ETB3 ikusezin hori

ETB3 ikusezin hori –

Etxean haurrak telebista ikusten ari badira ETB3 katea baino ez dugu ikusten. Aniztasun gutxikoak gara horretan. Nahita. Horretan ere euskararen militanteak baikara. Erran nahi baita badakigu marrazki bizidunetako kate gehiago daudela munduan, baina guk bakarrik euskaraz ikustea erabaki dugu.

ETB3 ikusezin hori

Eta ez da ahalegin handiko militantzia bat. Hau da, kasu honetan euskara aukeratzeagatik, eta ez gaztelania, nire haurrak ez dira gelditzen haien gizarteratzerako garrantzitsua izan daitekeen ezer gabe. ETB3 haurrendako telebista kate erabat homolagagarria baita.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan paratuak dituzten 375 audimetro gezurtiek diote 2018an soilik ikusleen %0,3k ikusi zutela ETB3 hiru probintzia horietan. Aldiz, audientziaren %1,3k aukeratu zuen Clan, eta audientziaren %1,2k, Boing.

Errana dut nik ez dudala audimetro bideratu horien datuetan sinesten. Baina egia balira ere, ez dut uste datu eskas horiek ETB3ren kalitate eskasari egozterik dauden. ETB3ren kalitatea ez baita eskasa, ez bederen Clan edo Boing kateena baino eskasagoa.

Clan, Boing eta ETB3ko atzoko (maiatzak 13) programazioa aztertu dut, 24 ordukoa. Eta azterketa arin batek datu hauek eman dizkit.

  • Clan kateak 38 saio ezberdin eman zituen 24 ordu horietan. Boing kateak 18, eta ETB3k, 46.
  • Boing kateak 4 orduz eman zuen Doraemon eta 3 orduz Mr. Bean. Clan kateak bi ordu eta erdiz eman zuen Bob Esponja eta ia hiru orduz, Henry Danger. Aitzitik, ETB3n bakarrik ordu erdikoa izan  zen Doraemon-en emanaldia; berez, izan ziren egun osoan hura baino saio luzeagoak.
  • Bakarrik ETB3n egon zen atzo fikziozko saio propio bat: 3txulo.

Jakin dezazuen, bertzerik ez, eta ETB3ri buruzko mitoak desmuntatzen has zaitezen.

[Euskalerria Irratiko Metropoli Forala saioa, ‘Minutu bateko manifestua’, 2019ko maiatzaren 14koa]

ETB3 ikusezin hori

Iruindarra Iruñean. Kazetaria @LABnafarroa sindikatuan. Irakaslea 'stand by' batean. Kolaboratzailea @fm983irratia n. Ekintzailea @ekonafarroa n.

2 pentsamendu “ETB3 ikusezin hori”-ri buruz

  • ETB3 haurrentzako kanala bezala hutsaren hurrengoa da. Zer dago ez dena betikoa? Zenbat ordu bikoiztu dira? ETB3 umeak uxatzen ditu, ez badugu ezta hori ikusten.. Txikia nintzenean eduki hobeagoak nituen ETB1n, orain umeak ETB3an dutenak baino. Jada zinema ta bestelako aisialdiak..

  • Asier, primeran egiten duzu!

    Guk etxean gauz bera egiten dugu, clan eta horrelakoak ez dira existitzen desintonizatuta daudelako.
    Eta Youtube TBan ikusiz, Katxiporreta, Irrien Lagunak eta Ene Kantak-ekin ordu pilo ditugu. Eta umeei izugarri gustatzen zaie, hori da onena!
    Ea urte batzuk barru! Baina orain behintzat, hizkuntza garapenaren hastapena sendoa egiteko ezinbestekoa da eduki horiek jasotzea.

    Eutsi gogor!