Etorkizuna eginkizun bihurtzeko sortu da #EtorkizunaEraikiz

Etorkizuna eginkizun bihurtzeko –

Etorkizuna eginkizun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Tabakalera TED talk erraldoi batentzako eskenatokia bihurtu zuen urriaren 19an. Hizlari eta entzule ezberdin asko bildu ziren #EtorkizunaEraikiz kongresuaren baitan, helburu bat eta bakarrarekin: Etorkizuna gipuzkoar ororen eginkizun bihurtzea. Gipuzkoako gako eta arazo nagusiei, parte harztea medio, erantzuna topatzeko bide eta moduak aztertu ziren, nazioarteko ereduak aztertu eta gurera ekarriz. Besteak beste, Mickey McManus (Elkarlaneko berrikuntzan aitzindaria. ‘Trillions’ lanaren egileetako bat), Henrik D. Finsrud (Norvegiako Udalerrien eta Eskualdeen Elkarteko berrikuntzako zuzendaria), Pauline Carnet (PolicyLab UK) igo ziren oholtzara Foru Aldundiko diputatuekin batera. “Galdera ez da zer gertatuko den datozen 10 urteetan, baizik eta zer egingo dugun“, azpimarratu zuen Xabier Barandiaran Gipuzkoako Diputatu Nagusiaren Kabine buruak. Bada horretara dator #EtorkizunaEraikiz.

Markel Olano: “Agindu eta obeditu logika amaitu da, ekimen horizontalak behar ditugu”

Gipuzkoarren %85,5ak erakundeen eta jendartearen arteko harremana aldatu nahi dute. Datua esanguratsu hau bota zuen Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, jardunaldiari hasiera eman zion hitzaldian: “Ezberditasunari aurka egitea izan zen legealdi hasieratik gure misioa”, azpimarratu zuen. GINI adierazlearen arabera Gipuzkoa Europako herrialde aurreratuenen pare dago berdintasun ikuspegitik: “Suedia aurretik dugu, baina abipuntua ez da batere txarra”, gehitu zuen Olanok, “Agindu eta obeditu logika amaitu da, orain dinamika horizontalak jarri behar ditugu martxan”.

Etorkizuna Eraikiz proiektuaren muina esperimentazioa izaki, esperientzietan oinarrituko da aurrerantzean. “Batzuk ondo aterako dira eta beste batzuk gaizki eta ikasi egingo dugu”. Proiektu piloto mordoa jarriko dira martxan datozen hilabeteetan.

Mickey McManus: “Jendearen beharrak jakiteko kalera atera eta entzun beharra dago”

Auzolana

Elkarlana, ezberdinen artekoa, ez da batere lan erraza. Ez da une batean sortzen. Mickey McManus adituaren arabera espazioak eta baldintzak sortu behar dira elkarlan hori posible izan dadin: “Industria iraultzaren osteko aroan gaude, orain auzia ez da nola fabrikatu, baizik, zer fabrikatu dezaket. Zer fabrikatu behar nuke?”, azaltzen zuen adituak publikoaren gogoa bereganatuz. “Pertsonak jarri behar ditugu erdigunean”, zehaztu zuen. Nola egitea erabakitzea bezain garrantzitsua da zergatik egingo dugun argi izatea, eta adituaren esanetan, horretarako “kalera atera eta entzuten jakin behar da”. Jendearen beharrak zeintzuk diren asmatzea beti ez baita ematen duen bezain erraza.

Etorkizuna eginkizun bihurtzeko sortu da #EtorkizunaEraikiz

Henrik D. Finsrud: “Herritarrei egiten zaien parte hartzeko deiak ezin du marketing ariketa bat izan”

Konfiantza

Gipuzkoarren, eta orohar halako parte hartze prozesuetan, herritarren konfiantza bereganatu nahi duenak, marketing ekintzari muzin egin behar dio. “Hau ez da marketin ekintza bat”, azpimarratu zuen Finsrud Norvegiako Udalerrien eta Eskualdeen Elkarteko berrikuntzako zuzendariak.”Norvegiak eta Euskal Herriak hainbat balore garrantzitsu partekatzen ditugu”. Norvegiarrak iparraldeko herrialdeen esperientzia azaldu eta aldarrikatu zuen, azpimarratuz, ez dela Euskal Herriko sistemaren hain ezberdina. “Maila lokalean bultzatu beharreko berrikuntza kolaboratiboan sinisten dugu sektore publiko independiente eta berritzaile bat sortzeko”, azaldu zuen. “Momentu ona da herritarrei ateak zabaltzeko”.

Pauline Carnet: “Espazio neutroak sortzen ditugu, bertan politikariak berritzaileagoak izan daitezen”

Lekua eta kontestua

Berrikuntzaz eta kolaborazioaz ari garenean ezinbestekoa da Policylab UK esperientziaz aritzea. Izan ere, Pauline Carnet partaide den ekimen honek, dagoeneko praktikara eraman ditu lerrootan aipatzen diren hainbat dinamika Erresuma Batuko adiministrazioan. Carnetek azaldu zuenez espazioak eta kontestuak bereziko garrantzia du ideiak ontzerako unean. “Sinistuidazue, Westminsterren oso leku tradizionalak ditugu, eta hauek moldatzera ere ohitu gara, bertan berrikuntza sortzeko”, zehaztu zuen.

#EtorkizunaEraikiz

Etorkizuna asmatu baino egitea dagokie erakundeei eta herritarrei. Marketing ekintzak albo batera utziz, halako kongresu eta hausnarketarako espazioek lagundu baino ez dute egiten. Tabakalera elkarlanaren, parte hartzearen eta berrikuntzan oinarritutako sektore publikoaren Europako epizentro bihurtu zen urriaren 19an. Gai ezberdinari helduta, baina ildo beretik antolatu zuten Hernanin atzo, azaroak 1, Elena Puigrefagut Europako telebista publikoen elkarteko telknologia eta berrikuntza arduradunaren hitzaldia.


Argazki galeria:

Etorkizuna eginkizun bihurtzeko sortu da #EtorkizunaEraikiz

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.