Euskal Herriko datu fitxategien biltegia jaio da: datuak.net

Datuak.net bannerra

Euskal Herriko datu fitxategien biltegia garatu du Gaindegiak (Euskal Herriko ekonomia eta garapenerako behategia).

Bertan, Euskal Herri mailako datu-fitxategi sozioekonomikoak aurki daitezke, bai kontsultarako bai deskargarako, nork bere analisietarako balia ditzan. Hala, eta Gaindegiaren sortze asmoarekin loturik, Euskal Herri osoa aintzat hartzen duten lanabesak jartzen dira herritarren esku, gure herriaren inguruko ezagutza eta ikerketa sustatzeko.

Datu katalogo zabala eskaintzen du dagoeneko atariak. Lau atal nagusitan banatuta (demografia, ekonomia, gizartea eta ingurua) eta guztira 12 datu-taldetan sailkatuta daude: administrazioak, biztanleria, enpresak, etxebizitza, finantzak, garraioa, generoa, lan merkatua, langabezia, lurraldea eta ongizatea.

Egun, 200 fitxategitik gora eskura daude, eta Gaindegiaren asmoa biltegi hori etengabe elikatzea da, ekonomia nahiz gizartearekin loturiko datu berriak eta gaurkotuak eskaini ahal izateko.

 

“Open data” filosofian oinarritua

 

Administrazio zein erakunde desberdinek sortzen dituzten datuak herritarren esku jartzearen alde egiten duen ekimena da OpenData, modu globalean zabaltzen ari dena. Informazioaren argitalpena formatu berrerabilgarri eta lizentzia irekien bidez egitean oinarritzen da, datu hauek edozein herritar zein enpresek erabili ahal izateko.

 

Gaindegiak filosofia honi jarraiki garatu du atari hau, herritarren esku jarriz Euskal Herriari buruzko datu sozioekonomiko ugari.

 

10 urte Euskal Herriari buruzko ezagumendua sortzen

 

Gaindegia irabazi asmorik gabeko elkartea da eta bere sortze asmoa nazio ikuspuntu batetik Euskal Herriaren errealitate sozioekonomikoa ezagutzea eta ezagumendu hori herritarren eskura jartzea da.

 

Aurten, bere 10.urteurrena dela eta, 3 plataforma martxan jarri nahi izan ditu, herritarren eskura jartzeko bere egunerokoan sortzen duen ezagumendu hori guztia:

  • atlasa.net (datu sozioekonomikoak mapa bistaratzailean, udalerrika, eskualdeka, herrialdeka eta Europa mailan)
  • datuak.net (datu fitxategiak modu ireki eta berrerabilgarrian).