Etienne de Xiloeta

Etienne de Xiloeta –

Étienne de Xiloeta 1709ko uztailaren 5ean sortu zen Limoges hirian. Aita Arnaud de Xiloeta zuen, biarriztarra, eta Frantziako funtzionario kargu handia zuena. Familia honen deitura edo abizena Xiloeta zen, Lapurdiko euskaraz maiz xilueta ahoskatzen dena. Abizen hau Euskal Herri osoan zabalduta dago Zuloeta formarekin eta xiloz edo zuloz beteriko lekua erran nahi du. Frantses grafiaz deformaturik Silhouette idazten zuten.

Etienne de Xiloeta

Étienne semea, aitaren bidetik abiaturik, Orleans etxeko kantziler edo zigiluzaina izatera iritsi zen, horretarako Madame de Pompadour-en laguntza handia ukan zuelarik. 1759ko martxotik azarora, Luis XV.aren erregetzaren garaian, finantza kontrolatzaile izan zen. Kargu berri horretan buru-belarri aritu zen, erresumako finantzak bideratu eta modernizatu nahian. Noble eta aberatsen salbuespen fiskalen aurka borrokatu zen eta errege pentsioak ezabatzen ahalegindu. Ber denboran, oinarrizko laborarien zergak jaisten saiatu zen. Jarduera hauek nobleziaren aurkakotasun handia ekarri zioten.

Étienne txinatar erako irudien zalea zen. Bazuen argiontzi berezi bat eta horren bidez, bere irudia, adiskideena eta baita zenbait gonbidatuena ere lantzen zituen. Irudi horietan soslaia bakarrik agertzen zen, garai hartako orrazkeraz eta apaindurez horniturik. Hondoa beti beltzean agertzen zelarik.  Zaletasun honek bere deituraren hedatzea ekarri zuen, jendea soslai horiei silueta deitzen hasi baitzitzaien, eta izen horrekin iritsi dira Europako mintzaira gehienetara, baita euskarara ere.

Etsai amorratuak zituen nobleak ez ziren baretu Étienne de Xiloetaren kargugabetzea lortu arte. Horrela, 1759ko azaroaren 20an,  Étienne de Xiloetak finantza koordinatzaile kargua utzi behar izan zuen. Hurrengo urtean, hau da, 1760an, Bry-sur-Marneko jauregia erosi eta berreraiki zuen. Hor bizi izan zen, bizitza publikotik urrun, 1767. urtean zendu zen arte.

Bitxia bada ere, Étienne de Xiloetaren zaletasunak bere deitura famatua egin zuen, eta Europako hizkuntza guztietara hedatu. Xilo edo zuloetatik soslaietara pasatu zen. Horretaz gain, aipatzekoa da, badela Seychelles uhartedian irla bat Silhouette izena duena. 1609an topatu omen zuten eta Étienne de Xiloetaren omenez horrela bataiatu zuten. Ainitzetan historiaren bideak oker samarrak dira; bide okertu horietako batek xiloeta euskal toponimoa silueta bihurtu zuen.

Etienne de Xiloeta

Euskaltzalea eta irakasle-ohia

9 pentsamendu “Etienne de Xiloeta”-ri buruz

  • Euskara batuan:
    Zilhoeta

    Naffarreraz:
    Cilhoeta

  • Zein istorio polita! Eskerrik asko!

  • Ez dutr uste, eta seguru nago. Zulueta herria Elortzibar ibar nafarrean dago,Noain ondoan. Eta ez da deiturarik oinik ez duenik.

  • Hire vatuan izanen da hori.

  • Euskara batu officialean Zilhoeta da (LH) Étienneren deithura.
    Informa çaitez!

  • Joseba Aurkenerena 2018-10-15 12:19

    Adio lagunak.

    Egia erran behar badizuet ez dakit Ëtienneren deitura nola idazten den batuaz, eta ez dakit arauturik den ere. Zuloeta izan daiteke, ez dakit.
    Gauza da, Lapurdin abizen hori Xilueta ahoskatzen dela, xilo erraiten baita, eta ez zilo, gaur egun bederen. Eta horri jarraituz idatzi dut, frantesezko Silhouette desitxuratu itsusia ez jartzearren.
    Adiskidetasunez. Joseba.

  • Juanma Sarasola 2018-10-15 16:32

    Banuen silueta hitzaren euskal jatorri horren berri, baina beti eskertzen da informazio osatuagoa. Milesker, Joseba!
    Halere, ohartxo bat, urtea zuzen dezazun. Etienne (Ixtebe izango zen etxekoentzat eta herrikideentzat?) 1709an jaio zela esaten baduzu, nekez jarriko zioten bere abizena 1609an aurkitutako uharte bati ez bada uhartea mende pasatxo geroago berbataiatu zutela!

  • Joseba Aurkenerena 2018-10-15 16:47

    Arratsalde on, Juanma. Izenaren aipamenaz arrazoia duzu. Euskaraz ixtebe litzateke. Baina Frantzian sortua izan zenez, eta bizitza osoa Frantzian eman zuenez, ez naiz ausartu bere izena euskaratzen.

    Eta uhartearen kontuaz ohar zehatzago bat falta da. Horra hor:
    Silhouette Seychelles uhartediko irletako bat da, Indiar Ozeanoan dena, Alexander Sharpeigh-en agindupeko espedizio batek 1609. urtean aurkitu bazuen ere, ez zuten populatu 1860. urtera arte. Badirudi, ordukoa dela jarri zioten izena.

    Milesker, Juanma, zure oharragatik.