Eta zuk diostazu ez daukadala kexatzeko arrazoirik?

“Ez gaude kexatzeko moduan” esaldiarekin hazi gara, hamarkada bat gora behera, larogehita hamargarreneko gazte asko eta asko. Kolpe zorrik jo gabe denetarik daukagula entzutera ohitu ginen txikitan. Gehienetan artículo tres, entzun eta kasurik ez egiten genuen. Aitona-amonek zein gurasoek, bakoitzak bere txikitako gomutak akorduan, orain ez gaudela kexatzeko moduan gogorarazten ziguten arazo edo ezbeharren bat gertatzen zen bakoitzean. Telebista, irrati eta egunkariek ere mezu hori zabaldu dute politikari, bankari zein beste aho handi askoren hitzak komatxo artera ekarriz.

Egiari zor, neuk ere behin baino gehiagotan esan dut “ta ezin kexatu” edo horrelakoren bat. Baina, azterketa sasoiak ematen duen hoztasun hori aprobetxatu eta pentsatzen jarrita: badugu nahikoa arrazoi kexatzeko. Gure aurrekoek eta ondorengoek duten beste arrazoi. Desgrazia eta ezbehar gehien pairatzen dituzten horien beste.

Hezkuntzaren maila gero eta eskasagoaz kexatzeko eskubide osoa daukagu, hori ere ez duten miloika pertsona egon arren. Garraio publikoen prezioak garesti bezain lotsagarriak direla eta, kexatzeko eskubide osoa daukagu, isolatuta eta nahikoa azpiegitura ez duten zonalde asko egon arren. (EHUren Leioako campus bikainerako garraio publiko zoragarriaz ari naiz. Bidaia bakoitzak 1,15€tik gora balio duen Bizkaibusez. Kexatzeko modu bat datorkit burura, egunen baten inork ere ez ordaintzea bere bidaia). Osasun sisteman azken urteotan eman diren atzerapausoez kexatzeko eskubide osoa daukagu, nahiz eta leku batzuetan, gutxi batzuen esku baino ez dagoen osasun sistema pribatu bat baino ez egon.

Edozein erakunderen idazkaritzara joan eta modu txarrean erantzun digun idazkariari ere bere lana zein den gogorarazi eta jarrera horien aurrean kexatu beharra daukagu. Medikuarenera joan eta zenbaki bat bezala tratatzen gaituen erizain horri ere noizean behin ez legoke gaizki zeozer esatea.

Prezioek gora eta soldatek behera egin dutela eta kexatzeko eskubidea daukagu. Ikasketak bukatu eta lanik ez dugula izango onartzen hasi garen honetan, lan egiteko eskubidea aldarrikatu beharra daukagu. Etxebizitza duin bat izateko eskubidea denona dela aldarrikatu beharra daukagu eta ez azken aldian onartzen hasi garen etxea ordainetan eman eta bestelako formula tranpatiekin konformatu. Euskararen atzerapausoez. Politikari askoren eraginkortasun eta lotsarik ezaz. Kulturari egiten zaion kasu txikiaz. Batzuen inpunitateaz. Besteen zigorrez. Eta edonor aspertzeraino luzatu dezakedan abar luze bat. Norberak osatu dezala bere zerrenda.

Badakit, beste hainbat tokitan gu baino mila aldiz egoera okerragoan dagoen jendea dagoela eta honezkero berekoi hutsa naizela pentsatuko duzuela zuetako asko eta askok. Baina sinestarazi nahi digutenaren kontra, kexatzea ez da beti norberekoikeria kontua. Kexatu gaitezen bada, haiengatik, gugatik eta batez ere etorriko diren horiengatik.

IZAN ALA EZ IZAN