Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio?

“Ulertu behar dugu Kataluniak eta Euskal Herriak kontrako interesak ditugula, guk Espainiarekin ditugunak bezalaxe”. Esteve Vilanova zutabegileak El Punt Avui egunkarian idatzitako “Basquitis” artikuluaren pasarte bat da. Katalunian gero eta nabarmenagoa den mesfidantza jarrera baten erakuslea da.

Independentistek ez dute Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos lehendakarien babesik espero, izatekotan, hain justu, kontrakoa. Euskal herritarren aldetik ere beste hainbeste. Hauteskunde emaitzek hala inkestek epeltasun nazionalista saritu dute, Kataluniako prozesutik oso urrun. Euskal aliatu emozionala arerio politiko ere bihurtu zaie.

Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio?

Espainiaren diru iturri berria

“Mas presidenteak hitzarmen fiskala aldarrikatu zuenean, euskal herritarren isiltasuna burrunbatsua izan zen. Izan ere, kontzertu ekonomikoaren eredua zalantzan jarrita ikusi zuten”. Beste hainbatek ere erabili du argudio ekonomikoa (Nacionalismes como el meu; Empar Moliner), batik bat Eusko Jaurlaritzaren zabarkeria justifikatzeko. “Katalunia beste gauza bat da”, urruntzen da Urkullu printzerritik, nola izurritik. Ez omen da harritzekoa, diote mediterraneoan, argi daukate nork ordainduko duen katalanen zuloa.

Behin independentzia erdietsita, nork jarriko ditu Kataluniaren 16.000 milioi euroak? Ez dabiltza itzulinguruka: Kataluniaren independentzia euskal ekonomia eta ongizatearentzako mehatxua da. Europako estatu bihurtzen badira Gasteiz eta Iruñea kontzertu ekonomikoagatik erreguka irudikatzen dituzte.

Euskal Herrian, publikoki behintzat, ez da diagnostiko bera egiten. Zera zioen Joseba Egibar jeltzaleak Berrian: “Katalanei ondo joaten bazaie, guri ondo joango zaigu; eta alderantziz”. Zertan egingo die onura estatu katalanak euskal eta nafar erkidegoei?

Estrategia kontrajarriak

Sekula izandako botere instituzional handienarekin, EAJk erreforma konstituzionalari sinesgarritasuna eman dio, PSOEren eskutik. Bitartean, Kataluniako independentistek balizko hirugarren bide hori zapuztu behar dute. Posizioen talka agerikoa da, batak bestea kaltetzen duelako. Ezin ulertu horretan ez dute oihartzunik izan Joseba Egibarren babes hitzek: “Eusko Legebiltzarra izango da Kataluniako estatua aitortzen lehena”.

Euskal Herriak probestu dezake Katalunia zabaltzear den independentziaren leihoa. Gaur, subiranisten arrakasta oraindik urrun, goizegi izan daiteke, baina bihar, gertakizunak bizkortzen direnean, beranduegi. Edonola ere, aukera baliatu nahi dutenek, prest egotea hobe.

Kazetaria. Ezagutu, ulertu, kontatu. @inakilarra

Zer duzu buruan “Euskal gobernuak, Kataluniako indy-en aliatu ala arerio?”-ri buruz

  • Muturra behar da espainiar instituzioei “euskal gobernuak” deitzeko.