ETB: heriotza iragarriaren kronika?

MzM5MA==

Atzo hasi ziren programa berri batzuk ETB2an, baina ez dirudi triskantzak irtenbidea daukanik. Cuatrok eta La Sextak izan ezik, gainerako kate guztiak ikusiagoak izan ziren EAEn, ETB baino.

ETB guztiak batuta (ETB1, ETB2, ETB3, ETB SAT), 9,2 ko sharea lortu zen. Aldiz TVEk 23,4, Telecincok 22,1 eta A3k 14,4.

Astelehena egun garrantzizkoa izaten da telebisten audientzietan, baina ETB gainditu ezezik, egundoko jipoia eman zion atzokoan Television Españolak, eta Telecinco berak bikoiztu eta gehiago egin zuen ETBko audientzia. Urruti daude Ortuzarren garai haiek, Telecinco artxikomertziala zenean gainditu beharreko lehia. Orain laugarren zaldia baizik ez da ETB bere EAEko lasterketa pistan, gainera.

Salbatzaileei dei

Esan liteke triskantza hau guztia itzulipurdikatzeko izan zirela deituak Oscar Terol eta Antton Urrusolo, baina iaz ez zuten audientzia onik lortu, inondik inora. Hala ere ez dituzte dauden lekutik kendu eta atzo, bai batak eta bai besteak, kataklismoak izan zituzten: Urrusolok 5’8 eta Terolek 5’9, katearen mediaren beraren oso azpitik.

Katearen media hori igotzeko deituak izan eta eurek jaisten al dute? Zerk justifikatzen du programa hauek egotea ikusi denean ez dutela sortu dituen helburua betetzen? Kontrato itzelak sinatutakoak ez dira ba? Zergatik ez dituzte kentzen? Kontratu blindatuak dauzkatelako? Nork sinatuak? Nor da horren arduraduna?

Galdera gehiegi, zinez

Diru gehien kobratzen dutenetakoak dira, badirudi publiko zabala erakartzeko daudela deituak… baina ez, esan bezala  ETB2 atzokoan urteko mediatik (%10) oso behera ibili zen lortutako % 7’2arekin. Soilik La Sextak egin zuen berak baino gutxiago (%5’6). Beste guztiak gainetik, baita  Cuatro ere.

(ETB1 ere oso azpitik ibili zen urteko bere mediatik (%2,3) lortutako %1,5arekin).

Zer ari da gertatzen? Inork ez al du ezer egin behar? Audientzia zein puntura erori arte ez du hartuko inork erabakirik? Non dago muga? %7, %5, %3, %1…? Zer egiten du Administrazio Kontseiluak? Zer Blanca Urgellek?

Ez da argi ETB hiltzen utzi nahi duten ala euren eskuekin ito nahian dabiltzan. Iragarritako hilketa baten kronika dirudi honek.

eitb, etb

Ez naiz bakarra, asko naiz ni. Batean. Hori bai, begi-belarrietatik elikatzen naiz.

2 pentsamendu “ETB: heriotza iragarriaren kronika?”-ri buruz

  • ez dakit nik ba... 2010-09-21 19:13

    ni ez noa ETB ikusten oraingo baldintzetan, penagarria da zertan geratu den ikustea…. eta zer esanik ez ETB1… horren gainean artikulotxo bat idatzi nuen uda aurretik berrian…enfin… zelako pena

  • PSOE-PPren Eusko Jaurlaritzak prestatu Kultura Plan berriaren arabera (“Contrato Ciudadano por las Culturas” omen du izenburu ponpoxoa), ETB-1 delakoaren eginkizuna ere, euskarazko beste kultur erakunde publiko guztiena bezala, honetara mugatu behar da legez, hots, “garantizar la satisfacci├│n de la demanda”.
    Gaur, nonbait, Legebiltzar izena duen erakunde horretan gaztelania hutsez burutzen ari den “sesio” parlamentarioa bide da euskaldunon eskari irrikatsua.
    Hori bai, gor direnentzako aldibereko “itzulpena” egiten ari dira pantaila bazterreko koadrotxo baten barnean.
    Mila esker, berriz ere, “edukien arduraduna” den horri. Euskaldunok zeharo asebeteta baititugu gure nahiak eta hizkuntz beharrak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude