[Euskal Gaizkileak] Santxikorrota: aberatsei ezpata eta behartsuei errota

Santxikorrota –

Euskal Gaizkileak

 

XV. mendean jaio zen Cascanten Santxo, gurasoek zaintzen zuten errotan. Horregatik esaten zioten lagunek Errotako Santxiko –hortik, Santxiko Errota eta Santxikorrota–. Errotan bizi zelarik arazo bat izan zuen eta legearen itzaletik ihesi bizi behar izan zuen, Bardean. Kondairak dio Robin Hood-en antzera aritu zela, zeukanari kendu eta ez zeukanari ematen.

Santxikorrota

Gurea herri txikia da, puntarik puntara autoz hiru ordu eta erdian gurutzatzeko modukoa, eta, zorionez, zinez askotarikoa eta aberatsa da hamaika zentzutan. Pentsa, basamortua ere badugu.

Bardeak txunditu egiten du bisitari zein inguruko. Castildetierrako argazki ikonikoaz eta Bardea Zuriaz gaindi, bere 42.000 hektareek askoz ere gehiago dute eskaintzeko, bai Planoan eta bai Bardea Beltzean zehar. Kirola, turismoa, historia… Landaredi eta fauna oparoa dauzka, nahiz eta azken hamarkadetan uniforme berdez eta tresneria militarrez leporaino sartu diren espezie inbasoreek ez dioten batere mesederik egiten.

Lur buztintsu, bakarti eta isolatu honek ez die soilik mendialdeko artzainei eta basakatuei eman babesa. Mendeetan barna gaizkile, errepresaliatu eta legegabeek Bardean topatu zuten euren lurralde librea, ofizialki erregearena izan arren zaila baitzitzaion halako lur terreno zabala kontrolpean izatea.

“Gaizkile” horien artean ezagunena, zalantza izpirik gabe, Santxikorrota da. Lucio Urtubia anarkista cascantearra bankuak desjabetzen hasi baino bost mende lehenago bere herrikide bat ere antzeko zereginetan aritu zen. Sareko gune ezberdinetatik jaso dugu informazioa eta, nagusiki, Kepa Arburuaren “Santxikorrota, Bandolero de las Bardenas” liburutik. «Patakon, daukonari kendu eta ez deukonari emon», esaten da bidelapur bizkaitarraz, eta halatsu ziharduen Santxikorrotak ere.

Bostehun urteren ondotik, zaila (edo ezinezkoa) da garai hartako bidelapur baten historia zehatz-mehatz jasotzea, eta, Patakon zein Robin Hood-ekin gertatzen den bezala, historia eta istorioa maiz nahasten dira. Kuriositate gisa aipatzekoa da “Robin Hood, Prince of the Thieves” filmaren zati ugari (Audrey Hepburn eta Sean Connery protagonista ziren hura) Artaxoan filmatu zirela, eta «aberatsei kendu eta pobreei ematen» zien pertsonaia unibertsal horri buruzko pelikula Nafarroan filmatzen zen bitartean, kilometro eskasetara gauza berbera egiten zuen heroi propio baten kondaira gutxi batzuek besterik ez zutela ezagutzen. Herri batek bere historia kontatu behar duen bezala, bere fikzioa ere sortu behar du.

Errotatik erroetara

XV. mendean Nafarroa eri zegoen, agaramontarren eta beaumontarren arteko gerra zibilak odolustuta. Agaramontarrak XII. mende hasieran Nafarroako Antso VII.ak sortu zituen, eta beaumontarrak, Nafarroako Karlos III.ak, bere sasiko familiarekin sortuta eta Nafarroa Behereko Luxe leinuarekin aliatuta. Nafarroako Erresuman, ohituraz, handikiek ez zuten lurraldeko jaurerririk, eta edukiz gero, ez ziren oinordetzarako. Baina Karlos III.ak ohitura hori bertan behera utzi, eta Erresuman eskubide feudalak izateko aukera eman zuen. Horrek agaramontarren eta beaumontarren arteko liskarrak azkartu zituen.

Testuinguru horretan jaio zen Santxo, bere gurasoek zaintzen zuten errotan. Errota Queiles ibaiaren ondoan zegoen, eta Cascanteko jaunaren jabetzakoa zen. Santxo txikia, bere lagun eta ingurukoentzat “Errotako Santxiko” bihurtu zen; hau da, Santxiko Errota; hots, Santxikorrota (Erriberan euskaraz ez dela sekula hitz egin esaten dizuen hurrenari kontatzeko aproposa).

Errotan zerealak eta olibak ehotzen ziren, eta Erdi Aroan erabat estrategikoak zirenez, Nafarroan lehian zebiltzan bi bandoek ahalik gehien izan nahi zituzten kontrolpean. Ezin da jakin errota eskuratu nahi zuen noble bat edo gehiegikerietan zebilen zerga biltzaile bat zen, baina kontua da Santxikorrotak norbait akabatu zuela eta horregatik egin behar izan zuela alde.

Cascantearra Bardea Beltzera iritsi zen lehenik, eta bertan zeuden ikazkinek lagunduta legearen atzaparretatik ihesi bizi zirenekin elkartu zen. Asko ziren, gehienak soldadu izandakoak, edo pobreziak eta miseriak lapurretara bultzatuak. Antso Indartsuaren garaitik zebiltzan bidelapurrak Bardean, eta bertatik pasatzen ziren karabana eta bidaiari ugarik jasandako erasoak zirela-eta, 1204. urtean ermandade bat sortu zen Aragoi eta Nafarroako muga inguruan zeuden hainbat herriren artean: Hesolaren Ermandadea. Edo nahiago bada “estakaren anaitasuna”, erraza baita izena entzunda zertan jarduten ziren sumatzea. Kofradiako edozeinek zuen bidelapur kontsideratzen zuen oro akabatzeko eskubidea.

Baina errotan gertatutako krimenaren erroa ez zen hesolazaleen politikarekin konpontzen, herriak pasatzen zuen miseriari amaiera emanez baizik, gosea bezalako deabrurik ez baita munduan.

Bardeako errege

Santxikorrota
Santxikorrota mendia

Santxikorrota 30 lagun ingururekin elkartu zen, eta bere ezaugarriak zirela eta, buruzagi izendatu zuten berehala. Merkatariak, erregearen karabanak, bidaiari aberatsak… bat baino gehiago utzi zuten larrubizirik. Ihes egitean uzten zituzten urratsei segika, halako batean erregearen soldaduak ohartu ziren gaizkile taldearen zaldiek ferrak alderantziz jarrita zeuzkatela. Ondoren, jasotakoa taldekideen artean banatzen zuten, baita inguruko herrietako jendeari eman ere opari zein salerosketen bidez, eta ondorioz, bidelapur talde honek oso fama ona zeukan herritar xumeen artean. Jendea gosea pasatzen ari zen, izurriteak, eta gainera horretan guztian batere laguntzen ez zuen errege bat eta bandoen gerra bat jasan behar zuten. Santxikorrota heroi bat zen haientzat. Erregearen soldaduek egunez jartzen zituzten kartelek iragartzen zuten Santxikorrota hiltzen edo atxilotzen zuenak 200 florineko ordaina jasoko zuela; herritarrek gauez kentzen zituzten.

Taldeak ezkutaleku bat zeukan, noski. Bardeako basamortuaren erdian Blanca Baja izeneko eremua dago, Pisquerra mendigunearen magalean, El Rallonen alboan. Bertan 320 metroko mendixka bat dago, “Santxikorrota” izena mantentzen duena oraino. Aragoiko mugatik bi kilometro eskasera dago, eta bertan zeukaten kobazuloko basetik bi erresumetan egiten zituzten arpilatzeak.

Telesailen urrezko aroaren gakoetako bat argi-ilunak dauzkaten pertsonaiak izatea omen da, aurretik zeuden serieetako pertsona oso on edo oso txar horietatik bereiziz. Gordelekuari buruz kontatzen den istorioa egia bada, hemen dugu Santxikorrotaren alde maltzurrena: kobazuloa eraikitzen lagundu zutenak gero hil egin omen zituen, bere ezkutalekua non zegoen inori konta ez ziezaioten. Kondaira edo errealitatea den, Santxikorrotaren inguruan kontatzen diren beste gauza askoren gisan, batek daki!

Santxikorrotaren taldeak botere handia zeukan eremu hartan, eta azkenean errotarien semeari “Bardeako Erregea” esaten zioten.

Santxikorrota
Santxikorrotaren gordelekua

Matxinada eta heriotza

1451. urtean Bardea inguruan zeuden hainbat herritarrek bizi zuten egoera jasangaitza zen, gosea eta gaixotasunak zirela-eta. Jendea herrietatik atera eta bidean aurrera zihoazela jendea batzen joan zitzaien: Valtierra, Cadreita, Castejon, Arguedas, Corella, Cabanillas, Fustiñana… denak Tuterara bidean, gaztelu aurrean haien haserrea erakustera. Herriaren oihuei altzairuarekin erantzun zieten noble nafarrek, eta, Kepa Arburuak dioenaren arabera, lehen aldiz egun hartan erabili zen Tuterako gazteluko kanoia.

Joan II.a zen Nafarroako eta Aragoiko errege, eta berez aski nazkatua bazen bidelapurrez, ez zuen baimenduko matxinada baten atarian Santxikorrota bezalako norbait herritarren heroi bihurtzerik. 1452. urtean 200 zaldun inguru elkartu zituen, horietako asko arestian aipatutako Hesolaren Ermandadekoak, eta cascantearraren bila abiatu ziren Bardeara. Buelta asko eman eta gero aurkitu zuten, Radan, eta borrokaldi gogor baten ostean, inguratuta eta bakarrik zegoenean, Santxikorrotak nahiago izan zuen gerrian zeraman daga bihotzean sartu bizirik entregatu baino.

Erregearen soldaduek Santxikorrotaren gorpua inguruko herrietan paseatu zuten, eta azkenik bere hilotza Tuterako hiri zaharraren erdigunean zintzilikatu zuten, hegazti harraparien eta begirada beldurtien bazka izan zedin.

Hala bazen hala ez bazen, hori da kontatzen dutena, eta ez esan film bat egiteko moduko istorioa ez denik! Biba Santxikorrota!

 

Irudiak: “Sanchicorrota, Bandolero de las Bardenas” liburua

Santxikorrota
Santxikorrota
Santxikorrota
Santxikorrota

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

Zer duzu buruan “[Euskal Gaizkileak] Santxikorrota: aberatsei ezpata eta behartsuei errota”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude