Euskal genozidioa

Euskal genozidioa –

Genozidioa da ekintza bat ohartuki gauzatua gizatalde bat suntsitu beharrez. Denok dakigu dozena erdi genozidioren berri: Ameriketako indigenak, Australiako aborigenak, juduak III. Reichean, Ruanda, Bosnia, Palestina… Denak ezagun bezain urrunekoak. Etxean bertan dugun genozidioari, aldiz, ez ikusi egiten diogu, haren ondorioak egunero jasaten ditugun arren.

Euskaldunon komunitateak egun pairatzen duen egoera penagarria genozidio baten ondorio da. Genozidio hori Espainiak eta Frantziak perpetratu, eta hemengo agintariek onartu eta sostengatu dute. Zeren gauza bat argi izan behar dugu, herriak ez du bere borondatez abandonatu bere hizkuntza.

Ordea, hain al da txarra euskararen egoera? Datuen eta iritzien itsaso hondogabean sartu gabe, galde diezaiogun euskaraz bizi garen guztiok geure buruari: Euskal Herrian euskaraz bizi naiteke duintasunez, erdaldun bat erdaraz bizi den bezain eroso eta beteki? Galdera horren erantzunean datza gure egoeraren deskripzio zehatza.

Bada, gure herrian euskaraz bete-betean bizitzea, eta ez ozta-ozta eta arrastaka, giza eskubidea da, eta funtsezko eskubide hori ukatzen digutenek genozidioa sustatzen dute. Ahoan legarrik gabe esanda.

Euskal Herriko lehen politika linguistikoa

Euskal Herriko politika linguistikorik zaharrenak, orain arteko eraginkorrenak, helburu zehatza du: euskal hizkuntza eta harekin lotutako pertenentzia kolektiboaren kontzientzia desagerraraztea.

Programa genoziden aplikazio sistematikoa XVIII. mendean hasi zen, Frantziar Iraultzaren ostean. Ordutik hona, gure populuak mugaren bi aldeetan nozitu ditu bere hizkuntzaren erabilera murrizten duten hamaika lege, erregelamendu, zirkular eta arau, bai eta horiek urratzeagatik gobernuek eta epaitegiek ezarritako ezin konta ahala zigor ere. Ez naiz xehetasunetan sartuko, dokumentazio oparoa baitago gaiari buruz. Hona zenbait liburu jakingarri:

  • El libro negro del euskera
  • Euskararen kate hautsiak
  • Historia jurídica de la lengua vasca
  • Asedio al euskera

XVIII. mende amaierarako, indartsu abiatua zen euskararen gainbehera Arabako eta Nafarroako herritar xeheen artean —eliteetan aspaldian zeuden sartuta erdarak—. Bizkai eta Gipuzkoako triskantza geroago etorriko zen, industrializazioarekin. 1867. urtean, oraindik, euskaldun ziren Bizkaiko eta Gipuzkoako biztanleen % 81 eta % 96, hurrenez hurren. Parte handi bat, elebakar.

Prozesuaren garairik ilunena eta kaltegarriena gogoan iltzatuta daukate adin batetik gorako euskaldunek. Gerra zibilean, era masiboan praktikatu zen genozidio fisikoa, alegia, Xabier Irujo irakasleak Argiari azaldu bezala, «giza taldeko kideen portzentaje bat hiltzea, desagerraraztea, espetxeratzea edo deserriratzea». Ondoren, 40 urteko diktaduran:

Txistua jotzea debekatuta edo kontrolatuta egon zen, kalejirak egiteko baimen bereziak eskatu behar ziren, izen euskaldunak galarazita zeuden, euskal ortografia, toponimia… Euskal izaera erakusten zuen edozein adierazpen debekatu edo mugatzen zen.

Frankismoak izan zuen efektu suntsitzailea ukatu gabe,  gogora dezagun Frantziaren deseuskalduntzea askoz eraginkorragoa izan dela. Gaur egun ere, Frantziako estatua da bere lurraldeko gutxiengoen akabatzaile nagusia.

Hezkuntzan, duela hamarkada gutxi batzuetara arte, bai Espainiak eta bai Frantziak eduki dituzte martxan estrategia genozida garbiak. Genozidio Delitua Prebenitu eta Zehatzeko NBEren Nazioarteko Konbentzioan, genozidioaren bost definizioetatik bik zerikusia dute talde nazional, etniko, razial edo erlijiosoen heziketarekin. Bi-biak dira ezagunak gurean:

  • Taldeko haurrak indarrez transferitzea beste talde batera (II[e] artikulua).
  • Taldeko kideei kalte fisiko edo mental larria eragitea (II[b] artikulua).

Gainbeheraren faseak

Batetik, fase historikoak ditugu, gutxi-gorabehera Espainian diktadura amaitu arte iraun zutenak. Horietan, bistakoa da ekintzen helburu genozida:

  • Eliteek hizkuntza baztertzen dute goi esferetan, administrazioan, hezkuntzan…
  • Kanpoko botereek politika planifikatuak abiatzen dituzte tokian tokiko hizkuntza eta kulturak suntsitzeko, agintari lokalek lagundurik.
  • Herriaren desatxikimendua: hizkuntzak prestigio guztia galtzen du, eta murriztuz doa haren erabilera-esparru soziala. Azkenean, ez zaie hurrengo belaunaldiei transmititzen.
  • Etorkinak bertakotzeari uzten zaio. Bereziki hondagarria, egondako bolada migratorio erraldoien ondorioz (industrializazioa).
  • Diktadurak era ageriago, biolentoago eta zabarragoan jarraitzen dio aurreko ildoari.

Frankismoa, ikusten denez, prozesu historiko baten azken-aurreko bilakaera bortitza baino ez da.

Gaurko faseari, berriz, fase «biguna» dei dakioke. Euskara jada ez dago debekatuta. Are gehiago, ofiziala da hiru probintzia eta herenean. Euskaraz ikas daiteke eskola batzuetan. Esku bete komunikabide ditugu euskaraz. Administrazio batzuek kristoren dirutza gastatzen dute erdara hutsean sortzen diren milaka testu euskaraz ere egon daitezen. Eta halere, Euskal Herri osoan oraindik daude martxan genozidioaren ondorioak bere horretan mantentzen dituzten mekanismoak: ofizialtasuna ez dago ezarrita lurralde osoan, erdarak legez inposatuta daude, biztanleek euskara ez jakiteko aukera legala dute, kanpotarrak ez dira sistematikoki euskalduntzen, enpresa pribatuek euskarari muzin egitea permititzen da, euskararen aldeko hainbat neurri eta lege inpugnatu eta indargabetzen dira, hizkuntzaren aldeko diskriminazio positiborik txikienaren auka jotzen da, euskararen kontrako intoxikazio eta eraso etengabeak egoten dira, euskaraz jakiteari ez zaio zor zaion balioa ematen enplegu publikoetarako deialdietan…

Horiek guztiak estrategia genozidak dira. Horien erruz ez atzera ez aurrera gabiltza euskararen normalizazio dontsuarekin. Gure helburua, Euskal Herrian euskaraz bizitzea, ez dugu sekula santan lortuko praktika genozidei men egiten diegun bitartean.

Horregatik, gauzei beren izenez deitzen hasi behar dugu. Euskaldunoi dagokigu, ez beste inori, gure hizkuntza, gure herria hilobira daraman genozidioaren aurrean begiak ireki eta irekiaraztea. Behartu ditzagun gure herri honetako biztanle guztiak posizioa hartzera, eta sala eta borroka ditzagun perpetratzaileak. Dena daukagu-eta jokoan.

Euskal genozidioa

24 pentsamendu “Euskal genozidioa”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Oso eskertzekoak dira, euskaldunon egoerari mozorroa erantsi, eta gauzei izenetik deitzeko saiakerak. Ez dira sarri ikusten. Gehienetan poziktibity-zaletasuna, eta batez ere, isiltasuna nagusitzen dira.
    Esan dituzun guztiekin bat etorrita, ñabardura bat egingo nuke: “Euskara jada ez dago debekatuta. Are gehiago, ofiziala da hiru probintzia eta herenean” diozu. Tira, FORMALKI ez dago debekatuta euskara hiru probintzia eta herenean. Praktikan, horietan ere debekatuta dago, ezinezkoa baita jarduera eta egoera askotan erabiltzea.
    Areago, euskara “erabiltzera” animatzen omen gaituzte agintari batzuek (abertzaleek; unionistek ez)… euskaraz jardun ahal izateko baldintzak bermatu barik. Ezaxolakeria, ezjakintasuna, gaitasunik eza,… guztiak batera?
    Eskerrik asko hain garbi (eta ausart) mintzatzeagatik, Gilen. Bertangoxotarrek isilik jaraituko dute, baina batzuei hemen eta beste batzuei han, zer pentsatua emango die.

  • Pako Sudupe

    Lehenik, Gilen, milesker gai hau aipatzeagatik. Bigarrenik, ohar kritiko bat; ez zait egokia iruditzen gure egoera ameriketako indigena, Australiako aborigen, eta juduekin eta alderatzea. Gurea, genozidioa baino gehiago elebitasun simetrikoaren (guztiz asimetriko praktikan) mozorropean, euskararen ordezkapen anestesiatua da.

  • JJ Agirre

    Arratsalde ON
    Atrebentzia ez bada, horra tarteko definizio bat, Wikipediatik hartua:
    “Hizkuntz-genozidioa edo linguizidioa kultura menperatzaile batek komunitate baten hizkuntzaren gainean eragiten duen heriotza programatua da. Kasu gehienetan kultura menperatzailea estatu menperatzaile batena da. Honek, eskura dituen tresnen bidez -eskola, armada, komunikabideak, eliza, eliteak…- hizkuntza menperatuaren desagerpena bilatzen du neurri politiko zorrotz eta eraginkorrak ezarriz.
    Hizkuntz-genozidioa etnozidio mota bat da.
    Genozidio linguistikoaren saiaketak ugariak izan dira historian zehar. Batzuk arrakastatsuak izan eta muturreraino iritsi dira (Amerikako eta Afrikako hizkuntza askoren desagerpena burutu baitute). Gugandik gertu, aipatzekoak dira Frantziako estatuak Frantziako iraultzatik ondoren frantsesa ez diren gainontzeko hizkuntzak (euskara, katalana, bretoiera, korsikera…) desagertarazteko martxan jarri dituen politikak [1]. Espainiako estatuan, aldiz, Karlos IIIren ondotik gaztelania ez diren penintsulako beste hizkuntzak debekatuak izan dira eremu formaletan, eta -garai batzuetako salbuespenarekin- euskarari jazarpen latza ezarri zaio, zigor fisikoak eta guzti (eraztunarena, adibidez).

  • Gilen Mejuto 2020-04-10 18:44

    Pako, zu ados egon ez arren, gure kasuak eta besteek badute gauza bat komuna: genozidioak dira. Baieztapen horri eusteko, hor dituzu NBEren Konbentzioaren bi artikuluak, hor dago “genozidio kulturalaren” kontzeptua (nahi izanez gero, haren historiaren berri laburra emango dizut), hor daude Xabier Irujo eta beste askoren lan eta ikerketa ederto dokumentatuak eta milaka euskaldunen testigantzak.

    Diferentzia nagusia da beste kasu horietan eliminazio fisikoaren osagaia zentrala izan dela; gurean, berriz, genozidio kulturala eta linguistikoa izan da nagusiki.

    Hortaz, uste dut elkarrekin duten hori, aldeak alde, nahikoa dela denak artikulu berean aipa daitezen zilegitzeko. Eta ez ditut berdintzen, noski, milioika hilketa eta ehunka mila kulturgabetze, azken hori gutxietsi gabe ere.

    Finean, artikuluaren helburua da euskaldun sinesgogorrei ikusaraztea genozidioa egin dela gure herriaren kontra eta ez dela nahikorik egiten, aldiz kontrakoa, haren ondorioak gainditzeko.

    Amaitzeko, diozu gurea genozidioa bainoago izan dela “euskararen ordezkapen anestesiatua”. Artikuluan estekatu dudan Argiako elkarrizketan duzu horren erantzuna: “Genozidioa da nazio bat desagerraraztea beste baten barruan diluitzeko: asimilazioa”.

  • Pako Sudupe

    Ados, Gilen akort, neuk kulpa.
    Anekdota zozo bat kontatze aldera: ETB1eko albistegian euskaraz suelto egiten dutenak entzun eta gero ETB2n haiek berak gaztelaniaz, geure gizajo-gajokeria bururatzen zait eta barruko zizareak iraulkatzen zaizkit. 1. Zergatik galdetu behar du kazetariak lehenik euskaraz, eta gero gaztelaniaz. 2. Zergatik ezin dio esan euskaldunak: aizu, nik mezua eman dut. Hortik aurrerakoa zure kontu! Gure ezjakintasuna, gutxiagotasun konplexua…genozidioa, batzuetan infantilak garelako, gizajo eta gajo garen neurrian genozidiatzen (barkatu, ez dago hiztegian, ez erasiatu!) gaituzte

  • Gilen Mejuto 2020-04-10 19:05

    Pako, euskaldun petoenek ere maite dute honezkero erdara, seinale ondo genozidatuak gaudela.

  • Stop Basque Genocide 2020-04-10 19:08

    Mila esker Irujoren lana zabaltzeagatik. Genozidio betean gaude argi eta garbi:

    -Nazio baten desagerpena lortzen ari dira.
    -Medio militarrak erabili eta erabiltzen dituzte.
    -Gizatearen aurkako krimenak barne: hilketa, tortura, deportazioak eta kontzentrazio esparruen erabilpen zabala egin dute.

    Hau ez bada genozidioa, esan diezadatela zer den…

  • Horregatik erakunde politikoa eta
    Jarraian sindikatua behar da eta horrela sektore guztietan ekin. Hauteskundeak atzeratzean agian aurkeztu gaitezke. Aupa! Beti aurrera.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga
    Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-11 00:23

    Pako, hor dago koxka: euskara hizkuntza morroia izatea erabat barneratuta dago, euskaldunek euskaraz egiten badute, gero berdina erdaraz esan behar dutela, kasu… “errespetuz”. Nik hori ugari ikusten dut hemen Lasarten ia egunero, baita beste toki batzuetan ere.

    Hizkuntzak ez badu harrotasunik, handicapa bihurtzen da, gutxitasun bat, pisu bat. Eta euskaldunak nahiago du erdaraz hitz egin, zuzenean. Euskaldun zaharrak nahiago du erdaldundu.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga
    Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-11 00:48

    (Erantzun esteka ez dabilkit ondo) Atzera begirakoan, genozidioa da, 1790etik (1793tik) hasita. Canovas del Castillo Espainiako gobernuburuak, esklabismo eta torturaren sustatzaile eta aplikatzaileak, zioen euskaldunei pixkanaka kendu behar zitzaizkiela berezkoak zituzten erakundeak. Ordukoak dira Espainiako Parlamentuan hizkuntza ere kendu behar zitzaigula eskatzen zuten ahotsak.

    Gilen Mejutok aipatu bezala, ez da kolpe bateko eliminazio fisikoa. Gure kasuan, Espainiako sistema errepresibo-disfuntzionalak (baina militarki, propaganda eta ikuskizunean aldez edo moldez efizienteak) gure eliteen “lan ona” eta babesa aurkitu du mendetan, azenarioa eta akuilua erabiliz.

    Esango nuke lehen alienazio gogorra zela ohiko metodoa; orain, berriz, asimilazioa, trukean identitate suzedaneo bat sortuz. Euskaldunen/euskal herritarren ordez, egun “Euskadi” (EAE) eta baskoak (EAEtarrak) ditugu Euskal Herriaren alde honetan. Transferentzia kontzeptuala nabarmena izan da azken urteotan, EAEko agintariek hala babestuta.

  • Pako Sudupe

    Canovas del Castillo foruen suntsitzaile famatuarekin nahastu zara datetan (1828-1897) Iñaki. San Agedako bainuetxean 1897an hila. Txirrita: “…Iru tirotan utzi zizuten zuri senarra illotza”.
    Unamuno ere oso adibide ona da (1901eko hitzaldia Bilbon) diozunaren ildotik.
    Hemen ez da armeniarren genozidiorik edo juduenik gertatu.
    Gerra zibilean ezkertiarren aurkakoa bereziki, eta nazionalisten aurkakoa ere bai, baina ez euskaldunen aurkakoa. Nafar euskaldun gehienak Francorekin ibili ziren. Bestela ere nahiko motibo daude aipatu dituzuenak aipatzeko.
    Euskaldun askoren jarrera txepela ere ez da txalotzekoa, neurri batean ulergarria ere izan daitekeen arren. Ez dira txotxongiloak, eta beren hautuen ardura ere badute, behartze eta hertsatzeak ukatu gabe noski. Neu naiz euskaldun gisa bizitzeko ditugun salatzaile handienetarik.
    Beraz, bat gatoz ehuneko laurogeita hamarrean. Ez gara hasiko norgehiagoka orain, egoeraren salatzaile handiena gutako nor izango! Diosal adeitsua.

  • Pako Sudupe

    Canovas hila ez, Angiolillok eraila.

  • Gilen Mejuto 2020-04-11 09:18

    Nik uste dut bideak bilatu beharko genituzkeela hizkuntza-morrontzari aurre egiteko. Adibidez, honelako kanpainak bultzatuz: hedabideetan euskaraz soilik, erdararik gabeko egun eta asteak (Euskaraldi radikalak)…

    Bestalde, euskaldun abertzale petoei entzun izan diet katalanak maiseatzen, haien aurrean espainolera ez pasatzeagatik, kolono edo inperialista espainolaren rol nazkagarria hartuta. Baina katalanen jarrera hori da, hain zuzen, klabea. Eta guztiz imitatzekoa.

    Iñaki, nik EAEtarrei “kafarrak” esan izan diet (CAVarrak).

  • Gilen Mejuto 2020-04-11 10:40

    Pako, Gerra Zibila agian ez, baina Gerra Karlistak azken batean ez al dira, Euskal Herrian, euskaldunen eta erdaldunen, eta hauen oinarrian dauden bi mundu-ikuskeren, arteko konfliktu bat, zeinean lehenengoa desagerrarazi nahi zuten?

  • Pako Sudupe

    Xaho, Txillardegi…ildo horretan. Joxe Azurmendik ere esan izan du liberalak Espainiako gobernuaren aldekoak zirela, besterik ez, estatu.nazio liberal espainolaren aldekoak. Dena dela, historia ezagutzea eta ezagutaraztea oso inportantea baina historiak ez digu eskubiderik ematen.
    Nik ere uste dut beste era bateko euskaraldiak behar ditugula; indarra falta, koordinazioa, geure buruarengan sinestea…

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga
    Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-11 11:18

    (Erantzun esteka ez dabilkit ondo, Firefoxen) Konfinamendu on denoi! Pako, 1793an (1790an) hasten den euskal herriaren kontrako estatuen eraso eta hertsapenen aldiaz ari naiz, Julio Caro Barojak 1876 arte luzatuta “hondamendiaren” zikloa deitu duena.

    Henningsen ingelesak, 1834-1835ean karlistekin ibilitakoak, desnazionalizazio kanpainatzat jo zuen I. Karlistaldia, Vendéeko sarraskiarekin (genozidioarekin) konparatuz (1794-1796). Gero jarrai daiteke noski, bereziki 1936 berriz pizten den aldiaz. Eta bai, noski, Canovas II. Karlistaldikoa eta gerokoa da.

    Bat nator zurekin ez dela kolpe batean argi eta garbi jazotzen den genozidio fisikoa, baizik eta pausokakoa eta bertako eliteen parte-hartze distortsionatzaileaz. Hori kolonizazioari uztartuta, “colonie du peuplement” deitu izan dena (ikus Wikipedian, EU ez oraindik tamalez). Goraintzi

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga
    Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-11 11:28

    Erabat bat Gilenek esandakoarekin, bi mundu ikuskeren arteko talka. Karlistaldietan indar zakarrak irabazi zuen, kanpoko (eta askoz gutxiago barruko) armada ordaindu profesionala herritar boluntarioen kontra. Diruak (nazioarteko finantzariek) eta armek (EHz eta, are, Espainiaz kanpoko armaden laguntzaz) eta pisu demografikoak irabazi zuten, zakar eta gordin.

    Kafarrak, ona Gilen, egokia bizi dugun izenen joko semantiko kafkarrerako!

  • JJ Agirre

    Egun ON Pako (eta konpainia). Norgehiagokara ez nator, baina uste dut badela hausnarketa handixeagoa merezi duen ideiarik.
    “Euskaldun askoren jarrera txepela ere ez da txalotzekoa, neurri batean ulergarria ere izan daitekeen arren. Ez dira txotxongiloak, eta beren hautuen ardura ere badute, behartze eta hertsatzeak ukatu gabe noski. Neu naiz euskaldun gisa bizitzeko ditugun salatzaile handienetarik”
    Tira, ideia horretako nintzen ni ere lehen. Baina uste dut ez diola erantzuten errealitateari.
    Tamalez, euskaldun askoren jarrera txepela oso ulergarria da: bi hizkuntza menperatzen dituzte (gutxienez), espainiera edo frantsesa (noranahikoak eta munduko hamaika leiho irekitzen dizkietenak) eta euskara, hedapen maila ikaragarri txikiagokoa.
    Gainera, dagoeneko, oso gutxi dira euskara erdara baino hobeto menperatzen duten euskaldunak. Normalean hobeto moldatzen gara erdaraz (ni neu ere bai) euskaraz baino. Ez alferrik, ehunka telebista-kate, irrati-kate, egunkari, astekari, eta bestelako dauzkagu eskura erdaraz, euskarazkoekin alderatu ezin. Euskaraz bizitzeko hautua egin dugunok ere, euskaraz kontsumitzeari lehentasuna ematen diogunok ere, erdaraz elikatzen gara euskaraz baino gehiago ezinbestean, ez bada oso inguru mugatu eta jakinetan, zeharo española/frantsesa baita inguratzen gaituen guztia, paisaje linguistikoa, inguruko gehientsuenen berba jarduna, mugikorrean jasotzen ditugun mezuak… eta horrek dakarkigu Mitxelenaren “aizkoraren” (euskararen) kamustea, eta kamustutako aizkora ikuluko bazter batean egon ohi da, erdoila eta hautsa biltzen.
    Hori gertatu zaio euskaldun askori, euskara kamustu egin zaiola, baldartu eta azkenerako astun bilakatu. Ez bere erruz, boteredunen erabakiz gehienetan, eta axolagabekeriaz besteetan, baizik.
    Egun, Gipuzkoako eta Bizkaiko eskualde jakin batzuetatik kanpora, zaila eta nekeza da euskaraz jardutea. Konpromiso handia eta ausardia ez txikia eskatzen ditu. Gasteiz batean, Bilbo batean… edo Altsasu batean, arazo-iturri da gehiagotan, plazer-iturri baino.
    Hortik etorri dira deserzioak, areagotzen ari direnak, zeren eta aipatutakoak nahikoa traba ez balira, badira urteak eragile abertzaleetatik ere, euskarari soilik balio funtzionala aitortzen zaiona, “komunikazio trena” huts bezala aurkezten zaiguna, edota asko jota, “aniztasun” iturri gisa. Horiek horrela, ez eremu batean ez bestean euskarak ez du konpetitzerik inperio-hizkuntza ezberdinekin.
    Labur esanda, euskaldunak ez du euskara aukeratzen, ez dagoelako berdintasunezko baldintzetan hautua egiteko moduan. Hautu librerik ez dago, hautua erabat baldintzatuta baitago. Soilik kontzientziak, politizazioak, eraman gaitu euskaldun asko (zorionez) euskaraz bizitzen tematzera. Konzientziarik, pòlitizaziorik ezean, akabo.

  • Gilen Mejuto 2020-04-11 12:46

    Nik uste, sorginen kontrako XVII. eta XVIII. mendeetako prozesu inkisorialetan badugu euskaldunen kontrako genozidioaren beste zantzu bat.

  • Gilen Mejuto 2020-04-11 13:10

    Presentera itzulita, eta Jonjok irekitako ildoari lotuz, zenbatek erabaki dute, erdal tsunamiaren kontra, euskaraz bizitzea? Niri jende hori interesatzen zait, eta egia esan gero eta gehiago saiatzen naiz talde horretan sartzen ez direnak nire bizitzatik at uzten. Funtsezkoa deritzot gure artean sarea egin eta indartzeari, elkar sostengatu eta babesteari. Horiek osatzen dutelako nire nazioa, abertzaleek kontatzen dizkiguten ixtorioak gorabehera.

  • Donostia 1813 eta 1936, azken 200 urtetan bi genozidio jasan duen hiria.
    Lehena 1.813ko abuztuaren 31n eta osteko egunetan, aliatuek (espainolek, ingelesek eta portugesek) “burniz” (“a cuchillo) pasa zituzten donostiar gehienak, etxe guztiak (600 bat) lapurtu zituzten, neska eta emakume guztiak bortxatu egunetan eta 500 bat etxe nahita eta banaka erre zituzten, 1.200 bat donostiar hilik (Donostiako Udala 1814 akta) eta 1600 Donostiako familia lur jota kale gorrian, hurrengo urtean beste mila bat hilik sortu ziren gaitzengatik… 1813ko abuztuan Donostiak 7 edo 8 mila biztanle zituen eta irailean 300 (hirurehun bai) biztanle.

    1º Manifiesto del Ayuntamiento Constitucional de Donostia 7 enero 1814 (sinadurak moztuak)

    Ingeles Portugesak
    arturik erriya
    biyak egin digute
    zenbait pikardiya.
    Biolatu eta ill,
    sakiatu guztiya,
    eta gero ondoren
    erre Donostiya.

    Bigarrena: 1936ko Donostiako genozidioa gogoratua. 1936. urtean Donostiak 80.000 bat biztanle zituen, faxistak sartu zirenean 34.000 gelditu ziren, gainontzekoek ihes egin zuten. Francok 386 donostiar afusilatu zituen, 17 emakume. Itsasotik egindako bonbardaketetan 17 pertsona hil zituzten. Errepublika defendatuz 5.855 donostiar mobilizatu ziren antifaxista milizietan eta Euskal armadan. Gudako borroketan 418 donostiar hil zituzten. 776 ume donostiarrak ebakuatuak izan ziren Frantziara, Ingalaterrara eta Errusiara eta asko ez ziren inoiz itzuli. 21 donostiar hil zituzten exterminio eremuetan Mathausen eta Dachaunen adibidez. 561 donostiarrek espetxean egon ziren urte luzeetan, 20 bat urtera arte. Gizartearen aurkako krimenak eta inor ez da epaitua izan.

    Bi genozidio beldurgarriak eragin dituen arduradun nagusia, alegia, armada española berdin jarraitzen du eta konkistak jarraitzen du.

    Gaur egungo (2010) egoera tamalgarria ulertzeko hizkuntzan, kulturan, genozidioa, errepresioa, ilegalizazioak, erbesteratuak, presoak, tortura… baliagarria izango delakoan.

    Kultura erakutsi nahi duen hiri batek ea arazoak konpontzen saiatzen den.
    Iturria: https://labur.eus/YNHlv

  • Gilen Mejuto 2020-04-12 14:30

    1813koa, donostiarren triskantza, bai; euskaldunen kontra propio gauzatutako erasoa, ez dakit. Hau diosku Wikipediak Donostiako setioari buruz:

    “Orduko Donostiak 9.104 biztanle zituen eta, Gipuzkoa ez bezala, politikoki liberala zen. Hiriko historian frantziar eta gaskoien eragina nabarmena izan zen, izan ere historian gaskoi hizkuntza mintzatu izan da Donostiako kaleetan”.

    1936koa ere ez zait iruditzen euskaldun izateagatik egindako sarraskia denik, Errepublika defenditzeagatik baizik.

    Beraz, duda handiak ditut bi horiek, haien larritasuna zalantzan jarri gabe, “euskal genozidioan” sartzeko moduko kasuak diren.

  • Iñaki Lopez de Luzuriaga
    Iñaki Lopez de Luzuriaga 2020-04-12 19:40

    Genozidioa hitz potoloa da, baina halako zerbaitez ari garela esan dezakegu, eta horretan bat gatoz. Donostiaren kasuan, triskantza demofobikoa esan daiteke ere; hori gertatu zen XVI-XVII. mendeetan ere: eliteen asmoetan / egituretan sartu ez zen herrian izua zabaltzea, otzantzea, eta haren ordu arteko antolamendua suntsitzea.

  • Euskaltzale 2020-04-13 17:35

    Artikulu oso ona. Zorionak egileari. Egi borobilak aipatzen ditu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude