ETAren erabakitik urtebetera, euskal herritarrei galdezka

Gaur urte bete, 2011ko urriaren 20an, ETAk jakinarazi zuen jarduera armatua behin betiko amaitzeko erabaki zuela. Albiste historikoak itxaropen berriak zabaldu zituen gizartean. Hamabi hilabete eta gero, zazpi lurraldeetako zeinbat euskal herritarri bi galdera helarazi dizkiegu, egoera nola ikusten duten azaltzeko eskatuz. Jarrera gehienek bat egiten dute: hobeto gaude orain, baina bide asko dago aurretik egiteko.

Galderak:

  1. Zer aldaketa nabarmenduko zenuke urriaren 20tik hona?
  2. Datorren urtera begira zer aurrerapausu nahi zenituzke ikusi?

Markel Olano– Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusia 2007-2011 (@MarkelOlano)

  1. Azken 40 urtean gure herriko egoera politiko eta soziala guztiz baldintzatu duen estrategia politiko-militarra amaitu da. Abertzaletasun osoak bide politiko eta demokratiko hutsen aldeko apustua egin du eta, beraz, mendebaldeko nazio askapenerako gainontzeko mugimentuekin homologatu egin gara, salbuespen tamalgarri izan ondoren. Hemendik aurrera pertsonaren duintasuna eta herritarren borondatearen errespetua dira euskal politikagintza osoaren oinarrian dauden printzipio nagusiak. Espainiar estatuaren egitura desberdinek agerian utzi dute kultura demokratiko eskasa eta estatu ikuspegi kaskarra dutela. Eskuin muturraren eraginak eta orain arte egin duten diskurtso immobilistak guztiz baldintzatzen dituzte eta Aieteko adierazpenakluzatzen zien eskariari muzin egin diote.
  2. Hiru aurrerapauso bake prozesua indartzeko: A) Estatuaren egitura desberdinen aldetik gizatiartze urratsak egitea, urte askotako enfrentamenduak sortu dituen ondorioak leuntzeko. B) Orain arteko enfrentamenduak gure gizartean utzi dituen zauriak sendatzeko bide bat adostea. Elkarbizitza eta berradiskidetzea landu behar dira, munduko bake prozesu guztietan bezalaxe. C) Abertzaletasunaren baitan lidergo lehia antzua gainditu eta estrategia bateratua adosten hasteko urratsak egitea. Pazientzia, malgutasuna  eta eskuzabaltasuna beharrezkoak izango dira. Hauteskundeak ospatu ondoren dezente argitu daiteke atal hau.

Lurdes Auzmendi- Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako Sailburuordea (@Lurdes_Auzmendi)

  1. Hasteko, askoz lasaiago bizi garela oro har guztiok, baina batez ere ETArengandik babesteko segurtasun neurriekin bizi behar zirenak. Eta lasaitasunak askatasun gehiago ere ekarri du, hitz egiteko, pentsatzen dena adierazteko… bizitzeko. Tamalez, ordea, ez dugu oraindik askorik aurreratu eragindako sufrimenduaren aitortzan.
  2. Lehenik, terrorismoak irekitako zauriak sendatzeko lanean jarraitu beharra dago, eta ahal dela ultzerarik sorrarazi gabe. Horretan erantzukizun haundia daukate ETAren babesle izan direnek, eta gertatutakoa kontatzen ia ez gara hasi ere egin, biktimei entzun nahi ezta jarraitzen dute askok. Ez diezaiogun iruzurrik egin elkarbizitzaren esanahiari: elkarrekin bizi, bakoitza bere nortasun eta pentsaerarekin, besteekiko berezitasun eta antzekotasunekin, baina askatasunarekin. Eta honek esan nahi du maila politikoan ere akordioak behar direla.

 Imanol Galfarsoro- Lapiko Kritikoaren bultzatzailea (@igalfarsoro)

  1. Aldaketa nabarmenena izan da konturatzea burua bakezaletzat aurkezten zutenek zein eroso bizi ziren, orohar, bakerik gabe.  Zentzu horretan, egungo nire filosofo faboritoak, Alain Badiouk alegia, esaten dituenak guztiz baliagarriak dira gure testuingururako:  politika katekismoarekin konfunditzen dituzten sermoi moralizatzaileetan ‘delirio etiko’aren sintomak nagusitzen dira. Hori gutxi bada, giza-eskubideen eta demokraziaren diskurtsoak estalki ideologikoa eskaini izan, eta oraindik ere eskaintzen du Euskal Herrian bertan zapalkuntza politikoa ezkutatzeko. Baina kontuz, horrek ez du esan nahi giza-eskubideen diskurtsoa eta demokraziaren aldeko borroka ez direla inportanteak. Bi noizo horien esanahiak borrokatu egin behar dira.  Giza eskubideen eta demokraziaren aldeko aldarrikapenak  Euskal Herriko eskubide zibil eta politikoen aldeko borrokekin txertatu behar dira. Ezin dira utzi bakeraren etsaien eskuetan. Eta, izan ere, esango nuke azken urte honetan badagoela zer edo zer benetan aldatu dena, itxuraren mailan batik bat: askapen mugimenduaren borroka politikoan, historikoki, konpromezu etikoak ardatz izan dira beti, baina orain hori hobeto bisualizatzera lortu dela uste dut, eta alderantziz, betiko bakezaleen natura biolentoa gero eta ageriagoan geratzen ari da.
  2. Bi gauza, bat giza-eskubideekin lotuta dagoena, hain zuzen ere, eta bestea, eskubide zibil eta politikoekin. Lehena presoen aldeko borrokan oinarritzen da eta bigarrena independentziaren aldebakarreko prozesuan sakontzea izango litzateke. Bigarren honekin ez dut uste inork arazorik izango duenik ulertzeko. Ez dut esaten onartzeko baizik eta ulertzeko: gure eskubidea da independetziaren aldeko bide horretan gure kabuz jarraitzea inori baimenik eskatu gabe. Lehenarekin gaizkiulertu gehiago sor daiteke, batez ere, ‘eta zer gertatzen da ‘terrorismoen biktimekin’?’ galdetzen duenarentzat.  Baina, egia esanda, nik hemen ez daukat pazientziarik edo astirik beraien buruak orekatu zein ‘inpartzial’ eta moderatutzat dutenentzat. Edo bestela burutu dezagun esperimentu mental bat: zure buruan inolako gogogabetasunik detektatzen baduzu presoekiko guztiz eta zeharo, kondiziorik gabe, kide agertzeko, eta konparatzeko zein kualifikatzeko joran larriak ukitzen bazaitu (“Bai, eta zer gertatzen da biktimekin? “Azkoz ere gehiago dira” “Gehiago sufritu dute” etabar), ez pentsa gero jarrera horrekin biktimekiko sinpatiak erakusten dituzunik. Alderantziz, fede txar soila da erakusten duzuna. Zentzu horretan lan asko dago egiteko, urte baten, zer esanik ez, konpondu ezin daitekeena, baina nire ikuspuntutik behintzat bi gauza adieraziko nituzke zehatz-mehatz: bat/ sufrimenduaren izaera sinboliko selektiboa onestuki onartu behar da eta bi/ dagokigun gatazkan jarrera etiko zuzen bakarra onartzea da gizabanako bakoitzaren sufrimendu, atsekabe edo heriotz ikaragarria berez dela absolutoa eta konparaezina.
Onintza Enbeita- Bertsolaria eta Amaiurreko diputatua Espainiako Kongresuan (@OnintzaEnbeita)
  1. Iazko urriaren 20an ETAk pauso garrantzitsua eman zuen Euskal Herriko gatazka politikoa amaitzeko bidean. Edonork igarriko zuen harrezkero ez dela atentaturik egon gure herrian. ETAk eginda. Azken urteetako dinamikak kontuan izanda, hori bera, bada aldaketa. Hala ere, gauza gehiago dira aldatu ez direnak aldatu direnak baino: euskal preso politikoen egoera txarra da, espainiar estatuak ez ditu Estrasburgoren aholkuak ere entzun nahi Parot Dotrinaren auzian, konponbiderako elkarrizketak hasi gabe daude…
  2. Nik ikusi nahi nuke estatuaren eta ETAren arteko elkarrizketen hasiera eta ikusi nahi nuke Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko aukera izan dezan bidea hasita egotea. Presoak etxean edo etxera bidean izateak ere poz handia emango lidake.

Paul Rios- Lokarriko koordinatzailea (@PaulRios)

  1. Urte honetan zehar bi jazoera oso garrantzitsu gertatu dira. Batetik, ETAk indarkeriaren amaierarekin hartutako konpromezua mantendu du, desarmerantz aurrerapausuak emateko prest dagoela ere aditzera emanez. Hortaz, orain arte mehatxatuta egon izan diren sektoreek segurtasun eta askatasun handiagoa dute. Bestalde, Sortu jada legala da. Orain arte ilegalizatuta zegoen ezker abertzaleak nolabaiteko normaltasunarekin egin ahal izango du politika berriro ere. Bi gertakari hauen laburpena datorren igandeko hauteskundeetan ikusi ahal izango dugu, gure historian bi egoerak aldi berean ematen diren lehendabiziko aldia izango bait da: ETAren indarkeriaren amaiera eta aukera politiko guztien parte-hartzea. Horrek soilik poztasunez bete behar gaitu.
  2. Bakearen errotzeak zailtasun handi honi egin beharko dio aurre: Gobernuak ez du inolako kontakturik izan nahi, ETAk bere desegitea erabaki arte. Horren aurrean, euskal arderdi politikoek elkarren arteko elkarrizketak abiatu beharko dituzte bakea errotzeko martxan jarri behar diren neurriak adosteko. Zentzu horretan, oso garrantzitsua litzateke desarme, desegite eta presoen birgizarteratze agenda bat definitzeko lanari ekitea. Niri gobernua armen eta presoen gaiei heltzeko ETArekin hitz egiten hasten dela jakitea gustatuko litzaidake, baina bien bitartean hemen akordio batetara heltzea gustatuko litzaidake. Lortuz gero, bide egokian egongo ginateke.

Patxi Huarte “Zaldieroa”- Marrazkilaria (@zaldieroa)

  1. Aldaketa nabarmenena ETAren ekintzen bertan behera uztea bada ere, nabarmentzekotan nik beste gauza bat nabarmenduko nuke eta da gainerako gauza guztietan ez dela inongo aurrerapausorik eman, eta hori oso kezkagarria dela.
  2. Nik ikusi nahi nituzke Euskal Herriko alderdi guztiak (iparraldekoak eta Nafarroakoak barne) Aieteko adierazpena sustatzen eta indartzen, baina ez naiz oso baikorra.
 Luis Zarrabeitia- Arabako Biltzar Nagusietako ordezkaria EAJtik (@LuisZarrabeitia)
  1. Eszenatoki soziopolitiko berria. ETAk arma uzteak aukera eman du normalizazio soziopolitikoan urratsak egiteko. Ezin da esan prozesua osatu denik, baina, ezpairik gabe, gaur hurbilago gaude iaz baino.
  2. Igandetik aurrera Jaurlaritzaren osatzearekin gertatzen dena gertatzen dela, desiragarria litzateke Legebiltzarreko balizko gehiengo abertzaleak normalizazio politiko osoaren alde egitea, eta, ez hori bakarrik, politika hori sustatuko duen jarrera hartzea: ETAren disoluzioa, salbuespenezko espetxe politiken amaiera…

Eneko Bidegain- Mondragon Unibertsitateko irakaslea (@EnekoBidegain)

  1. Batetik, ETAren su-etena behin betikoa dela jakiteak ematen duen lasaitasun giro bat sortu da: ez dago Lizarra-Garaziko prozesuan edo Loiolako prozesuan bezalako kezkarik, ea su-etena hautsiko den ala ez; badakigu borroka armatua ez dela berriz hasiko. Horrek bizitza politikoa beste giro batean garatzeko aukera historikoa ematen dio Euskal Herriari, eta hala egiten ari da. Horren lekuko dira hainbat alderdi politikok osatu dituzten koalizioak (Bildu, Amaiur, EH Bildu). Koalizio horiekin, orain arte elkar ezin ikusia zuten alderdi politikoen arteko harremana guztiz aldatu da, eta zatiketak elkarlanari utzi dio tokia. Gainera, egoera horrek eragin du koalizio hori gobernu taldeetara pasatzea (udaletan, diputazioan) eta Eusko Jaurlaritzako indar nagusia izateko lehian sartzea. EAJk ez dauka gehiago ziurtatuta hauteskunde guztietan irabaztea, eta horrek politika egiteko moduak aldatzea ekarriko du bai EAJn, bai Bildu osatzen dutenen artean. Beste ondorio batzuk, aurrekoari lotuta, oso konkretuak dira, alderdi politikoen legez kanporatzea bukatu delako, eta ezker abertzalea berriz legeztatu delako. Aldiz, gauzak ez dira oraindik asko aldatu presoen egoerari dagokionez, errepideetako kontrolei dagokienez eta abar. Hala ere, nahiz eta atxiloketa batzuk gertatu diren, begi bistakoa da hamabi hilabete hauetan aurreko urteetan baino anitzez lagun gutxiago atxilotu eta espetxeratu dutela. Ipar Euskal Herrian ere izan du eragina ETAren erabakiak. Azken urteetan mugimendu handiak gertatu dira Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalari begira. Gaur egun, abertzaleak eta ez abertzaleak, ezkerrekoak, eskuinekoak eta zentrokoak, ados jarri dira Ipar Euskal Herriarentzako Lurralde Elkargoa aldarrikatzeko. Hori ez da gertatu ETAren erabakiaren ondorioz bakarrik; aspalditik egindako lanaren emaitza da. Baina argi da testuinguru politiko berri horrek egoera anitz lasaitu duela eta lagundu duela Lurralde Elkargoaren aldarrikapenak aurrera egiteko bide historikoari atea zabaltzen.
  2. Urte bateko epean presoen arazoa konpontzea, ETAk armak entregatzea eta erakundea desegitea edo desegite bidean jartzea litzateke nahi nukeenetariko bat. Nahiz eta beldur naizen hori ez dela hain laster etorriko, uste dut hori ez gertatzeak tentsio egoerak sor ditzakeela, eta testuinguru politiko honetan ez da komeni tentsioak arlo horretan egotea. Arazo minbera horiek gainditu behar dira, borroka armatuaren aroari behin betiko amaiera emateko eta beste arlo batzuetara zuzentzeko, erabat. Eusko Jaurlaritza berriarekin, espero dut urrats sendoak eginen direla bake prozesuari begira, herri honen ezagupen sendoago bati begira, independentziari begira eta, oroz gainetik, euskararen alde. Ipar Euskal Herriari dagokionez, espero dut Frantziako Gobernuak onartuko duela Lurralde Elkargoa sortzea, eta hori sortzeko bidean urrats konkretuak eginen direla.

Urko Aristi- Kazetaria (@uaristi)

  1. Aldaketa gutxi izan da, edo behintzat nahi baino gutxiago. Gauzak motel doaz, motelegi. Gau horretan bertan, lan kontuak tarteko, ETAren bi biktimekin egon behar izan nuen. Batek sekulako besarkada eman zidan, pozaren pozaz. Ez dut ahazteko. Bestea aldiz, sinisgaitz zegoen. Susmoa dut albistea sinistu nahi ez zutenek bere horretan jarraitzen dutela, urratsak ez emateko edozein aitzakiaren bila. Gau horretan bertan Donostiako Boulevarden egindako inkesta batean jendea hotz atzeman nuen, eta urtebete beranduago, halaxe gaudela uste dut. Ez genuen ospatzen jakin. Beharbada bagenekielako bide luze baten lehen urratsa baino ez zela, edo agian nekatuegi geundelako. Baikor jartze aldera, esango nuke jendartean tentsio gutxiago somatzen dela, eta maila txikian, eta gertuagokoenean bada ere, enpatia lantzen hasi garela.
  2. Aldian aldiko zaparrada batek baino etengabeko xirimiriak mesede gehiago egiten dio lehor dagoen lur soroari. Horregatik, propaganda kutxuko neurri handiak baino, neurri txikiak, baina egunerokoak nahiko nituzke. Aste honetako Otamendiren kasuaren gaineko sententzia gustura hartu dugu, bai, baina denbora gehiegi itxaron behar izan dugu, eta batez ere albiste horrek badu atzean errealitate bat oraindik ere bukatu ez dena. Oraindik bada sufritzen duen jenderik. Presoak gerturatu behar dira, batetik, lehen bait lehen gainera. Eta bestetik, borroka armatuko urte luzeetan kaltetutakoen egoera aztertu, baina batzuetan eta besteen erabilera politikorik egin gabe. Aieten proposatutako bost neurri haietatik, bat baino ez da bete, lehena, duela urtebetekoa, baina beste laurak betetzear daude. Bete daitezela lehen bait lehen. Badugu nahikoa lan!

Jurdan Arretxe- Noticias taldean politika kazetaria (@Jurdan)

  1. Batez ere, kaleko lasaitasuna. Honen eredu argiena egunotan dugu. Oraindik urtebete pasa da aste garrantzitsu hartatik, baina alderdi guztietako kideak lasai dabiltza ekitaldiak antolatzen kalean bertan eta hori, beste gauza asko egiteke daudenean oraindik, bada zerbait 2009ko hauteskundeekin alderatuta.
  2. Gakoa elkarrizketa dela uste dut. Beraz, indar guztien arteko elkarrizketa maila areagotu eta hobetzea eskatuko nieke. Elkarren arteko hizketarik ez badago, ez da egongo elkar ulertzeko eta akordioetara heltzeko gaitasunik edozein esparrutan, ez bakarrik bakegintza eta normalizazio politikoari dagokionean.
 Ion Ansa- Toliati blogaren egilea (@IonAnsa)
  1. Aldaketa sakon baten ondorioa izan da urriaren 20ko erabakia. Aldaketa horrek bi ardatz nagusi ditu: politika egin eta ulertzeko modu berriak, eta eraldaketarako bidean ezkertiar soberanistek indar hegemoniko bihurtzeko markatu duten estrategia. Honela, estrategia horrek bat egin du euskal jendartean hamarkadetan mugitzen joan diren sakoneko korronteekin, hau da, jendartearen gehiengoak ezkerrerantz eta burujabetzarantz egin duen bidearekin, baina baita politikagintza eta indarkeriaren aurrean izan duen jarrerarekin ere. ETAren erabakia jendartean zen errealitate hori korrelazio politikoen zelaira trasladatzeko klabea izan da. Ezkertiar soberanistek analisi egokia egin dute errealitate horretaz, eta ohartu dira aukera dutela epe ertainean gehiengo politiko bat artikulatzeko. Zentzu horretan, orain arte izan duten arrakastak euren analisiak onak direla baieztatu baino ez du egin… haiek espero zutena baino are gehiago! Horrek sortu dizkien arazo guztiekin.Zabalago begiratuta, garai berrietan, familia eta mugimendu politiko bakoitzak bere burua berkokatu beharko du. ETAren ekimenak ezartzen zituen koordenadak desagertuta, posizio politikoak klabe berrietan berpentsatu behar dira, eta eskema zaharrak gainditzen ez dituztenak atzean geratuko dira. Laburtuz, ETAren erabakia jendartearen sakoneko korronteen interpretazio egokia egiten duen analisi batetik datorren estrategia zabal batean kokatu behar da. Aldaketa, beraz, ETAren erabakiaren arrazoi da, eta ez alderantziz, nahiz ETAren erabakiak berak aldaketa hori guztia gauza zedin sekulako ekarpena egin.
  2. Esandakoaren harira, PSE eta EAJ politika zelai berrira egokitzen ikusi nahi ditut, bai beraien onerako, baita politikagintzaren onerako ere. Zer esanik ez, ezker soberanistak ere asko duela ikasteko eta aldatzeko, eta bide horretan jarraitzea eta sakontzea nahiko nuke. Bestalde, estatuek ezin dute gatazkaren ondorioei heldu gabe luzaro jarraitu. Presoak gerturatu behar dira, eta kalera irten daitezen presioa egin behar da. Tragedia bat da eta onartezina da giza eskubideei egiten zaien urraketa hori. Azkenik, politikaren aldaketa sakona eman behar da, eta demokrazia edukiz bete: demokrazia jarraia eta erabakitzeko eskubidea bezalako ideiak praktikara eramanez, Bide horretan pausuak ematea espero dut datorren urtean ere. Sentsazioa dut, horren alde gaudenok hori guztia ondo bideratzen asmatzen badugu, eta nahikoa indar eta ahalmen badugu hor pausuak emateko, aro interesgarri baten hasieran baino ez gaudela baieztatuko dugula laster.

Eider Alkorta- Politologoa eta EHUko irakasle eta ikerlaria (@EiderAlkorta)

  1. ETAren jarduera armatuaren amaiera pausu garrantzitsua izan da Euskal Herrian bake eta normalizazio politiko baten aroari hasera emateko. Baina era berean, ETAren jardueraren amaierak bakarrik, ez du automatikoki, bakean bizi den eta politikoki normalizatua dagoen gizarte bat ekarri (ko). Gizartearen zati batentzako gatazka amaitu da, bakerik ez zen ETA zegoelako eta ETA desagertzen bada, agur gatazka politikoa.  ETAren bortxa jasan duten eragile eta gizabanakoentzako, logikoa den moduan, gauzak asko aldatu dira, eta orain artean ez zuten askatasuna lortu dute azken urtean. Ez da gutxi. Baina era berean, frogatua geratu da Aieteko Konferentzia lehen puntu horretan geratu dela, eta horixe zela hain zuzen ere, nazioarteko ordezkariek lotua zuten puntu bakarra. Gainontzeko guztiak bere hortan darrai. Gainera, zenbaitek PPren gehiengoak prozesuan lagunduko zuela uste bazuten ere, kontrakoa gertatu da eta azkenean elkarrizketarik egongo bada ere, Aieteko Konferentziaren ontasunak hainbestekoak ez zirela esatera ausartuko nintzateke.
  2. Alde batetik, une hauetan presoen auziari heldu beharko liekete gobernuek. Gartzela politika ETA aktibo zenean disenaiturikoa bada ere, urte bete pasa ondoren ez da ezer aldatu. Urruntze politikarekin bukatu beharko lukete gobernuek, gaixotasunen sendaezinen presoen kaleratzea, 3/4 beteak dituztenak…eta ea zer gertatzen den Parot Doktrinarekin Estrasburgoko sententziaren ondorenean. Bestetik, bake eta normalizazioaren bidean ere ekimenak jarri beharko dira martxan, urte luzeetan herrietan emandako ikusezin eta zanpaketak ere bideratu beharko dira. Gai asko esan gabe utzi ditut eta jorratu beharko dira, errelatoarena eta erabakitze eskubidearen inguruan, besteak beste.

Asier Blas- Politologoa eta EHUko irakaslea (@asierblas)

  1. ETAren mehatxupean zeudenak lasaiago bizi dira, hori nabarmena da unibertsitatean ere bai. Urteetan pasilloak bizkartzainez josita egon dira eta orain ez ditugu ikusten. Oro har, euskal gizartean gauzak asko erlaxatu dira eta hori beti da poztekoa. Bestalde, kostata, baina Ezker Abertzaleak topatu du zirrikitu bat hauteskundeetan parte hartzeko eta horrek ere lagundu du normalizazio prozesua, nahiz eta oraindik pausu asko emateke dauden. Ataka honetan, atentzioa deitzen duena da Parisek eta, bereziki, Madrilek mantentzen duten inmobilismoa.
  2. Gauza bat dira nahiak eta beste gauza bat gertatuko dena. Nik nahiko nuke Aieteko ibilbide orria martxan jartzea, besteak beste, bakegintza eta elkarbizitza bultzatzeko. Baina ez dut uste Espainia eta Frantziako gobernuei dagokien partea martxan jarriko denik. Alde horretatik, orain arte ez da aurrera pausurik eman eta emango badira etorkizunean ez da izango beraien borondatea hori delako. Gustura daude oraingo egoeran, izan ere, interpretatu dutena da garaipen militarra erdietsi dutela, baina badakite gerra militarraren ostean arazo politikoa bere gordintasun osoan azaleratu daitekeela, eta hor, ez dute garbi irabazi dezaketenik. Tristea da gauzak horrela izatea, baina horrela da. Bakegintzarako eta elkarbizitzarako eman behar diren pausuen tempusa geroz eta gehiago atzeratu, orduan eta abantaila politiko handiagoa atera ahal izango dutela interpretatu dute estatuek, eta bereziki Madrilek. Beraiek ez dute presarik. Horregatik, uste dut bakegintza eta elkarbizitzaren gaia Madril eta Pariseko gobernu lehentasun artean agendaratzeko modu bakarra dela EHko alderdien arteko elkarlan bat hasi eta garatzea. Horrela, bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera pausuak emateko Madril eta Parisi egingo zaizkion eskaerak herri bezala egingo dira. Hau ere oso zaila izango da, alde batetik, EHko alderdi espainolistek beraien estrategiak Madrilekin adosten dituztelako, eta bakegintza eta elkarbizitzak baduelako alde politiko bat: zein izango dira gure joko arau demokratikoak? Irtenbidea zaila da eta agian gauzak mugitzeko modu bakarra izan daiteke alderdi abertzaleen arteko akordio bat lortzea, eta horretatik abiatuta, gainontzeko euskal alderdiekin negoziatu eta Madrilekin ere bai. Politika indarren arteko borroka era zibilizatuan antolatzeko modu bat da, baina, zibilizatu eta demokratikoa izateagatik ez du esanahi ez denik gatazkatsua. Horregatik, aukera bat da, bakegintzan eta elkarbizitzan aurrera pausurik ematen ez bada Madriletik, autodeterminazio egikaritzeko prozesu bat irekitzea itxoin gabe estatuek bere immobilismoa haustea. Horrek, Madril mugiarazi dezake edo ez, baina impasseko momentuarekin amaitzeko modu bat litzateke.
Xabi Paya- Bertsolaria (@XabiPaya)
  1. Nabarmentzekoa ez da aldaketa, nire ustez, aldaketarik eza baizik: ETAk 2011ko urriaren 20ko adierazpena ordurako gizartean barneratuta zegoen pauso bat baino ez zen izan, inork ez zuen kontrakorik espero; tamalez, ordutik Espainiako eta Frantziako gobernuek ez dute urratsik egin konponbideari ekiteko (ez behintzat publikoki).
  2. Hiru aurrerapauso azpimarratuko nituzke: 1) Alderdi guztien (edo gutxienez abertzaleen) batasuna autodeterminazio, bizikidetza eta bakerako bide-orri bakarra osatzeko. 2) Espainia eta Frantziako gobernuek gatazkan duten ardura onartzea, elkarrizketarako borondatea azaltzea eta aurrera eramatea. 3) ETAren erabateko desagerpena eta presoen arazoa konpontzea.

Maider Carrere- Gazte Abertzaleakeko idazkaria (@maidercarrere)

  1. Nahiko nituzkeen baino aldaketa gutxiago ikusi ditut. ETA erakundeak borroka armatua behin betiko utzi zuela adierazi zuenean nire gogoan ideia, nahi eta desio asko pilatu zitzaizkidan herri honek behar zuen normalkuntza politiko eta sozialerako urrats garrantzitsutzat nuelako. Urtebetetik hona, ETA erakundeak eman zuen urrats horrekin, gatazkak bere osotasunean biltzen dituen hainbat esparruetarako pertsona batzuen gerturatzea nabaria izan da. Kontutan izan behar dugu urteetan gatazkak gizarte haustura mingarria sortu duela, herri guneetan bereizketa nabariak egon direlarik. Ez dugu ahantzi behar ere urteetan bizi izan ditugun erailketak zulo nabarmenak sortu dituela elkarbizitzan eta tamalez, horiek ezin dira konpondu. Baina normalkuntzaren bidean iraganari heltzeko saiakerak hor daude, gutxinaka- gutxinaka, gatazka bizi izan duten pertsona kaltetu guztien oroitza hartu eta sufrimendua askatzeko eta arrazionalizatzeko bide ematen ari garen prozesuaren baitan gaude. Aitortza eta kalte- ordainak, lehenaldian gertatutakoa saihestu gabe, esparru ezberdinetan biktimen papera berebiziko garrantzia hartzen joan da urte honetan: oroitzan eta aitortzan aurrera egiteko, eta bizi dugun “nudo gordiano”-a askatzen joateko. Bestalde ere, borroka armaturik ez egoteak presoen inguruko auzia bera ere ordurarte urrun edota horren inguruko ezagutza gutxi zuten pertsonak inplikatzea lagundu egin du. Preso eta senideek pairatzen dutena aintzat hartzearekin eta giza eskubideen inguruko gogoeta orokortzearekin, jazarpenak, torturak, dispertsioa, preso gaixoen egoera jendarteari ezagutaraztearekin, herri honek behar zuen taupada gehitu da. Baina oraindik luze joko duen “stand-by” egoera batean gaude, politiko eta politikaren dinamiken baitan; interes asko jokoan eta gutxi batzuen erabakimenen menpe.
  2. Frantses eta espainiar gobernuen mugikortasun-ezarekin amaitu behar da, hala- nola. Eta niretzat giltza Euskal Herriko jendartearen mugimenduan datza. Euskal Herriak esan behar die nahikoa dela, aurrera egin nahi dugula, benetako bakea nahi dugula. Lehen aipatu dudan “stand-by” horrekin apurtu behar dugu. Era berean gatazkaren konpontze hau politika- dinamika horien menpe egotea beldur ematen didala aitortu behar dut. Oso beharrezkoa ikusten dut gatazka konpontze aldera jendartearen partaidetza, eta batez ere inplikazio osoa. Halabeharrez normalizazio politikoa bat datorrelako normalizazio sozialarekin. Gernikako Akordioaren lana hortxe dago, eragile politiko, sindikal eta sozialak konpartitzen duten esparru amankomuna da eta argi dut ere, gutxinaka- gutxinaka zabaltzen joan behar garen behar soziala dela gatazkaren konpontzea. Euskal Herria aske, batu eta justuago baten lortzearen bidean, geure herriko emakume eta gizonak izan behar dira azken finean gatazka konpontzearen parte eta helburu.

Dani Maeztu- Aralarreko legebiltzarkidea (@DanielMaeztu)

  1. Pasadan urteko urriaren 20an, gizartearen gehiengo zabal batek itxaroten zuen berria izan genuen. Gerora eta behin betirako bake bat eraikitzeko, beharrezkoak diren hainbat urrats ez dira eman. Hainbat pertsonen bizimoduan aldaketa izugarria izan da, baina bakea bere osotasunean lortzea da helburu eta hori ez dugu ondiño lortu.
  2. Hainbat urrats bete ez direla esaten dudanean, hain zuzen ere estatuaren aldetik presoekiko eman behar diren hainbat neurriz ari naiz. Justifikaezina izan da beti, euskal presoekin, estatuak erabili duen salbuespeneko espetxe politika eta salbuespeneko jurisprudentzia. Baina momentu honetan euskal gizarteak ez du ulertzen salbuespeneko egoera hori mantentzea eta gainera horretaz harro egotea. Horregatik espero dot estatuak bere jarrera aldatzea eta ez daukat zalantzarik euskal gizarteak hori eskatuko diola. Horretaz gain beharrezkoa da, alderdi politikoek, eragile sozialen parte hartze aktiboarekin, euskal herriko gatazka politikoa  zelan gainditzearen inguruan akordio ahalik eta zabalena lortzeko lehenengo urratsak ematen hastea.

Mikel Gomez– Politologoa (@Mikelg037)

  1. Hauteskunde mailan bozka ezkertiar eta independentista indar politiko batean kontzentratuta ikusten dut. Bozkatzaile hauen zati handi bat EAJk bereganatzen zuen, baina, ETAren biolentzia politikoa etenda eta ezker independentistaren indarrak batuta hautesle hauek hoberen ordezkatzen dieten indarrera hurbiltzen ari dira. Ezker Abertzaleari dagokionez, unilateralki emandako pausuen kudeaketa eredugarriaren ondorioz jendartearen konfidantza eta sinesgarritasuna berreskuratu duelakoan nago. Aurka zuten ixiltasunaren espirala gainditu eta gizartearen zati garrantzitsu gisa onartuak daude. Orokorrean herritarren gehiengoak esperantza duela eta kolektibo edo herri batekiko pertenentzia sentimendua handitu dela uste dut. Jada ez dira herri berean elkarren aurka dauden komunitateak, ez behintzat lehen adina, eta hau guztia oraindik familia politiko ezberdinen arteko akordio politikorik itxi gabe.
  2. Euskal Herrian berriz biolentzia garairik ez dadin bizi, politikoek gizartean gainditutako polarizazio ideologikoa gainditzea eta akordio politiko garrantzitsuak sinatzea gustatuko litzaidake. Badakit hau ematea zaila izango dela, politikoek gizartearekiko duten deskonexioa dela medio. Hala ere, ezker abertzaleak eta ezker soberanista guztiak pausu unilateralak ematen jarraitzea gustatuko litzaidake, beste eragileei itxaron gabe. Bakeak nire iritziz ez dio inori itxaron behar, bidea egiten jarraitu behar du.

 

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.