Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1.zatia)

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1. zatia) –

Demografiari buruzko eztabaida aurreikusita dago Eusko Legebiltzarrean maiatzaren 18an. Horren haritik, hona hemen gure taldearen gogoeta gai garrantzitsu honetaz, ZUZEUn argitaratuko ditugun bi artikuluetan.

Euskal nazioan eta bere bilakaeran eragiten duten faktoreak aztergai ditugu NAZIOGINTZAn. Euskal kontzientzia nazionala eta euskal hizkuntza, kultura eta nortasun kolektiboaren aldeko mezua sustatzen dugunez, funtsezkoa deritzogu hauek baldintzatzen dituzten parametroak identifikatzea eta aztertzea. Eta parametro horietako bat, garrantzi handikoa, demografiaren parametroa da. Honi helduko diogu, beraz, jorratuko ditugun bi artikulu hauetan.

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1. zatia)Gurea bezalako nazio txiki baten hizkuntza, kultura, soziologia eta politikaren bilakaeran, demografiak funtsezko garrantzia du. Are gehiago, nazio-politikaren aldetik gai estrategikoa da. Euskal Herrian, halere, era objektiboan gutxitan aztertu eta sakondutako gaia da, deserosoa baita hainbat eremu abertzalerentzat, ia tabu bat. Egiari zor, aurreiritziz zipriztindutako gaia izanik, ez da erraza analisi neutral bat egitea, beharrezkoa izan arren. Gure iritziz, premiazkoa da Euskal Herriko demografia-arazoari  buruzko hausnarketa lasai eta zuhurra burutzea, ideologia-aurreiritzietatik harago. Ezin ahaztu eskuin muturreko ideologoek eztabaida hau ezinbestean kutsatzen dutela beren xenofobia-diskurtsoekin

Hasi aurretik aitortu behar dugu Euskal Herriak, Europako Herri zaharrenetakoa izan arren, demografia-krisi sakona duela, epe ertainera, nazio bezala, desagertzera eraman dezakeena neurri eta politika egokiak ezarri ezean: bertako jatorridun biztanleen jaiotza-tasa apala, zahartze-prozesu bizkorra, etorkinen etorrera handia (400.000 etorkin berri azken 15 urteotan, GAINDEGIAren arabera), gure gazte askoren exodoa, etab. Premiazkoa deritzogu Europako estatu aurreratuenetan hartu dituzten neurriak hartzea (jaiotza-tasa areagotzeko, esaterako) desagertzeko mehatxu horri aurre egiteko. Gero aztertuko dugunez, gure jaiotza-tasa Europako txikienetakoa da, 1,4koa hain zuzen (Europa osoan, soilik Greziak, Portugalek eta Italiak dute guk baino jaiotza-tasa txikiagoa). Arrazoi ugari daude datu ilun horren atzean, gero ikusiko dugun legez, baina argi dago hemengo herri-erakundeek erantzukizun handia dutela egoera horretan, ez baitiote demografia-krisiari behar bezala heltzen. Haatik, gugandik gertu, Frantzian adibidez, jaiotzak sustatzeko politikek eta aurrekontuek garrantzi handia dute, Frantziako demografiaren egoera ona islatzen dutenak

Demografiaren erronkari aurre egiteko funtsezkoa da EAEko zein Nafarroako Gobernuek gaiari lehentasuna ematea, eta jaiotza-tasa areagotzeko gizarte-politikak  abian jartzea. Gure politikari-klaseak gai honetaz duen axolagabekeria eta utzikeria diskurtso maltzur batean islatzen da: “demografia-arazoari aurre egiteko, etorkin gehiago behar ditugu”. Baieztapen horrek, bistan da, ekuazioaren osagai bakar batean jartzen du arreta, etorkinen aldean  eta beste osagaia, jaiotza-tasarena, baztertu egiten du. Zer esanik ez dago askoz erosoagoa dela gure politikarientzat etorkinekin demografia-krisia konpontzen saiatzea (eta hemengo enpresaburuak ere pozik, eskulan merkeagoa dutelako), bertakoen jaiotza-tasaren aldeko gizarte-politikak garatzea baino, azken hauek, hezkuntza, plangintza, baliabide eta diru asko eskatzen baitituzte.

.

Euskal Herriko jaiotza-tasak, gero eta apalagoak 

Belaunaldi-erreleborik ez duen Herriak ez du etorkizunik. Desagertzera kondenatuta dago, ezinbestean. Hizkuntza eta kultura baten bilakaeran jaiotza-tasa funtsezko aldagaia da. Epe ertainean, seme-alaba gehien dituztenak hedatuko dituzte beren hizkuntza eta kultura lurralde batean. Europako hainbat herrialdetan gertatu den hizkuntza-ordezkapena oso lotuta egon da demografiak historian zehar izan duen  bilakaerarekin.

Euskal Herrian gero eta haur gutxiago jaiotzen da eta, aurreikuspenen arabera,  joera hori areagotu egingo da. Azken 10 urteotan EAEn, jaiotzak %30 jaitsi dira. Beraz, euskal demografia-krisiaren kausa nagusia ez da immigrazioa (immigrazioaz jardungo dugu artikulu honen bigarren zatian), bertakoen jaiotza-tasa baxua baizik. Gurean, tasa hori 1,4koa da (umeak izateko adin-tartean dagoen emakume bakoitzeko 1,4 ume), Europako txikienetakoa. Demografiaren adituek diotenez, 1,3tik behera giza komunitate bat desagertzeko bidean sartzen da. Hego Euskal Herriko kasuan, etorkinen jaiotza-tasa aintzat hartu gabe, bertakoena askoz txikiagoa da, 0,9 ingurukoa, zinez kezkagarria. Izan ere, gurean jaio diren haurretatik, hirutik batek ama edo aita atzerritarra du.

EAEko eta Nafarroako gizartearen zahartze-prozesua nabarmen areagotzen ari da. Gero eta adineko jende gehiago, eta gero eta gazte gutxiago. Horrek ondorio negatiboak dakarzkigu soziologiaren arloan: gaztetasun-faltak dinamismo-falta dakar. Gazterik gabeko gizartea gizarte kontserbadoreagoa da eta ekimenik gabekoa, arlo guztietan. Arriskatzeko gogorik ez duen gizartea. Horrek, politika-arloan, gaur egungo “status quoaren” alde jokatzen du, hots, gure nazioak pairatzen duen mendekotasun-egoera betikotzearen alde, adineko jende gehienak ez baitu “abentura independentistarik” nahi.

Ondoko datu hauek euskal gizartearen zahartze-prozesua ondo islatzen dute: 1981ean, EAEn 65 urte baino gehiagoko biztanleen portzentajea  %9,2koa zen, gaur egun %25 ingurukoa. Urte hartan, gazteen proportzioa (19 urte artekoa) %34,2koa zen, eta gaur egun %16,6koa. Azken 40 urteetan gertatutako aldaketa itzela izan da.

Herri-erakundeek erantzukizun handia dute demografiaren egoera tamalgarri honetan. Hego Euskal Herrian (Iparraldean egoera hobea da) familiari eta haurtzaroari esleitutako laguntzak hutsaren hurrengoak dira Europako beste herrialde batzuetakoekin alderatuta. Esaterako, Frantzian familiarako diru-laguntzetan ia 500 €/biztanleko inbertitzen diren bitartean, EAEn soilik 127. Demografia-politiketan gure datuek Europakoekin baino antz gehiago dute Espainiakoekin.

Ikus dezagun hainbat estatutan familia-politiketan BPGrekiko inbertitzen den kopurua zein den:

-Norvegia: BPGren %3

-Frantzia: BPGren %3,5

-Danimarka:  BPGren %4

-Espainia:  BPGren %1,5

Ez dugu Hego Euskal Herriko datu zehatzik, baina ziur gaude Danimarkakotik baino Espainiakotik askoz hurbilago dagoela.

Trebiñu gabeko Arabako,  Bizkaiko eta Gipuzkoako Jaurlaritzak, zalaparta handiz iragarri zuen 2018an Familien eta Haurtzaroaren aldeko Itunaren sorrera, EAEko jaiotza-tasa apala suspertu nahi zuena. Lau urte igaro dira, eta balantzea negargarria da. Itunaren oinarriak urtero 5 milioi euroko ekarpena  aurreikusten zuen, argi eta garbi kopuru guztiz urria aurrean dugun egundoko erronkari heltzeko. EAEko gazte gehienek (%72k) diote bi seme-alaba eduki nahiko lituzketela, baina ezinezkoa zaiela. Oztopoak anitzak dira, eta Jaurlaritzako 5 milioiko aurrekontu kaskar batekin ez dira konponduko: lan-prekarietatea, soldata txikiak, etxebizitzen salneurri puztuak (Europako garestienetakoak), familia-kontziliazioa gauzatzeko zailtasunak, familientzako diru-laguntzarik eza, etab. Ondorioak anitzak dira, bi aipatzeagatik: gure gazteak, batez beste, Europako iparraldeko gazteak baino 10 urte beranduago emantzipatzen dira. Eta EAEn, emakumeek 34 urterekin izaten dute lehenengo haurra.

Demografia-larrialdi honetan, premiazkoa da konponbideak aurkitzea. Funtsezkoa da Hego Euskal Herriko gobernuek eta herri-erakundeek aurrean dugun erronkaren araberako baliabideak lehenbailehen abian jartzea. Hasteko, Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Familia edo Demografia Saila sortu behar lukete. Eta horrekin batera, ikuspegi anitzeko herri-politika sendoak garatu, batez ere, biztanleriaren gazte segmentuari bideratuak: soldata duinak, lan-ezegonkortasunaren bukaera, etxebizitza sozialak, doako haurtzaindegiak, amatasun- eta aitatasun-bajen luzapena, familia eta lana uztartu ahal izatea, pizgarri fiskalak umeak edukitzerakoan….. Anbizio handiko gizarte-politikak ezarri ezean, ez dugu lortuko demografia-krisiari buelta ematea. Zentzu honetan, salatzekoa da gure agintariek  tamaina honetako larrialdiaren aurrean erakusten duten utzikeria.

Amatasuna edo aitatasuna heroien ahalegin eta oztopo-lasterketa bihurtzen baditugu, ez da harritzekoa gazteek haurrak izateari uko egitea. Horrelako egoerak, seme-alabak izan nahi dituzten bikoteentzat bidegabea izateaz gain, gure Herriaren kulturaren, politikaren eta ekonomiaren suizidiora garamatza.

Gogoeta bat, atal hau bukatzeko. Ez dira gutxi gaizki ulertutako feminismo baten izenean amatasuna baztertzen duten emakumeak. Erabaki pertsonala da, guztiz errespetagarria, baina kontuan hartu behar da genero-berdintasunean aurreratuen dauden estatuak (Frantzia, Europako Iparraldeko herrialdeak…) direla, era berean, Europan jaiotza-tasa handienak dituztenak. Feminismoak ez luke, inondik inora, talka egin behar demografiaren aldeko politikekin. Hori bai, politika horiek aurrerakoiak eta sexuen arteko berdintasunaren sustatzaileak  izan behar lukete ezinbestean.

(JARRAITUKO DU)

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (2. zatia)

Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1. zatia) Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1. zatia)

Euskal kontzientzia nazionala lantzen duen taldea

2 pentsamendu “Euskal Herriko demografiaren larrialdiaz (1.zatia)”-ri buruz

  • Familia bat osatzeko zailtasunak Euskal Herrian hain dira handiak, aldeko herriekin alderatuz behintzat, ezen ukaezina dela berariaz egin dutela alderdi politikoek. Guztiek. Ez dago arazo hau elikatu ez duen alderdi bakar bat ere. Zinez krudela egin diguten krimena. Hori bai, guztiek jarraituko dute berdinei bozkatzen sozioekonomikoki bortxatuak izan gaitezen egun bat eta bestea ere.

  • Umeak eduki edo ez edukitzeko erabakitzeko orduan, faktore ekonomikoa ez da erabakigarriena. BesTe askok dute garrantzi handiago.
    Herrialde pobreenek jaiotza tasa handiena dute eta aberatsenek txikiena.

    Aberri kontzientzia baduzu, hizkuntzarekiko kontzientzia baduzu, umeak edukitzea ezinbestekoa da. Baina zein alderdi eta mediok heltzen dio gai honi? Artikulu honetan dioten bezala, tabu bat egin da gai honen inguruan.

    Tarte eta baliabide gehiago bideratzen dituzte munduko edozein kanpotar erakartzeko eta feminismo bultzatzeko, abertzale eta euskaltzaleen demografia larrialdiari aurre egiten baino.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude