Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semea

Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semea –

Uztaritzeko semea, abertzale eta euskaltzale sutsua, nazien okupazioaren aro gaitzean bizi izan zena. Alemaniar agintariekin mintzatu zen eta horren bitartez, hainbat abertzaleren bizitza salbatu ahal izan zuen.  Aliatuek gerla irabaztean, frantsesek Goienetxe preso hartu eta kolaboratzaile izan zelakoan presondegian sartu zuten.

1.- Politikan egin zituen urratsak.-

Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semeaEugène Goienetxe Farnie Uztaritzen sortu zen 1915eko ekainaren 15ean. Historia ikasketak Baionan eta Parisen egin zituen. Baionako ikastetxean ikasten ari zelarik, Iparraldean sortu berria zen Aintzina talde abertzalean sartu zen eta haien aldizkarian maiz idatzi zuen. Aldizkariaren bitartez Hegoaldeko abertzale ainitz ezagutu zituen: Aitzol, Antonio Labaien, Ixaka Lopez Mendizabal, Jose Antonio Agirre… eta horien eraginez, 1933an, hamazazpi urte zituela, Euzko Alderdi Jeltzalean sartu zen. Hegoaldean gerla zela eta, Euzko Jaurlaritzaren alde lerrotu zen, eta espainiar faxistek gerla irabaztean, Hegoaldeko euskaldunak ihesean Iparralde aldera pasatzen hasi zirenean. Eugènek parte handia hartu zuen euskal iheslariak laguntzeko eta aterpetzeko sortu zen mugimenduan.

Bigarren Gerla Handiaren garaietan euskal abertzaleek, Europako gainerako guttiengoetako nazionalistek bezala, hautatu beharra izan zuten batzuen edo besteen artean. Europa osoak pentsatzen zuen alemanek gerla irabazi behar zutela, eta orduan, ezinbestekoa zen haiekin ongi moldatzea euskaldunendako egitura politiko berriak atzeman ahal izateko. Frantsesekin eta espainiarrekin bide hori arras agortua zen. Eztabaida handia izan ondoren Iparraldeko abertzaleek irabazlearekin egon behar zela erabaki zuten. Haatik, egoera politikoa garbi ez zegoela eta, batzuk alemanen alde lerratu ziren eta besteak aliatuen alde, eta bi bideetatik ahalegindu ziren euskaldunak laguntzen. Jakin badakigu, izen eta abizenekin, ainitz izan zirela, Eugène Goienetxeari esker, nazien hatzaparretatik libratu ziren euskaldunak.

Berantago, amerikarrek, gerlan sartzean, gatazkaren norabidea aldatu zuten eta aliatuak, horri esker, garaile atera ziren. 1944an, frantziarrek Iparraldeko kontrola berriz erdietsi zutenean, Goienetxe atxilotu zuten eta hogeita hamazazpi hilabete egon zen kartzelan. Heriotza zigorretik salbatu zen Aintzina-ren garaietatik ezagutzen zuen Mark Legasse abertzale ezkertiarrak bere aldeko testigantza eman zuelako. Mark eta Jakes Legasse anaiak abertzale handiak ziren, eta nazien kontrako borrokan aritu ziren. Jakes gerran hil zuten eta Mark dominez beterik itzuli zen Euskal Herrira. Haren testigantzak Eugène Goienetxe salbatu zuen.

Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semea

2.- Goienetxeren ikerketa eta liburuak.-

Gerla bukatu ondoren, historia ikasketa eta ikerketetan buru-belarri murgildu zen. Pariseko Sorbonan historia ikasketak burutu eta 1949an bere tesina aurkeztu zuen: Bayonne et la région bayonnaise du XII au XV siècle, (Baiona eta Baionaldea XII. mendetik XV. mendera) izena zuena. Geroago Bordeleko artxibategian zuzendari hartu zuten eta bertan zegoela L´onomastique du Nord du Pays Basque au Moyen Age (Ipar Euskal Herriko onomastika Erdi Aroan) izeneko ikerketa mardula plazaratu zuen eta horren ordainez Euskal Historiako Katedra jaso zuen. Bordelen hainbat urte eman ondoren Paueko unibertsitatera pasatu zen irakasle gisa. 1960an Euskal Herrira itzuli zen. 1979an, Paueko Unibertsitatean historiako irakasle izan zeneko urteetan bildu zituen dokumentuak baliatuz, Ipar Euskal Herriko historia (Le Pays Basque Nord) argitara eman zuen zazpiehun orrialde inguru dituen liburu mardulean. Orduz geroztik, liburu hau ezinbesteko erreferentzia bilakatu da Iparraldeko historia aztertzeko eta ulertzeko orduan.

1982an, Euskal Herriko Unibertsitateak honoris causa doktore egin zuen. Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona saria eman zion ordura arte idatzitako ikerlan eta liburu guztiengatik eta ohorezko kide zuen izendatu. Horretaz gain, Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeko kide ere izan zen luzaz. Eugène Goienetxe idazle emankorra izan zen eta bere artikulu ospetsuenak Aintzina, Euzko Deya, Gure Herria, Yakintza eta Herria aldizkarietan plazaratu zituen. Goienetxe izan da, dudarik gabe, Euskal Herriak izan duen historialari handienetako bat. 1989ko ekainaren 11n Uztaritzen hil zen, bere etxean artxibo aberatsa utzirik.

Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semea

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

Zer duzu buruan “Eugène Goienetxe, aro gaitzeko semea”-ri buruz

  • Benat Castorene 2020-07-27 12:21

    Ene ustez, Eugene Goyhenetche da Iparraldeak izan duen historialari serioenetariko bat. Adiskide zuen Michel Duhartek dioenez, ez zitzaion gustatzen Manex Goihenetxekin konfunditua izaitea. Ene iduriko ez zuketen, besteak beste, pentsamolde bera Frantses Iraultzari buruz.
    Eugenek aita Uztaritzeko medikua zuen aldiz ama baionesa. . Amaren familiak zeukan Herriko Etxearen azpian zegoen Cafe Fournier famatua. Lehen ikasketak Baionan egin zituen. Horregatik Euskal Herriaren historiaz gain Baiona eta haren Historia biziki ongi ezagutzen zituen.
    Harek zuen Michel Duhart bultzatu Uztaritzeko artxiboak arakatzera eta lagundu bildutako dokumentuekin ” Uztaritz au temps de la Revolution” liburua eratzen.
    Josebak aipatzen dituen okupazioneko akusazio minberei dagokienez, Michel Duhartek beti erran dit ez zituela istant bat ere sinisten Herria zatikatu zituzten kolaborazio eta salaketa istorio horiek. Gainera Josebak dioen bezala Marc Legassek haren defentsa hartu baldin bazuen ere marka biziki ona da Eugenen alde.
    Aldiz Pierre Lafitte hitz gogorrak izan omen zituen Eugenen kontra. Hari ere gertatzen zitzaion tronpatzea ere.
    Akusazioak faltsuak izan arren, horrek ez du kentzen anka sartze bat politiko egin zuen posibilitatea.
    Milesker Joseba Eugene Goyhenetche historialari garrantzitsua ahanzturatik atera izanagatik.