Euriaren dantza (Garoña eta presoak)

Euriaren dantza –

Ura da guztiaren funtsa, oinarria eta ardatza. Ura, ala ezereza. Urak ez du ibilbide lineala, ziklikoa baizik, eta mila formetan agertzen zaigun jainko eta bizitza iturri ahalguztiduna da: izotza, errekak, iturburuak, eta nola ez, euria.

Euriaren dantzaEuriaren funtsezko premia internazionala da, eta garai batean, munduko zoko ezberdinetan, modu berean erantzun zitzaion lehorteek zekarten etsipenari: euriaren dantza asmatu zuten zenbait kulturetan. Euri-dantza euriari dei eginez uzta oparoak biltzeko egiten zen. Egipto zaharretik hasi eta XX. mendeko Balkanetan ere ezaguna omen da, nekazaritza-giroko kulturetan batez ere. Hollywoden eraginez, dantza hau aipatu eta Ipar Amerikako jatorrizko herriak datorzkigu burura; Siouxek, adibidez, ur-ontzi baten inguruan lau aldiz egiten zuten (dute?) dantza, lurrera botatzen zuten beren burua, eta ondoren ontziko ura edan.

Zientzian sinesten dugunok edozein baliogarritasun ukatzen diogu euriaren dantzari, normala den bezala. Baina praktikatzen zutenak itsu-itsuan sinesten zuten metodologia honetan. Zergatik? Azkenean euria egiten zuelako. Hiru hilabeteko lehortea bazegoen, siouxek hiru hilabete igaroko zituzten dantzan, eta azkenean, egun loriatsuren batean, ura jauzten zen hodeietatik behera. Euriaren dantzari esker? Ba ez, euria egin behar zuelako, eta kito.

Lemoiz gelditu egin zen. Gelditu. Stop. Gaia ezagutzen duenak badaki zergatik.

Euriaren dantzaGaroña gelditu al dugu? Baieztapen hau entzun diot asko errespetatzen dudan jendeari, baina umiltasun osoz, nik ez daukat hain garbi. Ez diot inongo pisurik kendu nahi herri mugimenduari, azken hamarkadetan erakutsi duen kontzientzia, konstantzia eta batasunarengatik goraipatu besterik ezin da egin. Baina zintzoki: herri mugimenduak sortu al du zentrala ixteko adinako indar harremana? Espainiar ministroak esan du pisu handia izan duela alderdi guztiak Garoñaren aurka izatea (ez ditu herritarrak aipatu), baina funtsezko arrazoia jarraian eman du: jada ez da errentagarria. Irekita jarraitu ahal izateko egin beharko litzatekeen inbertsioa ondoren bueltan jasoko lirateken mozkinak baino handiagoa da. Hor dago gakoa. AHT-ko obrak arrazoi ekonomikoengatik bertan behera utziko balituzte ez dakit oso zilegi litzatekeen “AHT gelditu dugu” esatea. Poztea bai, noski, baina domina jartzea ez.

Bestalde, Hatortxutik, euskal presoen aldeko jaialditik, pasa nintzen aurreko astean. Giroa eta antolakuntza izugarriez gain, igande gauean indarberrituta eta ilusioz gainezka itzuli nintzen, jende oso ezberdinarekin (politikoki) hitz egiteko aukera izan nuelako, eta preso eta iheslariak kalera eta etxera ekartzeko batasun beharra argi ikusten dela baieztatu. Astelehenean Kepa del Hoyoren heriotzaren berri izan eta berriz ere hankak lurrean jartzea tokatu zaigu, fite.

Euriaren dantzaAzken hiru urteotan hiru preso hil dira kartzelan; bide batez, bi galdakaoztarrak (espetxearen eraginez kalean hil direnak ahaztu gabe). Estatua hormaren aurka jartzeko moduko indar harremana sortu nahi badugu, hiru gauza behar ditugu: batasuna, batasuna eta batasuna. Banaketa ardatza bat eta bakarra izan dadila: errepresaliatuak kalean ikusi nahi ditugunak batetik, eta besteak, bestetik.

Horrela jarraitzen badugu, agian norbaitek, 2047. urtean azkeneko presoa ateratzen denean “etxera ekarri ditugu” esango du; eta aizu, akaso euria egitea tokatzen dela besterik ez da.

Euriaren dantza

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.

4 pentsamendu “Euriaren dantza (Garoña eta presoak)”-ri buruz

  • Sineskerien artean zientzia. Sistemaren erlijioa

  • ganbaratxotik 2017-08-03 21:07

    Beñat, nere ustetan herri ekimena agian ez da izan arrazoi erabakiorrena baina lagungarri suertatu dela ez dut bat ere zalantzarik. Arabako alderdi GUZTIAK zentralaren aurka jartzea ez da txantxa. Irudipena daukat gure aldarrikapen eta borrokak epaitzeko garaian zorrotzegiak garela. Esan nahi dut ezen, urte luzeetako borrokak halako edo bestelako helburua lortzeko eta etengabe azpimarratzen badugu ez dugula helburuaren 100%-a lortu, alferrik gabiltzanaren ondorira heltzea eta etsipena ekar dezake errez. Horregatik bai Garoña zein bestelako ekimenen balantzeetan lortu ez denarekin batera, txikiak izan arren lortutakoak ere aipatzea ezinbestekoa dela deritzot, ahalik eta modu objetiboenean.

  • – Beno, Asier, hasteko neronek esaldi bat gaizki erabili dut: “Zientzian sinesten dugunok…”. Zientzia eta sinesmena kontrajarriak dira. Ekaitzak ez dira gertatzen Mari eta Sugaar larrutan ari direlako, fenomeno metereologiko bat delako baizik, horraino; ez naiz Dollyren klonazioa babesten ari.

    – “Ez zuela nahi, ez zuela nahi, atean atzean ez zuela nahi, ganbaran bai”. Eta ganbaratxoaren ganbara hotsa entzutea plazera beti. Maiz gertatzen zaigun bezala, ez nago desadoz zurekin. Herri ekimena ezinbestekoa da beti, eta horretarako edozein borrokak planteatzen dituen bi dimentsio bereizi behar ditugula iruditzen zait: borrokak sortzen duen metaketa batetik, eta borrokaren efizientzia bestetik.

    Ea garbi azaldu dezakedan. Militante oso konprometituz osatutako talde txiki batek bere ekintzen bitartez proiektu bat geldiaraziko balu, efizientea izango litzateke, proiektua gelditzea lortuta. Baina Herria, gehiengoak, ez badituzu atzetik ekartzen, ez dago bermatuta proiektu hori geldirik egotea. Euskal Herrian, oraingoz, gehiengoa statu quoak dauka. Solidarioek lortu zuten Itoiz majo oztopatzea; baina Nafarroan gehiengoa zena zen, eta azkenean ezarri zuten.

    Herri mugimenduaren erronka nagusietakoa da gehiengoak sortzea; horrek ez du esan nahi zilegitasuna beti gehiengoak ematen duenik, ojo, baina bai berme handi bat. Baina behin hori lortuta zer? Adibidez, euskal jendartearen gehiengo zabala dago Garoñaren aurka, besteak beste, eta gehienbat, herri mugimenduari esker. Baina hala eta guztiz ere hor egon da zentrala orain arte, errentagarria izateari utzi arte.
    Frantziar produktuen aurkako boikotak ahalbidetu zuen estatu frantziarrak jarrera aldatzea errefuxiatuekin, tarte batean, bederen. Garoñaren aurka gehiengoa egon arren, Madrilek inposatu du; dispertsioaren aurka gehiengo izan arren, Madrilek inposatzen du. Gipuzkoako Aldundiak ez du jakin ere egin nahi zein den herritarrek erraustegiarekiko daukaten iritzia. Behin horra iritsita non dago presio puntua? Jakin arren gehiengoak dauzkazula (edo ez), nola behartu beste aldekoa atzera egin dezan?
    Horregatik diot “Garoña gelditu dugu” esatea ez zaidala zuzena iruditzen; gehienbat akats larri batera eraman gaitzakeelako: erraustegia ere horrela gelditu daitekeela. Bi era daude: erraustegiaren aurkako alderdiek botere instituzionala fite eskuratzea (ez da gertatuko epe motzean) edo sakatu beharreko presio botoia zein den asmatu.

    Ondo izan

  • Zaila da gero mugimendu sozial baten eragina neurtzea aldaketa sozialen aurrean. Teoriko asko dabil formula horren bila: zelan neurtu mugimenduen eraginak? Borroka zehatz eta ukigarri batzuetan akaso posible da; gehienetan, ostera, ez. Zerk geldiarazi zuen Lemoiz adibidez? Jardun armatuak, mobilizazioak, eliteen arteko balizko interes kontrakarriak? Ez dakit, seguru asko denen arteko nahasketa gehi beste faktore batzuk seguruenik, eta berdin Garoñarekin, euskararen garapenarekin eta abarrekin.

    Horrek ez du esan gura mugimendu sozialen lanak ez dakarrenik ezer. Nire ustez kasu horietan (eta beste hainbatetan) mugimenduek lubrikatzaile lana egiten dute, gizartearen parte baten iritzia nagusitu dadin erraztu egiten dute.