Euskal Herria bai ala ez?

Euskal Herria bai ala ez? –

Enbata Hilabetekariko Sar Hitza

Asumitu behar dugu, ez baldin bada errexa ere, betidanik euskal herritarren artean, euskaldunen artean, eta behar bada bereziki abertzaleen artean, harrotasun pixka bat agertzen dugula noiztenka.

Euskal Herria bai ala ez?

Batzuetan, kanpotik ohartarazten digute, berdin harroputzak girela edo bederen gutaz aski harro girela euskaldunak.

Entzuten da abertzaleen artean, auto-antolakuntzan gaitasunak ditugula, gauzak gure gain hartzeko errexki ari girela edo proiektu batzuk sortzeko tenorean, ideia bikainak ditugula.

Ez gira sartuko joan diren hauteskundeen bilan edo analisian; argi da abertzaletasun politikoa aitzinatzen dela Ipar Euskal Herrian, boz kopuruetan, ehunekoetan gora ari dira gure emaitzak jakinez legebiltzarreko bozak ez direla usaian hauteskunde errexenak, bereziki aurtengo testuinguruan. Baina gustu gazi gozoa uzten digute aldi berean emaitza horiek, baita azken denboretan iragan diren gertakari batzuek ere.

Konparatzen bagira gutituak diren Europako beste herrialde batzuekin, galdera pausatzen ahal diogu gure buruari, zertan giren Euskal Herrian eta konkretuago izateko, labur biltzen ahal dugu galdera baten inguruan: Euskal Herria bai ala ez?

Sudurra gidoinetik altxatzen badugu, ohartzen gira hainbat tokitan aitzinamendu handiak lortu dituztela; nola ez aipa (fruituak ez baldin badituzte oraindik biltzen ere) Kataluniak azken urteetan espainol estaduarekin garatu duen lehia. Irlandara ere joaten ahal gira azpimarratzeko Sinn Fein alderdiak ateratu dituen emaitza historikoak joan diren hauteskundeetan. Eskozian, hor ere beste adibide ederra, Brexitaren testuinguruan, SNP alderdia, gobernuan dena, erreferendum berri bat antolatzeko bidean baita. Azkenik, Korsikan pasatzen denak ere gogoetak pizten ditu, hiru diputatu igortzen dituzte berriz Parisera, Iparraldean kontent girelarik bozen ehuneko 10a edo 15a gainditzen dugularik. Bistan dena, egoera ez da berdina, alta elementu batzuk konparatzekoak dira Ipar Euskal Herriko eta Korsikako problematikak hartzen direlarik.

Euskal Herrian, beldurtzekoak edo harritzekoak dira azken berri edo gertakari batzuk: presoen aldeko manifestaldi umil bat Baionan, non ikusten ziren nagusiki buru zuri batzuk, Donostian abertzaleak diren gazte batzuen arteko liskarrak eta zafraldiak, Euskal Herriko eskualde euskaldunetan, euskararen erabilpena apaltzen ari karrikan, Naziometroa neurketaren arabera independentziaren alde diren jendeak gutitzen ari ere azken urteetan, etab. Orokorki mugimendu abertzaleak, txinatar buru hauste baten itxura du, sigla andana batekin, hamaika bide hartzen dituena, ehunka eztabaidatanā€¦

Gaur, sekula baino gehiago behar bada, Euskal nazioak alimaleko erronkak ditu bere aitzinean; aldi berean, abertzaletasunak proposatzen dituen aterabideek mundu mailako desafioekin edo erantzunekin bat egiten dute.

Ez ote da tenorea bide orri bakar bat proposatzeko, programa minimo bat adosteko lau, bost edo hamar punturen inguruan, zazpi probintzietan atzematen diren problematika nagusiei erantzuten dutenak eta aldarrikapen nazionalak, kulturalak eta sozialak kontuan hartzen dituztenak?

Uda aitzineko galderak dira, galderak baizik ez.

Euskal Herria bai ala ez?

Bigarren Hezkuntzako irakaslea

3 pentsamendu “Euskal Herria bai ala ez?”-ri buruz

  • Euskal gizarte eta klase politikoa, abertzaletasuna eta naziogintza ez diren hamaika aldarrikapen sektorialetan sartuta daude. Azkenean oso erregio -ista edo -korra lortuko dugu, baina erregio. Gure nazioa eta hizkuntza hilzorian daude, eta gu bitartean mundu mailako gatazka eta arazoak konpondu nahiean.
    Jainkoak konfesaturik harrapatu gaitzala!!!

  • Nork daki? Beharbada Etcheverryren proposamena ez litzateke txarra izanen. Baina lehenik lurra landu beharko dugu noski. Adineko jendea beharko dugu atzarri lehenik, sindtsirik baitago ezin hobekigo gaudela, ezin okerrago gaudenean. Eta zer esan gazteriaz? Abertzaleak al dira? Euskaltzeleak al dira gure seme- alabak?
    Etcheverryri bezala galderak zaizkit jaulkitzen

  • Abiapuntuan da arazoa; izan ere, kultura bizi batek ematen dio herri bati zentzua. Gure kasuan, euskararen bueltako hori guztia da Euskal Herria. Euskara galtzen badoa, horrek guztiak dakarrena ere galduko da. Beste guztia deribatua da, ondoriozkoa, baina funtsean hor dago zutabe hori, eraikina eusteko ezinbestekoa, Euskal Herria izatea nahi bada zaindu beharrekoa: euskara.