ETAri buruzko 7 azal polemiko


Ez da ba gutxi idatzi ETAri buruz prentsan. Makina bat gezur, trakeskeria eta astakeria idatzi dira urteotan. Jarraian dituzu 7 azal polemiko: 1991 urtetik hasi eta 2011 urtera arte. Zalaparta sortu zuten bere garaian eta, orain,  amaitzen ari den garai baten azken azalak.

1. ABC. 1991ko urriaren 18.
Irene Villaren aita zen poliziari zuzendutako ETAren bonba autoak 13 urteko Irene Villa hanka gabe utzi zuen, 1991ko urriaren 17an. ABC egunkariak, “El Horror de ETA” izenburupean, neskatxaren argazkia gordinki publikatu zuen: hankarik gabe eta odolez inguraturik.


2. Egin. 1997ko uztailaren 2.
Bahitua zegoen Jose Antonio Ortega Lara Arrasateko industria pabilioi baten azpian aurkitu zuten, 1997ko uztailaren 1ean. Logroñoko kartzelako funtzionarioak 532 egun eman zituen gelaxka batean giltzapetuta. Egin egunkariak “Ortega vuelve a la cárcel” titular handia erabili zuen gizona askatu eta biharamunean.


3. La Razon. 2004ko otsailaren 19.
Josep Lluis Carod-Rovirak, Kataluniako gobernuki kide zenean, ETAko ordezkaritza batekin bilera izan zuen. Hori gertatu eta aste gutxira, ETAk Katalunian atentaturik ez egiteko erabakia plazaratu zuen. Carod-Roviraren bilera eta ETAren su-etena lotu zituzten. La Razon egunkariak ez zuen duda-mudarik izan: Carod-Rovira eta etakide fikzionatu baten arteko bostekoa argitaratu zuen.


4. El Pais. 2004ko martxoaren 11.
Madrilgo lau trenetan jarritako bonbek 191 pertsona hil zituzten. Goizeko 07:37etan hasi ziren eztandak eta gertaren larritasunagatik arratsalderako zenbait egunkarik urgentziazko edizioa plazaratu zuten. El Paisek, Espainiako Gobernuko iturriei sinesgarritasuna emanez, ETAri egotzi zion sarraskia.


5. El Mundo. 2008ko abenduaren 4.
Etakide batek tiroz hil zuen Azpeitian Inaxio Uria enpresaria. Lagunekin kartetan jolasteko hitzordua zuen Uriak, egunero bezala, Kiruri jatetxean. El Mundok bi titular erabili zituen, zein baino zein bortitzagoa: “ETA asesina a un empresario en un pueblo que gobierna” eta “…pero la partida continúa”. Bigarren esaldi horrek Uriaren lagunak eta, oro har, euskal gizarteak hilketen aurrean zuen balizko axolagabekeria.


6. La Razon. 2011ko maiatzaren 6.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Bildu legeztatu zuen azken orduan. Demagogia eta errazkeria batuz, “ETA gana. España pierde” titularra plazaratu zuen. Horrez gain, legeztatzearen aldeko magistratuen izen-abizenak eta argazkiak jarri zituzten egunkariaren azalean.



7. ABC. 2011ko urriaren 18.
Kofi Annan, Gerry Adams, Bertie Ahern, Jonathan Powell, Pierre Joxe eta Gro Harlem Bruntland, izen handiko politikariak denak, Donostian izan ziren Aieteko Nazioarteko Konferentzian. Adierazpen bat adostu eta jendaurrean plazaratu zuten. Besteak beste, ETAri behin betiko armak uzteko eskatu zion agiriak, lehenbiziko puntuan. Halere, ABC egunkariak, sei pertsona horiei ETAren esanetara egotea leporatu zien.

——-

Gogoan duzu beste azal polemikorik? Iruzkinen bidez duzu bilduma hau osatzeko aukera.

(Iturria:Espainiako prentsako azal polemikoenak, Kurioso.es blogean)

azalak, egunkariak, ETA

3 pentsamendu “ETAri buruzko 7 azal polemiko”-ri buruz

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude