Euskal falangearen berpizkundea?

Falangearen sinboloa - Francisco Javier Martin cc
Falangearen sinboloa - Francisco Javier Martin cc

Baina nolatan pintada falangistak euskaraz? Aingeru Epaltzak lehenago idatzi zuen honen inguruan eta ‘euskal fatxa’ hauekiko bere narda adierazi zuen zuzen eta garbi. ‘Euskal fatxak’ ? Baliteke. Agian tradizionalista napar euskaldunen ondorengoak? Oraindik badaudela pentsatuz gero; logika badu, baina, arraroa da antolatuta egote hutsa. Hori bai, zerbait argi geratu bada, pintada hauek antolatutako talde edo koadrila batek egin dituela da. Hau ez da (eta barkatu espresio arrunta) ‘herriko baboaren” azken artelana, ez noski. Goazen pixka bat errepasatzera kontua: Pintada falangistak euskaraz, Nafarroako iparraldean, tiroak eta sabotaiak gerra zibileko biktimen monumentuetan, amenazuak eta inor ez da izan harrapatua oraindik. Napar tradizionalisten ondorengoen hipotesiak indarra hartzen du.

Beno goazen eskemak apurtzera. Azkenak Oiartzunen (Gipuzkoa) agertu ziren azken aste honetan; batek “Gora España!” zihoen eta besteak aldiz “Vigilancia y terror falangista!”. Hauetan euskeraz “Gora” hori bakarrik idatzi zuten, gainontzekoa gaztelaniaz zegoen. Nafarroakoak guztiz euskaraz ziren ordea! “Il bear zate”, “Irabazi giñun ta irabaziko” (…) Nafar tradizionalista euskal analfabeto kastellanoak dira orduan ala? Euskaraz ondo idazten ez dakiten, gaztelaniazko alfabetatuak, baina, euskaldunak? Edo talde bat baino gehiago egon daiteke igual?

Gaztelaniaz esaten den bezala, “esto me huele a chamusquina”. Istorio guzti honen gauza positiboa da, norbait euskaraz idaztera molestatu izana da, hori bai txalotzekoa. Idatzi duenak, eta idatzitako erak (ortografia, gramatika…) ez du hainbeste txalo merezi. Aingeruk ondo dioen legez faxismoa edozein hizkuntzatan idatzita ere faxismo da. Nik nere konklusioa atera dut, nahiz eta, argi utzi nahi dudan, ez nukeela lepoa jokatuko. Badoa hordagoa: Pintada horiek Guardia Zibilak idatzi dituenaren susmoa dut, Patxi Lopezen garaipenak sortutako alegrantziak bultzatuta, Euskal Herriaren hispanitatea aldarrikatzeko asmoz idatzi zituztela uste dut. Gorbeako bandera, ejerzitoaren harrotasuna… kontestu horren barnean ikusita hipotesi sinesgarriena dela deritzot. Norberak atera ditzala konklusioak.

Ekaitza bainuontzi batean

3 pentsamendu “Euskal falangearen berpizkundea?”-ri buruz

  • Azkenaldian “caleborroca” honek izan duen berpizkundearen atzean halako antolakuntza bat dagoenaren uste osoa dut nik ere. Ez ditugu ezta ahaztu behar ezta azkenaldian bai Hegoaldean bai Iparraldean ematen ari diren bahiketa eta desagerpen kasuak ere, azken urteetan eman ez ziren eta orain errepikatzen hasi diren gertaerak denak.

    Nire iritziz Euskal Herriko indar espainolistek ez dute inoiz iniziatiba eta herritarren inplikazioa eragiteko ahalmen gehiegi izan. Ikusi besterik ez dago, azken hamarkadetan izan diren espresio espainolistak (Basta Yaren manifetik hasita GAL, BVE, etabarreraino) ez dira herritarren ekimen espontaneoak izan, Gobernuek edota beste aginpide batzuek zuzendu eta antolatutako planak baizik.

    Ez dakit, euskal auziari aurre egiteko estrategiaren aldaketa orokor bat sumatzen hasia naiz ni.

  • Ba nik ez dut uste hala denik. Guardia Zibilen pintadak normalki “Vais a morir” edo “Otegui maricon” izaten dira. Askotan akatsak ere izaten dituzte.

    Hauek ezberdinak dira, erreferentzia historikoak dituzte. Adibidez Arbizuko pintadetan “Otsaportillo 1936” jartzen zuen, erreferentzia argia Otsaportilloko kobatik behera botatako hamarnaka sakandarrei. Euskarak gainera badu Nafarroako iparraldearen kutsu bat. Eta Oiartzunen pintadak agertzea ere ez da oso arraroa, azken finean Goizueta-Lesaka ingurutik oso gertu dago.

    Nire hipotesia honakoa da: faxista hauek gutxi dira, baina Nafarroako iparraldean pixua duten nafar tradizionalisten seme-alabak edo eurak berak dira.

  • Nire ustez bi hipotesiak guztiz bateragarriak dira…