ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du

ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du –

Berrogeialdian ohikoa den baino telebista gehiago ikusi du gehiengoak, eta orohar euskal hedabideen kontsumoa modu esanguratsuan igo da. Ez da hori, ordea, ETB1-en kasua: EAEn gehiago ikusi da apirilean zehar 13TV, ETB1 baino. Hala salatu du “ETB ESNATU!” ekimenak change.org-en eskegitako idatzi batean. Hainbat eskaera egiten dituzte bertan, ETB1-ek berriz ere eduki konpetentea eta lehiakorra izan dezan.

 

Hasieran marrazki bizidunen afera aipatzen dute sustatzaileek. Asko gara euskarazko edukiak kontsumitzen hazi ginenak, Superbat-en zein ondoren etorri zirenen bueltan. Baina egun egoera erabat aldatu da, zuzendaritzak ez duelako bikoizketaren aldeko apusturik egin, eta horrek izan duen ondorio zuzenena haurrek marrazki bizidunak beste hizkuntza batzuetan kontsumitzea izan da. Iñaki Beraetxe aktore eta bikoiztalea BIEUSEko kidea da (Bikoiztaile Euskaldunen Elkartea) eta gaiaren inguruko hainbat gako eman zituen ZuZeun Oier Aranzabalek egindak elkarrizketan.

Ekimenaren sustatzaileek ere haimbat programaz mintzo dira: “gogoan ditugu duela ez hainbeste ikusleon arreta bereganatzea lortu zuten hainbat formato, Wazemank, Mihiluze eta Goenkale kasu, estatu mailako gainontzeko programei aurre egiteko modukoak. Telebista lehiakorra eta gainera euskalduna… Izan ere, argi dago saioek zerbait dutela faltan, grina, berezko xarma, edo formatu berriren bat agian. Gainera, datuek ere hala diote: euskaldunon desio eta beharrak asetzen zituen zerbitzu publikoa ez da gai izan konexio hori mantentzeko. Programa bakoitzak bildu ohi duen ikusle kopurua aztertzerakoan, bistakoa da zenbaki benetan baxuak ohi direla”. 13TV-ren azpitik izatea, horratx adibide argiena.

“Interes handirik pizten ez duten programa ugariz josita dugu Euskal Telebista. Bada garaia, benetan arreta merezi duten programak aurkezteko, egun dagoen nagikeri edo erosotasun horrekin hautsiz”.

Salaketa idatzian aipatzen da badirudiela zuzendaritzak ETB1-en aldeko apustua alde batera utzi duela, eta euskarazko katea modu sinboliko batean mantentzen dela kasik, “jokoan deus izango ez bagenu bezala”.

Hizkuntza erregistroa ere aipatzen da idatzian, datu esanguratsu batekin eskutik helduta. 1991an 16-24 urte bitartekoak euskaldunen %22,5 osatzen zuten, eta egun adin tarte hori %55,4-koa da. Gazteei begira (eta gazteekin sortutako, erantsiko nuke nik) sortu beharko lirateke eduki gehiago, gazteei arrotza egingo ez zaien hizkuntza erregistro batean. Hala ere ez nago batere ados idatziak aipatzen duen puntu batekin: “Artifiziala eta zurrunegia suerta daiteke, batez ere gazteontzat, euskara batu eta zuzenegia” (“Merli” jartzen dute adibide gisa). Aipatzen den %55,4-ko gazte esparru horretako gehiengoak ezagutzen duen euskara bakarra euskara batua da, eta ez lirateke kontraesankorrak izan behar euskara batua erabiltzea, eta euskara batua hartu eta narrastu, higatu, puskatu, doblatu eta zartatzea. Kalean egiten den bezalaxe.

ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du

Testu honen helburua “beharrezko” gisa definitzen den berrikuntza bat eskatzea da, bai edukian, bai helarazteko forman eta baita telebistarako sarbidean ere: “onartezina deritzogu garai berrien aitzakia baliatuz etsipenean murgildu eta euskal telebista poliki-poliki hondoratzen uzteari. Aurrerapenak eman ahala, gure telebistak norabide berean berrikuntzak egin beharko lituzke, garai berrietara egokituz. Ez da soilik desio hutsa, erabateko beharra baizik. Euskararen etorkizuna gure eskutan dagoela esan digute beti, eta afera honetan komunikabideek ere badute ardura handia. ETB duin baten premia dugu euskaldunok”.

Ez dakigu nork plazaratu duen idatzi hau, baina dakiguna da ETB1-en inguruko kezka geroz eta handiagoa dela euskaldunen artean, eta aipatutako idatzia enegarren adibidea besterik ez dela. ETB0 behar dugu, zerotik hasitako kate publiko bat, dena birplanteatu eta berrasmatuko duena; eta hori posible izateko, zuzendaritza berri bat behar da.

Euskarak ETB berri bat behar du.

ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du
ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du
Beñat Hach Embarek Irizar

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEU orainkarian erredakzioko kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Goierri.

4 pentsamendu “ETB0: euskarazko telebista publikoak aldaketa behar du”-ri buruz

  • JJ Agirre

    Bai. Testua (sinadura bilketarena) luzeegia eta eztabaidagarria… baina gauden egoeran egonda, ez gaude finezietan galtzeko moduan.
    Nik behintzat, sinatuko dut eta zabalduko dut.
    Inork pentsatzen ote du euskarazko hedabide-sistema sendorik gabe, euskarak etorkizunik baduela?
    Euskalgintza antolatuak ez du EiTBren anabasaz iritzirik?
    Eragile abertzaleek?
    Unionisten festak ez du etenik…

  • Borondate on guziarekin ere ETB1 ezin ikusi. Ez nuen inoiz pentsatuko horrelako otasa sartu behar zigutenik berrogeialdi honetan. Zintzurretik horrelako ore lodirik ezin pasa. Hau da hau virusa! Ez zuten besterik nahi, azkeneko mohikanoak ere leher egin eta onda gintezen.

  • JJ-k dioenaz, erabat konforme. Zer ari da Euskalgintza “ofizial” hori zerbait esateko? Non daude gure politikari “abertzakeak”?

  • Euskalgintza “ofiziala” erosita dauka Jaurlaritzak Euskaraldia bezalakoekin. Horregatik ez du ezer esaten, ez ETB1en egoera penagarriaz, ez bikoizketako aktoreen grebaz, ez beste ezertaz. Tristea da gizartean eragiteko sortu ziren taldeak nola bihurtu diren zerbitzu enpresa subentzionatu batzuk. Beste euskalgintza bat sortu behar da, militantea, sozialista, lau eurorekin erosiko ez dutena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude