Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak

Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak –

Hernaniko Oronan EH Bilduk estatus berri baterako aurkezpena egiten ari zelarik, dokumentu osoa jaso genuen talde horretan izena emanda gauden guztiok. Igande euritsua izanik, irakurtzeko tarte polita izan nuen. Aitortu behar dut zenbait pasarte ondo ulertzeko zailtasunak izan ditudala, bertan erabiltzen terminologia, zein eduki batzuk biziki konplexuak baitira.

Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak

Proposatutako berrikuntza batzuk originalak eta eraldatzaileak iruditu zaizkit; beste arlotan, berriz, zalantza franko sortzen zait. Ezin ukatu Gipuzkoako ipar-ekialdeko txokoan bizitzeak lurraldetasunari buruzko beste ikuspegia ematen didala, ezin alboratu lau aiton-amonetatik hiru Nafarroa Garaikoak izanda, nahikoa arrotza egiten zaidala mendebaldeko hiru herrialdeetarako egokitutako proposamen politikoa .

Albait, begirada pertsonala sortzen duten norberaren ezaugarriak (ahal dudan neurrian) bere tokian jarriz, abstrakzio ariketa bat egiten saiatu naiz, eta halere, ez naiz eroso sentitu.

Euskal Estatu Erkidegoa terminoa interesgarria iruditu zait; ez hainbeste Autodeterminazio hitza ordezkatu nahi duen “erabaki eskubideak” . Arrunt garrantzitsua laugarren boteregune bat arautu nahi izatea (sozial-herritarra deiturikoa); iluna Foru Aldundiei buruzko aipamena. Indartsua munizipalismoari ematen zaion bultzaka; harrigarria Estatu espainiarrak konstituzioa gure onerako alda lezakeela aurreikustea.

Luze joko genuke atalez atal aztertuko bagenu eta luze joko du, hau guztiak irekita dagoen eztabaida baten hasiera baino ez da-eta. Horregatik, artikulazioaren azaltzen diren pasarte jakin batzuetan erreparatu beharrean, gaurkoan proposatutako ibilbideari kritika bat egin nahi nioke, ez dut uste-eta proposamenak “errealitate printzipioari” eusten dionik.

Proposamenak ibilbide ukan ahal izan dezan, gutxienez PNV edota Podemosen nolabaiteko konplizitatea beharko luke, eta egun, ez dago izpi txikienik ikusten. Aitzitik, bai PNV , bai Podemos, EHBilduren lehiakideak dira. Hau da, PNV eremu abertzalearen hegemoniaren alde ari da borrokan Ehbildurekin; Podemos ezkerreko eremua bereganatzeko. Hamaika aukera izan dituzte eta hamaika aldiz erakutsi dute. Batzuek eta besteek eremu politikoen hegemoniaren lehiari lehentasuna ematen jarraitzen duten bitartean, ezinezkoa izango da balizko haustura baterako elkarlana, izan ere, ez PNV ezta Podemos ere, ez dute inolako asmorik hausturarik egiteko.

Egungo egoeran, lehiakideak arerio politikoa estutzeko bidaideak izango direla pentsatzeak errealitate-printzipioa ukatzea dakar.

Bestalde, lehendik jakin arren, Catalunyan gertatutakoa ikusitakoan, Estatuarekiko aldebikotasuna lortzea eskuragarria dela esatea, ez da batere bideragarria. Akordioa, herri-galdeketa ezloteslea- negoziazioa– herri-galdeketa loteslea ibilbideak ez du biderik, gainontzeko indar politikoak bestelako joko batean ari direlako, besteak beste.

Euskal ezkerra soberanista eta independentista bakarrik dago. Bakarrik zegoen eta bakarrik dago. Catalunyan gertatutakoak beste talde politikoen kokapena baino ez du baieztatu.

Haatik, zorionez, Euskal Herriko nazio izaera onartzen duten ezkerreko eragileen indarra ez dago soilik politika profesionalen eremuetan. Joku-zelai horretan egungo egituraketa dela medio, beti galtzaile aterako gara. Aldarrikapen osagarriak, abiadura, maila eta tonua jaitsita ere, beste alderdi politikoak ez dira mugituko. Aldiz, hurbildu ahala, urrunduko dira. Horrela jarraituz gero, Ezker Soberanistak eta Independentistak mugimendu taktiko horretan, bere helburuen alde lan egin beharrean, besteen helburuen alde lanean jarduteko arriskuan dago.

Ezker Soberanista bakarrik dago, baina eremu soziopolitiko zabal hori osatzen duten eragileak eta pertsonak ez dira soilik alderdien eremuetan ibiltzen. Jendartearen sektore askotan, eta Euskal Herriko eskualde gehienetan ondo errotuta dagoen multzo kritikoa da.

Estatutu baten erreforma lortze aldera adina indarra ez badugu, askok galdetuko dute ea nola demontre pentsa genezakeen independentistok jauzi bat egiteko moduan gaudenik. Batzuek , berriz, uste dugu ezker soberanistaren eta independentistaren gihar soziopolitiko, eraldatzaile eta sortzailea aktibatzen dela urratsak eta jarduna gure helburuekin bat egiten dutenean. Gure indarrean konfiantza dugunean eta ispilu aurrean jartzen garelarik, gure burua ikustean, lan egiteko grina pizten zaigunean, goizero, egunero, asteburuero. Zerbait egiten ari da gaizki konpromiso politikoaren konpetentzia nagusia aisialdia bilakatu bada, zerbait egiten ari da gaizki herriz herri milaka eta milaka independentista elkartzeko gai eta aktibatzeko gauza ez bagara.

Jakin badakigu, aldaketa instituzional eta juridiko batzuk lortzeko aldebakarreko bidea baino ez dugula. Baina horrelako egoerara iristeko, aurretik egin beharreko beste aldebakartasunetik hasi beharko du ezker independentistak eta soberanistak bere ibilbidea.

Gure antagonistekin ezin dugu arerio politikoari aurre egin. Guk ezin diegu egin beraiek egin beharko luketen lana. Ezker Soberanista eta Independentistaren oinarri soziologikoa herri honetako sektore biziena da, eskuzabalena. Hainbat eta hainbat talde, sindikatu eta erakundetan antolatzeko gaitasuna duena eta indar-korrelazioa aldatzeko gogoa eta ahalmena duena.

Has gaitezen euskal herritar aske gisa jokatzen, Euskal Errepublikako herritar gisa pentsatzen eta aritzen, ekinez errealitatea aldatuz eta egituratuz, prozesu konstituziogile baten hastapenari ekin, Euskal Herri guztian ordezkaritza duten erakundeei lehentasun estrategikoa emanez.

Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak 
erkidegoa, estatua, estrategia independentista, euskal estatu erkidegoa, Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak
Patxi Azparren

Donostiarra Pasaiaratua.

3 pentsamendu “Euskal Estatu Erkidegoa eta aliantzak”-ri buruz

  • Nabari da Herriarentzat hil ala biziko izan daitekeen bidegurutzera iritsi garela. Euskaran, poltitikan, demografian, ekonomian. Inflexio puntu batean daude, mundua azkar eta bortizki ari da aldatzen eta etorkizunera begira laino beltzak besterik ez dira ikusten.

    Gure Herriak aurreko gizaldiko gatazken zama darama oraindik, lurreratu nahi/behar duen zama. Zama horrek, eskema zaharretan iltzatuta egoteak, ez digu kaltea besterik ekarriko aurrera begira. Eskema zaharren porrotaren isla da EHBilduren proposamen negargarria. Garai batean kontrabotere sozial indartsu bat zena, burujabetzaren sugarra bizirik mantendu eta berpizte kultural bat aurrera eraman zuena (bere akats eta guzti, ez gaitezen idealizazioetan gal), erabat asimiliatua izan den seinale. Eta milaka pertsona desengainu sentipenarekin, zure artikulua adibide gisa.

  • Bestelako herri bat behar dugun independentiston artean eztabaida piztu eta estrategia zehatz bati ekin beharra diogu urgentzia larriz.

    Ezker abertzalearen estruktura ofizialak lan esparru hori eskaintzeari uko egin dioenez niretzat ongi etorriak dira edozein forotan publikatzen den edozein proposamen pertsonal eta honi egiten zaion edozein kritika.

    Gora eztabaida.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude