Euskal Errepublikako elkartasun ekimenak

Euskal Errepublikako elkartasun ekimenak –

Hamaika elkartasun ekimen ospatzen dira asteburuero Euskal Herrian barna, gauza baten alde edo beste baten aurka. Pentsatzen jarri naiz irudikatzen dudan Euskal Herri independiente batean nolakoak lirateken elkartasun ekimenak…

Euskal Errepublikako elkartasun ekimenak
Arg: @goikodeustu (NAIZ)

Asteburu honetan 10.000 lagunek egin dute korrika Bilbon bularreko minbiziaren ikerketa sustengatzeko; horietaz gain, lasterka aritu den bakoitzarekin lagun bat, bi edo hiru joango zirela kontutan hartuta, jendetza. Ba 51.804€ bildu dituzte. Oasi baskoan mugitzen denarekin alderatuta, bost kuarto. Entzun dut Gasteizen AHT sartu al izateko gastatu beharko den diruarekin 32 ospital eraiki ahalko liratekela. Osasungintzan lan baldintzak ez dira primerakoak. Kontratazioak jaitsi dira, jende gutxik lehen gehiagok egiten zutena egin behar du; gazteak medikuntza, erizaintza eta osasuneko beste hainbat adarretan lizentziatu, eta ospa egiten dute, Osasun ikerketa eremua egoera prekarioan dagoela entzuten da maiz.

Euskal Errepublikan ez da egingo bularreko minbizia ikertzen duen taldea finantzatzeko lasterketarik. Finantzatuta egongo da, ez da beharko. Lasterketak, esaterako, futbol taldeek antolatuko dituzte, zaleak bildu eta ateratako diruarekin obrak egiteko haien estadioetan.

Kilometroak jaia ospatu da Zarautzen asteburuan, eta milaka lagun hurbildu dira ikastolak laguntzera. Errepublikan ez da halakorik izango. Zenbait lagunek “Kilometros” antolatuko dute Gipuzkoan, “Caminata” Bizkaian, “Étape populaire” Lapurdin, baita “Navarra camina” eta “Alava en castellano” ere. Bertan gaztelaniak eta frantsesak gure herrian izan duten eta daukaten ondare kulturala goraipatuko da, eman dituzten idazleak, zinema zuzendariak, dramaturgoak… eta lan guzti hori zaindu, zabaldu eta berritzen duten elkarteak finantziatuko dira ekimen horiekin. Errepublikako hezkuntza ministroa ospakizun guzti horietara joango da, eta hasieran garbi utziko du gaztelania eta frantsesa “denon altxorra” direla.

Gobernuak ez dizkie abokatuak ordainduko poliziei herritarrekin epaiketak dauzkatenean. Herritarrek bezala, haien defentsa ordaindu beharko dute, eta antolatu beharko dituzte lasterketak, afariak eta zozketa solidarioak. Poliziak bi aldiz pentsatuko du norbait kolpatu baino lehen.

Markel Olano errifak saltzen arituko da Beasaingo pintxo-potean, bere lagun batzuk angulak jatera gonbidatu nahi dituela eta. Fededunek telemaratoiak antolatuko dituzte ETBn, elizaren bueltako gastuei aurre egiteko. Gaixotasun arraroak dauzkaten umeen gurasoak ez dira itota arituko ekimenak antolatu eta antolatu haien Estatua atzean izango dutelako, eta Euskal Herrian autopista elektrikoak eraiki eta fracking ustiapenak egin nahi dituztenak sinadurak bildu nahiean ibiliko dira Herri Ekimen Legegile bat ateratzeko.

Errepublika independentean arazo handi bat izango dugu: hasieran ez dugula asteburuetan zer egin jakingo, hango edo hemengo ekimenetan parte hartu gabe. Baina lasai, ohituko gara.

Euskal Errepublikako elkartasun ekimenak
Euskal Errepublikako elkartasun ekimenak

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.