“Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea”

Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du … –

Komunikabide honek Aberri Egunerako deialdi baten berri jaso zuen duela aste batzuk. Deialdia egin zuen taldeak gure arreta bereganatu zuen horretarako erabili zuen komunikatuaz, gaur egun ezohikoak diren terminoak zerabiltzalako. Hori dela eta, interesgarritzat jo genuen elkarrizketa bat egitea. Gonbita egin, eta hau izan da haren emaitza:

1.- Lehenik eta behin, zeinek osatzen duzue Euskal Erresistentziaren Aldeko Herri Ekimena?

Ekimena independentzia helburu dugun eta asimilazioaren aurrean erresistentzia ezinbestekoa dela pentsatzen dugun abertzaleok osatzen dugu. Batzen gaituena Euskal Herriaren nazio askapenari ematen diogun lehentasuna da, baita egungo egoera politikoaren diagnostiko orokor berbera ere.

2.- Urtero bezala, deialdi gehiago ere izango dira Aberri Egunerako. Zer dela-eta deialdi berri hori?

Ikusten genuen Aberri Eguna pixkanaka indarra galduz zihoala, alderdi jakin batzuek beren interes elektoralista propioak elikatzeko erabiltzen zutelako. Eta, gainera, beren eguneroko politika autonomistari urtean behin ukitu “abertzalea” emateko baliatzen zutela. Bahituta daukaten sentipena genuen, haren jatorrizko esanahia desitxuratzen ari zirela.

Aberri Eguna zerbait izan bada, herri honen askatasun deiadarra izan da, eta aldarri hori berriz ere plazaratu nahi dugu, alderdien interesen gainetik.

3.- “Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea”. Era xinple bezain argian azaltzen duzue zertan den gure herriaren arazoa.

Bai horixe. Zapalduta egon arren, aske izateko dugun eskubidea aldarrikatu behar dugu, inolako konplexurik gabe. Egun hain modan dauden eufemismoez gaindi, gauzak diren bezala azaltzeko beharra ikusten dugu, Herria nahasi eta lokarrarazten duten diskurtsoak alde batera utzita.

4.- Euskal estatua egituratzeko deia egiten duzue. Zertxobait azaltzerik bai ideia hori?

Herriari antolatzeko deia egiten diogu. Askatasuna ez zaigu estatu zapaltzaileen instituzioetatik etorriko inondik ere; kontrara, edozein kasutan, zapaltzailearen eta Herriaren arteko indar harremanen ondorio izango da. Borroka hau epe luzekoa dela jakitun, funtsezkoa da, Herria indartu dadin, euskaldunok ildo egoki baten inguruan antolatzea. Azpimarratu nahi duguna da antolakuntza hori gure boterea eratzera bideratu behar dugula, gure estatu propioaren egituraketara, eta ez estatu arrotzen izaera erreformatzen saiatzeko ahaleginetara.

5.- “Erresistentzia” aipatzen duzue. Zenbaitek amaitutako fasetzat jotzen du erresistentziarena…

Etsaiak horrela nahiko luke. Okupaturik gauden bitartean erresistentzia egon behar du nahitaez, bestela Herria hiltzera doan seinale. Gure hizkuntzak atzeraka jarraitzen du, ikur nazionalak eta Herriaren memoria lekuak jazarriak dira, euskaldunoi errotik ukatzen zaizkigu gure naziotasuna eta askatasuna. Ezin ditugu “bakearen” eta “elkarbizitzaren” diskurtso pozoituak irentsi, erabat asimilatuak izan eta desagertu nahi ez badugu.

6.- Bukatzeko, libre sentitu azken hitza esateko.

Euskal Herria krisian dago. Gu, abertzale gisa, ez gaude prest gure aberriaren zapalkuntza onartzeko eta agonia motel bat otzanki pairatzeko. Guk, egoera irauli nahi dugu, eta aurtengo Aberri Eguna nazio askapena berreskuratzeko behar dugun indar, batasun eta estrategian urrats bat izan dadin ari gara lanean.

Beraz, dei egiten diogu abertzale zintzo orori, apirilaren 12an Pausu-Behobiara joateko.

*Jarraian, deitzaileek helarazitako komunikatua eta zenbait argazki.

“Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea”

4 pentsamendu ““Euskal Herria okupatua dago eta autodeterminazio eskubidea du, hots, independentzia nazionalerako eskubidea””-ri buruz

  • Babazorro Gasteiz 2020-03-08 13:31

    Nabarra da okupatu zuten Estatua. Euskal Herria ez da Estatu bat Herri bat baizik. Nahita eskutatzen dute Nabarrako Estatua,eta hori akats larri bat da. Nabarra da bide bakarra.

  • Euskal herria da euskara hitzegiten den lurraldea. Euskara da HIZKUNTZA bat ez nazio bat, gainera nazio hitza “nationis” latinetik dator, euskaraz jaioterria da “nazioa” eta jaiolekua “lugar de nacimiento’ . Euskal Herriaren subjektu politikoa da Nabarra eta kau da (Nabarra) Gartzela/Ezpañak eta Frantziak izkilluen bitartez indarrez harturiko jaioterria. Jaioterriaz (nazioaz) gain Nabarra da okupatutako eta kolonizatutako Estatu bat, euskal herriaren ESTATUA.
    Jesuitak (Loiola) suntxitu zuten Nabar sorterria ( jaioterria) eta jesuitak erakusten dute euskal herria dela nazioa. Ta zuk kasu egiten diozu! Euskara da Nabar mendebaldeko (Errioxa, Araba, Bizkaia) hizkuntza eta ez da bakarra, uskara edo ipuzkera ere dira hizkuntzak. OSARSUNA.

  • Etniak nazioa sortzen duela eta azken honek estatua sor dezakela ulertu arte jai dugu. 7 probintzietan etnia ezberdinak bizi dira eta beraz nazio ezberdinekin (orokorrean EH, Espainia eta Frantzia) identifikatzen diren gizataldeak daude.

    Galdeiozue Arabako hegoaldean edo Bizkaiko mendebaldean bizi den horri ea ia harremanik ez duen euskal etniakoekin bat egin eta independentzia nahi duen ala ez. Erantzuna ezetz izango da, nahiago dutelako dauden moduan jarraitzea, autonomia gehiagorekin beharbada, baina dauden moduan, inolako abentura independentistarik gabe.

    Nazioak eta estatuak zerk sortzen dituen ulertu gabe jarraitzen dugu, ezker abertzalearen azken estrategiak, hau da, estatua ongizate sozialean oinarritzeak, argi uzten du (gainera Espainiako gobernuarekin elkarlanean aritu nahian…). Ongizateak ia edozein estatu berma dezake, beraz hori ez da balizko Euskal estatu bati nortasuna emango dion faktorea izango.

    Zuen familiarekin duzuen harremana ongizatean oinarritzen da ala lotura afektiboetan? Ba gauza bera nazio eta estatuekin.

  • Beñat Castorene
    Benat Castorene 2020-03-09 08:10

    Gogoeta beharrezkoak Hegorenak

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude