migrazio-olatu handi bati aurre egiteko. Eta hor egundoko arazoa dugu. Gure politikariak, egoera horren aurrean, axolagabekeria itzela erakusten ari dira. Beste alde batera begiratzen dute. Ezin da honetaz hitz egin, politikoki zuzentzat jotzen ez duten gai bihurtu dutelako.

Guk uste dugu premiazkoa dela immigrazioaren gaia aurre-iritzirik gabe aztertzea, eta eztabaida sortzea. Eta jarrera xenofoboetatik aldenduta, etorkinentzat eta euskal hizkuntzarentzat eta kulturarentzat kaltegarria ez den konponbide bat aurkitzea.

Gure iritziz, ekologian “garapen jasangarriaz” hitz egiten den moduan, demografian ere “immigrazio eramangarriaz” hitz egiten hasi beharko genuke. Kontzeptu honekin gizartean, hizkuntzan eta kulturan integratzeko gaitasunari lotuta egongo litzatekeen migrazioaz ari gara, eta ez demografia-ordezkapena bultzatzen duenaz. Horretarako giza eskubideak eta elkartasuna iparrorratz gisa hartu behar ditugu, bai, baina gure Herria izan dena, orain dena eta etorkizunean izatea nahiko genukeena erabat desitxuratu gabe.

Azken urteotan beste migrazio-fluxu handi baten lekuko izaten ari gara, XX. mendeko immigrazioarekin zer ikusirik ez duena: 2005etik 400.000 etorkin berri iritsi dira Euskal Herrira, horietako gehienak (Hegoaldeko kasuan) Hirugarren Munduko herrialdeetatik. 400.000 erdaldun gehiago, euskararekin inongo harremanik ez dutenak, eta gure hizkuntza-desoreka areagotzen dutenak. Argi utzi nahi dugu hemen euskararen diglosia-egoeraren errudunak ez direla etorri berriak, inondik inora ere. Baina begi-bistakoa da, era berean, gure hizkuntzaren egoera txarra, nahi ala ez, areagotu egiten dutela, espainieraz edo frantsesez gizarteratzen direlako, eta ez euskaraz (salbuespenak salbuespen).

Ez litzateke bidezkoa izango immigrazioari soilik egoztea euskararen diglosia-egoeraren errua. Euskal herritarren artean migratzaileak eta bertako “baskoak” daudelako, “basko” hauek seguru asko migratzaileak baino gehiago izaki. Beraz, gure hizkuntzaren egoera hobetzeko hizkuntza-politikaren ildoak errotik aldatu behar dira: migratzaileak  ez ezik, bertako “baskoak” ere euskarara erakarri behar dira, zaila baita etorri berriei gurean integratzeko euskara ikastea eskatzea, bertako batzuek euren hizkuntza aintzakotzat hartzen ez dutenean.

Hori esanda, begi-bistakoa da, era berean, gure herri-erakundeen utzikeria etorri berriak euskal gizartean integratzeko. Hizkuntza berreskuratzeko beharrezko baliabideak eta politikak ez dituzte martxan ezartzen oro har, eta are gutxiago etorkinen hizkuntza-talka arintzeko tresnak. Zilegi zaigu galdetzea: zer egiten du Eusko Jaurlaritzak (Nafarroako Gobernuari edo Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari gai honetaz galdera bera egin diezaiekegu) gure eremu euskaldunetara etortzen ari diren migratzaileak euskalduntzeko? Ezer ez. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, esaterako, espainierazko klaseak eskaintzen zaizkie etorri berriei, baita herri euskaldunenetan ere. Era horretan, euskara guztiz bazterrekoa dela esaten ari zaie. Gure hizkuntza salbatu nahi badugu funtsezkoa da hori aldatzea eta gurera etorri berri diren horiei harrera ikastaroak ematea, gurean integra daitezen euskaraz eta euskal kulturaz jabetzeko bideak eskainiz. Ez gara ezer berririk asmatzen ari, Europako beste herrialde batzuetan ohikoa baita horrelako ikastaroak antolatzea. Esan gabe doa burujabetza osoa izango bagenu tresna gehiago izango genituzkeela, estatu-tresnak, etorkinak integratzeko, baina une hori iritsi arte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, gutxienez,  immigrazio-politikaren eskumenak lehenbailehen beren gain hartu beharko lituzkete. Politika horiek Espainiako Gobernuaren esku dauden bitartean, aitzakia ezin hobea izango dute gure agintariek arlo honetan ezer ez mugitzeko.

Gogora dezagun immigrazioa, bakarkakoa denean, harrerako gizartean integratu ohi dela, baina jende-olde handietakoa denean ez, etorkinek beren arteko harremanak lehenesten dituztelako. Horrenbestez, talde itxiak sortzeko joera handia dute, gure herrietan sarritan ikusten dugunez. Hori saihesteko, bide bakarra dago: etorkinen integrazioa bultzatzea euskal gizartean

 

3.- IPAR EUSKAL HERRIKO EGOERA

Euskal demografiari buruzko lan honetan ezin falta Ipar Euskal Herriari buruzko aipamen berezirik. Izan ere, Frantziaren mendeko Euskal Herriak demografia-arazo itzela badu halaber. Arazo horren muina ez da, Hegoaldean bezala, jaiotza-tasa apala, Iparraldean (frantziar estatuan bezala) jaiotza-tasaren aldeko politika eraginkorrak indarrean daudenez. Arazoa bestelakoa da: 300.000 biztanle inguruko lurralde batera urtero 4.000 etorkin berri iristen direla. Etorkin horien profilak, Hegoaldekoarekin alderatuta, ez dauka zer ikusirik: ez dira Hirugarren Munduko herritarrak, frantses jubilatuak baizik, erosteko ahalmen handikoak. Eta jubilatuez gain, ez dira gutxi Iparraldeak erakartzen dituen frantses bikote gazteak ere.

Hori gutxi ez, eta, iraganean bezala, bertako gazte asko Frantziako hirietara joaten dira ikasketak egitera edota etorkizun profesional hobearen bila. Arazoa egiturazkoa da: alde batetik, Ipar Euskal Herrian ez dago erakartzeko ahalmena duen hiri handirik eta, bestetik, turismoan oinarritutako ekonomia batek lanbide-aukera gutxi eskaintzen dizkie bertakoei. Ekoizpen-ereduaren aldaketa premiazkoa da, turismo-arloaren nagusitasunak etxebizitzen garestitzea ekartzeaz gain, ez baititu asetzen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazte askoren lan-helburuak. Industriaren aldeko politikak garatu behar dira, turismoaren mendekotasuna gutxitzeko eta kalitatezko lanpostuak bertako gazteei eskaintzeko. Ipar Euskal Herriko ekonomia-eragileek Frantziako turistei begiratu beharrean, hobe lukete Hego Euskal Herriko ekonomia-sarearekin harremanak estutu eta proiektu komun eta osagarri bat ehuntzen joatea.

Eta gazteen exodoak jarraitzen duen bitartean, gero eta frantses jubilatu gehiagok urrezko erretiroa bizi dute Ipar Euskal Herrian. GAINDEGIAk emandako datuen arabera, 2000 eta 2007 arteko epean, Lapurdiko biztanleria %18 hazi zen: 40.000 biztanle berri, gehienak frantsesak. 1999ko biztanleak 262.370 ziren Ipar Euskal Herrian, eta 2015ean 302.980. Zer esanik ez dago biztanle-multzo handi horren gehiengoak euskararekin eta euskal kulturarekin ez duela inongo harremanik, eta haiei bizkarra emanda bizi direla.

Horren guztiaren ondorioz, 2016an Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %53 kanpoan jaiotakoa zen.

Arazoaren tamainaren berri ematen digu Eneko Gorrik ARGIA aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean (ARGIA, 2.577 zenbakia):

Jendeak, euskaltzaleek, aski barneratuta ez dutena da euskararen egoeran administrazio publikoan garatzen dituzten beste politika publikoek eragin askoz handiago dutela hizkuntza politikak baino. Adibidez, konbentzituta naiz gaur egun Biarritzek biderkatzen badu hamarrez euskarari ematen dion aurrekontua eta beste hogei langile hartzen baditu lan egiteko, hala ere, ez luke eragin handia izango euskararen egoeran hemendik 50 edo 100 urtera. Zergatik? Hirigintza ereduak, turismo ereduak, etxebizitza politikak, hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa izanen duelako. Hirigintza hemen ez da batere aipatzen eta auzi (linguistiko) horretaz gogoetatzea premiazkoa da”.

Turismoa nagusi bilakatzeak kultura- eta hizkuntza-hondamendia ekarri dizkio Ipar Euskal Herriari. Eta bide horri jarraikiz, euskal zantzu guztiak desagertuko dira bertan. Hego Euskal Herriak badu ere zer ikasi esperientzia kaltegarri horretatik akats berean ez erortzeko, Hegoaldeak ere, turismoa kontrolatu ezean, kalte berdinak pairatuko baititu.

 

4.- EUSKALDUNTASUN IREKIAREN ALDE

Atal honekin bukatzeko, argi utzi nahi dugu euskal nazioaren kontzeptu irekia eta inklusiboa bultzatzearen aldekoak garela. Euskal Herrira bizimodu hobe baten bila etorri direnen gain dago erabakitzea euskal herritar eta euskaldunak izan nahi duten gurean, edota betirako etorkinak izango diren. Erabaki garrantzitsu hori hartzea ez dagokigu guri, haiei baizik. Horrek esan nahi du euskalduntzea erabakitzen duena euskalduna izango dela guretzat, dena delakoak izanik ere beren jatorria, abizenak, ideologia edo azalaren kolorea. Euskara baita tresnarik egokiena etorkinak gure Herrian txertatzeko, eta nekez aurki daiteke beste toki batzuetan irizpide zabalagorik etorri berriak herrikide bihurtzeko. Funtsean, gureak irizpide nazionalak direlako, eta ez etnikoak.

Gauza bera euskal herritar bihurtzeko. Gu ez gaude inondik inora ados garai bateko lelo aldrebes harekin: “Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena”. Horren arabera, Galindo jeneral torturatzailea, espainiarra, eta berarekin batera Intxaurrondon bizi ziren pikoleto guztiak ere euskal herritarrak ziratekeen. Astakeria galanta. Guretzat, euskal herritarra, Euskal Herrian bizitzeaz gain, euskal herritar ere sentitzen dena da, euskal herritar izateko gogoa ezinbestekoa baita euskal herritar izateko, dena delakoa izanik ere norberaren jatorria.

Halere, beste aukera bat ere badute Euskal Herrira etorri direnek, alegia,  euskaldun edota euskal herritar izateari uko egitea, beren jatorrizko Herrian izango balira bezala hemen bizitzea, eta gure gizartean ez integratzea. Aukera guztiz errespetagarria, baina ondorio guztiekin hartu behar dutena: haiek dira, eta ez gu, gure nazioan betirako atzerritar bezala bizitzea hautatzen dutenak.

 

GURE PROPOSAMENAK:

1.- Hego Euskal Herriko demografia-krisiari aurre egiteko bi konponbide daude: jaiotza-tasa areagotzea ala etorkin gehiago erakartzea. Une honetan, gure erakundeak bigarrenaren aldeko apustua egiten ari dira. Guk, aldiz, epe laburrean immigrazioaren aukera baztertu gabe, jaiotza-tasaren konponbidea lehenesten dugu.

2.- Premiazkoa da Hego Euskal Herriko herri-erakundeek jaiotza-tasaren aldeko politikak sustatzea. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Demografia Saila sortu behar lukete, batez ere jaiotza-tasa emendatzeko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak hamaika kanpaina egiten ditu, baina bat bera ere ez jaiotza-tasa igotzearen aldekoa. Badaude Europan politika horiek aspalditik garatu dituzten estatuak, arrakasta handiz garatu dituztenak gainera. Gugandik gertu, frantziar estatua. Badugu hor zer ikasi.

3.- Gure Gobernuen aurrekontuetan sail garrantzitsu bat guraso berrientzako diru-laguntzetara bideratu beharko litzateke. Arlo horretan, gizarte-laguntzak ezinbestekoak dira: etxebizitza sozialak gazteentzat, soldata duinak, pizgarriak eta desgrabazio fiskalak umeak edukitzerakoan, kontziliazio-politika ausartak, amatasun eta aitatasun bajen luzapena, doako haurtzaindegiak, lana uzteko zein berriro hartzeko erraztasunak, etab.

4.- Ipar Euskal Herriko demografia-arazoari aurre egiteko funtsezkoa da turismoan oinarritutako ekoizpen-eredua aldatzea eta Hegoaldearekin ekonomia-harremanak sendotzea.

5.- Ingurumena eta ekosistemak babesteko “garapen jasangarriaren” kontzeptua erabiltzen den modu berean, hizkuntza eta kultura gutxituak babesteko “immigrazio eramangarriaren” kontzeptua ere erabili beharko litzateke. Ingurumen-talka aintzat hartzen den bezala, hizkuntza- eta kultura-talka ere kontuan hartu behar lirateke immigrazio politiketan.

6.- Etorkinei euren bizimodua hobetzeko eskubidea aitortzearekin batera, Euskal Herriari bere hizkuntza, kultura eta herri-nortasuna babesteko dagokion eskubidea errespetatu beharra aldarrikatzen dugu. Oreka bat bilatu behar da bi alderdi horien artean, jarrera xenofoboak baztertuz.

7.- Euskal Herrira heltzen diren etorkin guztiei Elkarbizitzarako Harrera Ikastaroa eman beharko litzaieke euskara eta euskal kulturaren garrantzia azpimarratuz, batez ere eremu euskaldunetan. Horrekin batera, oinarrizko euskara-maila landu eta irakatsi beharko litzaieke.

8.- Diasporan bizi den euskal jatorrizko jendeari lehentasuna eta erraztasuna eman beharko litzaioke gurera etortzeko.

9.- Zer esanik ez goi-mailako ikasketak eginda edo goi-mailako lanbidea izanda krisi garaian atzerrira joandako gazte guztiei. Euskal Herrira itzultzeko pizgarriak eta laguntzak eskaini beharko litzaizkieke.

10.- Euskalduntasun irekiaren aldeko mezua zabaldu beharra dago. Benetako euskalduna euskaraz bizi dena da, edozein izanda ere bere jatorria, abizenak edo azalaren kolorea. Euskara integrazioaren tresnarik eraginkorrena dela aldarrikatu behar dugu.

 

Gutaz gehiago jakin nahi? Ezagut gaitzazu!www.naziogintza.eus

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1.zatia)

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2. zatia)

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

11 pentsamendu “Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2.zatia)”-ri buruz

  • Estatu egiturarik ez daukagun bitartean, egin daitekeen ekintza bakarra erresistentzia da. Egoera honek estatu baliabiderik gabe, gure akabera atzeratu dezake, baina ez ekidin.
    Euskal Herriak iraun nahi badu urrats bat aurrera eman behar dugu.

  • Egia borobila 2022-05-18 20:29

    Artikulu bikaina! Landua eta objektiboa.
    Bejondeizuela!

  • Ez naiz inondik Inora ados. Labur aipatzearren. Ez dago hegoamerikar bat integratuko duen amaren semerik. Ezagunak zaizkigu euskaraz ari diren japoniarrak, pakistandarrak, senegaldarrak eta abar. Inor ezagutzen al du hegoamerikar euskaldunik? Espainolak dira, beren herrialdeetan bertakoak baztertu egiten dituzte, eta hona ez dira etorriko hizkuntza indigena bat ikastera, kultur maila negargarria dute baina uste dute hamalau direla. Eta ebangelistak badira, eta gehienak halakoak dira, arazo ikaragarria daukagu, faxista hutsak direlako.

  • Benat Castorene 2022-05-19 12:19

    Naziogintzak taldeak merezimendua du gaia, nahikoa tabua dena, luze ta zabal aztertzeagatik. Gutik dute horrelako adorea.
    Baina zorigaitzez Iparraldeari buruz behintzat ez da errealista edo ez bururaino. Beharbada Hegoaldeko aurreiritziekin pentsatzen baitu.
    Artetik erraiteko hemen populu tikia izan gara beti eta gure hiri tipiak baginituen, guretako nahikoak zirenak, baina estatuak hilarazi edo eihartu ditu piskanaka erregioko administrazio eta botere tipi guzia bere kulturako Baiona eta Paue hirietan nahita kontzentratuz.
    Hemen estatua, administrazioa, eta konstituzioa etnozidioak dira 1789. urtetik behintzat ezbada lehenagotik.
    Gehiago dena gaur gure bizimodua bera etnozidoa da zeren eta denok, maila batean edo bestean gure politikariekin buru kolaboratzen dugu estatua eta administrazioarekin musu-truk, hau da, gure populuaren eta hizkuntzaren alderako demendren kontsesio politiko seriorik gabe. Eskaini digutena behin behineko artamendu paliatiboak dira azkenean.
    Hona bizitzera etortzen arrotz uholdea ezinbestez etnozidoa da.
    Horregatik irakurtzen dutalarik :”Funtsean, gureak irizpide nazionalak direlako, eta ez etnikoak” beldurtzen naiz eta pentsatzen dut: garen egoeran sentimendu nazionalik ezin da bizi eta beraz Tximinoaren erresistentziak osagai etniko bat eduki behar duela bestenaz ez dela existituko. Ez da ahalge izaiterik, deus ez du ikusteko arrazismoa edo xenofobiarekin. Politikoki zuzenaren ideologiak hori sinets arazi nahiko liguke.
    Ez badugu oraindik gelditzen zaigun etnizitate apurra (idekia eta inklusiboa ere nahi bada) zentzu oneko eta borodate oneko etorkin frantsesak ere ez dira konturatuko ere etnozidio batean parte hartzen dutela konturatu gabe eta ez zaie burutik pasako ere egundoko hautua badutela egiteko gure populuan integratzeko ez badute berak etnozidoak izan.luketela oraiko euskaldunek baino. beharbada asimilazio prozezua ez baita hemen bezain aurreratua

  • Mila esker zure mezuaren hasieran esaten duzunagatik eta zure iritzia emateagatik, Benat. Ipar Euskal Herriko egoera aztertzerakoan kontuan hartu ditugu gure taldekide baten ekarpenak ere, eta Iparraldekoa da bera. Guk beti saihestu nahi dugulako “hegozentrismo” kaltegarri hori, eta saiatzen gara euskal ikuspuntu global eta nazional batekin analisiak egiten (gure taldean Ipar zein Hegoaldeko euskaldunak daude). Agian gauza batzuetan oker egon gaitezke, baina ziur egon Ipar Euskal Herriko egoeraz hitz egiten dugunean ez dugula egiten bertako errealitatea ezagutu gabe, Hegoaldeko beste batzuek egiten duten moduan.
    Demografiari dagokionez gure irizpideak nazionalak dira, eta ez etnikoak. Zuzen zaude. Horrek ez du esan nahi, inondik inora, Euskal Herriko osagai etnikoari muzin egiten diogunik. Nazio guztiek osagai etniko bat dutelako. Funtsean, nazioa bere identitatearen kontzientzia politikoa duen etnia bat delako. Eta bere identitate kulturala eta kolektiboari eusteko programa politikoa duen etnia delako. Horrenbestez, nazio guztien atzean etnia bat dago beti, garbi. Baina arlo demografikoan euskalduntasun nazionalaren aldeko apustua egiten dugu, etorri berriak gure gizartean integratzeko ezin dugulako, gure ustez, irizpide etnikoak erabili, nazionalak baizik. Eta hizkuntza da etorkinak gurean integratzeko dugun tresnarik onena. Euskalduna ez baita zortzi abizen euskaldunak dituena, euskaraz bizi dena baizik. Horregatik artikuluan aipatzen dugu euskalduntasun irekiaren aldekoak garela, hona etortzen den orok aukera duelako euskalduna izateko. Horretaz ari gara euskalduntasun nazionalaren aldekoak garela esaten dugunean.

  • Benat Castorene 2022-05-19 15:23

    Piskabat lasaitzen nauzu baina hortik ni erabat lasaitzeko bada aldea oraindik. Adibidez, erraiten duzu:
    “Baina arlo demografikoan euskalduntasun nazionalaren aldeko apustua egiten dugu, etorri berriak gure gizartean integratzeko ezin dugulako, gure ustez, irizpide etnikoak erabili, nazionalak baizik”
    Biziki untsa konprenitzen zaitut eta ideia horretan berean dut ikusten hegozentrismoaren adibide bat. Izan ere Iparraldeari dagokionez ez da errealista, zure apustua aurretik galdu duzu. Ene iruzkinean jartzen nuen :”…garen egoeran sentimendu nazionalik ezin da bizi …” denok dugu kontzientzia desagertzn ari garen populu garaitu bat garela. Hona datozen etorkin frantsesak segituan sumatzen dute hori eta horrexegatik jin dira lasai eta gustura hona bizitzera. eta baldintza hauetan, bakarka batzu izan ezik gure irizpide nazionaletan ez dute sinetsiko Iparraldean ezbaigara sinesgarriak, are gutiago irizpide etnikoari eusteko uzkur ikusten baigaituzte. Ulergarria da.
    Aitortzen dut gaur oso zaila dela Euskal herri osoaren ikuspuntu batetik hitz egiten entseiatzea. Zuek beste talde bakar batzuek baduzue horren merezimendua. Baina pentsatzen baitut ikuspuntu hori eraikitzea ezinbestekoa eta oso zaila delako, nahiago dizuet erran sentitzen dutana zuek utzi mintzatzera baino edo itxurazko adostasun bat simulatu baino.
    Zuek baino errealistagoa izaiten entseiatu nahian entseiatzen imaginatzen nola gure populuaren undar tipi bat biziraun lezakeen Iparralde mukurru inbadiatu batean.
    Milesker argi eta frankoki erantzunik hitz ongi neurtuak baliatuz, ikastekoa eta pentsatzekoa beti bada zuekin.
    Ene aurreko iruzkinaren azken esaldia ez zen osoa, hona esaldi bera osoan:
    “Uste dut kanakiarrek ulertuko luketela oraiko euskaldunek baino. beharbada asimilazio prozezua ez baita hemen bezain aurreratua”
    Adeitasunez

  • Euskaldun berrizahartua 2022-05-25 15:10

    Arratsalde on.

    Aurreko batean eztabaidan parte hartzeari uko egin nion ez bait dakidalako foru hauetan denbora inbertitzea benetako inbertsio edo gastu soila besterik ez ote den. Ez dakit zein punturaino gauzak mugitzen ari diren oso desmobilizatutako zonalde batekoa bait naiz eta nire erresistentzia esparru urrietakoa, digitala izan arren, ZuZeu da. Esango nuke batzuetan katarsi hutsa dela. Tira, harira.

    Dudarik ez dago demografiaren afera oso, oso berebizikoa dela herri baten biziraupenerako, baina beldur naiz demografia bera ez ote den beste aldagai batzuen inportantzia ostentzea. Aldagai kuantitatiboez ari gara baina gutxi hitz egiten da aldagai kualitatiboez. Nire ustez aldagai etnikoa baztertzea akats larria da, ez ezdakitzenbat abizenen pedigreeagatik, baizik eta etnikotasunak substratu kultural bat badela esan nahi duelako. Gure mundu gainmediatizatu honetan inperialismo kulturalaren itzala luze zabaltzen da gure bizimodu eta pentsamoldean yankee arimadun euskaldunak sortzeko bidean. Nik honekin ez dut esan nahi badela kopiatu beharreko euskaldun eredu bat, baina jakitun izan behar gara hizkuntzak ez ezik beste elementu batzuek ere bereizten gaituztela gure bizilagunengandik, direlarik historia, sinboloak, pentsamoldeak, tropoak, eguneroko bizitzako metaforak, esamolde eta atsotitzetako jakintzak… Horiek guztiak gure identitate eta etnikotasunaren parte dira, bariazioak egon arren. Modernitatea gure substratuaren ardatzetik ulertzen hasi behar gara bestela gureak egin du. Guzti hau oso nabarmena egiten da hizkuntzan ere gero eta esamolde arrotz eta erderakada gehiago sartzen ari direnean, batez ere gaztetxoenen artean. Biak ala biak behar ditugu, euskara eta mundu-ikuskera. Euskalduna eta euskotarra gauza ezberdinak dira, eta duela 50 urte baino euskotar gutxiago daude euskaldun gehiago egon arren.

    Orain, itzuli nadin kalitatearen kontu horretara. Euskaldunak munduan egon nahi du, normala da, modernoa izan nahi du, mundutarra, kosmopolita, hori bere identitatearen kaltetan izan arren. Gure dema nagusia honentzako konponbide bat programatzea da, euskalgintza oso garrantzitsua delako, baina ezin ulertu daiteke euskalgintza kulturgintzarik gabe. Euskal flamenkoa oso euskalduna izango da, baina ez da euskotarra. Euskaraz egiten den kultura euskalduna (euskotarra) dela esatea gezur hutsa da, gehiena ez bait dagokio substratuari edo tradizioaren berariazko kritika edo aldaera bati. Modernitatea tradiziotik datorren ildo batekin lotu ezean ez dugu etniarik eta ez naziorik izango, ezberdin hitz egiten duten beste herri bateko biztanleak izango gara, agian hori ezta ere.
    Eta ekologiaz ari garenez, berriz ere kualitatearen ezbaiari men egitearren, euskaldun-euskotarrek arnasgune (txoko ekologikoa) kulturalak behar dituzte haien izaera diluitua ez izateko. Horrek ez du esan nahi aislatu behar garenik, baina euskaldunon arteko harremanak sustatzeko erreferentziazko guneak sortu behar dira.

    Tximinok ongi dioen moduan Estaturik gabe (eta Estatua izatekotan ere zeinek daki) erresistentzia da geratzen zaigun bakarra, baina erresistentziaren nolakotasuna etniko-nazionala izan behar da, aurreko paragrafoan aipatutako arnasguneei men eginez. Euskaldunen mugimenduak egitura korporatibo eta paraestatala hartu beharko luke, botere esparru errealak borrokatuz eta, halaber, bere egitura propioak sortuz. Ezin daiteke ulertu alderdi abertzaleetako taberna-egoitza horietako batera joan eta basoerdi bat erdaraz eskatu behar izatea. Ideia: Euskal Herrian bertan Euskal-Etxeak osatzea edo euskal taberna-jatetxeak osatzea (lan egiteko euskara jakitea derrigorrezkoa). Ezin daiteke ulertu Eroskik bere produktuak euskaraz ez etiketatzea eta gainera bezeroak euskaraz ez artatzea. Ideia: euskarazko kontsumo taldeak osatzea.
    Zure seme-alabak ezin duela aisialdirik jaso euskaraz? Ideia: aisialdirako euskal taldeak sortzea. Eta abar luze bat. Borondaterik bada egin daiteke. Helburua, azken finean, euskal komunitatea berbiltzea da.
    Zer behar da honetarako? Gidaritza ona, talentuaren kudeaketa eta dirua.

    Euskal Herriak kantitatea erdietsi aurretik kalitatea beharrezkoa du, mundura haur gehiago ekartzea azkenean erdaldunduko direnean, ironikoki, lan antzua da.

  • Alpargatero 2022-05-26 07:56

    Ados esaten duzun gehienarekin, baina kantitaterik gabe, subjektu fisikorik gabe, alferrikakoak dira kalitate guztiak.

  • Benat Castorene 2022-05-26 11:07

    Hein batean, arrazoi duzu Alpargatero, euskalduntasuna hilen dela azken euskatdunarekin batera. Kalitateak ere behar du gutieneko kantitate bat existiteko. Baina memento zehatz honetan arriskua da kantitatea abtsolutuki eta ororen lehen nahi izanez kalitatea endekatzea, urardotzea, itotzea eta azkenean dena galtzea. EBZk zuzen da.
    Baina iduritzen zait askotan bezala denok biraka ari garela xahakoaren itzulian dutxulua aurkitu ezinean.
    Ez ote ginuke lehenik pentsatu behar dentsitate hitzetan? hau da Kalitate edo euskaltasun dentsitate hitzetan?
    Hau da ez ote ginuke kontzentratu behar eremu nahikoa mugatuan baina ez tipiegian haatik gelditzen zaikun kalitatea, dentsitateari esker lehentasunez euskaltasun trinko bat salbatzeko?
    Euskaltasuna galtzen bada zerekin euskaldunduko dugu bada?

  • Euskaldun berrizahartua 2022-05-27 13:17

    Eguerdi on:

    Kaixo, Alpargatero. Nik ez dut kantitatearen berebizikotasuna ukatzen, baina gaurko abagunean ildo estrategikoa ez dut uste hortik doanik. Noski, ahalik eta euskaldun gehien egon gure arrakastarako probabilitatea handitzen da, are gehiago euskaldunen areagotzea familia esparrutik badator, familia unitate oso garrantzitsua baita.
    Beraz, nik ez ditut gauza kontrajarritzat, baina esan bezala, ez dut uste kalitatea erdietsi gabe kantitateak ezertarako balio duenik. Orokorrean ados, bi gauzak behar ditugu.

    Kaixo, Beñat. Oso ados diozunarekin. Emendakin modura, dentsitate geografikoaz gain harremanen dentsitatea garrantzitsua dirudit. Endogamia puntu bat beharrezkoa da, geografiak errazten duen zerbait, noski. Desafioa esparrurik errenditu gabe dentsitate hori lortzea da.

    Ondo izan.

  • Benat Castorene 2022-05-27 17:14

    Nabarmen da, zuk ongi esan bezala, euskaldunen arteko harreman-dentsitatea dela gakoa euskaltasuna siraun dezan. Baina onesta izaite aldera iduritzen zait, orainokoan hain arriskuan garen artean hobe litzatekeela endogamia gehiago eta exogamia gutiago ezen ez eta kontrarioa. Exogamia gauza normala eta ona izan da eta da baina gaur heinbatetaraino bakarrik. Horregatik, nola azkenean gaitasun guti dugun eragiteko fenomeno sozial horien gainean gizatre oso baten markoan, dentsifikazio hori lortzea denetan eta eremurik errenditu gabe ezinezkoa iduritzen zait. Izatekotan, euskal populuaren erresistentzia existentzial antolatuko da eremu mugatu batzuetan. Kanpotik laguntzen ahalko da noski eta behar ere. Zer nahi ez-ohiko problema sortuko luke. Beharko da nahia,adorea eta guziz gizatasun asko. Erronka itzela. Baina orai berez gure existentzia biziki problematikoa da, eta ez da bakarrik edo osoki politika klasiko kontu, gehienak sinetsi nahi ginukeen bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude