Etxegabetasuna

Etxegabetasuna –

Alaitz Argandoña Oteizak Bizkaiko Hitzan.

Joan den asteko ostegunean, Atxuriko Harrera Sareko kideek gure hirian etxerik gabeko pertsonek pairatzen duten errealitate latza aurkeztu zuten Bilboko Udalaren osoko bilkuran.

EtxegabetasunaJoan den asteko ostegunean, Atxuriko Harrera Sareko kideek gure hirian etxerik gabeko pertsonek pairatzen duten errealitate latza aurkeztu zuten Bilboko Udalaren osoko bilkuran. Urteak daramatzagu kalean gaua eman behar dutenen kopurua handitzen ikusten. Gainera, jakin badakigu profilak eta arrazoiak aldatzen ari direla. Aurreko hamarkadetan, etxerik gabekoen kolektiboa, batez ere, Bilboko edo inguruko udalerrietako gizon helduek osatzen zuten, eta gehienek buruko gaixotasunekin, mendekotasunekin edo kontsumoekin lotutako arazoak zituzten. Gaur egun, profila atzerriko gazteena da, gehienak magrebtarrak (%38,9, 2018ko BGAEren arabera). Nabarmendu behar da kezkagarria dela bizitokia eskatzera behartuta dauden familien eta emakumeen profilaren gorakada (2018ko BGAEn, %16,6). Hainbat kolektibok denbora gehiegi daramate eskatzen zerbitzu-zorroa eta aurrekontu-sailak handitzeko, sarbide-irizpideak malgutzeko, arazo horri amaiera emateko baliabideak dibertsifikatzeko, eta gaur egun gehiengoa duten profiletara egokitzeko.

Egunero pertsona horiekin lan egiten duten taldeek uste dute udalak ez dituela arazo horiek ikusi nahi, edo ezkutatzen saiatzen dela, agian hiribilduaren ikuspegi idealizatua turistei saltzeko edota enpresak erakartzeko, beren egoitzak gure hirian koka ditzaten. Halaber, salatu da erronkari ez zaiola egituraz heltzen, eta bat-bateko neurriak eta egoeraren araberakoak hartzen jarraitzen dela. Konfinamenduan, pertsona horiei zeharkako erantzuna emateko aukera paregabea galdu zen. Aldi horretan, kalean bizi ziren pertsonak kiroldegietan hartu zituzten, batzuetan irizpide handirik gabe. Agian une egokia izango zen prestakuntza programetan sartzeko eta aholkuak emateko, laguntzak, lana eta etxe duina lortzeko.

Beste harrera-eredu baterantz urratsik egin nahi ez izatearen beste adibide bat da gure udal aurrekontuetan erronka horri ematen zaion trataera. Gogoratu behar da aurreko agintaldian ez zela aurrekontu partida bat gauzatu aterpetxe berri bat egokitzeko. Aurrekontu sail horren zenbatekoa ez zen udal aurrekontuaren %0,01etik gorakoa. Horrek esan nahi du erabakia ekonomikoa baino gehiago politikoa dela. Duela hilabete eskas, prentsan irakurri genuen Europako funtsekin erromesentzako aterpetxe bat egokituko zutela ur-biltegi zaharrean. Uste dugu espazio hori aprobetxa zitekeela gure hirian etxegabetasunaren arloan dugun erronkari heltzeko beste tresna bat izateko.

Egia da Bilboko larrialdietarako bizitoki gisa erabilgarri dauden plazen kopuruak gora egin duela agintaldi honetan, baina gure kaleetan argi geratzen da ez direla nahikoa. Horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu erronka horri lehentasuna ematea udal politiketan, ahaztu gabe etxegabetasunak azken hilabeteetan hainbat pertsonaren bizitza eraman duela. Erakundeek etxerik gabeko pertsonen oinarrizko premiei erantzun behar diete, besteak beste, bizigarritasun duineko irtenbide bat eskainiz, eguneko arreta bermatuz, oinarrizko garbitasun eta elikadura beharrak bermatuz eta lan merkatuan sar daitezen sustatuz. Azken batean, pertsona guztien eskubidea da etxebizitza duina eta egokia eskuratzea (Espainiako Konstituzioaren 47. artikulua).

Testuinguru horretan, gizarte kolektiboek udalari eskatu behar izan diote hiriko espazio publikoa hesiekin ez mugatzeko, pertsona horiek askotan babesleku gisa erabiltzen baitute leku hori. Horren adibide dira Atxuriko kantxak edo gure hiriko zubi eta haurrentzako parke estaliak. Beste behin ere, instituzioei gogorarazi behar zaie inklusioan eta aukera-berdintasunean inbertitzea beti dela eraginkorragoa gizarte bazterketa amaitzeko, gure hiria hesiz betetzea baino. Seguru gaude elkartasunak, hau da, gure auzoen samurtasunak azkenean hesi horiek eraitsiko dituela.

Etxegabetasuna  Etxegabetasuna

Sarean, han eta hemen argitaratzen direnak harrapatzen, zeure interesekoak direlakoan.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude