Euskal bidea eta Vía Catalanari buruzko hitzaldia izan zen ostiralean Zumaian

Euskal Bidea eta Vía Catalanari buruzko hitzaldia izan zen ostiralean ZumaianRicard Vilaregut (CIEMEN fundazioa) eta Pello Urizar (EH Bilduko legebiltzarkidea) egon ziren gonbidatu gisa Zumaiako EH Bilduk antolatutako solasaldian. Lehenak, Katalunian gaur egun pil-pilean dagoen prozesu soberanista aztertu zuen eta bestalde, EAko idazkari nagusia Euskal Herrian bizi dugun egoerari buruz mintzatu zen.

Vilaregutek oso azterketa sakona eskaini zion Katalunian erabakitze eskubidearen inguruan ireki den prozesuari eta hiru faktorea azpimarratu nahi izan zuen. Lehenik eta behin, Estatuak bizi duen lurralde krisia eta horren aipamen gisa erabili zuen Kataluniako Estatutuak Auzitegi Konstituzionalarengandik jasan zuen erasoa. Ondoren, gaur egungo krisi ekonomikoaren eraginez Katalunian zerbitzu sozialak jasaten ari diren murrizketak salatu zituen. Azkenik, Estatua jasaten ari den ordezkaritza krisia goraipaitu zuen Kataluniako gizarteak Trantsizioaren diseinua babesten ez duela azpimarratuz.
Independentismoa Katalunian izaten ari den gorakada argudiatzeko, gizarte zibilaren papera goraipatu zuen ANC eta Omnium eragileen garrantzia azpimarratuz. Proiektu independentista gaur egun Katalunian dagoen proiektu itxaropentsuenean bihurtu dela aipatu zuen diskurtsoaren garrantzia nabarmenduz. Izan ere, diskurtsoa hiru ardatzetan sailkatu dela adierazi zuen: batetik, ardatz historikoa Kataluniak duen nazio izaera aldarrikatuz. Bestetik, ardatz demokratikoa Kataluniaren etorkizuna guztien artean eraikiko duena eta hizkuntza desberdinak kontuan hartuko dituena. Azkenik, ardatz ekonomikoa aipatu zuen Kataluniako herritarrak independentziarekin bizimodu hobeagoa izango dutela konbentzitzeko helburuarekin.

Bestalde, Gasteizen EH Bilduko legebiltzarkide eta EAko idazkari nagusi den Pello Urizarrek Euskal Herrian soberanismoak bizi duen egoerari buruz hitz egin zuen. Eskozia edo Kataluniako eredua hautatzerakoan, Estatuarekin inolako akordiorik lortu ezean aldabakarreko independentzia irtenbide bakarra litzatekeela defendatu zuen Ibarretxe planaren testuingurua gogora ekarriz.Aparatu juridikoen lana kritikatu zuen Kataluniako kontsulta legea nahiz eta legediaren barnean egon, auzitegiek beste interpretazio bat egiten dutela salatuz. Euskal Herrian Katalunian zabaldu den prozesua zabaltzeko eragile sozialek lan piloa egin behar dutela eta herriak bere bidea egin behar duela azpimarratu nahi izan zuen buruzagi abertzaleak.

“Hamaika arrazoi independentziarako” izeneko solasaldi hau, Nerea Eizagirre zumaiarrak gidatu zuen eta hurrengo hitzaldia elikadura burujabetzari buruzkoa izango da azaroaren 19an.

Iñigo Tumas

Komunikazio graduko ikaslea Deustuko Unibertsitatean

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude