Euskal gizarteak jarrera etikoagoa al du?

goyaEuskal gizartearen gehiengo zabalak, gero eta zabalagoak, uko egin dio aspaldidanik (betidanik)  bortxakeria politikoari, askok independentzia edo burujabetza ere aldarrikatu izan duten arren. “Ez nire izenean”, esan du gizarteak modu batean ala bestean; alegia, ez duela bortxakeria onartzen, ezta eskubide politikoak lortzeko ere; bide demokratikoak baino ez. Zer gertatzen da, ordea, Espania aldean? Zein jarrera du hango gizarteak bere nazionalismoak sorturiko bortxakeriaren aurrean? Jarrera etikoagoa al du euskal gizarteak?

Apocalypse Now pelikulan, eldarnioen artean Kurtz koronelak miraz kontatzen zion Willard kapitainari nola heldu ziren amerikarrak herrixka batera, on beharrez, hango neska-mutil guztiak txertatzera, eta nola etorri ziren gero Vietcong-eko gerrillariak; orduan, amerikarrek egindakoa ikusi zutenean,  haur guztiei besoa moztu zieten, hantxe jasoa baitzuten txertoa. Kurtzek vietnandarren disziplina miresten zuen. Amerikarrek ere horrela jokatuz gero, gerra egun gutxitan irabaziko zutela ziurtatzen zuen, baina kexu zen Washingtoneko politikariez eta, orokorrean, amerikar gizarteaz, zurikeriak bizi omen zituelako. Kurtzek pentsatzen zuen helburuak bitartekoak zuritzen dituela.

Kontaezinak dira ETAren kontra egindako manifestazioak, ETAk hildako pertsonen aldeko omenaldiak, ETAren bortxakeria salatzen zuten erreportajeak, artikuluak, adierazpenak, herri matxinadak… Franco hil zenetik, ia lau hamarkadatan. Kontaezinak dira Euskal Herritik atera gabe ere, euskal gizarteak egindakoak bakarrik kontuan hartuta, Espainia aldera begiratu gabe. ETAk jende asko hil duelako, noski; kalte fisiko eta moral handiak eragin ditu.

Espania aldean, ordea, ez da inoiz ikusi Estatuak egindako edo eragindako hilketak salatzeko manifestaziorik, ez Franco hil zenetik, ia 400 badira ere.  Eta hango prentsan horiek noizbait salatu badira, arerio politikoari kalte egiteko baino ez da izan. Horregatik, noski, gaur egun inor ez dago  espetxean.

Tortura sistematikoa sitematikoki ukatzen dute Espaniako komunikabideek zein politikariek, eta kasu nabarmena denean garrantzia kentzen zaio salbuespena dela esanez.  Baina inork ez du galdetzen zergatik onartzen duen atxilotu orok bere kontrako akusazioa. “Dena kantatu du”, esan zuen barne ministroak, non eta prentsaurreko batean. Igor Portuz esan zuen. Gero, torturatu zuten gurdia zibilak kondenatu zituztenean, kazetari batzuek Auzitegi Nazionalaren beharra aldarrikatu zuten suminduta, ziur baitzeuden bestelako emaitza lortuko zela kasua Donostian epaitu beharrean Madrilen epaitu izan balute. Noski, Espania aldean ez inoiz torturaren kontrako manifestaziorik ikusi.

Auzitegi Nazionalean egindako epaiketa gehienen proba nagusia atxiloaldian egindako aitorpena da, toruraren salaketa gorahera, baina Espainiako epaileak, abokatuak, juristak, zuzenbide irakasleak mutu izan dira beti; areago, behin-behineko espetxealdiaren ondoren atxilotua errugabe jotzen dutenean, inor ez da asaldatzen.

Tabernan edo manifestazioan prosoen argazkiak erakustea delitua da; ezker abetzalekoa bazara, bilera politikoak egitea delitua da; ETAk su-etena eman dezan saiatzen bazara, delitua da (horrexegatik edo atxilotu zuten Otegi azken aldian, epailearen autoan irakur zitekeenez); hemezortzi urteko batek kutxazain edo edukiontziren bat erretzen badu, munduko herrialde gehienetan norbait hiltzeagatik adina urte emango du espetxean; norbait hiltzen badu, berriz, berrogei urte jaso ditu. Halere, kondena beteta norbait kalera ateratzen denean, espatuak hartzen ditu Espainiako bazterrak.

Egin, Ardi Beltza edota Euskaldunen Egunkaria itxi zituztenean, Espania mutu geratu zen, ez bazuen txalotu. Inor ez zen manifestatu, noski. Euskaldunen Egunariaren kasuan baino ez zen kontrako ahotsik entzun, zazpi-zortzi urtera, baina nik oraindik dut gogoan nola egin zidan iseka El Paiseko kazetari batek Martxelo Otamendi espetxetik negarrez ateratzen ikusi zuelako. Grazia egin zion. Kazetari batek beste batez esan.

Alderdiak ilegalizatzen dira, hauteskundeak manipulatzen dira (gogoratu Europako azken hausteskundeetan gertatutako)… Kutsaduraz hitz egiten dute… eta abar, eta abar. ETAren biolentzia bukatzeko aukera handiak daudenean, ezker abertzaleak biolentzia deitoratu duenean, mezurik odoltsuenak entzuten dira Espania aldetik, logika oro, neurri oro galduta.

Bietako bat aukeratzen du beti Espainiako giztarteak: edo isiltzen da, edo errepresioa txalotzen du. Kurtzek miraz hitz egingo luke.

Euskal gizarteak jarrera etikoago al du?

bortxakeria, Espainia, gaitzespen, gizartea
Gonzalo Etxague

Nire ardura nire esanak dira , ez zure ulertuak

3 pentsamendu “Euskal gizarteak jarrera etikoagoa al du?”-ri buruz

  • Gari Garaialde 2011-04-28 11:41

    Nik neuk dudatan jartzen dut “Euskal gizartearen gehiengo zabalak, gero eta zabalagoak, uko egin dio aspaldidanik (betidanik) bortxakeria politikoari” esaldia. Badakit askok eta askok hori aldarrikatu dutela, behin eta berriro; Datorren lekutik datorrela ere, biolentziari uko eginten diotela ohiukatu dute, baina nik ez dut sinesten. Gizarte hontan (bai eta herri hontan ere) gure aurkako biolentziari bakarrik egiten diogu uko.
    Hau hola izan ez balitz, herri honek poliziaren funtzioa aspaldi jarria izango luke dudatan. Poliziaren funtzioa (ezein polizi indarrena) estatuaren egoera politikoa bortxaz bermatzea baita ( edo ez ahal da orden konstituzionala mantentzeagatik jendea jo eta kartzeleratzen duen estatuaren adarra?).
    Herri honi, bertako jendeari eta kristo guziari biolentziaren inguruko eztabaida sakona egitea falta zaigu eta bitartean beti besteen indarkeria bakarrik gaitzetsiko dugu.
    Oraindik prentsan bueltaka dabil Obamak Nobel Saria jaso zuenean esan zuen esaldi hura, eta ni segur nago Obamak esandako hura kritikatzen duten gehienek gauza bera pentsatzen dutela.
    Ni oraindik zain nago, indarkeria politikoa edo helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera gaitzesten dutenek, Francoren altxamenduaren aurka gerrara joan ziren gudariak gaitzetsi ditzaten, botoen bitartez eskuratutako Espainiar errepublika haren aurkako erasoei harmez erantzutea indarkeria politikoa baita.

  • Gari Garaialde 2011-05-02 13:15

    Ezin du horren erraza izan!
    Ez al da inor defendituko duenik berak indarkeria politiko oro gaitsesten duela?

  • Aitor Furundarena Usabiaga 2011-05-02 14:59

    Nik ere horrela pentsatzen dut, Gari. “Euskal gizartearen gehiengo zabalak, gero eta zabalagoak, uko egin dio aspaldidanik (betidanik) bortxakeria politikoari” esaldia ez da egia, inola ere ez. Nik ez dut dudatan ere jartzen. Are gehiago, nire 41 urteetan (oroitzen dudan zatian) ez dut inoiz ezagutu gaur egungoa bezainbateko bortxakeria politikorik, eta itxura denez, gizartearen gehiengo zabalaren onespena du.
    Bestalde, Gonzalo, esplika dezakezu zer adierazi nahi duzun “jarrera etikoagoa” idazten duzunean?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude