Euskal bideaz

Euskal bideaz

Azken aldian, Katalunian egiten ari diren independentziarako bidea, ulertzekoa den moduan, eragina izaten ari da gurean. Batzuk, han egiten den guztia goitik behera kopiatzearen aldekoak dira, beste batzuk aldiz, Kataluniakoa eredu bat dela baieztatu arren, norberak bere independentziarako bidea asmatu behar duela diote. Azkenik, badaude, bide ezberdina egin behar izate hori aitzakia moduan eusbiderabiltzen dutenak independentziaren kontrako norantzan doan bidea hartzeko. Azken hauetaz ez naiz arituko, oraindik orain ez baitaude euskal bide bat eraikitzearen alde.

(Jatorrizkoa Unai Apaolazak idatzi du, Lapiko Kritikoan)

Niri zaila egiten zait, Katalunian egiten dituzten ekimenak, hemen imitatu behar ditugun kategorikoki baieztatzea edo ezeztatzea. Egia da leku batean funtzionatzen duenak beste batean ez duela zergatik emaitza onik eman behar. Baina kontrakoa ere gerta liteke: Diada egunean egindako giza katea herrialde Baltikoetan egindakoaren imitazioa baizen. Kontua hortaz, beste leku batzuetako ekimenak probetxugarriak gerta litezkeen aztertu eta horrela izanez gero erabiltzea da. Ez dadila ez kopiatzearena ezer ere ez egiteko aitzakia bilakatu.

Baina ekintza konkretuez haratago, badaude bi irakasgai, gutxienez, beste prozesuetatik “kopiatu” beharko genituzkeenak: independentista berriak sortzea bata eta independentismoaren aktibazioa bestea.

Independentziarako estrategia eraginkor batek bi baldintza hauek gutxienez bete behar dituela iruditzen zait. Bete ezean, edozein estrategia ezinezko gertatzen baita, ezin da aurrera atera. Hortaz, subjektua zabaltzea eta aktibatzea estrategia independentistaren oinarri oinarrizko harriak dira. Baten batek ebidenteak diren baldintzak aipatzen ditudala esan lezake, eta hori esatea eta ezer ere ez esatea berdina dela baiezta lezake. Ez dut bat egiten baieztapen horrekin, iruditzen baitzait Euskal Herrian independentismoaren baitan dauden, diskurtso, korronte, joera… batzuk ez dituztela hain begi bistakoak omen diren baldintza hauek kontutan hartzen.

Joera hauek, independentismoaren mugak, murru sendo eta mugiezinekin mugatzen dituztenak dira. Diskurtso hauek, independentista potentzialen multzoa aldez aurretik mugatzen dute; euskal hiztuna, historia, bertan jaiotakoa… izatearekin mugatuz. Baina zer gertatzen da aurretiaz mugatzen den jende multzo hori jendartearen erdia izatetik urruti badago? Aldez aurretik onartzen dugula gure borroka politikoaren ezintasuna, aurretiaz onartzen dugula independentziaren inposibilitatea. Euskal Herrian nagusiki hiru sentimendu nazional ditugu. Independentismoa euskal sentimendu nazionalera mugatu al daiteke soilik? Ez dut naziotasunaren mugen inguruko eztabaidan sartu nahi; eztabaida antzua dela iruditzen baitzait. Antzua da, auto-mugaketa ariketa bat delako. Independentistoi ateak irekitzea dagokigu, saiatuko dira unionistak ate horiek isten.

Hemen, ez dezagun ahaztu, independentismo eraginkor bat sortzeaz ari gara; hau da, jendartearen gehiengoak independentzia nahi izateaz eta bide horretan aktibatzeaz ari gara hain zuzen ere. Ez “berezko” nazioa zein den eta “benetako” nazio horretakoak izan beharko luketenen “desbideratzeak” hereje eta kolaborazionista salaketekin “konpontzen” saiatzeaz. Nik ez dut batere zalantzarik zein independentismo mota artikulatu daitekeen postura horiekin: murriztuz eta murriztuz desagertzera joko lukeen independentismoa. Estatu bat lortzeaz ari gara, ez erabilgarritasunik ez duten granitozko egiak bilatzeaz. Arrakasta izan nahi badugu, Euskal nazioa eta subjektu independentista ezin dira berdindu.

Berdintze hau da abertzaletasunaren gaur egungo krisiaren azalpena. Krisiak kontraesanak azaleratzea ere badakar, hauek inoiz baino argiago ikustaraziz. Krisiak bi aukera mahaigaineratzen ditu; bata krisian sakontzea da, bestea aldiz, krisitik indartuta ateratzea. Lehenengo aukera, erreminta berdinekin jarraitzearen ondorioa da, bigarren aukera aldiz, lanabes berriak aurkitu eta erabiltzearen eusbide2ondorioa da. Esanak esan, subjektu independentista egituratzeko abertzaletasunak ematen dituen lanabesekin jarraitzeak, krisian gero eta sakonago hondoratzea dakar.

Abertzaletasunak (ulertu nafarzaletasuna ere) Estatua euskal nazioa “salbatzeko” bide moduan planteatu du, eta honek euskal nazionalismoa paradoxa batera eraman du: Badaki, adibidez euskara eta euskal kulturak aurrera egin dezan Estatua behar duela, baina euskal naziokoak sentitzen direnekin bakarrik ezin egituratu dezake Estatua lortzeko gai izango den independentismorik. Euskal nazioarekiko abegikortasun berezirik ez duten pertsonak ere independentista bilakatu behar direla konturatzen hasi da abertzaletasuna, baina dituen lanabesekin (nazioa eratzearen estrategia) ez da arazo honi aurre egiteko gai.

Independentismoa indartzeko esentzietara jo daiteke, baina horrek kontraesanak murrizteko balio lezakeen arren, subjektu independentista zabaltzea ekiditen du. Zeri eman nahi diogu garrantzia, independentista berriak sortzeari edo jada independentista garenok kontraesanik ez izateari?

Kontraesanak kudeatzea zaila da, baina kontraesanak ibiltzearen seinale dira, praktikarik ez duenak ez du esaten duenaren eta egiten duenaren arteko alderik. Botatako “egia” borobilak, praktikak karratu bihurtuko dituenaren beldurra dago guzti honen atzean. Kontraesanei beldur geldiarazlea diote askok. Eta ondorioz ez dira mugituko, ez dabiltza, eta pedalei eragiten ez diena erori egingo da, ez du helburu politikorik lortuko. Galtzaileen historian, kontraesanei beldurra zien mugimenduak dira protagonista. Non dago aterabidea? Bolibiako presidenteorde den Álvaro García Lineraren hitzetan, “kontraesana zamalkatzea” beste biderik ez dago. Kontraesanak geldiarazteko beharrean akuilatzeko erabiltzean dago gakoa hortaz.

Gorago esan dugun moduan bi baldintza (gutxienez) dira betebeharrezkoak prozesu independentista eraginkor baterako. Baina bi baldintza hauek ez dira elkarrekiko autonomoak, ez da lehenik subjektu independentistaren zabaltzea eta gero aktibazioa. Elkar elikatzen duten bi erpin dira. Prozesu independentista egokiro aktibatzeak sortuko lukeen polarizazioaren areagotzeak, independentista berriak sortzeko gaitasuna izango luke, eta honek, aktibazioa eta polarizazioa areagotuko lituzke. Elkar elikatze hau piztuko duen txinparta sortzea dagokigu hortaz.

Honetarako, aldebakartasunaren ideia independentziarantz begira erabiltzea(jartzea) ezinbestekoa dela iruditzen zait. Honekin ez dut esan nahi aldebakartasunetik Euskal Herriko jendartearen zati handi bat egiten ari den urratsak independentziarako bidean txertatzen ez direnik;ez, ikuspegi orokor batetik begiratuz gero, independentziaren (eta sozialismoaren) bidean eman diren urratsak direla baiteritzot. Baina oraingoz bederen, aldebakartasunez emandako urrats horiek ez dira independentziaren txinparta pizteko gai izan.

Hala ere, aldebakartasunak badu, nire ustez, oraindik sakondu ez den beste alde bat; desobedientziarena. Aldebakartasunak momenturen batean indarrean dagoen legea ez du errespetatu behar. Noiz egin hori? Nola? Hau da eztabaida nagusienetakoa. Baina galdera hauek sortu dezaketen ziurtasun eza inolaz ere ezin da jarduera ezaren justifikazio bilakatu. Martxan ez jartzeak heriotza dakar. Antonio Machadoren “caminante, no hay camino, se hace camino al andar” leloa oso egokia da kasu honetarako.

Krisiak, sinboloen inposaketek, etxegabetzeek, … nahikoa erregai ematen dute txinparta hori piztu eta zabaltzeko. Desobedientzia herritar/instituzionala izan daiteke hortaz giltzetako bat, baina beti ere eusbide3independentziaren oskol edo testuingurupean. Hau da, desobedientziak, independentzia eza agerian jartzeko gaitasuna beharko du izan.

Laburbilduz, euskal bide eraginkor batek, independentista berriak sortu eta aktibatzeko gaitasuna izan behar du. Zabaltzeko, orain arte subjektu independentista eratzeko erabili ditugun eta abertzaletasunak eman dizkigun eskema asko alde batera uzteko gaitasuna izan beharko dugu eta aktibazioa lortzeko, konfrontazioa (inteligentea) sortzea ezinbestekoa zaigu. Egoki bideratutako prozesu independentistak hortaz, diskurtso integratzailea eta ekintza apurtzaileak erabili beharko ditu.

Independentzia, Euskal Herriko jendarteari egin behar zaion eskaintza da. Ez da abertzaleei bakarrik egin behar zaien proposamena. Euskal Herrian bizi den oro hobeto bizitzeko posibilitatea da. Perspektiba honen garrantziaz konturatzen ez garen bitartean jai dugula iruditzen zait. Hobeto bizitze hori norberak identifika dezala nahi duenarekin (euskal herria euskalduna, jendarte justua, pentsioak kobratzea, ustelkeria eza, kalitatezko hezkuntza, lanpostu duinak…).

Gehiengoak independentzia jendarteko zati baten onerako bakarrik dela sinesten baldin badu, orduan ez da independentzia sekula etorriko. Hau da gainera unionismoak behin eta berriz independentistoi aurpegiratzen diguna eta unionismoak bere eraso ideologikoa egiteko behar duen erregaia. Unionismoa desiratzen dago independentzia partikularren defentsarekin justifikatu dezagun. Horrela bakarrik eutsi baitezake jendea bere lerroetan; independentzia jendarteko zati baten kontra proposatzen dugula esanez, alegia. Justifikatu dezagun hortaz unibertsalekin,hortxe baitago independentismoak zentraltasuna eskuratzeko giltza; hegemonia lortzekoa alegia. Independentiston bete beharra da independentismo erakargarri bat aurkeztea eta egia esan, Espainiaren deskonposizio egoera dela eta lana erraztu egin zaigu. Ez dezagun ikaragarri erraztu zaiguna gure akatsekin ikaragarri zaildu.

(Jatorrizkoa Unai Apaolazak idatzi du, Lapiko Kritikoan)

Euskal bideaz

euskal bidea, politika

ZuZeu-ko editoreek sarean aurkitzen dituzten artikulu interesgarriak, CC-BY-SA 3.0 lizentziapean.

9 pentsamendu “Euskal bideaz”-ri buruz

  • Chapeau edo Azpeitiko plazan esango duten moduan.. Olé Unai. Independentzia sinisten eta hil baino lehen EZAGUTU nahi dugunok, derrigorrez bide hau jarraitu behar dugu, bai edo bai, bestela jai daukagu.

  • MEndizorrotz 2013-09-21 20:30

    oso ondo, hori bera da EAJ aspaldidanik proposatzen eta defendatzen aritu izan dena…eta, hain zuzen, hori da Urkullu Lehendakariak esaten duena. ZEr da ba, bestela, Legebiltzarreko taldeek adostu behar dutela zer nahi dugun EAE-ko euskal herritarrok? Hemen kontua da, zenbaitek urte luzez proposatutako bidea izan dela beste bat; sinetsiarazi izan diote hainbat herritarrei bide militarretik posible zela horrelakorik lortzea…eta gainera, 7 lurraldetarako independentzia eta une berdinean!
    Horrez gain, traidoretzat, espainoltzat, autonomista epeltzat hartu izan dituzte hori horrela ezin daitekeela egin defendatu dutenak.
    Eta total, azkenean, EAJ-k (eta ez EAJ-k bakarrik baizik eta beste alderdi abertzale batzuek, esaterako ibarretxeren Proposamenaren garaian EA, Aralar) baita ere defendatutako bidera, hau da, bide demokratiko eta politiko soilera etorri behra izan dutela.

  • Arrazoi osoa duzu MEndizorrotz. EAJ eta Bildu txanpon beraren bi aldeak dira. Bide demokratiko ( inperialismoa ez da esistitzen eta arazoak hitzeginez konpontzen dira ) eta politikora ( Espainia eta Frantziaren bortxa zilegia da) aspaldi elkartu ziren.

  • Gu bai, gu zuzen genbiltzan (orduan eta orain) eta haiek oker, aluak!!. Bata eta bia biek ere epel hutsak…Nirea da arrazoina, nirea bide jatorra, zuzeneko bidea eta zuzen-bidea…
    –Aizu, gustura eginen nuke zuk proposatzen duzun bide zuzen/zuhur/egiazkoa. Nik ez jakiki, ordea, zein den bide hori !! Argittu nauzu.

    • Gaizoa zu, argia nonbaitetik iritsiko zaizula sinesten duzun hori. Mundu puta honetan norberak bilatu behar du lokatza artetik bizirik ateratzeko bide zuzen/zuhur/egiazkoa. Gaur bertan has zaitezke lan horretan. Ez etsi.

      • Neuk bilatu? Baita zera ere. Engainatuta naukate…garbi ez dakit zeinek baina: EAJk edo BILDUk, ez dakit, egia esan….ustel horietako baten batek, beti ere.

        Argi pixko emaidazue zuek, azterketa politiko zorrotz eta fin eta jatorrak egiten dituzuen horiek, mesedez !!! Zein da bide zuzen/zuhur/egiazkoa herri hau askatzeko? Horrexen eskean naukazute. Ez duzue bada sekretupean izanen zuen alternatiba…

        Bihar ere…argituko du, bizi denarentzat. Gau ona izan.

  • Bildu-ri oso ondo etortzen zaio Pnv-ren “azken espainolada”… Biak erretroalimentatzen dira erakusteko nor den independentistagoa. Bitartean batek eta besteak ez dute ezer eskaintzeko herriari independentziaren bidean. Baina haientztat, hori bost axola, asuntua da nola jarraitzea herriari engainatzen eta haien txiringitoak mantentzea. Bakoitza aurkezten da bestearen aurrean irtenbidea bezala haren inepziaren aurrean. Dagoen egoerarekin Espaina mailan… biok autonomismoaren sub-politikan sartutak. Behar bada “hurrengorako” aukeraren zain daudela…

  • MEndizorrotz 2013-09-23 13:15

    Hemen dator Freud, herriaren izenean hitz eginez, herriari zer eskaini independentziaren bidean-eta! hasteko herria, zein herri, zein da zure herria edo zer/nor gara herria? Zuk al daukazu alderdi politikoek baino zilegitasun handiagorik herriaren izenean hitz egiteko? Zuk eta biok herria osatzen dugu beste milaka lagunekin batera…eta ez dugu denok berdin pentsatzen. Zergatik ez duzu zuk planteatzen eta zabaltzen zein den zure proposamena independentziarako bidean…agian argituko gaituzu eta konbentzituko gaituzu zure independentziaren aldeko bide irmo eta garbiarekin…esaiguzu, arren!!!!

  • Zu eta ni ez gara gu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude