Etiopiako korrikalari gazteen bisita

Donostiako Igeldo mendi magalean dago La Sirena aterpetxea. Bertan daude bi mutil –19 urteko Maru Gerezihir eta 20 urteko Akebom Hadush–  eta beste bi neska –19 urteko Tigist Kiros eta 20 urteko Trhes Gebre–. Neskek mutilek baino bihurriagoak dirudite. Lotsati antzean eseri dira Berhane Fanta entrenatzailearen eta kazetariaren ondoan. Lotsak, dena dela, gutxi iraun du, algaraka hasi baitira fundazioko lagunak iritsi eta bazkaria prestatzen hasi direnean.

Goizez ingelesa ikasi, arratsaldean korrika egin

Gurean, goizez ingelesezko eskolak hartu dituzte eta arratsaldeak entrenatzeko gorde dituzte. Euskal Herria izugarri gustatu zaiela esan dute, edo saiatu dira behintzat keinu bidez. Aurpegiarekin gauza asko adieraz baitaitezke. Angel Olaran biziki maite dutela ere aipatu dute. Ez dute esan beharrik ere. Misiolari gipuzkoarraren izena aipatu bezain laster irribarrea agertzen zaie ezpainetan. Donostian udazkenean jokatzen diren bi lasterketetan garaile atera dira, nola gizonezkoetan hala emakumezkoetan. Hiru Hondartzetako Krosean eta 15 kilometroko proban, zehazki.  Ez hori bakarrik: markak ere txikitu dituzte. Euskal Herrian egiten diren proba herrikoienetan herrikoienean, Behobia-Donostian une ezin garratzagoa bizi izan zuten. Txiparekin izandako gorabeherak medio, azken atera behar izan zuten, negar batean. Irabazteko moduan ote ziren? Auskalo, baina ikusita zer abiadan aurre hartu zieten ehunka korrikalariri, duda gutxi. Etiopia Utopia Fundazioko lagunak haien zain zeuden helmugan, hoztuta iritsiko ziren beldur, eguraldi makurra izan zutelako: euria goian behean. Haiek, ordea, beste kezka bat zuten buruan helmuga gurutzatuta: “Time? Time?” galdetzen zuten etengabe. Egindako denbora jakin nahi zuten. Ez ziren podiumera igo, jakina, baina proba antolatzen duen elkarteak, Fortuna Kirol Elkarteak, datorren urtean parte hartzeko aukera izango dutela agindu die. Horri esker, gauzak ondo, datorren urtean ere zenbait astez Etiopia utzi eta gurera etorriko dira.

Gehiago irakurtzeko:

http://www.gaztezulo.com/berriak_view.php?uuid=1345

Etiopiako korrikalari gazteak, Etiopia Utopia fundazioko kideekin

Irudia | Etiopiako korrikalari gazteak, Etiopia Utopia fundazioko kideekin | Raul Perez-Gaztezulo | Creative Commons By SA
Behobia-Donostia, Etiopia Utopia, Wukro

Euskal Herri osora hedatzen den euskara hutsezko gazte hilabetekaria da Gaztezulo. 2000 urtean hasi zuen bidea aldizkari gisa, baina egun askotariko euskarriak dituen proiektu komunikatibo osoa da. Gazteen topalekua.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude