Euskal Herriaren egungo opioa

Euskal Herriaren egungo opioa –

Behiala esaten zen erlijioa zela langileen eta herri-klaseen lo-belarra, etsipenaren eta konformidade kontserbadorearen narkotiko nagusia. Gaur egun, berriz, etengabeko hauteskunde zikloa eta Euskobarometroa direla esango nuke.

Euskal Herriaren egungo opioa

EHUko Zientzia Politikoetarako Departamentuak maiatzaren 28tik ekainaren 19ra bitartean EAEko 1.200 herritarri egindako inkestaren arabera, Eusko Legebiltzarrerako bozak gaur eginez gero, bi eserleku gehiago lortuko lituzke EAJk, 30, eta botoen %40. Sozialistek ere gora egingo lukete, eta parlamentuan gehiengo osoa eskuratu ahalko lukete biek batera. EH Bilduk egun baino eserleku bat gehiago izango luke, 19, eta botoen %23. Baina ez liokete ezertarako balioko. Podemos-ek eta PP-k behera egingo lukete.

Itxura guztien arabera, zientifikotasun objektiboaren berme guztiekin datorren albisteak euskal hedabide publikoetan presentzia zabala eta prime time izango du, hain segur, eta ematen duenez, pisuzko arrazoia izan liteke Urkullu lehendakariak, laster, bozetara dei diezagun berriz ere; betiere Espainiakoen gorabeheran, noski, Madrilekiko betiko mendekotasunean.

Benetan pedagogikoa, demokratikoa, eta aurrerakoia izango litzateke jendeari galdetzea zer iritzi duen gobernu koalizioak (EAJ-PSE) egindako politika konkretuez, eta bereziki agindu bai, baina bete ez dituzten promesez. Baina ez, itxuraz, herritarrak pertsona heldu, ongi informatu eta ongi hezitzat harturik, botoa nori emango geniokeen galdetzen zaigu; baina denok dakigu ez dela horrela, ez gaudela ongi informatuak eta heziak, eta bizi garen gizarte kontsumista eta ikuskizunzale honetan, burua gehienetan txoriz eta belez betea dugula; eta, galdera horiek benetan egiten direla egungo politikaren bermatzaile jotzen direlako era horretako inkestak, eta ez herritarrok heldutzat jotzen gaituztelako -manipulaerraztzat jotzen gaituzte-.

Benetan pedagogikoa, demokratikoa, eta aurrerakoia izango litzateke jendeari galdetzea zenbaterainoko gaitasuna dutela uste duten hemengo politikariek bankaren, multinazionalen eta elite politiko indartsuenen (G7) nahi eta inposizioetatik aldentzeko, eta bestelako politika herrikoiago batzuk abian jartzeko.

Baina, ez, jarraituko dugu hauteskunde ziklo etengabearen norian biraka, eta euskobarometroaren eragin narkotizatzailea pairatzen ez dakit noiz arte, eta Euskal Herria beti burujabetzarik gabe, mendekotasunean, eta euskara ez aurrera eta ez atzera, latente onenean, dagokion espazioaz jabetu gabe, besteak beste, agintarien jokabide txepelaren eraginez.

Euskal Herriaren egungo opioa

Idazlea, irakaslea, hizkuntza-normalizazioko teknikaria (Azkoitia)

Zer duzu buruan “Euskal Herriaren egungo opioa”-ri buruz

  • Ez nago printzipioz hauteskundeen aurka. Iruditzen zait unibertsitate publikoak gehiago lagunduko liokeela euskal jendarteari, alderdi politikoen benetako eskumenen gainean, eta bozetan egindako promesen balorazio kritikoak eginda, inkestak argitaratuta baino.