Etorkinak, Euskara eta Bertakotzea

Etorkinak, Euskara eta Bertakotzea – 

Jaieguna, arratsaldeko zortziak dira. Hego Euskal Herriko udaletxe baten ondoko plazan, hamabi ume daude jolasean. Euren artean hizketan barra-barra. Ume guztiak etorkinen seme-alabak direla igartzen da: Afrika erdikoena, ipar Afrikakoena eta itsasoz beste aldekoena. Denak espainolez ari dira. Ia-ia aldi berean, herri bereko ikasgune baten ondoko plazan gauza bera errepikatzen da. Ume kopuru antzekoa espainolez ari da. Bertako umeak eta etorkinen umeak elkarrekin ez egoteak arreta pizten du. Ziurrenik, egun normal batean elkarrekin arituko dira ikasgunean, jolasean, edo batek daki. Baina, egiari zor, gaur egungo Hego Euskal Herrian adin txikikoak espainolez aritzea ez zaigu batere normal iruditzen.

Aurreko anekdota ez da asmatutakoa. Gutariko batek Orion behatutakoa da. Orio, 6.000 biztanleko udalerria, UEMAn dago, eta arnasgunetzat hartu daiteke. Datuen arabera, euskararen erabilera handikoa omen da (2019an % 72), nahiz eta datu hori sinestea zail egiten zaigun. Izan ere, euskararen erabileraren datuetan kosmetika asko erabiltzen dela begibistakoa da. Orion ikusitakoa, zoritxarrez, Hego Euskal Herriko edozein hiritan edo auzotan gertatzen da. Are txarrago, bertako umeak ere espainolez aritzea ez da oso arraroa. Zer gertatzen ari da?

Euskal Herrian, 1989tik euskararen kale erabileraren neurketa sistematikoa egiten da. Azken bi neurketetan, 2011n eta 2016an alegia, euskararen erabileran jaitsierazko joera argia azaldu da, adin tarte guztietan. 2016ko kale neurketan behatutakoen % 12,6 soilik ari zen euskaraz, 1989an baino pixka bat gehiago (ordukoa % 10,8koa zen). 27 urteotako jauzi kuantitatibo izugarria! Emaitza ezin hobea! Aurten burutuko den kale neurketan, gainera, jaitsierazko joera areagotuko delako susmo zabala dago euskaltzaleon artean. Datu hauek zaharrak eta ezagunak izanagatik ere, oso larriak dira, eta agerian uzten dute, benetan, euskararen berreskuratze prozesurik ez dagoela. Oraindik ere, euskarak kostata bizirauten du, etengabeko erasoen artean. Gure hizkuntzaz arduratzen diren politiko, funtzionario eta soldatapekoak lan negargarria egiten ari dira. Elebitasunaren diskurtsoa landu, eta praktikan jokaera espainol eta frantsesa daukate. Izan ere, euskal gizarteak hizkuntza arrotzetan funtzionatzen du nagusiki. Baina, noski, euskararen egoeraren ardurak norbanakoarenak dira. Behin eta berriro euskaldunok gauza guztien errudunak gara.

Datu kezkagarri hauen aurrean, zalantzarik gabe, arrisku/desoreka faktore guztiak aztertu behar dira, eta konponbide ausartak indarrean jarri. Era honetako artikulu labur batean ezin da gaiaren inguruko analisi sakonik landu. Hala ere, eragin handiko gai polemiko bati helduko diogu, beldurrik eta lotsarik gabe: etorkinak eta euskara. Gaur egun ez dugu inolako analisi eta ekimen seriorik ikusten gai garrantzitsu honen inguruan. Zoritxarrez, autokonplazentzian murgilduta gaude, gure zoriontasunean munduko herri aukeratua garela pentsatuz. Etorkinen gaia modan dago, eta horren inguruan politikoki zuzenak diren gauzak baino ezin daitezkeela esan ematen du. Aniztasunaren aldeko diskurtso txotxolotik urruntzeak arrazista deitua izateko arrisku bizia ekar dezake. Hala ere, gauzak bere gordinean esan behar dira, batzuen gustukoak ez izan arren. Etorkinak ez dira inolaz ere gaur egun euskarak pairatzen duen egoera diglosikoaren erantzuleak. Hala ere, hurrengo urteetan, etorkinen eragina euskararen bilakaeran faktore garrantzitsua izango da.

Euskal Herri modura iraun nahi badugu, etorkinen gaiaren kudeaketa egokiak berebiziko garrantzia dauka, soziologikoki, ekonomikoki eta linguistikoki ere. Gaur egun, etorkin asko zaintzan, dendetan eta tabernetan aritzen dira, eta hizkuntz ohituretan daukaten eragina gero eta nabarmenagoa da. Duela gutxi, gutariko bati gertatutakoa jar daiteke adibide modura. Ordiziako Herrikora joan eta zurito bat espainolez eskatu behar izatea harrigarria da, negargarria ez esatearren. Zer gertatzen ari da Euskal Herrira datozen etorkinekin? Nola bertakotzen dira Euskal Herrian? Euskaldun modura? Ala espainol/frantses modura? Erantzuna ezaguna da. Datuak hor daude, ikusi nahi duenarentzat, behintzat. Etorkin gutxi batzuk euskaldun modura bertakotzen dira. Zinez, hori txalotzekoa da, eskatzen dien ahaleginagatik. Zoritxarrez, etorkin gehienak frantses edo espainol modura bertakotzen dira, XX. mendearen bigarren erdialdean bezala. Hegoaldean gauzak ez dira gehiegi aldatu Francoren diktaduraren garaitik, ez behintzat, arlo honetan. Eta zer egin dezakegu abiada handiz datorkigun “normaltasun” berri honen aurrean? Ez dezagun ahaztu etorkinen jaiotze tasa euskaldunena baino nabarmen handiagoa dela, eta bertakotu gabe jarraituz gero, hizkuntz ordezkapen azkarra gertatuko dela.

Etorkinak gurera ailegatzean, Espainiara edo Frantziara etortzen direla pentsatzen dute. Egoera aldatu nahi badugu, etorkinak herri kontzientziatua ikusi behar du gure kaleetatik ibiltzean. Iritsi berriak beste hizkuntz errealitate edo leku ezberdin baten aurrean dabilela jabetu behar du. Baina, “hemengo” herritar asko bertakotu gabe daudenean, nola eskatu ahal diegu etorkinei bertakotzeko? Gure ustez, bertakotu gabeko “hemengoak” eta etorkinak maila berean daude, eta berdin tratatu beharrekoak dira.

Bere garaian estatua izan ginen, baina, zoritxarrez, gaur egun ez. Zalantzarik gabe, horrek gure eragiteko ahalmena mugatzen du. Herrialde boteretsuek, estatuaren izaerak ematen dien boterea baliatuz, bertako hizkuntza jakitea ezinbesteko baldintza jartzen dute herritartasuna onartzeko. Urrunago ailegatzen direnak ere badaude, Letonia, adibidez. Bertan, Letoniako historia eta kultura ezagutzea ezinbesteko baldintza da herriarekiko lotura juridikoa eskuratzeko. Euskaldunok espainola edo frantsesa jakiten behartuta gaude, eta egoera onenean, euskara erabiltzeko eskubidea daukagu (botere kolonialen nahien arabera). Katalunian, estaturik ez izan arren, hizkuntz kuotak arlo ezberdinetan ezarri dituzte katalanera normaltze aldera. Urratsez urrats, azkenengo hamarkadetatik hona, herritartasuna ematen dituen onurak jasotzeko, katalanaren ezagutza eta erabilera beharrezkoak dira. Hemen zergatik ez? Estaturik ez dugu behar holako urratsak emateko. Bada ordua euskara ezinbesteko baldintza izatea erroldatzeko, dirulaguntzak jasotzeko, kontratuak esleitzeko, oposizioetan lanpostu publikoak lortzeko,… Euskal herritar guztioi arau berdinak ezarriko genizkieke, euskalduna izan, bertakotu gabeko “hemengoa” izan, edo etorkina izan. Ezberdintasunik ez.

Horretarako, legezkotasun kolonialisten gainetik jauzi egin behar da, euskararen herria eraikitzen hasteko.

Jakitekoa litzateke alderdi abertzaleek eta eragile euskaltzaleek zein planteamendu daukaten gai honen inguruan. Orain arteko jarrera epelak gure aurka bueltatu dira oso azkar. Gaur egun, euskara alderdi abertzaleei oztopoa zaiela ematen du, eta beraien eguneroko praktikan islatzen da. Eragile euskaltzaleei buruz ezin da ezer esan. Izan ere, azken urteetan ez dute ganorazko ezer egin.

Etorkinak, Euskara eta Bertakotzea

38 pentsamendu “Etorkinak, Euskara eta Bertakotzea”-ri buruz

  • Horrela jarraitzekotan lurralde baitako koloniak ezarri beharko ditugu. %100eko euskal komunitateak, edo euskopolisa.

  • Etorkin etorrera masiboa=Erdaldun etorrera masiboa.>>> Euskararentzat zama gaindiezina.
    Ezker Abertzale zein PNVko agintariei bost axola die erdaldunen immigrazioa bultzatzeak euskarari egiten dion kaltea.
    Baina abertzale asko ez dira ergelak eta agerikoa denaz konturatzen dira.

    Hori bai, arlo honetan ez dago adirazpen eskubiderik. Zerbait esan eta automatikoki fatxa etiketa jartzen dizute, eztabaidarako aukerarik ere eman gabe.

  • 1. Euskara hutsezko alderdia.
    2. Langile Euskaldunon Sindikatua.
    3. Euskara hutsez arituko den banku herritarra.
    4. Goizeko Izarra: Euskararen Egunkaria.
    5. Euskararen Unibertsitatea.
    Orduan euskaldunok gure baitara integratuta egongo gara erdaldun guztiak (bertakoak eta kanpotarrak)
    euskaldunduz.
    Aurrera!

  • Interesgarria Letoniari buruz aipatutakoa. Etorkinak nora heldu den jakitea garrantzitsua da. Historia, kultura eta hizkuntzari buruzko gutxieneko ezagutza izateak bere burua kokatzen eta integratzen laguntzeko balio du.
    Ikusita dauzkat bandera espainiardun bisera jantzitako magrebiarrak supermerkatuan erosketak egiten. Ziur nago, fede txarra ez ezik, seguruna adiskidetasun keinu bezala zeramatela. Hona datorrenari kokatzen lagunduko dionik ez al dago?

    Herri euskaldun eta abertzale bateko udal harrera zerbitzua ezagutzen dut. Etorkinekiko harremana erabat espainolez egiten dute (kaixo, agur eta antzekoak kenduta) eta ez bakarrik espainiar hiztunak diren etorkinekin.
    Ezin ukatuzkoa da gure errealitatea dena dela. Linguistikoki asimilatu eta kolonizatutako herria gara eta etorkin hoiek euskalduntzearen abangoardia bihurtzea haiei gehiegi eskatzea da. Baina horrek ez du kentzen harrera zerbitzu hoiek euskararen garrantzia nabarmentzea eta haien euskalduntzea benetan sustatzea. Hortik huts egiten hasten bagara jai daukagu.

  • Artikulu bikaina, zorionak!

  • Ikusmen selektiboa zuena, gero! Atentzioa deitzen dizue ume argikiro etorkinen talde batek ez duela euskaraz egiten, eta soinekoak urratzen horregatik. Ez dizue atentzioa deitzen, ordea, Bilboko, Barakaldoko, Gasteizeko, Iruñako, Baionako eta Euskal Herriko toki gehienetako ume taldeak, azal xurikoak eta “guretar” gurasoen seme-alabak, erdara dotorean barra-barra aditzen dituzuelarik.

    Euskal Herrian 3.200.000 lagun bizi gara, eta horietarik 750.000 gara euskaldunak: %23 bakarrik. Etorkinen kopurua, berriz, %8a baino gutxiagokoa da lurralde guziak hartuta. Bertzera erran, 100 biztale ez-euskaldunetarik 10 bakarrik dira etorkinak, bertze 90ak bertan jaiotakoak direlarik. Zuek, berriz, behatzarekin ari zarete seinalatzen %10 bakarrik diren erdaldun etorkin horiek euskararen etsai bezala. Hori xenofobia da, esku-liburuko xenofobia izan ere.

  • Kabe, eta azal zuriko horietako asko ez dira beste garaiko etorkinen ondorengoak? Ez dira ba erabat euskaldunak ziren herriak erdaldundu dutenen ondorengoak?

    Aipatu dituzun hirietako umeek garai hartako etorkinen hizkuntza hitz egiten dute, hau da, Hego Euskal Herrian babestuta eta praktikan estatus maila handiagoa duen hizkuntzan eta hori izango da etorkin berriek hautatuko duten hizkuntza.

    Euskal Herria bezalako nazio zapaldu batentzat immigrazioa txarra da, berdin dio etorkinek zer kolore azala duten. Fenomenoa da kaltegarria, ez norbanakoa.

    Gainera, aipatu den moduan, Frantzia/Espainiara datoz eta Euskal Herriarekin ez dute inolako loturarik. Haiei bost axola zaie arazo linguistikoa edo nazionala.

  • Hego:
    “Azal zuriko horietako asko ez dira beste garaiko etorkinen ondorengoak?”
    Zu bezala. Akaso uste al duzu Ekaineko kobazuloko “euskaldun paleolitikoen” ondorengo zuzen eta garbia zarela zu?

  • Ai ama, Kabe! Orain paleolitikora joan behar gara euskalduna (euskara duena) nor den jakiteko?

  • Kabe, zure jarrera solidario eta jator horrekin, zu eta zure modukoek, euskal herria desagertzera daroazue. Hori bai, zuen ezkertiar progreen ikuspuntutik kontzientzia lasai eduki dezakezue, baina abertzaletasunaren ikuspuntutik behintzat, gure herriaren hondamendiaren konplizeak zarete.

  • Kaberentzat 2021-05-30 00:40

    Kabe: biztanleriaren %10 diozu. Bai, eta jaiotakoen %30 ama etorkin batekoa. Izan ere %10 hori ez da biztanleria adin guztietan berdin banatzen.

    Zu bezalakoentzat inoiz ez da gutxi atzerritar kopurua. Bitartean, euskaltzale kopuru absolutua eta proportzionala txikitzen Euskal Herrian. Arazoaren larritasuna ez duzu ikusi nahi edo inozoegia zara onartzeko.
    Hori… edo zuri euskarak bost axola. Zu bezalakoekin euskarak ez du etorkizunik.

  • Makakorrue trolari:
    Zu bezalakoekin nahas ez nazaten utzi diot kanpoan “abertzalea” naizela errateari. Horren ordez, nahiago dut erran “independentista” soila naizela, okerbiderik egon ez dadin. Bidaide zaitut, baina ez gogaide, tontolo hori. Joan eta sortu Euskal VOX-a: Muñoz Seca-ren antzeslanean bezala, “Los extremeños se tocan [os tocáis]”.

    Nire bertze bi jarraitzaileei:
    Askatu zeuen barrenak eta, gutxienez, solastu argi, mihipekorik gabe, eta erran EH-ko biztaleen hiru herenak (erdaldunak) kolonizatzaileak edota kolonizatzaileen konplizeak direla. Gero, sartu Makakorrue-k sortu behar duen alderdi berrian.

  • Ezin zaie errua zuzenean etorkinei errua bota lehenbizi gure buruari errua bota gabe. Eta gure buruarekin abertzale edo independentista, deitu nahi duzuen moduan, garenotaz ari naiz, noski.
    Eremu esanguratsuki euskaldunetan ez dakit zuen eguneroko bizitza nola antolatzen duzuen hizkuntzari dagokionean, baina idazten dizuen honek Euskal Herriko periferian egin behar du bizitza. Eta ez pentsa politikoki a priori erdalzale deitu dakioken periferia denik, ez, Bizkaiko periferia da, hau da, Enkarterriak. Zer demontre gertatzen ote zaie Enkarterriei D eredua izanik, bozka gehienak alderdi abertzale edo sasi-abertzaleei emanda, hain euskaldun edo euskalerritartzat duten biztanleek erdara hutsean haien bizitza egiteko? Inmigranteen seme-alabak ote dira errudunak? Ez, inmigranteen seme-alabak D ereduan matrikulatuta daude eta euskaraz badakite beste haurrek bezainbeste, baina ez batak ez besteak ez dute erabiltzen. Hori da eskolatik kanpo inork gutxik erabiltzen duelako, ez dauka presentzia sozialik, heldu batzuek haurrekin egiteko baino ez baitute erabiltzen. Familia gehienetan belaunaldi arteko harremanak erdara hutsean, tabernetan lagun taldeak erdara hutsean (kastellanoa, noski) etabar etabar… Badira esparruak non euskara indartzen saiatu den, baina dirudienez esparru horietatik euskara zabaltzea oso zaila egiten dela: dantza taldeak, bertso eskolak… Zortez, orain 30 urte ingururekin seme-alabak izaten dabiltzan kohorte horrek euskaraz haziko eta heziko ditu haurrak eta berrindartuko da haurren artean euskararen erabilera, baina oraingoz ez da horrela.
    Helduek daukate errua, heldu abertzale eta independentistek, konkretuago heldu abertzale eta independentista erdaldunek. Hipokresiaren gailurra da identitate bati lotzea eta identitate hori errotzen duenari uko egitea. Niri dagokidanean, ez dakizue zeinen nekagarria den norbaitekin euskaraz aritzen hastea, baitakidalako horrek euskaraz jakin eta behintzat euskararen erabilera babesten duelako, eta segundu batzuk igarota beste hori erdarara pasatzea tresnak faltan dituelako edo deserosotasunari aurre egin ezin diolako. Euskara abertzale batzuentzat beti izango da eztarrian trabatutako mamu identitarioa. Gehitu koktelera horretara instituzioen utzikeria eta migrazioek dakartzaten aldaketa demografikoak eta badaukagu galbiderako edabe garratza.

  • Egungo etorkinak, etorkinen seme-alabak, eta erdaldundutako bertokinak, guztiak hartu beharko dugu aintzat aurrera egingo badugu.
    Ezin dugu fokoa soilik etorkin berriengan jarri. Horien eragina ukatu gabe, erdararen alde eragiten badute da lur oparoa aurkitu dutelako hala izan dadin.
    Mendetako ordezkapen prozesu batetik gatoz (bizi-bizi dago oraindik), gizarte egiturak erdaldunduta daude zeharo, eragile abertzale euskalerrizale gehientsuenek ere erdaraz dihardute nagusiki, eta eragile abertzale-espainiarrak jo eta sua ari zaizkigu erasoan, ordezkapen prozesua behin betiko burutzeko asmoz.
    Sarea berregin eta antolatu behar gorria daukagu, intsumisioa ardatz, eta eragile abertzaleei zuzenean galdatuz.

  • Herri euskaldun petoan bizin naiz, eta euskaraz txitean pitean solasten dira plazan ume guziak, baita etorkinak eta guardia zibilaren alaba ere. Erdaraz sendo aritzen dira, ordea, ume horien guraso euskaldun erdaltzale zenbait. Etorkinek, areago ume etorkinek, inguruan duten hizkuntza egiten dute bere, naturaltasun osoz. Etorkin apurrei euskararen (ustezko) galbidea egozteak, geure ardurei begiratu beharrean, izen arrunt itsusia du, goitiago erran bezala.

  • Mundu-mailako etorkin uholdea da euskara eta euskal komunitatearen hilkutxari falta zaion azken iltzea.

    Ez da fenomeno isolatu eta espontaneo bat, mendebaldearen eta munduaren homogeneizazio-prozesu deliberatu baten adierazpen bat baizik.

    Prozesu horretan Frantzia, Ingalaterra edo Alemania gisako nazioak nabarmen endekatzen ari badira, gurea hondamendi bat izango da (izaten ari da).

    Ez da gure herriaren heriotzaren lehen kausa izango, ez eta nagusiena ere. Bai izango da, ordea, funts bereko beste joerekin batera, urak gainezka egiteko falta den tanta.

    Nahikoa lanak bi estatu inperialisten botapean bizirautearekin, klase politiko traidore eta koldar bat jasatearekin, ideologia eta eragin endekatzaileei aurre egitearekin, bai eta 50. hamarkadatik aitzin etorririko espainol eta frantses okupen eragin kolonizatzaileari gainezartzearekin. Guzti hori nahikoa ez eta orain mundu osotik datozenen abegi herri izan behar.

    Gure ilobak gutxiengoaren gutxiengo izango dira. Jaiotze tasa negargarri honekin eta kontzientzia nazionalik gabe, belanualdi berriek ez dute erresistentzia handirik jarriko kanpotarrekin geroz eta gehiago mestitzatzeko eta euren sustraiak galtzeko.

    Prozesu horretan, jakina, euskarak eta euskal nortasunak ez dute biziraungo, museo batean ez bada.

    Azken orduko erdipurdizkako neurriak ezarrita ere, mirari btaek soilik salbatuko gaitu. Otoitzean hasi beharko ginateke.

  • Euskal komunitatea sendotu, eta etorri berriei gure komunitateko kide izateko aukera eskaintzea dugu aukerarik aztiena nik uste. Baina etorkin horiek ikusi behar dute euskal komunitate bat badela, bizia eta erakargarria, eta hortxe dugu lehenengo lana. Horretarako, eragile ustez euskaltzaleei koherentziaz joka dezaten exijitu behar zaie, itxurakeria eta folklorekeria alde batera utzita.

  • Kaka zaharra 2021-05-30 17:15

    Euskararen egoeraren ardura hizkuntz politikena da, hots, espainiar eta frantziar estatuena eta haien menpeko administrazioena.
    Horren kontra ezin dugunez, noski, gure frustrazioak ahulenarekin ordaintzen ditugu.
    Betiko kaka miserablea.

  • “Egurra” eta goitiagoko enparauen ele-ixuria Europan eta Espainian bolo bolo dabilen korronte neofaxistarekin bat dator erabat. Ordezkatu “euskal” erroa “frantes” edo “español” baliokidearekin, eta hortxe duzue. Badakizue: “nosotros no somos ni de izquierdas ni de derechas, somos españoles”, edo “nous ne sommes ni de droite ni de gauche, nous sommes pour la France”. Kasu, bertzela, mantra ezagunei: “etorkin uholdea”, “nazioaren endekatzea”, “klase politiko traidore eta koldarra”, “[kanpotar] okupak”, “ezkertiar progreak”… Deus berririk ez. Falazia bat da, eta beti izan da, Euskal Herria ultraeskuindar xenofoborik gabeko baregune progresista delako ipuin hori. Holakoak beti egon dira gurean, aldeko egokieran noiz ernatuko esperoan; aunitzetan abertzaletasunaren aterkipean gordeak, lozorroan. Fringe-en internet kobazulo honek duen gauza on bat da, anonimatoaren pean, euskal fatxitoak beldurra galdu eta denon bistan erakusten zaizkigula. Europar bikainki homologagarriak gara.

  • Abertzale beharrean independentista izatearen mirariaren aurrean gaude. Hori bai, noren edo zeren independientea izan nahi duen aipatu gabe.
    Gaur egungo zuzentasun politikotik irteten den orori “euskal fatxito” deitzea, argudioen sinplekeria oso agerian jartzen du. Euskal fatxito hauek gure herri honen etorkizunarekin oso arduratuta gaude eta ikusten ari garena ez daukagu bat ere gustoko. Arduratuta egotea bekatua al da?

  • “Gaur egungo zuzentasun politikotik irteten den orori “ESPAINAR fatxito” deitzea, argudioen sinplekeria oso agerian jartzen du. ESPAINAR fatxito hauek gure herri honen etorkizunarekin oso arduratuta gaude eta ikusten ari garena ez daukagu bat ere gustoko. Arduratuta egotea bekatua al da?”

    Sinatua: Javier Ortega Smith

    [Google Translate-k euskaratua]

  • Puntu amankomunetara helduz, bertako edo atzerritarren erruaz harago, argi dago euskarak eta Euskal Herriak prestigio gabezi bat daukala bai gure mugen baitan zein gure mugetaz haraindi. Funtsean JJk aipatu duen berdina, euskal komunitate bat badela eta bizi dela erakutsi behar da. Zuetako askok aipatu du, noski, Estatuetaz haratago etorkinek hau Frantzia edo Espainia bezala identifikatzen dutela, eta halaber, frantziar eta espainolek hau haien lurraldea bailitzan hartzen dutela. Gure dema handienetakoa, nire ustez, gure presentzia internazionala handitzean datza, hain herri txikia izanik gure gailentzeko gaitasuna urria baita. Zelan lortu dezakegu etorkinek mapan kokatu gaitzatela Frantzia edo Espainia kokatzen duten beste? Nola lortu Senegaletik datorren batek heldu baino lehenago hemen berezko nortasuna duen herri bat existitzen dela jakitea? Gaur mundua interneten bidez konektatu dago, eta Estatu-nazioen, erregioen eta bestelakoen atzerrira bideratutako propaganda horien bidez egiten da. Lortu lezake Euskal Herriak Estaturik gabe horrelako estatusa? Edo aurreratu genitzake Estatua izan baino lehenago horretara heltzeko zenbait pauso? Askok jakingo duzuenez Etxepare Institutuak nazioarteko irakurle programa bat dauka, atzerriko unibertsitateetan euskara eta euskal kultura irakasteko. Balegoke aukerarik hain itxia den eremu batetik esparru zabalagora salto egiteko aukera? Badakit diodana ia utopikoa dela, baina ideia, berez, ez zait hain txarra iruditzen.
    Eta berdin gure esparruari dagokionean. Euskal Herriaren baitan euskarak biziberritu beharra dauka, nola edo hala, eta hori eguneroko borondateaz bakarrik lortu daiteke. Eguneroko borondateaz eta lan zein aisialdi esparruak euskaldunduz. Eta komunikabideen garaian bizi garela, atzerritarrekin egin genezakeen berdintsu, gure auto-diplomazia intranazionala beharrezkoa dugu, gauzak ikusgarri egitea. Euskal Herri mailako kirol ligak, euskara hutsean erretransmitituak esaterako aukera ona litezke, hor baitago, nik uste, ikuslegoaren parte handi bat. Gai honetan ez naiz gehiago luzatuko, zuen proposamenekin bete daitekeen itxaropenarekin.

  • Aipatzea ahaztu zaidanez… Bai, erronka demografiko handia datorkigu gainera edo gainean daukagu jadanik. Erronka, gainera, bikoitza da, alde batetik atzerritarren seme-alabak eta atzerritarrak nola bertakotu landu behar delako, eta bestetik, geroz eta zaharragoa den gizarte batek zaintza handiak beharko dituelako, daukagun ugalkortasunarekin ezinezkoa izango dena. Inork begiratu nahiko balitu hemen paratuko ditut Gaindegiak jasotako datuen esteka batzuk.

    https://www.gaindegia.eus/sites/default/files/gng_po-20190627-migrazioak_euskal-herria.pdf

    https://www.gaindegia.eus/eu/immigrazioa-harrera-herri-bat-bi-errealitate

    Egurra, diozunez “Ez da fenomeno isolatu eta espontaneo bat, mendebaldearen eta munduaren homogeneizazio-prozesu deliberatu baten adierazpen bat baizik.” Ideia honetan sakontzerik bazenu interesgarria litzateke, batez ere “deliberatua” izatearen puntuan. Halaber “ideologia eta eragin endekatzaileak” zeintzuk diren jakitekoa interesekoa litzaidake.

    Agian euskal VOX-a sortuko balitz orain ditugun alderdi sasi-abertzaleak serio jarriko lirateke, seguru bait nago bozka nahikotxo galtzeko beldurra izango luketela. Errespetuz bada edonor izan dadila ongi etorria plazara.

  • Enekorix:

    Proposatzen dituzun ekimenak egokiak izan daitezke, baina artikuluaren asmotik eta xedetik aldentzen dira, bere goiburutik hasi eta akaberaraino: gibel-asmo makurrez kutsatutako lotura gaiztoa egiten du euskararen (ustezko) galbidearen eta etorkinen artean, eta hori ezin onartuzkoa da.

    Anekdota bat, joan den astean gertatua. Lagun bat (kanpotarra) Iruñara joan da B2 azterketa egitera, eta autobusean adineko emakume dotore eta apain baten ondoan egokitu da. Nere lagun honek erraten du xelebreak erakartzeko aparteko doia bide duela… Kontua da emakumea kalakan hasi zaiola, erdaraz, eta nere lagunak solasari eutsi dio: hau eta bertze, nongoa ote zaren, zertan zabiltzan Iruñan… Autobusa emakumearen geltokira ailegatu baita, hura eserlekutik jaiki eta, bazihoalarik, hau bota dio nere lagunari: “hija, mejor harías en estudiar inglés o alemán, que te va a servir para más”. Emakume hau ez zen etorkina, nafar petoa baizik: Euskal Herriko biztaleetan hiru laurden diren erdaldun horietako ale bat, hain zuzen. Kate-begi ahula diren etorkinei begiratu ordez, hobe genuke geure gizarte-zilborrari kontu egin, eta onartu horrelako jendea badugula gure artean, eta horiek direla lehenbiziko geureganatu behar ditugunak; eta hori ezinezkoa bada, haiekin bizitzen ikasi behar dugula. Sinplezia groteskoa da sinestea gure herrikideen hiru laurdenak (erdaldunak) gure konkistatzaileak edo konkistatzaileen konplizeak direla.

    “Agian euskal VOX-a sortuko balitz orain ditugun alderdi sasi-abertzaleak serio jarriko lirateke”

    Erran nahi al duzu PP-k VOX aldera egiten duen bezala, botuak galtzeko beldurrez, alderdi zure ustez “sasi-abertzaleek” ere berdintsu lerrokatu beharko luketela? Buff.

  • Ez, Kabe, ez dut hori erran nahi, baizik eta konpetentzia pixka batek ez liekeela gaizki egingo %99ari benetan inporta zaizkion arazoetan behingoz zentratzeko, milaka borroka antzutan galtzen baitute denbora batzuek. Dena den, horrelako alderdi batek ez dut uste Liga Foralistak daukanak baino arrakasta handiago izatea, parekoa akaso. Prioritateak ezartzea, hori da alderdi sasi-abertzaleei (kakotxik gabe) falta zaiena, momentu horretan, agian, sasi- aurrizkia kenduko diet.

    Ez dut ulertzen zergatik diozun nik egindako proposamenak artikuluaren xedetik aldentzen direla. Agian iritzi xenofoboak akuilatzeko eginda dagoela uste duzulako izango da. Artikuluak baditu bere argilunak, baina aurkezten dituen guztien artean nabarmentzekoa da hurrengo hau: “bertakotu gabeko “hemengoak” eta etorkinak maila berean daude, eta berdin tratatu beharrekoak dira.” Ez dut uste, funtsean, baieztapen horren aurka zaudenik, arazo honek ertz asko dituen arren.

  • Enekorix, gizartearen hiru laurdenak osatzen dituzten gure herrikide erdaldunek zu eta ni bezain “bertakotuak” daudela pentsatzen dute, baina bertze era batera. Honela tratatu behar ditugu, adibidez?:

    “Bada ordua euskara ezinbesteko baldintza izatea [sic] erroldatzeko”

    Beraz, Euskal Herriko 3.200.000 lagunetatik 2.450.000 erdaldunak beren etxeetatik kaleratuko ditugu. Pol Pot, epel hori! Tira, proposamen horri deituko diozu agian “argi-ilun” bat.

  • Pol Pot baino nahiago ditiat Charlie Chaplin edo Sacha Baron Cohen-en neurriko diktadoreak, Kabe.

  • Nik dakidala erroldatuta egotea betebeharra da Espainian, ezin da egon hizkuntza bat jakitearen baldintzapean, ezta gaztelania ere.

  • Euskaldunon eskubideak gehien errespetatzen dituen administrazioa EAEkoa dela kontuan izanik, egin beharreko lehen urrats gauzagarri bat litzakete bertan euskaldunon alde har daitezkeen neurri guzti-guztiak hartzea, Espainiako marko legalaren mugak kontuan izanda. Bigarren pausoa, jakina, muga horiek agerian uztea (berehala agertzen dute muturra) eta salatzea litzateke, eta haiek eraisteko lan eta borroka egitea, baina gehienetan ez gara haietara hurbildu ere egiten…

    Lehen pausoa emateko, ordea, agintarien jarrera aldatu beharko litzateke. Izan ere EAJk bizikidetza lehenesten du euskara normalizatzearen gainetik. Ondo dago bizikidetza lehen planoan jartzea, baina bizikidetza linguizida ez da inoiz bidezkoa izango, pax romana moduko bat baizik, eta gerta liteke egunen batean lortu nahi dutenaren kontrakoa gertatzea: beste erreakzio biolento/armatu bat. Beraz, bizikidetzak, benetakoa eta eraginkorra izango bada, euskaldunok errespetatu behar gaitu, eta zor zaigun gure hizkuntzan bizitzeko aukera bermatu, gaur ez bada aurretik ezarritako epe batean, abiapuntu harturik giza eskubideen urraketa larriak (oraindik martxan den etnizidioa) konpontzeko definituta dauden printzipioak: egia, aitortza, justizia eta erreparazioa, eta hortik erdaldunen betebeharrak ezartzea, ekintza positiboa bultzatzea, estatuek dituzten betebeharrak zehaztea etab.

    Hori da nire ustez gizartean zabaldu beharko genukeen debatea.

  • Oso bitxia da hizkuntzaren gaineko eztabaida hauetan sarri gertatu ohi dena.
    Badira gizakume batzuk, euskararen aldeko neurri-proposamenak oso zorrotz epaitzen dituztenak, proposamen egileei arrazakeria edota segregazio-nahia egozteko pronto beti.
    Aldiz, eremu guztietan inposatzen zaizkigun eta bazterketa-tresna nagusi diren espainiera eta frantsesa aipatu ere ez dituzte egiten, aizue.
    Ez da izango supremazismo erdaltzaletik jarduten dutela?

  • Inmigrazioa erronka bat da euskerarentzat, baina soilik hemengo herritar gehienak euskaldundu gabe daudelako (eta euskalduntze hau zailtzen duena espainiar instituzio eta komunikabideen propaganda makineria da). Euskal Herria euskalduna balitz, etorkinek segituan ikasiko lukete euskara eta lixto, Madrilen segituan castellanoa ikasten duten moduan. Euskal Herria euskalduna ez denez eta independentzia politikorik ez duenez, kanpotarrek hona heltzean hau soilik Espainia dela uste dute (euskera existitzen dela jakin arren, hizkuntza nazionala castellanoa dela uste dute, hala esaten baitiete Espainiar instituzioek) eta beraz kanpotar guraso askok borondate onez soilik erdara bultzatu nahi izango dute etxean, honek euskera gehiago diluitu lezakeelarik. Inmigrazioa, beraz, beste erronka metatu bat da arrazoi horregatik. Engainu instituzional baten menpe bizi gara denok, castellanoa guztion hizkuntza nazionala dela dioena, eta hori da oztoporik handiena. Euskera makilkadak amaigabeak jasotzen ari da lau aldeetatik etengabe, espainiar legediak errotutako fartsa baten erruz.

    Beste modu batera esanda, euskerak duen arazoa ez da exogenoa (etorkinak), endogenoa baizik (bertako erdaldunak, zeintzuek etorkinak eurengana erakartzen dituzten oharkabean, euskeratik aldenduz, legedia eta propaganda nazionalista espainiar guztia belarrian xuxurlaka dutelarik). Erronka nagusia, beraz, hemengo bertako erdaldunak euskalduntzea da.

    Zoritxarrez, mailakatze linguistikoaren propaganda oso indartsua da, bai Madrilen, baita hemen ere. Euskera prestigiatu beharra daukagu, euskal literatura hobeto saldu, presentzia publikoa gehiago irabazi, egunkari abertzaleak behingoz euskeraratu, interneteko plataforma gehiago sortu, youtuberrak ere behar ditugu, etab. Guztia.

    Gilenen proposamenarekin ere guztiz ados nago.

    Azken ideiatxo bat ere utziko dut. Euskaldunok konturatu behar gara seme-alabarik eduki gabe ezin dezakegula euskeraren etorkizuna bermatu. Debate hori ere plazaratzea interesgarria iruditzen zait, jorratu ez den gai bat delako. Euskaldunok seme-alabak behar ditugu.

  • Anekdota bat kontatuko dut, espainiar propaganda makineriaren indarrarekin loturik egon litekeena, edo orokorrean gaizki ulertu arriskutsuekin. Nire kuadrillako batek mutil laguna bat aurkitu zuen erasmusean, ameriketan, eta hona etorri zen lanera ondoren. Guk kuadrilan beti euskeraz hitz egin arren, berarekin egotean erdarara aldatzen genuen beti. Horrela, hilabeteak, urte bat, bi urte. Mutil honek euskera ikasten ez zuela ikusirik, eta pixkat interesa eta nahia berpizteko asmoz, nire laguna gero eta euskera gehiago erabiltzen hasi zen denok biltzen ginenean, eta halaxe hasi ginen denok (egia esan pixkat kokoteraino geundelako gu ere). Baina denbora baten ondoren, mutila haserretu egin zitzaion nire lagunari, eztanda eginez, gu “lengua aldeanan” aritzea errespetu falta zela eta bera nahita baztertzen ari ginelako. Imagina dezakezue nolako inpresioa hartu genuen.

    Horrelako gaizkiulertuak oso ohikoak direla uste dut, eta horren atzean propaganda makineria espainiar guztia dago, baita legedia ere. Horren aurrean zer egin? Nola hel gaitezke etorkinengana (baita bereziki hemengo erdaldunengana, esan bezala) euskera guretzat zer den azaltzeko? Ez dakit. Baina egiten ari garena baino gehiago behar dugula argi dago.

  • Makakorrue, azken ideiatxo horren haritik tiraka… Datuak:

    https://www.gaindegia.eus/index.php/eu/seme-alabak-izan-edo-ez-izateko-arrazoiak-18-55-urte-arteko-emakumeen-artean

    Seme-alabarik edo seme alaba gehiago ez izateko arrazoien artean aipagarria da arrazoi ekonomikoek eta lana/familia uztartzeko ezintasunak direla batera jarrita gailentzen direnak. Haur gehiago nahi baditugu bi gauza behar ditugu egun derrigorrez: lan eta etxebizitzarako aukera duinak eta zaintza sare ongi antolatuak. Jendeak haurrak nahi ditu gehienbat, emakumeen %22,1ek haurrak nahi ez dituen arren. Baina beste %77,9ak haurra nahi eta ezin… Erraztasunak eman behar dira lehenbizi, erraztasunak eta, behar izatekotan, ugalkortasuna esanguratsuki saritu.

  • Oso interesgarria! Eskerrik asko, Enekorix!

  • “Horrelako gaizkiulertuak oso ohikoak direla uste dut, eta horren atzean propaganda makineria espainiar guztia dago, baita legedia ere. Horren aurrean zer egin? Nola hel gaitezke etorkinengana (baita bereziki hemengo erdaldunengana, esan bezala) euskera guretzat zer den azaltzeko?”
    Horrelakoetan ageri-agerikoa da babes instituzionalik eza erabatekoa.
    Egia baita makineria arrotzaren eraginaren ondorio direla jarrera horiek, baina baita alderdi abertzaleek (?) gobernatutako erakundeen babesik ezaren ondorio.
    Hain zaila ote da gure hizkuntza eskubideen aldeko kanpaina txukun eta iraunkor bat hedatzea?
    Hain zaila da hedabide abetzaleek euskaldunon hizkuntza eskubideei babesa ematea denboran luzatuko den jardun antolatu batez?
    Ikastoletan, D ereduan… azaldu behar lirateke hizkuntza eskubideen inarriak, euskaldunon egoera makurraren zergatiak… Baina ez da ezer egiten, edo ezer gutxi egiten da.
    Eta hori EAEri gagozkiolarik, Nafarroan eta Iparraldean egoera askoz larriagoa baita.
    Noiz jarriko dituzte pilak eragile abertzaleek?

  • Inmigrazioaren arazoari buruz, beste herrialde batzutan, beste ikuspegi bat dute, adibidez Dinamarkan:

    https://www.berria.eus/paperekoa/1877/018/001/2021-06-04/asilo-eskatzaileak-ebtik-kanpora-eramateko-lege-bat-onartu-du-danimarkak.htm

  • Danimarkakoa, irakurtzen dudanagatik, asilo eskatzaileei aplikatzekoa da, ez etorkin guztiei, nahiko esanguratsua den arren. Danimarkak beste EBko herrialde batzuek kopiatzeko eredu bat sortu dute, baina ikusiko da gerora gai honen guztiaren kudeaketak zein norabide hartzen duen.

  • Berandu nator eztabaida honetara zoritxarrez, baina guztia itxi aurretik gauza bat komentatzea gustatuko litzaidake. Ezer baino lehen, esan gura nuke inmigrazoa eta euskara gai honek zertxobait deseroso sentiarazten nauela, ez baitut uste euskararen errotiko arazoa hori denik. Saiatuko naiz nire inguruan ikusten dudanaren ikuspegi bat ematen.

    Goian bezala, nik ere anekdota bat konpartituko dut hasteko, orain dela hile pare bat Aretxabaletako plazan ikusia. 8-10 urteko mutiko piloa baloiaz jolasten, euren artean etorkin jatorriko bat, denak erderaz berbetan. Baina noizean behin, mutil horietako batek esaldi batzuk jaurtitzen zituen euskaraz, ‘ei, pasau niri!’, ‘tranpa in dau’, edo ‘ikusi dozu?’ modukoak. Asko ez, baina zeozer. Ezetz asmatu mutiko horietako nork bota zituen esaldiok? Ba bai, etorkin jatorrikoak.

    Ni Arrasatekoa naiz, eta belarria tente xamar daroadala ibiltzen naiz kaletik. Oso euskara gutxi entzuten da. Entzuten da, bai, baina gutxi. Gazte euskaldun kuadrilla “hemengotar” gehienak erderaz bizi dira, inork behartu barik. Zer esanik ez helduak. Eta mingorragoa suertatzen da adin-txikietan. 10-15 urteko mutilen artean euskararen kale erabilera %0 da. Zin dagit, %0 da. Euskara hizkuntza hila da mutilen artean adin tarte hortan Arrasaten. Ez da erabiltzen, ezta eskerrak emateko ere. Nesken artean bai, gutxi gorabehera %25-%30 inguru euskaraz bizi dela esango nuke. Eta xehetasun garrantzitsuena: neskatila-mutiko horietako ia guztiak ere “hemengotarrak” dira, ikastolan ikasi duten gurasodunak gehienak. Orduan? Zer gertatzen da hemen?

    Oso fenomeno ohikoa da gurasoek umeei euskaraz berba egitea, baina euren artean erderaz jardutea, baita guraso biak ikastolan ikasitakoak badira ere. Zer eredu da hori umearentzat? Ba al dago hizkuntza bat iraintzeko modu handiagorik? Gainera, sarritan gertatzen da umeak 11-12 urte betetzean gurasoek gaztetxoekin erderaz mintzatzeari ekitea.

    Horrez gain egia da, eta aitortu beharra dago, badirela euskara hutsez bizi diren guraso ugari ere, zeintzuen seme-alabek derrigorrez aldatu behar baituten hizkuntzaz, kuadrilla girora sartzean. Hori ere egia da.

    Nik hemen arazo larri asko ikusten ditut, baina etorkinen kontua ez da horietako bat, hauek inguruan ikusten dutenera moldatzen baitira normalean. Goian aipatu diren eraso eta oztopo instituzional eta alderdien ganorabakokeria, haatik, guztiz dramatikoak dira, zuzen diozuen moduan. Ados, ezer gehitzekorik ez puntu horretan.

    Nolanahi ere, arazo guztietatik txarrena guraso batzuen alperkeria eta utzikeria dela esango nuke. Negligentzia, nahi baduzue. Zergatik ez dugu fenomeno hau ondo aztertzen? Zergatik gertatzen da hori? Agian galde diezaiekegu eurei zuzenean, zergatik dauzkaten hizkuntza ohitura jakin horiek. Ez da ba izango benetan ez dutela hizkuntza ongi dominatzen?(hori da nire susmoa). Eta hori hala bada, zergatik ez dute hizkuntza ongi dominatzen? Erantzun asko egon litezke. Azter ditzagun, egin dezagun diagnostiko zehatz bat. Ondoren, har ditzagun neurriak. Urgenteki.

    Bigarren arazo-iturri moduan (eta ziurrenik guraso askoren hizkuntza baldarkeriarekin lotuta legokeena) ikastolako hizkuntza-estrategia ikusten dut. Behintzat nire eskualdean. Adibide argigarri bat jartzearren: gure hizkera mintzatuko “neike, neuskio, balutso, leikitzu, daizuen, leikien” aditz formak irakatsi ez, eta bizitzan kalean entzungo ez dituzun “zeniezazkieke” edo “diezazuekegu” gora eta behera dabilzkite. Zentzua al du horrek? Estrategia inteligentea al da? Ez. Begibistakoa da ezetz. Horrek zeharka erderaren erabilera bultzatu baizkik ez du egiten. Arras bultzatu gainera, umeek (eta ez hain ume) paso egiten baitute hain arrotz zaienaz, gertukoago sentitzen duten erdarara joz. Niri hau katastrofikoa iruditzen zait.

    Gure bailaran egundoko euskara maila bizirik mantendu izan da hamarkada mordo batean, eta oraindik ere mantentzen da, baserrietan. Baserria izan da euskararen gordelekua, pentsa genezakeena baino askoz gehiago, bereziki eskualde batzuetan, adibidez neurea. Baina nik ez ditut ikusten ikastolak baserritarrei begira. Hitano aberatsa, hiztegi oparo izugarria, joskerak, esamoldeak, atsotitzak, aditz forma guzti-guztiak, tonua, hizkeraren indarra… horrek guztiak biziraun du gaurdaino baserrietan, gure bailaran behintzat azken arnasak hartzeari laster ekingo dion arren. Leintz bailaran, baserriko eta kaleko euskararen kalitate diferentzia potroak txipitzeko moduko da. Izugarria, ikaragarria, beldurgarria. Beste era batera esanda, gehiegizkoa gauza onerako. Laurdena ere ez da transmititu. Ia guztia popatik hartzera joan da. Erridikulura ailegatu gara. Prosodia erdaldunduta, espresibitatea zakartuta, hiztegia pobretuta, esamolde eta joskerak ahaztuta, aditzaren erabilera zabartuta eta moztuta, hitanoa akabatuta… Ez gatzik ez berakatzik ez duen gaurko kaleko euskara ahul honek gaztelera txertatu beharra dauka bi esalditik behin, konbertsazioari indar apur bat inprimatzeko. Egoera oso grabea da, eta ez naiz txantxetan ari.

    Ahozko hizkerarako aberastasun guztia muturren aurrean eduki dugu hamarkadatan, eta oraindik ere badaukagu (gero eta gutxiago, hiztun onak hiltzen doazen heinean), baina nik ez ditut ikusten ikastolak baserriei begira. Bitartean, ahozko hizkuntza baliabideak gutxitzen doaz eta komunikatzeko ezintasun kronikoa garatzen dihardugu, euskañolari bidea eginez. Gero etorriko dira bai damuak, negarrak, arrantzak eta doluak.

    Egin dezagun gure esku dagoena, kanpora hainbeste begiratu barik. Nire uste apalean, akats larregi ditugu konpontzeke. Zentratu gaitezen horietan bizkor, erlojua aurrera doa eta.