Euskal Herria, Kataluniako giza katearen luzapena

Euskal Herria, Kataluniako giza katearen luzapena

Independentistak sareak lau giza kate antolatu ditu irailaren 7rako Iruñean, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, Kataluniako prozesuarekiko atxikimendua erakusteko.Diada egunerako autobusa ere antolatu dute.

Independentistak sareak jakitera eman duen oharra:

“Katalunian martxan jarri duten prozesuak eta egiten ari diren urratsek eragin handia dute Euskal Herrian. Bai, Kataluniari begira gaude, ondo dakigulako, nahiz eta prozesu politiko bakoitzaren ezaugarriak desberdinak eta bereziak izan, egiten ari diren bidetik ikasketa handiak atera ditzakegula geuk ere noizbait geure independentziari begira egin beharko dugun ibilbiderako. Zentzu horretan, euskal herritarren artean nabaria da kataluniar prozesuarekin bat egiteko nahia eta elkartasuna adierazteko gogoa.

Urte asko daramate Kataluniak eta Euskal Herriak elkarri begira, askatasunerako ibilbidean elkarrengandik ikasi nahian. Horrek bi herrien arteko begirune, elkartasun eta konplizitate sakona sortu du eta, orain, estatu independienteak bilakatzeko aukerari aurrez aurre begira jarri garenean, horrek guztiak eskaintzen digun indarraz eta elkarlanerako aukeraz baliatu behar dugu bi herrien onurarako.”

DIADA
Irailaren 11an ospatzen den Diadak, kataluniar aberriaren egunak, egundoko esanahia eta arrakasta politikoa izan zuen iaz eta sortu zuen eztanda independentistak ilusio handia eragin zuen euskal independentiston artean ere. Aurten, manifestazioa egin ordez, Katalunia osoa zeharkatuko duen gizakate erraldoia egingo dute, eta ziur gaude ekimen honek, barnera begira izango duen garrantziaz gain, egundoko oihartzuna izago duela mundu osoan ere. Iragarrita daude jadanik elkartasun ekimen ugari munduko toki askotan Diadaren aurreko egun eta asteetan.

Oso une egokia daa euskal herritar asko eta askok oso barneratuta ditugun sentimentu eta gogoak kaleratu eta katalaniar herriarekiko elkartasuna eta konplizitatea adierazteko. Eta, era berean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzeko.

Elkartasun ekitaldiak irailaren 7an
Independentistak Sareak, herritarrei sentimentu eta aldarriakapen horiek agertzeko aukera eskaintzeko asmoz, kataluniar herria egiten ari den prozesu independentistarekiko elkartasun ekitaldiak deitzen ditu irailaren 7an, arratsaldeko 19:00etan, Euskal Herriko zenbait hiriburutan, “CATALUNYA-EUSKAL HERRIA, bi herri helburu bakarra, INDEPENDENTZIA” lelopean:

IRUÑEA. Sarasate Pasealekua
DONOSTIA. Katalunia Plaza
BILBO. Arriaga Plaza
GASTEIZ. Foruen Plaza

Ordezkaritza eta autobusak Diadara
Diada egunean Independentistak Sarearen ordekaritza bat Katalunian izango da Assemblea Nacional Catalanak (ANC) gonbidatuta, aurreko urteetan bezala, baina aurten, horrez gain, autobusak antolatzen ari gara, une politiko hain berezian ospatuko den Diada honetan parte hartzeko gogoa dutenei aukera hori eskaintzeko eta, euskal independentiston presentzia handiago baten bitartez, kataluniar herriarekin eta egiten ari diren independentziarako bidearekin bat egiten dugula erakusteko kataluniar gizartearen eta mundu osoaren aurrean. (Autobuserako izen amatea: info@independentistak .net / 943 561853)”

Euskal Herria, Kataluniako giza katearen luzapena

Euskal Herria, Kataluniako giza katearen luzapena

diada, Euskal Herria, giza katea, independentistak, independentzia, Katalunia, politika

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude