.eus domeinua 2013an jar daiteke martxan

.eus2013tik aurrera, euskarak eta euskal kulturak presentzia handiagoa izango dute interneten. ICANN erakundeak, interneteko domeinuak erregulatzen eta kudeatzen dituen erakundeak, domeinuen erregistrorako irizpideak aldatu ditu eta domeinu berriak eskatu ahal izango dira -edozein idazkera eta hizkuntzatan-, .eus domeinua adibidez.

Eusko Jaurlaritzak PuntuEus elkartearen proposamena bultzatu du eta .eus domeinua eskuratzeko behar diren baliabide guztiak jartzen ari da haien esku.

EAJren arabera, ekimena “aukera bikaina da bai Euskadirentzat eta baita euskal kultura, gizartea, eta enpresentzat, geure presentzia interneten sustatzeko”.

Orain domeinuak eskaintzeko irizpideak malguagoak direla, “Eusko Jaurlaritzak .eus domeinua eskuratzeko dituen aukerak handiagoak dira”, adierazi du Idoia Mendia Herri Administrazio eta Justizia sailburuak. Dena dela, eskaeraren ebaluazio prozesua luzea da, eta guztia ondo badoa, 2013 hasierarako lortuko dute .eus domeinua.

Hizkuntza bat, domeinu bat

2005ean onartu zuen ICANNek hizkuntza eta kulturen komunitateei lotutako lehen domeinua: .cat, hizkuntza eta kultura katalanaren Lehen Mailako Domeinua. .cat domeinuak aurrez domeinuen sailkapenean existitzen ez zen domeinu izaera bat sortzea ahalbidetu zuen eta, modu horretan, hizkuntza eta kultura komunitateen identifikaziorako tresna bilakatu ziren Lehen Mailako Domeinuak.

Katalanen bideari eutsiz, PuntuEus elkarteko kideek 2008tik daramate borrokan euskarak interneten tokia izan dezan. Edonork sina dezakeen atxikimendu bat prestatu zuten beren webgunean, ICANNi .eus domeinua eskatuz, eta milaka internautak eta erakundek (AEK, EiTB, Ikastolen Elkartea…) sinatu dute dagoeneko.

Lehen Mailako Domeinuak (jatorria: www.puntueus.org)

TLDak (Top Level Domain) Lehen Mailako Domeinuak dira, Interneteko helbideetan azkeneko puntuaren ondoren datorren zatia, hain zuzen.

Bi multzo nagusitan bana daitezke: Estatu-kodeak (ccTLD) eta orokorrak (gTLD).

  • Estatu-kodeak (ccTLD): NBEk Estatu kontsideratzen dituen herrialdeen Lehen Mailako Domeinuak dira. Adibidez: .it, .co, .uk, etab.
  • Orokorrak (gTLD):
    • Historikoak: Internetekin jaio ziren domeinu izenak dira, .com (komertziala), .net (interneteko zerbitzuak) eta .org (irabazi asmorik gabeko erakundeak), esate baterako. Hasiera batean erabilera zehatz baterako sortuak izan ziren arren, egun erabilera orokorreko bilakatu dira.
    • Ez babestuak: historikoak izan gabe, komunitateenak ez diren domeinuak dira, adibidez: .biz (negozioetarako, businessetik dator), .name (pertsonentzat), .edu (hezkuntzarako), .mil (militarra) edo .pro (profesionalentzat).
    • : komunitateek babesten dituzten domeinuak dira. Komunitateak eskatzen du eta komunitatea da domeinuaren administrazioaren eta kudeaketaren arduraduna. Multzo horretan sortu dira .museum (museoen komunitatearena), .aero (aeronautika munduari lotua ] eta .cat (hizkuntza eta kultura katalanaren domeinua), esaterako.

Azken multzo horretan, Lehen Mailako Domeinu babestuetan, alegia, dago .eus domeinua. lcTLD (Language and Culture TLD) bat da.

UDAZKEN KOLOREAK