Europa baliabideak alferrik galtzen

zaborraIrailaren 20ean ezagutzera emandako baliabide efizientziarako bide orrian, Europak baliabideak alferrik galtzearekin daukan arazoa agerian geratzen da eta Zero Zabor helbururantz gerturatzen dituen proposamenak egiten ditu.

Adin batetik beherakoak garenok, txiki-txikitandik, hondakinak suntsitu beharreko arazo zikin bat bezala ikusten ohitu gara. Euskal hiriburu batetako hondakinen tasan azaltzen den testuak ikuspegi hori garbiki islatzen du. Honela dio erreziboan azaltzen den kontzeptuak: Zaborrak bildu eta suntsitze zerbitzua. Curriculumean urte gehixeago dauzkatenek, mentalitate aldaketa hori ikusteko parada izan dute. Gerra ostean, baserri munduan… baliabideak mugatuak izan dira eta alferrik galtzen uztea kirtenkeri hutsa dela garbi zeukaten. Kalean bizi zen jendeak ere “txerrijana”, janari kondarrak alegia,  gordetzen zituen, esnea eta beste produktuak saltzera jeisten ziren baserritarrei emateko.

Gauzak aldatzen joan ziren. Eskasia nagusi zen egoeratik, mugarik gabeko hazkundea eta horri eusteko kontsumismoa bultzatzera igaro zen. Eta produktuak eskuratzea erraztu zelarik, hauekiko jokaera arduratsuaren kontzentzia galdu zen. Baina arazoa ahazteak ez du esan nahi arazoa ez dagoenik. Gainera arazo berria sortu zen aldaketa zentzugabe horrekin. Zaborra barra-barra sortzen hasi zen.  Zaborra barra-barra batetik, eta geroz eta eskaera handiagoa, geroz eta baliabide gutxiagorako.

Txina, India eta Brasil bezalako herrialde erraldoietako herritarrak gure kontsumo mailara berdintzen ari direla, baliabideak geroz eta eskasagoak dira eta zabor pilaketa handiagoa. Europak lehengai mordoa inportatzen du, baina inportatutakoa “bildu eta suntsitzen” jarraitzen duenez, arazoa geroz eta nabarmenagoa ari zaio gertatzen. Eskuratutako baliabideei gure ekonomian eutsi behar diegu. Eta horrek esan nahi du zaborra bildu eta suntsitzetik, hondakinak bildu eta birziklatzera pasa behar dugula. Eta produktuen bizitza luzatzeko, berrerabiltzeko diseinatu behar ditugula, era berean, berrerabiltzeko produktuetara egokituko den salerosketa katea antolatuz.

Arazoaz jakitun baldin bagara, ezin dugu onartu sasi-irtenbiderik, elite ekonomiko txiki batek egungo egoeran aberastu ahal izateko negozioa eraikita daukalako. Zero zabor eredua europa osorako garatzea ezinbestekoa da. Eredua badago, arazoaren berri ere bai. Borondate politikoaren bila hasi beharko dugu. Erreportaian aipatzen den 2050 urtea oso urrun dago. Ez dago horrenbeste itxoin beharrik.

Euronews-en gaiaren inguruan botatako erreportaia ikusteko hemen sakatu

Gipuzkoa Zero Zabor-en web orrian ikusteko

Euskal Herrian materialen kudeaketa arrazional eta iraunkor baten alde, hau da, Zero Zabor ereduaren alde eragiteko elkartea.