Eurak balekite…

Gaur Xixili, Zezilia edota Zezili eguna dugu, musikarien eguna alajaina -zorionak guztioi eta mila esker bizitza gozotzeagatik!-, eta musikaz pentsatzen ibili naiz autobuseko bidaian, beste zereginik ez dut izaten eta…

Musika oso garrantzitsua dela deritzot, nik neuk ez dut nire egunerokoa doinurik gabe imajinatzen. Goizetan musikarekin esnatzen naiz -abestiak jartzen baititut alarma gisa-, esnatu bezain laster irratia piztu eta musika jartzen dut, autobusean sartu eta jarraian mp3a janzten dut, lanera iritsi eta musika izaten dugu egun guztian zehar…Egun guztia pasatzen dut beraz, bizitzako pasarte bakoitzari doinua jartzen.

Partitura bat, Jon Ibañez musikari eta lagunak prestatua

Imajinazioa pizten dit, lurretik milioika urtetara dauden munduetara iritsiaz askotan. Ingurukoa ahazten dut, musika, pentsamenduak eta ni bakarrik geratu arte. Isolatu egiten naiz. Alaitu triste banago eta gehiago poztu alai egonez gero. Lasaitu urduritasunean eta animatu erdi lo egonda. Burua blokeatzean gauzak argiago ikusten ere laguntzen dit.

Entzuna da gainera, gaixotasun fisiko zein psikologikoetarako terapi bezala erabili ohi dela, musikoterapia deritzoten horretaz ari naiz. Ugariak dira terapia mota horren inguruan egindako eta egiten ari diren ikerketak, eta horien arabera estresa, depresioa, buruko mina edota antsietatea sendatzen laguntzen du musikak, besteak beste. Burmuina da gure gorputzak izaten dituen erreakzio guztien gidari, hura baita horri seinale edota aginduak bidaltzen dizkiona, eta musikak burmuinaren agindu horiek eratzera laguntzen ei du.

Hortik dator, baita ere, haurdunaldian tripan musika jartzeko gomendioa, jaiotzear dagoen gizakitxoaren burmuina hobeto eratzen laguntzen duela esan da eta.

Gaur goizean autobusean musika entzuten nindoala mp3an dauzkadan estilo ezberdinez pentsatzen jarri naiz, rock, folk, pop edota reggae estiloak nahasten baitira ene aparailu elektronikoan. Eta orduan, talde zein bakarlari ezberdinak elkarrekin imajinatzen hasi naiz. Beberen abesti bat bukatu eta Josu Bergararen bat hasi da jarraian, Bob Marleyren bat gero eta Lauryn Hill ondoren, Rihannaren ahotsa entzun dut minutu batzuetan zehar eta McOnak taldearen abesti bat azkenik, bidaia borobiltzeko. “Eurak jakingo baeben noren albuan daozen nire mp3an…” pentsatu dut nire barrurako.

Barregarria da, eta imajinaezina, agian, beraientzako. Baliteke beraien idoloren baten aurretik “jotzea”, edota gehien gorroto duten baten atzetik…Baita sekula horien izena entzun ere egin gabe kutxatxo batean batera egotea.

Orduan denak batera irudikatzen saiatu naiz, zaila da ordea, horren ezberdinak diren musikariak batera egotea, oso posible, baina, gure pilula kaxetan batzea…

P.D. Sarrera hau Jon Ibañez musikari eta lagunari eskainia dago, blog honetarako espreski argazki bat atera eta bidali didalako ;)

Ahantzi edadeak - Kazetaria eta sare sozialetan aditua. Hara eta hona bideak egiten. Batzutan geldi, baina ez gehiegi. #Umorea #Blogak #Euskara