92 pausu .EUS domeinua zabaltzeko bidean – ZuZeu.eus

.EUS fundazioak domeinua erabiltzen hasiko diren 92 erakunde aitzindariak aurkeztu ditu. Horrenbestez, apirila amaieran domeinua martxan jarri ostean bigarren pausu handia eman da, euskal kultura eta euskaldunak interneten bilduko gaituzten hiru hizkiek gidatuta: .EUS

.eus

Iratxe Esnaola .eus fundazioko kideak azaldu duenez “92 entitate hauen artean ematen den maila guztietako aniztasuna .EUS Domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena da”. 92en artean dira: 9 enpresa pribatu, 23 erakunde publiko, 14 hedabide eta kulturgintzaren esparruko 46 erakunde.

ZuZeu aitzindarien artean

ZuZeu ere 92 aitzindarien artean da, sareko euskal komunitatearen bilgune izango den domeinuak gure parte-hartzea, babesa eta estimua merezi duela uste baitugu. Eskerrak eman nahi dizkiogu halaber, .EUS fundazioaren baitan lanean aritu diren guztiei. Dagoeneko, zuzeu.eus aktibatuta dago  eta bertan sartuz gero zuzeu.com-era berbideratuko zaitu. Gurera etortzeko domeinu berria erabiltzeko gonbita egiten dizugu.

.eus

Hurrengo fasea: abiarazte-aldia

Aitzindarien fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko da. Esnaolak argitu duenez “abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izango dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Gaur esan dezakegu, abiarazte-aldia zehazki irailaren 16an hasi eta azaroaren 18an bukatuko dela”. Denbora tarte horretan eskatzen diren .EUS domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean.

 

“.eus” domeinua, Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatearen Interneteko lehen mailako domeinua da. Bere helburua euskara eta euskal kultura sustatu eta Euskara eta Euskal Kulturaren Komunitatea kohesionatzea da. “.eus”, hortaz, tresna bat da, euskara beste hizkuntzen mailan kokatzen duena, euskararen normalizazioan lagunduko duena eta euskararen herriari nazioarteko aitortza eskaintzen diona.

.eus domeinuaren proiektuak 2007an eman zituen lehen urratsak eta 2008an puntuEUS elkartea eratu zen.

2008tik 2012ra zabaltze prozesuan egon da eta guztira 58 elkarte eta erakundek osatzen dute puntuEUS elkartea. 2012an, ekarteak puntuEUS Fundazioa sortu zuen eta azken hau izan zen ICANNen aurrean 2012ko maiatzean “.eus” domeinuaren eskaria aurkeztu zuena. Eskari hori ebaluatu eta 2013ko ekainaren 14an jakin genuen .eus domeinua onartua izan zela. Eta martxan jartzeko beharrezko lanak bukatu ondoren, 2014ko udaberritik ikusgarria da .eus domeinua Interneten.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.