Euskal Herriak ez du erregerik

Euskal Herriak ez du erregerik –

Faxismoa borrokatu zuen Euskal Herria solidarioa izan zen Espainiako Errepublikaren defentsarekin, eta, aldi berean, bere nazio aitortzaren alde borrokatu zen. Euskal Herri hori, Errepublika bezala, garaitua izan zen, eta lau hamarkadatako diktadura jasan zuen, ordain ikaragarriekin alor politikoan, kulturalean, sozialean eta ekonomikoan.
Euskal Herriak ez du erregerik
Arg: Ruben Ortega (wikimedia)

Diktadorearen aginduak, 1975ean hil eta egun batzuetara, Juan Carlos Borboikoa tronuan jartzea ekarri zuen, errege, estatuko eta ejerzitoaren buru bezala. Ondoren, 78ko Konstituzioa, frankisten mehatxu armatupean eta indar harreman oso txarrean negoziatua, transakzio huts bat izan zen. Askatasun-esparru baten truke, Espainiako herritarrek eta estatuaren barruan mendean hartutako nazioek monarkia onartu behar izan zuten (erregearen izaera bortxaezina eta arduragabea barne), eta horrekin batera estatuko aparatuak ez depuratzea (botere judiziala, ejerzitoa, polizia, guardia zibila, unibertsitateak, funtzionarioak…), frankismoaren krimenak epaitzeko ezintasuna, eliza katolikoarekin sinaturiko konkordatoa, hauteskunde-legea, eta Euskal Herriaren kasuan ere autodeterminazio-eskubideari uko egitea… Pakete horri guztiari “78ko erregimena” deitu zaio urteotan.

Halere, Euskal Herrian erakunde monarkikoari uko egin zaio urte hauetan, horretarako erabilgarri izan dituen tresna gutxirekin. Konstituzioa ez zen behar bezala berretsi gure herrialdean, eta ezezkoa eta abstentzioa izan ziren nagusi. Eta gaiari buruzko inkestek (azkena duela aste batzuetakoa) argi eta garbi erakusten dute gure herrialdearen izaera errepublikanoa eta antimonarkikoa. ELA jarrera horrekin konprometituta dago, bat bait dator bere posizio historikoarekin.

Espainiako monarkia, bestetik, ez da neutrala izan, ezta eredugarria ere. 40 urtez Espainian agintean egon den pertsonaren delituak, krimenak, irregulartasunak eta arduragabekeriak kontaezinak dira. Horren aurkako salaketak aurkeztu dituztenek gainera, gainera, mespretxua eta mehatxuak baino ez dituzte jaso hamarkada hauetan. Bitartean, komunikabide nagusiek, indar politiko eta ekonomikoek eta Espainiako eliza katolikoak babesa besterik ez diote eskeini denbora horretan guztian.

Bere anaiaren hilketa; diktadorearen pertsonarekiko eta legatuarekiko leialtasuna; saharar herria abandonatzea, Marokoko monarkiarekin bat eginez; Espainiako Kongresua bahitu zuen operazio politiko eta militarrean parte hartzea, 23-F deiturikoan, eta golpista ezagunekin, Armada eta Milansekin adibidez, zuen adiskidetasuna; errege-etxea aberastea (bildutako ondasunak biderkatu egiten ditu Estatutik etorri zaizkion diru iturri oparoak); bere bizitza pribatuko eskandaluak; lujoaren erakustaldia eta bere zaletasunen gehiegikeria, baita klase herrikoiak austerizidioak kondenatzen zituenean ere; oligarkekin eta gaur egun babesa ematen dioten diktadoreekin duen gertutasuna; enpresetako komisio eta opariak… Kontaezinak dira fiskaltza eta auzitegien esku egon behar zituzten kontuak. Eta horrela izanik ere, PSOEk eta PPk Juan Carlos Borboikoaren abdikazio expressa “agindu” zuten, monarkiaren eta 78ko erregimenaren jarraipena bermatzeko.

Juan Carlos Borboikoa auzibidean jarri beharra dago. Baina ez hori bakarrik. Egungo erregeak, bere oinordekoak eta, beraz, diktadorearen oinordekoak, bukatutzat eman behar du Espainiako monarkiaren historia, aurretik hartutako herentzia guztien kontuak ondo erakutsita gainera (estatuko buruzagitza barne); bere bortxaezintasunari uko egin behar dio, eta monarkiak herritarrekiko eta estatuko herri eta nazioekiko duen zorra aitortu behar du. Espainiako herritarrek, bestalde, estatu formari buruzko iritzia emateko askatasuna izan behar dute…

Eta guri dagokigunez, gogora dezagun beste behin: Euskal Herriak ez du erregerik.

 

2020ko urriaren 20an ELAren webgunean argitaratua

Euskal Herriak ez du erregerik
Euskal Herriak ez du erregerik

ELAko formazio arduraduna

12 pentsamendu “Euskal Herriak ez du erregerik”-ri buruz

  • Alpargatero 2020-11-11 10:52

    Kar, kar… Badugu Erregea, zorionez. Gora gure errege!

  • Alpargatero 2020-11-11 10:57

    Eta gogorarazten dizut ezen, Euskal Herriaren ERDIAK faxismoa borrokatu bazuen, gutxienez beste ERDIAK (nire aitona-amona euskaldun petoak barne) estalinismoa borrokatu zuela. Zorionez, onenek (gutxien txarrek) irabazi zuten.

  • Erdararik ez zekiten nire bi aitonak Francisco Franco Espainiako Kaudilloaren alde borondatez borrokatu ziren. Oso arrunta Euskal Herrian.

  • Nik dakidana Erregina ez Erregea daukaguna.

  • E eta Alpargaterori: Arrazoi duzue, euskaldun elebakar ugari ibili ziren frankista, eta bereziki karlisten alde borrokan. Ez zait inoiz gustatu gure herriaren zati hori ezabatzeko dugun joera. Neronen familian ere baziren faxistekin ibilitako euskaldun peto-petoak. Eta amona zena oso gauza zen jendea afusilatzen ibili ziren baserritarren zerrenda emateko, gaur egun EAJ eta HBko familiak direnak.
    Orain, aiton-amona euskaldun horiek babestu zuten erregimen horrek ekarri zuen euskararen galera handiena azken 500 urteetan. Euskaldun elebakar karlista askok ez zien euskara transmititu ondorengoei. Ez al dizue zer hausnartu ematen horrek? Niri lotsa eta pena ikaragarria ematen dit. Ez zuten euskal faxismo bat eratu, ez, espainiar faxismora akulturatzea erabaki zuten, euskarari muzin eginda.
    Zorionez, gure familia zuzenean euskara mantendu dugu, baina lehengusu batzuek galdu dute, euskara ondorengoei ez erakusteko erabaki kontziente baten ostean.
    Ez dudanez aukerarik bizitza errealean zuen ideologiako jendearekin hitz egiteko (ez dut inor topatu), galdera bat dut. Gaur egungo karlista tradizionalisten biltzarretan, euskaraz edo erdaraz egiten da? Badakizue?
    p.d: Estalinista zen EAJ 1936an? Benetan nahi duzu hori sinistea, alpargatero?

  • Nire ideologia zein den ez dut hemen jarri.

  • Ados, Francori “Kaudillo” deitu diozunez, eta ez dudanez frankista ez den inor hala deitzen ikusi, asumitu dut hala zinela.

  • Ironiaz deitu diot horrela.

  • Aupa, Ba Ote. Ez dut uste karlista tradizionalista asko geratzen denik, edo nik behintzat ez ditut ezagutzen. Pasadizo bat kontatuko dizut:
    Duela 20 urte inguru ezagutu nuen Nafarroako Erriberako gizon euskaldun bat. Euskara non ikasi zuen galdetuta, “gerra zibilean” ikasi zuela esan zidan. Eta “gogoz kontra” erantsi zuen, baina nik gerra zibila Francoren alde egin nuen, karlisten batailoi batean. Handik aurrera, bere herriko monastegiko praile euskaldunei esker eutsi omen zion euskarari. Atera kontuak!

  • Azken Ba Ote-ri: Izenez aldatzeko eskatuko dizut, erotuko gara bestela…

    Tradizionalista gutxi egongo dira, baina egon badaude. Leitzaldean oraindik urtero batzen dira txapelgorri batzuk, “tradizioaren martiri”-en aldeko omenaldia egitera. Beti jakin nahi izan dut euskaraz bizi ote diren egunerokoan…

  • Ezagutzen ditudan tradizionalista apurrek euskara darabilte egunerokoan.

  • A. Aranburu 2020-11-14 19:36

    Istorioak historia bilakatzeko joera naturala izango da, baina…
    Pozgarria egin zait zuen iruzkinak irakurtzea!