Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer?

Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer? –

Ijitoak XV. mende inguruan iritsi ziren Euskal Herrira. Eurena ez da historia alaia, ezta erraza ere. Kostata, ahalegin handiekin lortu zuten hemen bizitza bat eraikitzea. Izan ere, azken lerroko taldeak izan dira beti. Susmopean beti, aurreiritziak eta arrazismoa pairatu zituzten, pairatzen dituzte. Gure arteko pagaburu faboritoa izan dira.

Ez hori bakarrik, ijitoak legearen izenean ezerezteko saiakerak ere izan dira. Bi data nabarmendu behar dira: Hegoaldean, 1749a eta Iparraldean 1802a (La Grande Raffle). Bi data horietan Hegoaldeko eta Iparraldeko herrietako bizilagun ijito guztiak harrapatu zituzten, edo saiatu ziren. Asko atxiki zituzten, eta kartzelara, galeretara edo elizaren erakundeetara bidali zituzten. Sakabanatu egin zituzten, gizonak alde batetik, eta emakumeak umeekin, bestetik. Gure behialako agintarien artean, ikusten den bezala, baziren “erabateko konponbideen” aldekoak. Konturatzen naiz hainbesteko mina azaltzeko oso lerro gutxi ari naizela erabiltzen. Zeren “esterminioa”, “harrapaketa” eta “sakabanaketa”, nahiz eta hitz txikiak baino ez izan, minez beteta baitaude. Badakigu.

Hala eta guztiz ere, ijitoena herri erresistentea da. Ia estrategia guztiak erabiliz, hemen geratzea lortu zuten, batzuek behintzat. Ez zuten inoiz amore eman, beti bueltatzen ziren berriro bere herrietako etxeetara. Beti saiatu ziren bere ohiturak mantentzen. Gertatu ohi denez, erresistitu ahala, bere nortasuna definitzen joan da. Eta, ez hori bakarrik, bere nortasunaren definizioak, baga itsaso batek bezala, euskal kulturaren izatea definitu du, mundu ugari kabitzen diren mundu gisa. Horregatik nahi dugu Martin Larralderi buruz hitz egin. Orain agertzen da gure protagonista.

1815eko uztailaren 4an Hazparneko jendarmeek preso hartu zuten Martin Larralde Ithurbide, gizon bat hil ondoren. Azkenean galeretara zigortu zuten. Martinek gertaera honen inguruan bertso batzuk idatzi omen zituen. Bere bertsoei esker eta bere nortasunari esker, gaur egun, euskaldunen imaginarioan txoko bat dauka. Galdetu, bestela, Joseba Sarrionandiari edota Ruper Ordorikari.

Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer?
Martin Larralderen aitaren etxea, Bordaxuri

Artikulu honetan Martin Larralde ijito zela defendatu nahiko genuke. Lehenik eta behin, bere bi abizenak, ijitoen dinastia ezagunetakoak direlako. David Martinek bere liburuan azaltzen duen bezala, Yturbidetarrak “Epaitegietako dokumentuetan gehien ageri diren familietako bat dira”. Larralde, berez, hasiera batean, Pedro Yturbideren  ezizen gisa ageri da  (1688), hortik aurrera, dirudienez, litekeena da familiakoek abizenez hartu izana.

Bestetik, dokumentu ofizialetan, Martin Larralde  lanbidez cordonnier dela adierazten da, hau da, zapataria. “Euskal Herrian, Erregimen Zaharrean, gizartearen ertzetako lagunen ohiko lanbide aitortuak, ondorengo hauek dira: nekazari, tenporero, zapatari, arotz, zorroztaile, motzaile, danbolin-jole, txatarrero edota eskale profesional. Eta, hain zuzen, hauek dira ijito jendeak zituen ofizioak”. Ez hori bakarrik, bere familiako etxean,  Bordaxurin, bizi ziren lagunek ogibide hauek zituzten: laborari, ohialkin, merkatari, ehule, tratante … ijitoekin lot litezkeenak, denak. Hirugarren proba, berriz, zera genuke, orain bezala, lehen ere ijitoak bere musika eta alaitasunagatik  zirela ezagunak. Festetarako deitzen zieten eta, giro honetan, bere bertsoak ere famatuak omen ziren. Agian ez da kasualitatea Martin Larralderen senitartekoen artean, beste bi bertsolari gehiago agertzea: Martin Larralderen osaba Bernard Larralde eta bere iloba, J. Baptiste Larralde.

Egia da, proba hauek guztiak, nolabait ere Martin galeretara kondenarazi zutenak bezala, zirkustantzialak dira. Gauza bat bakarrik da segurua, mende honetan zehar ijitoek bere identitadea ezkutatu behar izan dutela. Denbora luzez, ijitoa izatea bera debekatuta baitzegoen. Horregatik, oso zaila da memoriaren zati hau berreskuratzea. Horregatik, halaber, gure ustez zantzu hauei erreparatzeak merezi du. Seguru asko, badago hor zor bat. Martin Larralde ijitoa balitz, ohorea izango zen. Erresistitzen duen jendearekin kultura bat eraikitzea ohorea den heinean.

Hitz hauek idatzi dira David Martin El pueblo gitano en Euskal Herria  (Txalaparta, 2017) liburua eta P. Xarrittonen “Hazparneko Martin Larralde, Bernard Larralde, J. Baptiste Larralde. Hiru pertsulari Bordatxuri-txarrak” Piarres Lafitte-ri omenaldia, Bilbo, Euskaltzaindia. 1983, 667-682) artikulua irakurri ondoren.

Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer?
Koblakaria eta txistularia

Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer?

 

ijitoak, martin-larralde

Zer duzu buruan “Eta Martin Larralde ijitoa balitz, zer?”-ri buruz

  • Ganbaratxotik 2019-02-25 19:08

    Ijitoen berezko ofizioen inguruan:
    Gipuzkpako mendebalde honetan ez dugu “ijito” berba erabil izan. Hemen beti “motxalla”, ardi-moztailea alegia.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude