Bermeon euskara animalia balitz?

Bermeon euskara animalia balitz, Txipiroia izan liteke: jateko plater berezia, atzerritarrentzako bitxia, ezohikoa, ilusioz jaten dena. Atuna ere izan liteke: jaietan, ospakizunetan presente dagoena. Itsukia ere bai; arrain berezia, azal gogorrekoa, barrutik bigunago. Bokarta ugari arrantzatzen zenean ere, Bermeoko portuan giro ona egoten zen, garai hartan euskaraz egiten zuten beti saregileek eta arrantzaleek.

Euskara, Bermeon, animalia balitz… Hausnarketa hori eta beste hainbeste egiteko aukera izan dugu Bermeon, Geurien Be bai egitasmoaren baitan, udalerriko guraso-elkarteetako kideekin, Elhuyar Aholkularitzak bideratu duen prozesuaren baitan.

Baina ez da arrainena izan mahai gainean jarri dugun gai bakarra. Gurasoek, eta oro har, bermeotarrek euskararekiko dituzten ikuspegiak, pentsamoldeak, jarrerak, sentimenduak ere plazaratu dira egindako saioetan.

Bermeon euskara animalia balitz?Gurasoek euskararen transmisioan daukaten garrantziagatik eta erantzukizunagatik erabaki dugu saioetara gonbidatzea. Horrela Bermeoko Herri-ikastetxeko, Sagrado Corazoneko, Ikastolako eta Institutuko hainbat guraso (ama) abenturan murgiltzera animatu dira.

Elhuyar Aholkularitzak BostEkoa (Erakarri, Eragin, Eraldatu, Euskara, Erabili) deritzon prozesuaren bidez norbanakoen eta taldeen hizkuntza-ohituretan eta jarreretan eragiteko helburua du, euskara gehiago erabil dezagun.

  • Gurasoen bizipenetatik abiatu gara: nork bere bizitzan euskararekin izandako harremana zelakoa izan den aztertu dugu.
  • Euskararen erabilera zelakoa den aztertu dugu, hainbat esparrutan: seme-alabekin, bikotearekin, irakasleekin, irakurtzean, telefonoa erantzutean…
  • Bermeon euskara non eta zergatik erabiltzen den aztertu dugu: udalerriko gune euskaldunak eta ez hain euskaldunak identifikatu ditugu.
  • Guraso-elkarteetan euskara non eta zenbat erabiltzen den aztertu dugu: batzarretan, batzar-deiak egitean, komunikazioak sortzean…
  • Euskara erabiltzeko gurasoek dituzten arazoak eta beharrak aztertu ditugu: gaztelaniara jotzeko arrazoiak zeintzuk diren, bidean topatzen dituzten trabak, euskara gehiago erabiltzeko beharko lituzketen baliabideak…
  • Euskara gehiago erabiltzeko Bermeon martxan jar daitezkeen ekintzak irudikatu ditugu, baita gurasoek landu ditzaketen ekimenak ere.Euskara gehiago erabiltzeko konpromisoak hartu ditugu eta horien betetze-mailari jarraipena egin diogu.
  • Ekintza zehatz bat garatu dugu: euskararen kontrako argudioak, pentsamenduak, ideiak neutralizatzeko argumentarioa; euskararen erabilera oztopatzen duten argudio horiei aurre egiteko argumentarioa, hain zuzen ere.

Prozesua ez da Bermeon egindako lan isolatua, lan handia egiten baitu Udalak, Geurien be bai egitasmoaren bidez, euskararen presentzian eta erabileran eragiteko (elkarteetako kideekin, kirolariekin, merkatariekin, turismo-eragileekin, adineko pertsonekin…).

Gurasoekin egindako lanketak izandako arrakasta ikusita, BostEkoa eremu berrietara zabalduko dugu. Hurrengo erronka Bermeoko gazteak izango dira.

 

Eta zure herrian euskara animalia balitz?

 

Ainara Ibañez eta Mayi Etxebarria, Elhuyar Aholkularitzako teknikariak

Bermeon euskara animalia balitz?

Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu.

17 pentsamendu “Bermeon euskara animalia balitz?”-ri buruz

  • Somorrostro Harana 2013-06-24 12:32

    Bada mezuak aldatzeko garaia herritarrok euskararen egoeraz kontzientzia har dezaten eta horregaz guztiagaz lan egiteko. Lagun batek esan zidan legez erdal eremuetaz berba egiteko edo euskaren egoera txarrez berba egiteko beti Enkarterrira (batez bere ezkerraldera) eta Arabara (Gasteiztik hegoalderantza) jotzen dela. Zergatik alderatzen dira eremuak edo herri desberdinak erdalduna ala euskalduna dela jakiteko? Bermeo ezkerraldeko herri bategaz alderatuta euskalduna izango ote da (ez naiz ziur) baina Ondarroagaz alderatzen badugu erdaduna da, ez? Ez, barkatu herri bat herri beragaz alderatu behar da eta hortik lana egin gizartea kontzientzia har dezan. Bermeo Bermeogaz alderatu behar da, Barakaldo Barakaldogaz etab. Bermeo herri erdalduna da (askotan ikusi izan dut), Dima herri erdalduna da, Lemoa herri erdalduna da, Mungia herri erdalduna da… Lea-Artibai kenduta (Euskal Herriko eremu euskaldunena deritzot) Bizkaia deitzen den hori erdalduna da eta ez da beste eremu bategaz alderatu behar hori jakiteko.Zergatik euskal herritar askok ezikusiarena egiten dute? Ezin onartu ezkerraldeko edo eremu ez kristau horreko bezain erdaldunak zaretela, ala? Askok Euskal Herriko Napoleonen mapan dabiltza oraindino.

  • Bat nator neurri batean zurekin, Somorrostro, baina ez guztiz. Alde batetik, uste dut utzi behar diogula konparaketak egiteari, ez baita ez zuzena ez bidezkoa ere, adibide bat jartzearren, Bermeo eta Sestao alderatzea. Ados. Errealitate zeharo ezberdinak dira, eta errealitate bakoitza bere horretan aztertu behar da, indargune, ahulgune eta aukera guztiak kontuan hartuta, egoera aldatuko bada. Bermeo herri euskalduna da: ezagutza-mailari erreparatuta, biztanle gehienak euskaldunak direla ikusiko duzu. Egia da erabiler-neurketetan kale egin duela sendo azken boladan, eta hori da hain zuzen ere ekimen honen bitartez aztertzen ari direna. Horrek adierazten du, nire ustez, halako ardura bat badagoela bermiotarren artean. Eta ziur nago buelta emateko gai ere izango direla bermeotarrak, nahi izanez gero. Lea-Artibai Bizkaiko eta EHko eskualderik euskaldunena da, baina astakeri galanta iruditzen zait Bizkaiko bakarra dela esatea. Eta are gehiago: has gaitezen “muga linguistikoak” desegiten. Ni inguru nagusiki erdaldunean bizi naiz baina nago euskaera gero eta gehiago entzuten dela nire herriko kaleetan (eta ez da irudikapen hutsa). Eta herri euskaldun askotan erdera ere entzuten da sarri! Beraz, egoera nahasia delakoan nago. Eta horri aurre egiteko, zuk zeuk diozun moduan, tokian tokiko erantzunak eta plangintzak behar dira! Kasu hau eredugarri izan daitekelakoan nago. Abante Bermio!

  • Somorrostro Harana 2013-06-25 11:44

    Zugaz ados naiz eta hori da salatu gura nuena, ez dela konparazioak egin behar, baina egin, egiten dira eta euskal irrati-telebistetan beti erabiltzen dela Ezkerraldea edo Gasteiz eremua euskararen egoera txarraren adibide gisa, ezin ukatu. Esan ditutan herri horietan guztietan euskaldunak (edo euskara gehien erabiltzen dutenak) adineko pertsonak dira batez bere eta denbora aurrera joanda eta pertsona horiek egongo ez direnean ikusiko da zein den benetazko edo etorkizuneko euskararen egoera. Gazteek erderaz berba egiten dutela gehienek deritzot ikusi eta entzun dudanagaz. Egun euskararen ezagutza izugarri hazi da Euskal Herri osoan baina pertsona bat euskalduna izaten da euskara erabiltzen dauenean, gaur egun herri batean guztiok euskaraz badakite egiten berba eta ez badute erabiltzen, ba arazoa antzekoa izango da. Hau guztia da nire ideiak adierazteko egin dudan iruzkin bat besterik ez. Azken finean arrazoia daukozu, pertsonak dira euskaldunak ala erdaldunak, ez herriak. Ni bere bizi naiz erdal eremu deritzon batean eta horrexegatik amorrua ematen dit zelan erabiltzen diren eremu horiek adibide gisa, eremu horietan egiten den lana jakin barik eta pertsonek egiten duten esfortsua euskara aurrera eroateko baloratu barik. Ondo izan.

  • Oro har bat nator Somorrostrogaz. Bermeo herri erdaldundua da, tamalez, Bermeotar gehienek euskaraz jakin arren erdaraz bizi dira-eta, nagusiki. Bakio be, herri sarrerako kartelak dinonaren kontra, herri erdaldundua da zeharo. Mungia zer esanik ez… Eta bai. Bizkaian salbuespen dira herri ondino euskaldunak, zori txarrez.
    Eta pertsonak ezeze, herriak be euskaldunak ala erdaldunak izan leikez, zelan ez bada?
    Bada sasoia errealitateari aurrez aurre begituteko, errealitate hori aldatu gura badogu behintzat.
    Herri euskaldunak badoakuz, bata bestearen atzetik erdaldunduz. Galera hori eten gura badogu, onartu beharra dago lehenengo. Ez dago gaisorik osatuko danik, gaixorik dagoala onartu barik.

  • Ados neurri batean Itzain, baina ni neu ere gogaituta nago betiko ikuspuntu ezkor eta “munduaren amaierako” horrekin. Bermeon egon nintzen joan den astean eta noan leku guztietan bezalaxe, belarria zorroztu nuen bermiotarren artean zer zen nagusi jakiteko. Eta, nire zorionerako, gazte nerabe kuadrilla bat euskeraz entzun nuen, bi ume kuadrilla ere bai, baita familiak etab. Erderaz ere entzun nituen beste batzuk, ez dut ukatuko, batez bere 40 bueltakoak, eta beste nerabe kuadrilla bat ere bai. Baina uste dut Bermeoko kasuarekin “alarma gorriak” pizten ditugula beti, eta guk geuk ere handitu egiten dugula “drama”.

    Luze jardun genezake aipatu diren hiru herriak aztertzen (Bakio, Bermeo Mungia). Hurbil egonda ere, errealitate zeharo ezberdinak daude horietan hiruretan. Bakioko kasuan faktore asko izan behar dira kontuan (beraneanteak, batez bere), baina herritar gehienak euskaldunak dira. Betiko kontua: Bakiora zoazenean, nor ete da herritar eta nor beraneante? Nik neuk ezagutzen dut herriko dinamika eta euskara bultzatzeko ekintza ugari egiten dituzte urtean zehar (nahikoa da? beharbada, seguru aski, EZ). Mungikoan, azken hamarkadetan Bilboaldetik joandako jende-uholdeak zerikusi handia izan du.

    Oro har, uste dut utzi behar diogula mezu hain negatiboak zabaltzeari. Momentuz, nire ustez, euskalgintza ez da gai izan diskurtso berri bat sortzeko, eta diskurtso horrekin jendea euskarara erakartzeko. Etengabe gabiltza mezu negatiboak, dramatikoak, negar egitekoak zabaltzen, eta bada sortzen da horrelako ‘hodei beltz’ bat euskararen inguruan, inora eroaten ez gaituena, ezpada geure penak eta dramak elikatzera. Diskurtso berri hori, baina, ez da ‘autokonplazientea’ izan behar, ‘mundu de yuppikoa’. Kritikoak izan behar dgu, eta horretan bat nator zrekin. Baina berdinera gatoz. Herri bakoitzak errealitate jakin bat bizi du, eta hori abiapuntu behar dugu izan!

  • Guztiz ados Agian-ekin, autokonplazentzian sartu barik, ez ote dago irabazirik, herri erdugarririk? Bai? Orduan zergatik ez da plazaratzen? Dena agonia, dena hil-kanpaia, nola nahi dugu inor erakarri marmar horrekin’ Are gutxiago narabe biziz beteak. Bestetik, oker ez banabil, azken urteeetako kale-erabileraren neurketetan Bermeori %60ko indizea ematen zaio. Hori guzti hori gezurra da? Puztua eta handitua? Eta Zumaiako %64, Azpeitiko %95, Ondarroako %80 edo Laudioko %8 ere gezurrezkoak dira? Zein da gure herri-hirietako gaur egungo erabilera?

  • Ba sentitzen dut, Agian, baina ez nago zurekin ados. Batetik, euskararen gainean bolo-boloka dabilen mezua ez da “munduaren amaierakoa” autokonplazientea (eta faltsua) baizik, oro har. Instituzioek elikatutako mezua da gehienbat, ez baitago alderdi politikorik bere kudeaketa txarra edo eskasa denik aitortuko duenik. Pentsa, PSE

  • Barkatu, hatzamarra erotu egin zait…
    Tira, esatera nondoan, PSEk berak ere Jaurlaritzan egondako urteetako balantze oso positiboa egin zuela euskarari dagokionez… euskara planak ia erabat geldiarazi eta gero!!! Alderdien (guztien) gaitz sendaezina.
    Bermeon kontua ez da euskararik ez dela egiten, gero eta euskara gutxiago egiten dela baizik. Eta horrek esn nahi du, Bizkaian euskararen eremua murriztuz doala etengabe.
    Bakioi… Ai Bakio! Bertakoa naiz, eta beraneante nor den eta nor ez den badakit. Baita etorri berriak zein diren ere (bikoiztu egin da biztanleria azken hamarkadan). Askoz herri euskaldunagoa zen Bakio Franquismoaren azken urteetan egun baino, kanapainak kanpaina, eta ekimenak ekimen. Lana egin dela euskara sustatzeko azken urteetan? Zalantza barik. Nahikoa da? Ez. Inondik ere ez. Egun Bakio herri funtzionalki erdalduina da, biztanle gehienek (proportziotan gainbehera) euskaraz jakin arren. Eta ez naiz soilik kanpotik etorrikoez ari. Herriko bertako seme-alaba asko eta asko erdarari lotu zaizkio zeharo. Nolabait esateko, 50 urtez beherako bakiotar petoen arteko hizkuntza espainiera da, nagusiki.
    Mungia? Barka, baina Mungialdeko herriak euskaldunak zirenean ere (duela hamarkada batzuk dagoeneko), Mungia herri erdalzale amorratua zen. Mungiako kaleetan entzuten zen euskara, Gamiz-Fika, Fruiz, Meñaka, Gatika, Jatabe, edo Bakioko bertako baserritarrek eramana zen gehien bat. Mungiar gehienak oso “hiritar” izanik, nahiago zuten, eta dute, erdara batua.
    Herri eredugarririk egon badago, baina gero eta gutxiago. Bermeo izan zitekeen bat, eta oso garrantzitsua gainera, bere tamañarengatik eta herri bizi-bizia delako, bestetak beste. Baina hori ere galtzen ari gara.
    Eta utzi mesedez hil kanpaiak joka ari garela esateari, oinarririk gabe esaten duzue-eta. Edo bestela, ekarri datuak hona, ekarri herri eta bilakaera eredugarriak barra-barra, eta ni neu ere hasiko naiz ospakizun kanpaiak astintzen.

  • Din-dan-don 2013-06-26 12:36

    Hil-kanpaiak edo bestelako kanpai-jotze alaiagoak, bakoitzak aukeratu dezala gustukoen duena. Baina zergatik zabaltzen da horrenbeste “agonikoen” kontrako kontsigna baikorzale akritikoa? Zeinek esan behar dio inori, egoera larrian gaudela ikusten badu, ez daukala eskubiderik egoera larrian gaudela uste duela esateko? Gauza bat dago okerragoa, erostaka beti lantuan ari denaren jarrera baino: baikorkeria funsgabea, tontoa, alaia, komenizaigulakoa.

  • Peru Dulantz 2013-06-26 12:49

    Gauza bat argi dago: gizartea geroz eta nahastuago dagoela. Gero eta gutxiago dira herri euskaldun hutsak, baita erdaldun hutsak diren herriak ere; bikote mistoak ere gero eta gehiago… Nahasketa hori ezagutzaren aldekoa da, baina erabileraren aurkakoa. Herriei dagokienez, Gasteizen (eta gainerako herri “erdaldunetan”) Frankoren garaian baino askoz ere euskara gehiago egiten da, baina Hondarribian, Bermeon eta “euskaldun huts” izandako herrietan sekula baino erdara gehiago…

  • Hala da. Gero eta bikote “misto” gehiago, hau da, gero eta bikote erdaldun gehiago praktikan. Eta Gasteizen edo Iruñean duela 40 urte baino askoz euskara gehiago egiten da… %2-%3 asko jota, hots, hutsaren hurrengoa, Bilbon bezala. Aldiz, duela 40 urte euskaldunak ziren herriak erdaldunduz doaz urtetik urtera, hirietatik bertara joandakoen eraginez batipat.
    Eusko Jaurlaritza adibide bikaina da: duela 30 urte baino askoz hobea da egoera langile elebidunen proportzioari erreparatuta, baina euskararen erabilera maila kalamitosoa da, eta ez aurrera-ez aurrera dago kinkatuta aspaldiko urteotan.
    Harnasgunerik gabe geratzen ari gara, hori da errealitatea, erakundeetatik zabaltzen den informazioak etengabe elebidunen hazkunde “handia” azpimarratzen duen bitartean, aitortu eta ohartarazi gabe, beste neurri askorekin babesten ez bada, hazkunde “handi” hori (ez hain handia perspektiba pixka batekin begiratuta) behin behinekoa eta antzua izan daitekeela.

  • Peru Dulantz 2013-06-26 15:13

    Tira, izango da “terribilizazioaren” eta “baikorkeriaren” arteko erdibideren bat; salaketa hutsean geratu gabe, proposamen eta ekintza positiboetara jo behar da.

  • %3arena ez da terribilizazioa, datu objetiboa baizik.
    Bikote mistoak erdaraz bizi direla datu egiaztagarria da, era berean.
    Zenbatek ikusten du euskarazko telebista?
    Zenbat jendek nabigatzen du euskaraz?
    Zenbatek egiten du lan euskaraz?
    Ezin duguna jarraitu da “euskara aurrera doa” zabalduz, adierazle gehienetan argi gorriak piztuta daudelarik.
    Proposamen eta ekintza positiboak egin ahal izateko, errealitatea azalarazi beharra dago lehenik. Galdera deserosoak egin eta erantzun beharra dago.
    Egun bezala, jende gehienaren ustea bada euskara ondo doalakoa (propaganda instituzionalari esker gehienbat), alferrik da proposamen eraginkorrak planteatzea, gehiegizkoak irudituko baitzaizkio gizarteari.
    Komenizaizkigulako bertsioez aski dugu.

  • Peru Dulantz 2013-06-26 15:43

    ADOS!

  • Ez nuen uste horrelako eztabaidarik sortuko zenik! Bueno, saiatuko naiz erantzuten. Gauza asko esan dira/ditugu hemen eta ez dakit nondik hasi ere.

    Ia ba, lehengo eta behin, diskurtso aldaketa behar dela aipatu nuenean, argi esan nahi nuen, beharbada ez dut indar nahikoaz egin, ez garela autokonplazienteak izan behar. Argi eta garbi daukat PSEren eta Patxi Lopezen eta Lourdes Auzmendiren diskurtsoak erabat hutsalak direla. Gogoan daukat Auzmendik honakoa esan zuenean: “Egunetik egunera euskeraren egoera hobea da”. Horrelako huskerietan ez garela jausi behar da esan nahi dudana “ez garela autokonplazienteak izan behar” diodanean. Horrek ez garamatza inora, eta argi dago euskaldunok nonbaitera heldu nahi dugula.

    Esan nahi dudana da euskaldunok jaio garenetik behin eta berriz entzun dugula euskara desagertuko dela eta horrelako mezu agoniko eta munduaren amaierakoak. Ikus gaur bertan topatu dudan artikulua: http://www.argia.com/argia-astekaria/2374/agur (Izenburuak berak beldurra ematen du… irakurtzen hasi eta negarrez hasi naiz ia…), eta dinamika horretan jaio eta hazi gara. Ni neu ere bai. Baina ikusita in-pass batean gaudela, egoera ez doala ez aurrera ez atzera, uste dut hausnarketa egitea dagokigula. Eta euskerari beste ikuspuntu batetik heldu beharko zaiola biziberritu nahi bada, nire ustez. Hori da, funtsean eta labur esanda esan nahi nuena.

    Herrietako kasuistikan sartuta, argi dago herri bakoitza errealitate bat dela. Eskertzen dizut, Itzain, bakioztarra zaren heinean, herriko errealitatea deskribatu izana. Baita Mungiakoa ere.

    Din-dan-don: Nik ez dut inor epaitu. Ez dut esan inork ez daukanik eskubiderik bere iritzia emateko, horixe bakarrik falta zan! Nik euskaldunon artean nahikoa zabaldua dagoen iritzi baten gaineko nire iruzkina egiten nabil. Eta nire iritzia ez da “bakoirra” porque sí, komeni zaigulako, komeni zaidalako. Ez dut uste baikorregia naizenik, baina gutxienez ez dut dena galdutzat ematen (eta ideia hori gizartean dagoela pentsatzen dut sarri). Besteak beste, inguru erdaldun samarrean bizi naizelako, familia osoa erdalduna dudalako. Eta badakit nahikoa ondo zer den inguru erdaldunean jaiotzea eta haztea. Nik aspaldi erabaki nuen euskeraz bizi nahi nuela. Baina kontzientea naiz zein konplexua den gizartea eta zenbat oztopo dauden, egunero-egunero bizi dudan errealitatea delako. Hain zuzen ere, nire inguruan ikusten dudalako zein nekeza egiten zaion askori euskera esan ditut esandakoak. Orain arteko bidetik jarraituz gero espazio berriak irabaziko ez ditugula ikusten dudalako. Eta hau esanda ez nago errealitatea ukatzen, baizik eta errealitatea aldatzeko konponbide bila. Horretan Peru Dulantzekin bat nator: ez terribilizazioa ez baikorkeria.

  • Mezu baikorra ezinbestekoa da aurrera egingo bada, egungo joera iraularaziko badugu. Baina oinarririk gabeko baikortasuna, baikorkeria da, hemen aipatu den bezala.
    Han eta hemen sortzen ari diren kexak eta salaketak, nagusiki instituzioetatik hedatutako onkeriazko ondo goazelako mezu interesatuari erreakzioa dira. Ez baitago zentzuz baikor izaterik, errealitateari neurria hartu barik.

  • Somorrostro Harana 2013-06-27 11:44

    Guztiz ados Itzainek egin duen iruzkinagaz. Baikorrak izan behar dugu baina errealitate batetik hasita (herri bakoitzeko errealitateri begira) eta inoiz ez eremu erdaldunak erabiltzen eremu horietan euskararen egoera itsusia dela esanez eta beste eremuetan euskara pozik eta sendo dabiltza mezu faltsua zabaltzen euren buruak zuritu guran. Euskarak beharrezkoa izan behar du bizitzeko, behar egiteko, parranda egiteko etab. osterantzean euskara, guztiok dakigun baino inork ez duen erabiltzen hizkuntza bat izango da bakarrik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude