Estebanek sufrituta eta Arratibelek jokatu barik lortu dute finalerako txartela

Mzg4NQ==

Igandean, 11:30ean hasita, XXV. Cafés Baqué Pilota Txapelketako finalak jokatuko dituzte Apatako pilotalekuan. Kadeteetan Iñaki Artolak eta Danel Elezkanok jokatuko dute; gazte mailako txapela Victor Estebanen eta Ibai Arratibelen artean dago.

Atzo iluntzean Iurretan jokatutako finalerdietan Victor Estebanen —Aspek fitxatu duen Gorka Estebanen anaia gaztea— eta Andoni Aretxabaletaren arteko lehia izan zen ikusgarriena. Markinar garaiak gogor zigortu zuen Esteban atzean, baina Ezcarayko gazteak airez defentsa handia erakutsi eta aurrean aukera txikiena zuenero abileziaz arriskatu zuen. Nork bere jokamoldeagaz tanto ederrak eskaini zituzten, eta 20na eta 21na berdindu zuten. Azkenean, pilotalekura batutako zaleek gogotik txalotu zuten bien jarduna.

Gazteen mailako bigarren finalerdia Eric Jakak eta Ibai Arratibelek jokatu behar zuten, baina Jakaren eskuko minak Arratibel zuzenean sailkatu zuen finalerako. Iaz elkarren kontra jokatu zuten kadeetako finala, eta Arratibelek irabazi zuen. Beraz, Jakak ezin izan zuen errebantxarik hartu.

Kadete mailako lehenengo finalerdian Danel Elezkano zaratamoarrak 18-4 irabazi zion Unai Atutxa galdakoztarrari, historia handirik bako partiduan. Ondoren, askoz partidu lehiatuagoa (18-9) eskaini zuten Inaki Artolak eta Adur Lasak —Oskar Lasa pilotari ohiaren iloba—. Artola alegiarrak pilotakada latzak jo eta Lasak osabaren sasoi bateko defentsa eta pilotarako kasta erakutsi zituen. Finalean Elezkano da faborito, baina adi Artolagaz.

Irudia | Aretxabaleta sakea ateratzera eta Esteban errestatzeko prest | Joseba Derteano | LGPL
artola, danel elezkano, elezkano, esteban, ibai arratibel, victor esteban
Joseba Derteano

Abadiñon (Matiena auzoan) jaio nintzen 1981ean. Kazetaria

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude