Etorkizunaren errelatoa

Etorkizunaren errelatoa –

Euskal Errepublikaren beharra mahaigaineratzen ez duen etorkizuneko errelatorik gabe, ez dago krisitik onik irteterik. Ezin dugu etorkizuneko errelatotik Euskal Errepublikaren osagaia kendu, jendartea prest ez dagoela eta bidea herriarekin batera egin behar dela aitzakiatzat hartuta.

Etorkizunaren errelatoa
Baionako kaleak hutsik, konfinamendu egun batean. GUILLAUME FAUVEAU (BERRIA)

Koronabirusak handitu egin du krisi globalaren dimentsioa. Handitze horrek, orainarte normaltzat genuena, ez-normal bilakatze bidean jarri du. Betierekoak ziruditen egiak zalantza bilakatu zaizkigu. Sistemari arrakalak ireki zaizkio eta, inoiz ez bezala, arrakala horiek, ebidenteak egin dira gehiengoarentzat.

Azken hamarkadetan pribatuaren alde egindako politikek, jendartearen prekarizazioa eta izen eta abizendun pertsonen heriotza dakartela ari gara ikusten. Bizitzaren (duinaren) aurrean, orain artekoaren aldekoek, kapitalaren eta pribatizazioaren aldeko aukera kontzientea egin dutela gero eta jende gutxiagok jarriko du ezbaian.

Krisiak agerian jarri du, publikoa/komuna bizitza duinaren baldintza dela. Baina ez hori bakarrik, krisiak bigarren gauza bat ere azaleratu du: Estatu batek ematen dituen erreminten beharra. Estatu batekin jada identifikatzen zirenek, Estatuak iraganeko kontua zirela esaten ziguten; Estatu baten beharrik ez dagoela. Baina gaur gaurkoz, krisi globalari bizitzaren aldeko erantzuna  emateko, egitura politikorik eraginkorrena Estatua dela argi gelditu da.

Krisi hau ez da bukatuko aurreko egoerara itzultzean. Hori ez baita pasatuko. Krisiak, normalkeria edo normaltasun berri baterako ateak dira. Hau da, egoera murriztaileago batera edo egoera justuago batera joan gaitezke, soilik. Gauzen egoera aldatu nahi dugunontzat, krisiak, aukera garaiak dira, beraz.

Bai aukera batek eta baita besteak ere, etorkizunaren errelato bat behar dute. Hau da, etorkizunerako egiten den hautu politikoa justifikatuko duen errelatoa behar dute. Betikoaren aldekoak hasi dira, beraien etorkizunaren errelatoa eraikiz, etorkizuneko marko murriztailea justifikatzen: ekonomiak beherantz egin duenez, derrigorrean, egoera orokorraren prekarizazioa etorriko zaigula esaten. Hain sinplea eta hain «zentzuzkoa» itxuran.

Etorkizuna okerragoa izango dela sinestarazi nahi digute. Ez dagoela beste aukerarik. Gure bizitzen prekarizazioa halabeharrez etorriko dela. Uste hau indartzeko, krisia, soilik ekonomikoa dela esango digute betikoaren aldekoek, horrela bakarrik justifika baititzakete egin nahi dituzten murrizketa prekarizatzaileak. Baina krisia orokorra da, mundu ikuskera neoliberalaren krisia da.

Politikan espazio hutsik ez dagoenez, errelato propioa ez sortzeak, etorkizunaren errelato murriztailea onartzea dakar. Eta horrek, gauzak aldatu nahi ditugunak, kalterik txikienaren logikan lardaskan ibiltzera eraman gaitzake, soilik. Indarrean dagoen legediaren kudeaketa hutsaren logikara mugatzen gaitu. Helburu politiko eraldatzaileak justifikatzea ezintzen digu. Horregatik, garrantzitsua da momentuko egoera larriari erantzuten dioten eskariak egiteaz gain, etorkizunaren errelato propioa eraikitzen hastea. Marko propioa eraikitzen hastea, alegia.

Behin hona iritsita, gure buruari galdera sinple bat egin behar diogula uste dugu: Espainia eta Frantziak krisiaren zein irteera eskainiko digute, prekarizatzailea edo bizitza duinaren aldeko? Hamarkada luzeetako esperientziek zizelkatu diguten zentzu komunak eta egun hauetan ikusten ari garenak, aukera prekarizatzailea emango digutela esaten digu. Horregatik, uste dugu, guzti hau aldatu nahi dugunok, beste bide bat elikatu behar dugula.

Euskal Errepublikaren osagaia kanpoan utzita ezinezkoa da etorkizunaren errelato berdinzale eta justua egitea. Arestian aipatu bezala, de facto, horrek Espainiar eta Frantziar Estatua errelato berriaren osagaitzat hartzera garamatzalako. Eta jada aipatu dugun moduan ere, horrek, krisitik irteera murriztailean kalterik txikienaren logikan lardaskan ibiltzera garamatzalako.

Euskal Errepublikaren beharra mahaigaineratzen ez duen etorkizuneko errelatorik gabe, ez dago krisitik onik irteterik. Ezin dugu etorkizuneko errelatotik Euskal Errepublikaren osagaia kendu, jendartea prest ez dagoela eta bidea herriarekin batera egin behar dela aitzakiatzat hartuta. Etorkizuneko errelato askatzailerik gabe, herri hori, etorkizuneko errelato murriztailera ohituko baita. Ez da sekula prest izango.

Bizi baldintza duinak nahi dituen orori, hau da, Euskal Errepublikaren aldeko mugimenduari, unea iritsi zaio, krisiaren irakurketa orokorra egin eta partikulartasunetik erantzun globalak asmatzeko. Etorkizuneko errelatoaren eraikuntzan, gaur bertatik, hasteak badu bere garrantzia; bestela, besteen etorkizuneko errelatoetako galtzaileak izango baikara.

Garai ezezagunak datozkigu, aurreikusteko zailak direnak eta Euskal Errepublika da, garai hauetatik, onik ateratzeko dugun ontzi bakarra.

*EHUNen izenean sinatzaileak hauek gara: Unai Apaolaza Amenabar, Lide Zubizarreta Kortadi, Aritz Villar Fernandez, Ainhoa Negeruela Izagirre, Asier Sanz Altuna, Oihana Santolaria del Campo, Unai Lamariano Larrea, Olatz Mendi Markuerkiaga, Josu Irazusta Olea eta Aimar Argiñano Santesteban.

Etorkizunaren errelatoa
Etorkizunaren errelatoa

12 pentsamendu “Etorkizunaren errelatoa”-ri buruz

  • Independentismoari abertzaletasuna kendu diozue batek daki zeren izenean, eta orain mamia osatu nahirik edozein hizki-zoparekin nahasten duzue herria.

  • “Azken hamarkadetan pribatuaren alde egindako politikek, jendartearen prekarizazioa eta izen eta abizendun pertsonen heriotza dakartela ari gara ikusten.”
    Hori gezurra da, besterik gabe. Azken hamarkadatan estatalizazioaren aldeko politika eraman da: Estatuak BPGaren zati handiagoa eskuratzen du, funtzionario kopurua gehitu egin da. Eta prekarizazioa handitu egin da baina fordismoaren etapa gainditu delako. Frankismoaren garaian ez zegoen prekarizaziorik. Eta hildakoak gehienetan izen abizenekoak izaten dira baina salbuespena oraingo aldi hau da. Covid19aren kutsatu gehienak estatuaren ospitaletan eta erresidentzia publikoetan gertatu dira.
    Euskal Errepublika horrek ze estrategia jarraituko luke pandemia honi aurre egiteko? Txinatarra? mediterranearra? Taiwanekoa? Ipar Europakoa?

  • Batzuek orain deskubritzen dute gure lehen arazo soziala gure arazo nazionala dela. Laister deskubrituko dute ere herrien libre disposizioak ez diola independentziari aurre egiten nahitez osatzen diola baizik.
    Hortarako “Euskal Errepublikara” omen deitzen gaituzte baina ez dira konturatu Nabar Estatuaren ordua dela iritsi dena.
    Paradigma horrek -Nabar Estatuarena- nahiko aurreratua ditu konzeptu horiek eta batzuk gehiago.
    Eskerrez, korrente politiko berri hau gero eta gehiago haunditzen ari da.
    Ez dudana “ondo” ulertzen zertan datza gure Estatuaren ukazio permanentea.
    Estatuari buruz ez dugu ezer asmatu beharrik. Jadanik gurea dugu, okupatua eta bahitua eta Estatu hori da askatu behar duguna.
    Independentzia eta gure Estatuaren jarraipena sinonimoak dira.
    Ez gara ez nazio bat Estaturik gabe nazioak duen Estatua baizik.
    Hitzen ordez bada garaia ekintzei hitza emateko.

  • Ez dakit euskaraz nola esaten den baina zuk idazte duzuna, Freud, nik esango nuke “brindis al sol” bat dela. Aupa Erandio!

  • Abertzaletasunik gabeko independentismoa aldarrikatzen denean “publikotasunean” eta delako “bizitza duinean” (azken hau modako hitz komodina ote?) aurkitu behar dira berau justifikatzeko arrazoiak. Baina horiek badira zuretzat garrantzizkoenak diren kontuak, zertarako nahi duzu euskal errepublika bat? Euskal errepublikarik gabe ere baduzu guzti hori defenditzea. Euskal errepublikarik gabe aise erraz defenda ditzazkezu langileak, homosexualak, etorkinak, emakumeak eta nahi dituzun guztiak. Urrutira joan gabe, hortxe duzu Espainiar marko politikoa, berau barrenetik aldatu eta “demokratizatzeko” errepublika batean bilakatuz, esaterako. Hortxe dituzu podemitak, bildutarrak, eskerra republikanakoak edo pesoeko progreenak (espainiar) aliatu potentzial gisa publikotasunaren eta giza eskubideen defentsa egiteko Espainia federal, ireki eta tolerante batean. Otegiren bidea, eta bera baino lehen, Euzkadiko Ezkerrarena jarraituz, “bizitza duinaren” alde egin dezakezu Euskal Estatuaren beharrik gabe, finean. Hortaz, zer dela-eta ari zarete jendearen ilusioekin jolasten?

  • Zuk esaten duzuna, Celtic, espero dugu ezetza izatea bestela okupazio egoera, zapalkuntza egoera, kolonialismo egoera, nazio espoliazio egoera, autogorroto egoera eta horiekin lotuta herri desagerpen egoera hurbil egongo litzateke inperialisten eta bertako kolaboratzaileen eskuetan.

  • Egia esateko, funtsean bat nator “Kaxianorekin”.
    Bizi baldintza duinen alde borrokatzeak ez du Euskal Errepublika justifikatzen.
    Borroka hori berdin egin daiteke EAEko errepublikatik, Hego Euskal Herrikotik, Euskal Herriko errepublikatik (zazpiak bat, EAJ, gogoratzen?), Espainiakotik, Frantziakotik…
    Euskal Errepublika justifikatzen duena euskal nazioa da, euskararen herria, baina ez “nazio”, ez “euskara”, ez “euskaldunak”, eta ez “Euskal Herria” hitzak ez ditut aurkitu testuan nire harridurarako, birritan irakurri dudan arren.
    Euskal Errepublika tresna bikaina iruditzen zait bizi baldintza duinen eta justizia sozialaren defentsarako, ahazten ez badugu justizia soziala ere badela euskaldunon erreparazioa, HERRI zapaldu honen zaintza, gure NAZIOAren aldarrikapena, eta EUSKARA dela herri hau alderik alde (oraindik) josten duena.
    Horiek gabe, Errepublika ondo. Baina edozein.

  • Inoxo papera nire eginda utzidazue esaten: agian hemen agertzen diren iritziak ez daude elkarrengandik diruditen bezain urrun eta askotan, gehienetan, joera handia izaten dugu hitzen labirintoen barna katramilatzeko eta berauetan galduta, eztabaida emankorrak izan zitezkeenak guztiz antzu eta alferrikako bihurtzeko.
    Unai Apaolazaren eta konpainiaren artikulua behar bezala interpretatzeko, nire ustez, nori zuzendua den garrantzizko datua da eta agian euskal abertzalegoa eta euskaraz bizi nahi duen jendea nahita aparte utzita, mezu horren hartzaile nagusia ez (euskal) abertzale, ez (hain) euskaltzale den ezkertiar edo progresista jendea dela, Euskal herria edo nazio bezalako hitzak hain kuttun egiten ez zaizkiona. Pentsatuz agian, euskal abertzalego horretan edo euskaraz bizi nahi duen jende horren artean euskal errepublika baterako bultzada handiegirik ez dela behar. Suposizio bat da, betiere, konforme egon gaitezke edo ez, baina demagun, oraingo honetan hori dela igorleak egin duen hautua; bestetik testuinguru hurbila, begi bistakoa izanda ere, askotan oharkabean pasatzen zaiguna: euskara hutsez idatzitako mezua da, euskaraz irakurtzen duten euskaldunek irakurtzeko eta euskarazko medio batean argitaratua. Eta hori guztia kontuan hartuta zer esateko? Honako hauxe, nire ustez: COVID-19ak ekarritako krisiak garbi azaleratu duenez, hemendik aurrera ere etor litekeen edozein krisi sozial, ekonomiko edo politikoari aurre egiteko guztiz dugula premiazkoa geuk geure erabakiak libreki hartzeko modua emango ligukeen markoa (euskal errepublika), baita krisi egoera gabe ere geure antolaketa eredua eraikitzeko modua emango ligukeena.
    Nire irudiko, hala maila ideologikoan nola praktikoan erabateko lehentasuna luke aspaldidanik zama handia izan zaigun, ezker espainolistak (parte handi batez behintzat) ekarri eta izugarri ondo funtzionatu dien dikotomia bat apurtzeak: Eskubide sozialak ala nazioa. Tranpa historikoa, PSOE, EE eta egun Podemos ildotik etorritakoa eta ezker abertzalea behin eta berriz harrapatzen duena. Krisi sakon batek gauza asko biluzten ditu, mozorroak kendu eta urteetan ezkutatutakoak agerian uzten ditu eta ikusi nahi ez duenak baino ez du ikusiko krisi larri bati aurre egiteko funtsezkoak diren kudeaketa eta eraketa eredua guztiz hankamotz gelditu direla Espainiarekiko morrontzapean eta hori otzan onartzen duen agintepean. Katalunian ere, begi bistakoa da estatu propioa izanez gero askoz ondorio leunagoak izango zituzkeela krisi honetan konfinamendua hasi baino hamar egun lehenago Katalunia ixteko Madrili eskatu zionean, esate baterako, eta hala egin izan balute. 2008koan ere, garbi gelditu zen estatu independente txiki sortu berriak askoz hobeto defenditu zirela eta askoz hobeto eta azkarrago atera zirela ondorengo kalteetatik, Espainia eta horiek bezalako handi horiekin alderatuta.
    Espainiak oraintxe eskaintzen digun markoan baldintza duinaz edo justizia sozialez hitz egitea barregarria litzateke tragedia baten aurrean ez bageunde eta horrela hitz egiten duten euskal herriko ezkertiar Espainia zaleek, errespetu osoz, baina niri behintzat, gero eta sinesgarritasun txikiago eragiten didate: ez dira ezkertiarrak -ze ezkertiar klase da herrientzako autodeterminazioa onartzen ez duen jendea?- espainiar nazionalista sutsuak baizik eskubide sozialak, diotena diotela, bigarren maila batean uzten dituztenak.
    Honez gero agerikoa da herri honek errepublika propiotik askoz hobeto defendituko direla neoliberalismo orojaleak dakarren edozein gaitzetatik, neoliberalismo hori bera elikatu duen estatu handi horietako baten parte izanda baino.
    Bidegurutze honetara iritsita bi aukera besterik ez dago: biziaren alde egin edo guztia (gizakumea ez ezik, lurra, airea eta ura ere) irensten duen merkatu liberal anker hau elikatzen segitu. Lehenengo hautu hori eginda ez dago dudarik euskal errepublika independente batean askoz aukera gehiago edukiko genituzkeela, besteak beste, euskal-herrian merkatu oroirensle horren aldeko porrokatuek hegemonia galduko luketelako.
    Orain hain agerian gelditu denean autonomismo, eskubide historikoak, autogobernu, estatutua eta martingala horiek denak zertan diren hain agerian gelditu denean hezkuntzan, hizkuntzan, unibertsitatean, kulturan, osasungintzan, ikerketan…zer egin dezakeen Madrilek kapritxoz, hala nahi edo behar duenean, nik ere ez dut beste irtenbiderik ikusten: Euskal errepublika bat behar dugu ja.
    Eta hizkuntza, eta nazioa eta hor falta diren hitzak? Nik praktikarekin (praksis) gelditzen naiz, orain egiten ari garenarekin. Niretzat hori da hizkuntza eta hori da nazioa. Agian oso seinale ona ere izan liteke horrelakorik aipatu ere ez egitea, baldin eta jardun hau, EHUNeko lagunek proposatzen diguten bidea, euskaraz goitik behera garatzen bada euskal errepublikara iritsi bitartean. Une hori iritsita euskara hizkuntz hegemonikoa izateko lanak oso edukiko genituzke aurreratuta. Nik bidea lehenesten dut eta ez E egun handia. Hemen ez dugu egiten gure alderdi abertzaleetan eguneroko praktika den hori: Ondoren erdaratu guztiz garbi gera dadin.
    Segi beza, bada, eztabaidak aurrera euskara hizkuntz hegemoniko izango den errepublika arte, eta ondoren ere bai.

  • Harrigarri,
    Independentziaren alde ahalik eta jende gehien batze-aldera, “nazioa itsasondora garamatzan altxor bat” dela eta berarengandik askatu ezean desagertu egingo garela dio Unaiek, alegia, independentzia erdiesteko “nazioa hil behar dela” (hitz horiekin hain justu) aldarrikatzen du.
    Bere barne zentzua baduela onartzen badiot ere, kontzeptualki planteamendu okerra dela iruditzen zait.
    Independentismoaren arrazoia honako proposizioan oinarritu da historikoki:
    “Euskal Herria bizi dadin, independentiza behar dugu” (Euskal Herria euskaldunek osaturiko komunitate nazionala izanik, eta ez esparru geografiko bat). Proposizio honek barnebiltzen duen hierarkia argia da: helburua = Euskal Herria / bitartekoa = Independentzia. Bada, Unaiek hierarkia kontzeptualen inbertsio bat burutzen du eta Independentzia helburu gisa kokatu, eta Euskal Herria (nazioa) aldiz, bitarteko gisa. Berak proposatzen duena da eraginkortasunaren izenean EH independentziaren altarean sakrifikatzea, eta honek utziriko hutsunea eduki aglutinatzaileagoz hornitzea, hots, bitarteko sozialez: “bizi baldintza duinak” eta abar.
    Tira, komunista batzuek iraultzaren subjektu den langile klasea sakrifikatu eta lumpenarengana jo zutenean bezala (maitzaren 68a), ba gauza bera iruditzen zait, garesti ordain dezakegun ahalegin desesperatu bat.

  • Euskal nazioa erdigunean jartzen ez badugu, espainiar eta frantziar nazioek hartuko dute dagokigun esparrua (errelatoarekin gertatu bezala).
    Bestalde, ez dago batere argi Euskal Errepublika batean indar korrelazioa, bizi baldintza duinen eta justizia sozialaren defentsarako hobea izan daitekeenik. Eki- edo Iparraldeko gorabeherak ez ditut nahi bezain ongi ezagutzen, baina Mendebaldean eskuina (PNV eta UPN) nagusitzen da erraz, eta PSOE izan ohi du makulu, salbuespenak salbuespen.
    EHBilduren eta Podemosen inguruan biltzen da ezkerreko bozka, eskuinak eta PSOEk biltzen dutenarengandik urrun.
    Ez dakit zer dugun irabazteko nazioa, herria, edo euskara alde batera utzita.

  • Benat Castorene 2020-04-18 18:23

    Jone, aukera emaiten baitidazu, hona ene inpresioa.
    Ez da amets egin behar, iparraldean euskal errepublikak ez du nekez baizik hemengo jendea zeduzituko. Ez erdalduna ez euskalduna.
    Bizi baldintza “duina”ri dagokionez, esperentziaz ezagutzen du frantziar errepublika eta bere abantailak preziatzen asko kritikatu arren, bainan, ez da batere segur gehiago edo hoberik lor dezakeenik euskal errepublika batean.
    Beraz ene iduriz beste ikuspuntu bat landu behar da: Herriarena.
    Egia da eta onartu behar da publikoa tipia izanen dela.

  • Aupa Oier:
    Estimaturik zure erantzuna (eta beste guztiena).
    Egia esanda izugarri harritu naiz zure lehenengo parrafoak jasotzen duen Unairen esanarekin: «“nazioa itsasondora garamatzan altxor bat” dela eta berarengandik askatu ezean desagertu egingo garela dio Unaiek, alegia, independentzia erdiesteko “nazioa hil behar dela” (hitz horiekin hain justu) aldarrikatzen du.»
    Esan beharra daukat aurreko erantzunean Unairen idatzia soilik hartu dudala kontuan eta huraxe neukala erreferentzia bakar.
    Segitzen dut pentsatzen bi puntu horien dikotomia (justizia soziala-independentzia) tranpa historikoa dela, ezker abertzalea, ezker independentista, behin eta berriro harrapatzen duena: euskal-herriaren independentziaren aldean ezker (espainolista)tik egiten den justizia sozialaren eta bizimodu duinaren lehentasunaren aldarria, independentziarako bidea deuseztatzeko iruzur alimalekoa da eta haiek azaldu beharko lukete hain kezkatuta baldin badaude justizia sozialarekin, nola lortuko duten hori Espainia postfrankista, neokolonial ultra neoliberal, polizial eta autoritario horren baitan. Argumentu iruzurtia da guztiz, justizia sozialaren alde ez Espainia handi eta batu baten alde egiten duena.
    Justizia sozialaren aldeko borrokak euskal-herriaren estatu edo errepublikaren eratzeari kontra egin gabe, osatu eta behar-beharrezkoa du Euskal-herri independenterako bideak, eta hazian berean darama.
    Unairen metafora (berak azal dezala, nahi badu, zer esan nahi zuen horrekin) horri tiraka, nik esango nuke nazioa, hizkuntza zerbait baldin bada gu garela, pertsonak garela, jendea dela, hitz egin, irakurri eta idazten duena, norbanakoa eta kolektiboa, hori itsasondora bota behar badugu lehorrera ailegatzeko, ze arraiotarako nahi dugu lehorrera ailegatu? Ze portu, irla, penintsula edo haitz klase behar dugu inor ez bizitzeko bertan? Nik berriro ere esango dut bidea lehenetsi beharra dago eta ez E eguna.
    Katalanek eman ziguten lezioa: urte luzeetan independentziarako ia batere aldarririk gabe, nazioa ehuntzen joan dira (hizkuntza, literatura, unibertsitatea, liburutegiak, liburu dendak, kalea, etxea…) eta halakoa batean, bi egunetan (hitz egiteko modua da) mundua txoratu zuen miragarrizko urriaren lehen hura egin zuten eta hark Kataluniako errepublika burutzeko zoria ekarri zuen estatu baten bortxakeria ankerrena tartean izan ez balitz. Baina lasai, han herria, nazioa, hizkuntza, jendea eginda dago, eta horrek ez du atzera bueltarik. Jendea esan dugu, hori jendeak egin baitzuen eta ez elite politikoak, nahiz eta, bakoitzari berea, elite politikoak han eman zuen maila nahi genuke gureentzat. Kartzelan edo erbestean daude denok orain, ez alperrik.
    Badugu nora begiratu.