Oizko istripuan ere, ETA

20080821elpepunac_4

Gaur 30 urte Euskal Herrian izan denik eta garraio istripu larriena gertatu zen, Oiz mendiaren magalean Boeing 727 bat erori eta hegazkinean zihoazen eskifaia eta bidaiari guztiak zendu zirenean, 148 lagun. Egun istripua giza-akats larri batek eragin zuela ondo dakigun arren, orduan ETAren ekintzatzat hartu zuenik ez zen falta izan komunikabideetan; oraindik bada atentatuaren tesiari eusten dionik.

1985eko otsailaren 19a asteartea zen, aratusteetako martitzena. Iberiako Boeing 727 bat, Alhambra de Granada izenekoa, Madriletik Bilborako bidean zetorren -Sondikan zegoen orduan aireportua, eta ez ei zuen radar-ik-, goizeko bederatzi eta erdiak bueltan lur hartzeko asmoarekin. Baina Oiz mendira gerturatzean, helmugatik 30 kilometrota, orduan 4.360 oinetan ezarria zegoen gutxieneko altuera baino 300 metro beherago zetorrelako, ababorreko hegoarekin ETBko antena jo eta pinudian behera etorri zen -behe laino zarratua ei zegoen-, 300 kilometro orduko abiaduran. Antena mila metroko altueran zegoen arren, ez zen ageri garaiko Iberiaren nabigazio mapetan.

Istripua jazo eta gutxira Lea Artibai eta Busturialdeko makina bat lagun gerturatu ziren bertara, laguntza emateko asmoarekin. Ez dute sekula ahaztuko bertan ikusia; gorputz atalak mendi magalean zehar sakabanatuak, Oizen ipar-ekialdeko bi kilometro luzeko eremuan. Hegazkinaren motorrek eztanda egin eta su hartu zuen guneak.

Istripu osteko lanak kaos hutsa izan bide ziren, bertaratu ziren poliziek zein osasun zerbitzuek aitortu dutenez. Retolaza Herrizaingo Sailburuak inguruko baserri batetik gidatu zituen lanak; eta sortu berria zen Ertzaintzaren eta Guardia Zibilaren artean ika-mika gogorrak izan zirela esaten da. Ordutik larrialdietarako protokoloak asko aldatu ei dira.

Izan ere, kontu asko aldatu zituen Oizko zorigaitzak. Abiazioari dagokionez, esaterako, altimetroak irakurtzeko sistema (danbor eta orratz bidezkoak zirenak) aldatu egin ziren Oizen neurketan asmatu ez zutela-eta, okerrak ekiditeko. Kazetaritza lanari dagokionean ere mugarri izan bide zen Oizko istripua, orduan Interviu aldizkariko kide zen Luis Miguel Monterok gogoratzen duenari erreparatuta -“Oiz mendiko infernua” deitu zen hamalau orrialdeko erreportajea egin zuen Interviuk-. “Bertaratu ziren argazkilariak oso gertutik lan egiteko aukera izan zuten, eta istripua gordintasun osoan eman zuten argazkietan -gorpu erreak edo zuhaitzetatik zintzilik zirenak-. Geroztik, ez dute istripu batera horrenbeste hurbiltzerik”.

oiz ibilbidea - ETA

 

Agintariak bidaiari
Hegazkina Jose Luis Patiñok, eskarmentu handiko pilotu batek, zeraman; ondo ezagutzen zuen ibilbidea. Prentsan erruduntzat hartu eta itzelak esan zituzten komandanteari buruz -bere bizitza pertsonalari buruzkoak asko: edanari eman zalea zela edo emakume batekin bizi zela, ezkonduta egon gabe!-. Patiñoren familiak salaketa jarri zuen El País eta Diario 16 kazeten kontra, eta sei milioiko kalte ordaina eman behar izan zuten zuzendariek, Juan Luis Cebrián-ek eta Pedrojota Ramírez-ek.

Bidaiarien artean, Francoren ministro izandako, Gregorio Lopez Bravo (Opus Dei eta Alianza Popular-ekoa), Aragoiko presidente zenaren anaia Gabriel Gómez de las Roces militarra, in vitro ernakuntzaren aitzindari Jose Angel Portuondo medikua, Astoria antzokiko enpresari Julián Vinuesa, Boliviako Lan ministroa, Gonzalo Guzmán, Vidrieras de Llodio enpresako zuzendaritzako Isidoro Delclaux, eta beste aurpegi ezagun asko, orain 30 urte hegazkin bidaiak ez baitziren egun bezain ohikoak.

Zendutako bidaiariekin jarraituz, bertan ziren Euskadiko Ezkerrako Roberto Albandor, Iberdueroko ingeniari Julian Feijoo, Generalitat-eko aholkulari ekonomikoa zen Jordi Lluch, Bilboko Enplegu Sustapeneko lehendakari Africa Jaén eta Babcock Wilcox-eko ordezkari Gonzalo García Antelo ere.
Harrigarria den arren, istripu-eremua ez zuten berehala itxi, egun egingo litzatekeen moduan, eta jende asko ibili zen Oizko magalean batetik bestera. Horrek bidea eman die konspirazio-zaleei, frogak desagerrarazi zitezkeela aldarrikatzeko, baita hegazkinaren Bilborako bidean Guardia Zibilak granada jaurtigailu bat aurkitu izana ezkutatu zuela esateko ere.

Ikerketa aurrera eraman zutenek, beren aldetik, hegazkinean zegoen guztia jaso zela eta maletatxo barruetako dokumentuak berreskuratu zirela adierazi zuten, Gómez de las Roces-en maletak izan ezik. Lemoizeko nuklearraren planoak bertan zeramatzalako susmoa dute batzuek.
Hegazkinaren motorra Mossad-i bidali zioten israeldarrek azter zezaten, eta ez omen zen sekula bueltan jaso.
ETA dela eta
Jakina da gurean gauza gutxi behar dela edozein gertakari latz ETAri egozteko, eta Oizko ezbeharraren ardura ere leporatu zion askok -kontutan hartu 80ko hamarkadaz mintzo garela-. Hain zuzen ere, bidaiari batzuen perfilak elikatu zuen, besteak beste, ETA istripuaren erantzule zelako tesia, nahiz eta inork ez zuen ekintza bere gain hartu eta ez zen atentatu baten zantzurik inondik ere aurkitu.

 

oiz konspirazioa - ETA

 

ETAk hegazkina bota zuela defendatzen dutenen arabera, aurreko egunetan bonba mehatxuak izan ziren, eta zenbait zurrumurruren arabera, Strela misil bat saldu zen Brujas hirian, nork erosi zuen argitu ez zen arren. Gainera, goiz hartan bidaiatzekoak ziren bi agintarik atzera egin zuten azken unean, EAJko bozeramaile zen Marcos Vizcayak (EAko sortzaileetako bat), eta UCDrekin ministro izan eta gero PSOEko Kanpo-arazoetarako ministro izango zen Francisco Fernández Ordóñezek, zeinak aurreko egunean ohar bat jaso ei zuen, konspirazio-zaleen arabera.

Konspiraziozale hauetako batek, hegazkineko komandantearen laguna zen Santiago Cid Manuk, “Oiz-85 atentado” izeneko liburu bat argitaratu zuen eta Ya aldizkarian defendatu zuen ETAk misil batez leherrarazi zuela hegazkina. Bertsio Ofiziala kolokan jartzeko argudioen artean, ETAk mehatxua egin zuela aldarrikatu zuen -hegazkina Barajas-en ordu erdiz ikuskatu ei zuten-, eta atentatutzat onartua izan balitz biktimek kalte-ordaina jaso beharko zutela; are gehiago, gerora erakunde armatuak atentatua aldarrikatu zuela ere esan zuen. Poliziak ez zuen inoiz halakorik baieztatu.

Alfonso Arteseros da beste konspiraziozaleetako bat, Intereconomía telebista ultraeskuindarreko “España en la Memoria” saioaren aurkezlea. Arteserosek ere lagun bat galdu zuen istripuan eta berak ere, Cid Manuk bezala, gaiari buruzko liburu bat idatzi zuen. Arteseros-ek dioenez, Guardia Zibilaren museoan zegoela, tutu bat erakutsi zioten eta… Oiz mendian hegazkina botatzeko erabili zutela esan ei zioten! 1986an Sokoa Operazioan konfiskatutako tutua omen zen!

Dena-da-ETA-zaleekin bukatzeko, jada zendua den Ismael Medina kazetariak Guardia Zibilak granada jaurtigailu bat aurkitu zuela adierazi eta antena jo zuenerako hegazkina sutan behera zetorrela defendatu zuen 2006an egindako ikerketa batean. Horrelaxe kontatu ei zion Oiz inguruko etxekoandre batek.

Hauen guztien ustez, ETAren jomugan izan zitekeen gizona Gregorio López Bravo ministro frankista da. Haren lagun baten arabera, azkenaldian aldarte eskasarekin zebilen, Espainiako gertakari politikoak zirela-eta; ezagutzen zituen sekretu larriak argitaratzeko prest agertu ei zitzaion. Ya aldizkaria saiatu zen sekretu hauek argitzen, baina ezin izan zuen. Bertsio horri eusten diote konspiraziozale batzuek oraindik ere, istripua jazo eta 30 urtera ere.

 

* ETBk istripuari buruzko dokumental bat egin zuen orain bost bat urte, “Giza-akats bat eta 148 hildako” izenekoa (norbaitek ikusi nahiko balu).

30 urte, ETA, hegazkin istripua, Oiz

Zer duzu buruan “Oizko istripuan ere, ETA”-ri buruz

  • ETAren izenean gauza asko esan dira gure gizartean, baina kasu honetan garbi dago konspirazio frankista bat besterik ez dela.

    Esan beharra dago ETAk gizarte zibilaren aurkako hainbat atentatu egin dituela, Hipercor, ETB, etab.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude