Etxetik

Etxetik –

EtxetikTarte hau ez dut azken momenturarte prestatzen. Gaia aukeratzerako garaian momentuan gertatu den zerbait lantzea dut gustoko. Etxean egonda eta nahiz eta koronabirusa izan gai nagusia badaude hainbat gai kezkatzen nautenak: emakume asko jasaten ari den egoera haien etxe barruan, estatu espainiarrak hartu dituen erabakiak “batasuna” lortzeko, militarren presentzia gure kaleetan, herritarrek auzokoak espiatu eta salatzeko hartutako jarrera…baina irakaslea izanda ikasleen egoerak, hau da, ume eta gazteen egoerak kezkatzen nau ikaragarri.

Komunikabideetan ikus, entzun eta irakur dezakegu bapatean online ikasketetan aditu bilakatu garela denok egun batetik bestera eta ikasleak ezin hobeto ari direla lanean hainbat erraminta erabilita; drive, classroom, meet esaterako. Egia da ikasle batzuk aurretik ere erraminta horiek erabiltzen ohituta zeudela, irakasleon eta beste ikasleen ekarpenekin batera, ordea. Egoera “salbatzen” saiatzen ari gara, baina aurrez aurre egiten dugunarekin ez du zerikusirik. Gertutasun hori falta da.

Ordenagailuarekin hainbeste lan ordu egiteak ere estresa sortzen die ikasleei eta pantailaren aurrean hainbeste denbora egoteak begiko mina, buruko mina…Baina hori guztia, ordengailuan txintxo eta bereziki arazorik gabe lanean ari denari gertatuko zaio. Badira kezka handiagoa sortzen didaten ikasleak, ordea. Klasean ere lan egitea lortzen ez dugun horiek zertan arituko ote dira, edo laguntza berezia behar duten horiek nola ari ote dira? Ez pentsa horrelako ikasleekin harremanetan ez gaudenik, baina internet bidez ez da berdin. Ezin gara heldu.

Badira etxean ordenagailu bakarra duten ikasleak eta txandaka erabili behar dutenak ere. Badira intenetik eta ordenagailurik ez dutenak ere. Badira harrera etxeetan daudenak eta gainera, hamar gazteentzat ordenagailu bakarra dutenak. Badira etxe oso desestrukturatuetan daudenak. Badira ikastetxeetako jangeletan jatordu garrantzitsuena egiten dutenak. Badira arazo sikologikoak dituztenak. Badira komunikabideetan ikusten ari ez garen ikasleak eta benetan kezkatzen nautenak. Nola ote daude momentu honetan eta itxialdi honek zer ekarriko ote die?

Etxetik

Irakaslea Gasteizen. Internazionalismoa eta euskalgintza.