Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (2/2)

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena –

Borroka armatuaren desagerpenak egoera berri bat sortu du, Euskal Herriko bizitza politikoa baldintzatzen duena. Testuinguru hortan, Euskal Herri osoko estrategia bakar bat eraiki daitekea? Estrategia irabazle baten partaide izan daiteke Iparralde hau, egitasmo eraikitzaileak jadanik martxan ezartzeko gai izan baita gure lurraldea. Laborantza Ganbararen sortzea lekuko. Lehen partearen jarraipen eta bukaera.

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena

Euskal Herriko Laborantza Ganbara eta Estatu frantsesaren arteko gatazkak (hau saiatu zen Laborantza Ganbararen debekatzea) Iparraldea eta Estatu Frantsesaren arteko harremana azkarki mugiarazi du, baita Iparraldearen baitako harremanak ere. Auzapez eta hautetsien harremanak, Prefetarekin, aldatu dira. Gauza bera gertatu da kontzientzia orokorraren mailan, eztabaidaren bilakaeran, ikusmolde estrategikoetan, aliantzen eta konfiantzazko harremanetan. Frantses Estatuaren eta Iparraldeko jendartearen artean hainbat urte iraun zituen beso borrokak sektore ezberdinen arteko laneko eta konfiantzazko harremanak azkarki indartu zituen.

Garai hartan ere harremanak, aliantzak eta sustenguak Estatu frantsesean gaindi indartu ziren. Estatuak galdu zuen borroka hura, eta hori aurretik ikus zitekeen, biziki zaila baita zerbaiten desegitea haren izaera sakona sortzailea edo konstruktiboa delarik, biziki zaila da erasotzea populazioak baliagarria eta arrazoizkoa atzematen duen desmartxa bat.

Azken finean, ber logikak izan dira Ipar Euskal Herrian 2016ko abendutik 2017ko apirilera iragan den armagabetzearen ezaugarriak. Jendeek erabaki dute beren kabuz egitea jendarte osoak bi Estatuek egitea itxoiten zuenaren zati bat, nahiz eta Estatuek ekitea errefusatu: hots, harremanetan sartzea duela bost urte baino gehiago borroka armatua behin betiko gelditua zuen ETA erakundearekin, harekin hitz egitea, eta antolatzea lehenbailehen, molderik ordenatuenean eta ahal bezain segurtatsun neurri gehienekin, armategiaren desegitea. Jendeak hasi dira horren zehazki gauzatzen Luhuson, jakinez hori zela jendarteak bi Estatuei gehiengoz galdegiten zuen arrazoizko gauza baliosa.

Estatuen erantzuna hasieran errepresioaren bidetik joan da, iniziatibaren kriminalizatzea saiatzen zutelarik. Baina horrek sortu du jendartearen eta alderdi guzietako hautetsien erreakzioa eta mobilizazioa. Denak batu dira azken hamarkadetan josi konfiantza harremanei esker eta adibide gisa Laborantza Ganbararen kasuan bezala garaipen batekin burutu konfrontazio demokratikoen iraganeko esperientziak lagun. Mobilizazio horren eta Estatuei galdegina zena praktikan gauzatzea jarraitzeko prest ziren aktoreen determinazioaren aurrean, Parisen jarrera aldatu da, posizio ezberdinak aldatu dira, eta egoera berri bat sortu da, ez bakarrik ETA-ren armagabetze osoa ahalbidetu duena, baina, hor arte serioski blokatua iduri zuen egoera baten eboluzio globalago eta baikorrago bat ere.

Burujabetzari buruz aitzinatzeko metodo bat

Laborantza Ganbararen adibidea berriz erabiltzeko, “programa konstruktibo/eraikitzaile” horrek ukan sustengu eta parte hartzeak, ber proiektua, ber aldarrikapena edo ber eraikuntza lana elkarrekin eramanak izaiten ahal zirela eta ondorioz indartuak izaiten ahal zirela a priori independenteak diren bi bideren bidez, argi uzten zuen.

Alde batetik, euskal nortasuna, onarpen beharra, gure oraina eta geroa tokian bertan eta kolektiboki kudeatzeko xedea.

Beste aldetik, jendarte zuzenago eta jasangarriago baten eraikitzeko xedea, laborantza herrikoi eta iraunkor baten, elikadura sanoago baten, kalitatezko ingurumen baten, ekoizpen eta kontsumoen bertokiratzearen defendatzaileen ezaugarria zena,

Pertsonalki, iduritzen zait horrek aitzinetik itxuratzen duela bihar eraikiko dugun Euskal Herriaren burujabetzaren bide estrategikoa.

Gaur asko gira arrazoizko galde baliosak zuzentzen bi Estatuei eta haien partez erantzunik ez ekartzeko jarrera jasaiten. Hots, Estatuek holako galderen entzuteko edo ulertzeko ezintasunaren pairatzen. Babes sozialaren, prekaritatearen eta bazterketaren kontrako borrokaren bai eta desberdintasunen ttipitzearen beharra; klima nahasketa saihestuz, gure inpaktu ekologikoa ttipituz eta bio aniztasuna eta jendeen osagarria babestuz hobeki bizitzea ahalbidetzen duten ekoizpen, kontsumo, garraio eta lurralde antolaketa eredu batzuren martxan ezartzeko premia larria; euskararen erabilpenaren normalizazioaren bai eta gure nortasun eta kulturaren loratzen ikusteko nahia, munduaren aniztasunaren eta aberastasunaren parte garrantzitsu honen babesteko eta indartzeko; denei ahalbidetzea ber eskubideen eta ber errespetuaren lortzeko gaitasuna, elkartasuna eta harreraren garatzeko beharra, bereziki hein batean gure garapen ereduaren ondorioz ezin bizizkoak bilakatuak diren lurralde batzutarik ihesi joan behar direnei; eta beste asko gauza ere oraino.

Berjabetza eskuratu

Euskaldun ala ez, abertzale ala ez, ezin sinetsia da Euskal Herrian bizi girenen eta gure bizi baldintzen berjabetza eskuratu nahi dugunen kopurua eta aniztasuna.

Gaur egungo sistemak gero eta gehiago bai eta arlo guzietan desjabetzen gaitu: klima, lurra, ura, airea, etxebizitza, elikadura, energia, eskubide sozialak, eskubide demokratikoak, historia, kultura, hizkuntza, sozializazioa,…

Munduko zati honetan Euskal Herria izeneko lurralde eta destino komunitate baten erakargarritasun eta mobilizazio potentzial eta gaitasunetan bermatzen den proiektua, gure bizi baldintzen jabetzaren berreskuratzeko eta horren bidez bere nortasun idekian eta pertsonalitate sakonean bere bidea hobeki aurkitzen duen jendarte justuago, berdinago, guttiago pratiarkalaren, jasangarriago, demokratikoago, auto-kudeatuago, solidarioago eta xinpleki bihozberagoa eraikitzeko, gure garaieko desafio handiei ekartzen ahal den erantzunik egokiena eta indartsuena da.

Burujabetzaren ikuspuntu horrek bere inguruan biltzen ahal ditu nahiko kopuru eta determinazio borrokaren irabazteko, eta hori denen onerako.

Txetx Etxeberri

Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena
Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena
Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena

Manu Robles-Arangiz Fundazioaren animatzailea Iparraldean. Tokiko alternatiba sozial eta ekologikoetan parte hartuz, bai eta euskal eraikuntza nazionalean.

Zer duzu buruan “Euskal Herri mailako estrategiari buruzko Iparraldeko ekarpena (2/2)”-ri buruz

  • Benat Castorene 2018-09-08 17:43

    Lehenagotik erran bezala, autosatisfakzio ariketa bat da
    Txetxek aiapatzen ditu Laborantza ganbararen sorrera, Etaren armagabetzeari buruzko laguntza, « elkargoa »ren » sorrera , Iparraldearen delako metodoa eta ekarpena ilustratzeko.
    Alta, nik ez nituen hiru adibideak sekulan berdin baloratuko , errespetua nuelako lehenaren aldera. Espero dut ez dela errekuperazio bat baizik.
    Metodoa honetan datza : estatuak hartu behar lituzkeen ekimenak, guk, hartzea, (hura baino eraginkorragoak eta xuhurragoak omen garelako) bainan estatua gure laguntzera etorriko delakoan.
    Alainan, ez dugu besterik egin XX.mendearen erditik eta metodo horrek ereman gaitu desagerpenaren leizearen hegira. Hau da gure erakarpena ? Norentzat ? mundu guziarentzat ?
    Ez dago diagnostiko errealistarik, ez eta helburu politiko seriorik, estatu frantziarrearekiko harremanen baitako optimismo itsu bat baizik.
    Berandurik erregionalista bihurtutako militante baten manifestoa da. Haren ibilbidea ikusirik, estonagarria …