Estaturik gabe ez dago etorkizunik

Estaturik gabe ez dago etorkizunik –

Pena sentitzen dut euskararen etorkizuna hain azaletik aztertzen denean. Pena, denbora ba doalako eta ez duzuelako  onartzen Estatuaren jabe izateak soilik, bermatuko duela euskararen etorkizuna.

Estaturik gabe ez dago etorkizunik

Zer behar duzue ba, historia bere bide latz eta ilun guztiak, begien aurrean jartzea? Orain arteko zuen ekarpenak, txikiak eta politak  bezain eskasak direla esatea? Hemen doakizue historiaren nire laburpen serioa.

Euskal Herria euskararen herria izanik, ez gara atzo jaiotakoak, eta mota guztietako kolonizazio eta ukazioen gainetik, gaur arte bizirik irauteko lan eta borroka latza egin izan  du Herriak. Azken egunak lekuko.

Historikoki inperioak  eta estatuek bi estrategia erabili dituzte zapaldu dituzten herriak desagerrarazteko: genozidioa eta asimilazioa.

Lehenengo kasuan herritarrak fisikoki akabatu zituzten eta Herriak desagertu egin ziren. Hori da Herri askoren historia tristea, horra hor Ameriketako edo Australiako indigenekin gertaturikoa.

Bigarrenean, herritarrak bizirik utzi zituzten, baina, nortasuna aldarazita. Estatu zapaltzailearen kultura eta hizkuntza ezarrita. Horrela dihardute Euskal Herriarekin.

Inork ez dezake uka, Herri bati hizkuntza ordezkatzean, arrozte-prozesuan sartzen dela, eta hizkuntza komunitatea osatzen  duen jendeari, bere elementurik funtsezkoena aldatzean, pertenentzia ere aldatu egiten zaio, hizkuntzaren bidez beste Herri baten partaide egiten baita.

Horrela sortu da Euskal Herrian dagon euskal herritar askoren identifikazio prozesua. Gaur egun, euskal herritar asko espainol sentitzen dira eta beste asko frantses.

Mendeetako ordezkapen prozesu hori, kontzientea izan da, nahita bultzatua, eta bere emaitzak utzi ditu, eta gainera etorkinen integrazioa zaildu egin du.

Beraz, hizkuntza gai estrategikoa da nazio proiektu guztietan. Horregatik euskara gai estrategikoa da gure nazio proiektuan.

Euskal Herria euskararen herria izaki, gure nazioaren izatearen nortasunaren osagai nagusia da hizkuntza. Ez dago euskararik gabeko Euskal Herririk.

Euskararen auzia laburbilduz, historikoa da. Azaldutako egoera hau estatuek mendeetan zehar burututako indarkeriaren ondorioa da, eta gaur egun “demokratikoki” indarrean  gorde nahi dute.

Ordaintza historikoa egin ordez, errepresio historikoari eman diote jarraipena, bi erdararen nagusitasuna bermatzen duen “neutraltasuna” bideratuz.

Hizkuntza politika ofiziala eta bere ondorioak argiak eta ukaezinak dira. Eskasak dira, horretan ez dago zalantzarik. Horregatik ari gara, ari garen bezala.

Abian jarri izanak,  euskaraz bizitzeko milaka ahaleginak, txaloa baino zerbait gehiago merezi du.  Euskaldunen artean arro eta alai, euskara hutsean bizitzeak aste pare bat, zoragarria da, baita hunkigarria ere, baina festa berak agertzen gaitu, zenbat gabezia ditugun. Ala ere, beste garai bateko egoera ekarri nahi nuke.

Joseba Arregi, Ardantzaren kultura sailburu  zelarik  eta  “Egunkaria” sortzekotan  zegoela, aurka egin zion esanez, ez dugu egunkari politikorik behar. Berak, bere sailetik, egunero eta etxe guztietara, egunkari bat  dohainik eramango zuela esanez.  Tristea baino egia  borobila. Zorionez gaurko kultura sailaren burua, sendoagoa da, baina bide okerretik dabil.

Festa alaiak ez ditu aldatzen egoera tamalgarriak.  Egungo egoera juridiko zatikatzaileak, ez bakarrik euskara, baita euskal herritarren  desegituratze funtzionala, lurraldekoa eta pertsonala ere indartu ditu.

Munduan zehar jakina da gure Herri maitagarri honetan sukaldari ospetsu ugari ditugula, baina zoritxarrez, baditugu -eta ezagunak dira- dilista osagai hutsarekin, arrain-zopa egiten dutenak ere.

Horrelakoak behar dute izan denborak eta erritmoak neurtuz, malgutasunez ia mende erdia euskara kudeatzen jardun dutenak, pozik egoteko. Diotenez euskara osasuntsu dago eta etorkizun oparoaren jabe.

Ez naiz iritzi berekoa, are gehiago, uste dut hori diotenak, sobera harrokeriaz ari direla plazaratzen, dauden hausnarketak. Izarren hautsaren parekoak, politak bai, baina eskuraezinak.

Horregatik nire iritziz, independentzia eta sozialismoa beharrezkoak dira euskararen iraupenerako, horien bidez bakarrik saihestu ahal izango baitugu hizkuntzak egun dituen arrisku larrienak, besteak beste: estaturik eza eta neoliberalismoa.

Euskararen etorkizuna bermatzeko, nahitaezkoak dira independentziak emango duen Estatuaren laguntza, eta gainera, sozialismoaren bitartez neoliberalismoa gainditzea, baita hain errotua dagoen uniformetasun joera urratzea.

Nolanahi ere,  euskarari eusteko eta euskara euskal herritarron komunikaziorako hizkuntza nagusi bilakatzeko, ardura euskaldun guztiona da, ekarpen unibertsala izanik, lehenik eta behin, gurea delako.

Ardura horrek, euskal herritarren partaide oro lotzen ditu, euskararen aldeko lanak atzeraezinak baitira.

Hizkuntzak, nazio barrura begira, elkartu egiten ditu herritarrak, eta komunitate bakar batean eratzen lagundu. Nazio barrukoen batzaile da, baina, aldi berean, beste nazioetakoentzat bereizle ere bai. Hortik datorkio hizkuntzari nazio-identitateren zeinu irmoaren izaera. Horregatik jotzen dugu euskara, Euskal Herriko tresna integratzaile nagusitzat.

Beste inoren kultura ukatu gabe, euskararen bidez baikara guztiok euskaldun. Beraz, hizkuntzarik gabe, euskararik gabe, ez dago  etorkizunik.

Estaturik gabe ez dago etorkizunik

Estaturik gabe ez dago etorkizunik  Estaturik gabe ez dago etorkizunik

Etxalartutako donostiarra. Idazlea.

33 pentsamendu “Estaturik gabe ez dago etorkizunik”-ri buruz

  • Zer esan nahi duzu sozialismoaren zera horrekin?
    Europan dauden herrialdeak ez dira “sozialistak” eta haien hizkuntza zaindu eta babesten dute.

  • Gero eta gure Estatuari 756 urtez eutsi izanari esker gure hizkuntza ez da desagertu.
    Duela 400 urte estatalitea galdu ondoren gure hizkuntzaren egoera den bezalakoa da. Galzorian.

  • Peru_Gabiriko 2020-12-12 18:34

    756 urtez gure estatuari eutsi izanari esker…

    Aizu, eta zenbat euskal dokumentu ofizial ezagutzen dituzu, euskaraz idatziak alegia, “gure estatua” indarrean zegoen garaikoak??

    Zenbat ahoberokeria !!

  • Peru Gabiriko, ezjakintasunak hitz egiten duenean, kultura -politikoa- isilik dago.
    Galdetu Nabarrako Margaritari. Heptameron idatzi zuenari. Euskal mugimenduaren bultzatzailea izan zena.
    Bera baino lehen, gure beste Estatu buru batzuek lehen lerroan jarri zuten gure hizkuntza..
    https://nabarralde.eus/el-euskera-y-el-reino-de-nabarra/

  • Gilen Mejuto 2020-12-12 22:14

    freud, artikulu horrek informazio zalantzagarria du. Adibidez, pasarte hau:

    En el laudo arbitral firmado en Londres y llamado “Division of Kingdons of Navarre and Spain” de 1177 entre el rey de Castilla Alfonso VIII y Sancho VI “el Sabio”, se dice, tal y como recoge Tomás Urzainqui en su libro “La Navarra Martítima”, que: “La lengua de la delegación nabarra es el euskara”. Al laudo de 1177 acudieron por Navarra Pedro de Artajona Obispo de Pamplona, 3 tenentes y 3 juristas, por tanto, de los más altos cargos del reino.

    La Nabarra Marítima-n ez dugu aurkitu holako aipurik, alegia, “la lengua de la delegación nabarra es el euskera”. Ez liburuan eta ez beste inon.

    Nondik atera du egileak datu hori? Oso eskertzekoa litzateke norbaitek kontu hori argituko balu.

  • Benat Castorene 2020-12-13 09:36

    Josu,
    Eskerrik asko artikuluarengatik. Hainbat mende zapaakuntzaren ondotik zazpi probintzietako parte bat handia erdaldundua da eta parte hori handitzen ari da eta handituko da baldin eta, itxura guzien araberan, erregimen politiko eta administratibo etnozidoek badarraite.
    Josu diozu “Horregatik jotzen dugu euskara, Euskal Herriko tresna integratzaile nagusitzat”
    Ez dut uste hau oraindik egia den sobera erdaldunduak diren tokietan. Alderantziz euskara berrezartzearen perspektiba izan daiteke independentziaren txorimaloa ere. Gure partidoek hori ondo ulertu dute.
    Zu moleztatu nahi izan gabe, zure iritzia sakondu behar zinuke gehiago bestenaz egongo da ezlogan ederra baina huts bat bezala. Alta gogoetagai politiko erabakigarria da oraiko eta gerorako.
    Adeitasunez

  • Beñat, diozunaren haritik esango nuke euskararen indar integratzaileak soil-soilik eragiten diela euskaldunei, hots, euskaraz bizi (nahi) direnei. Are inportanteago, euskara da Ipar eta Hego euskal herrietako euskaldunen integratzaile potentzial bakarra. Bide horri eman behar genioke lehentasuna, apika, eta euskaldundu nahi ez direnekin denbora ez galdu.

  • Benat Castorene 2020-12-13 13:35

    Ados Gilen azken azken iruzkin honetan diozunarekin. Bestenaz hondoratuko gara.

  • Bere iragana ezagutzen ez duen herriak nekez aurre egin diezaioke bere orainari eta are gutxiago bere etorkizunari. Gure historiari buruz zalantzak dituztenei hemen zalantza bat baino gehiago argituko dien webgune bikain bat dute. https://lehoinabarra.blogspot.com/
    Kolonizatuak ezin du inola ere berea egin kolonizatzailearengandik datorren historia.

  • Benat Castorene 2020-12-14 13:58

    “euskara da Ipar eta Hego euskal herrietako euskaldunen integratzaile potentzial bakarra”
    Gilen ongi sentitzen duzu. Baina kontziente izan behar gara Hego eta Ipar arteko nazio-loturaren ideia oso oso ahula dela. Egia erran ezdakit serio existitzen denik ere. Oso aspaldi da berexiak garela elkarrengandik eta de fakto sentiberatasun desberdinak ditugu kasik denetan.
    Euskararen egiazko loturaz aparte edobeharbada etsenplu konkretu bakan batzuz aparte, gehienetan gure harremanak dira konpromiso seriorik gabeko intentsio on, subentzio historio , folklore eta pesta, kuriositate sinpatiko eta abar. Kontent nintzateke norbaitek kontraesan nezan.

  • Margarita Nafarroakoak Heptameron delakoa euskaraz idatzi zuen ala?
    Gura dozuena esango duzue baina Nafarroako Erresuma euskalduna izan zenik ezin duzue frogatu. Lehenbiziko dokumentuak arabieraz izan ziren, latina, gaskoinera, gaztelera erabili zuten…euskaraz sekula ez zuten ezer egin. Are gehiago egitura estatal horrek atzerritarrak babesten zituen, eta benetako euskaldun nafarrak zapaldu.Zenbat euskaldun hil zituzten? Konta ezinak.
    Beste kontu bat da oraingo egoeran estatu independiente batek euskara normalizatuko lukeen edo ez. Zaila ikusten dut, euskal familiarik gabe…Eskolak ez du ezer bermatu orain arte.

  • Gilen Mejuto 2020-12-17 09:07

    Erramun, diozu “Zenbat euskaldun hil zituzten? Konta ezinak”.

    Baduzu horri buruzko erreferentzia zehatzik?

  • Zuen eztabaidaren ildoari ez dakit ezer gehituko dion, baina gaur Naziometroa delakoaren emaitzak aurkeztu dituzte:

    https://www.berria.eus/albisteak/191277/herritarren-425ek-bozkatuko-lukete-euskal-estatuaren-alde-erreferendum-adostu-batean.htm

    Badirudi independentzia edo ez independentzia nabarmen aldatzen dela estatu horrek ongizate eta politika aurrerakoiak izatearen arabera. Askok aldagai sozioekonomiak hobetsiko lituzkete nazio auziaren gainetik. Halere, kezkagarria dirudit inkluso alegiazko zerbaitetaz hitz egitean independentziaren gaineko babesa hain aldagarria izatea erraz aurreikusi ezin daitekeen eszenatoki batean. Ateratzen dudan ondorioa da askok ongizate estatu bat nahi dutela, berdin zaielarik frantzesa, espainola, euskalduna edo txinatarra izan.

  • Aupa Gilen: Nafarreriaren kontrako gerrak Iruinean, Miluzeko urkaketak, Etxarri hiribildua sortzeko inguruko herrisken suntsiketak. Izurrite Beltzaren eragina ere Nafarroako Erresuman izugarria izan zen eta arrazoia Erregeek jendea hiribilduetan pilatzeko obligazioa ezarri zutelako. Itzaltzuko bardoaren historia…Obanoseko infanzoiena ere nolal ulertu behar da ba?Frantziatik ekarri zuten erregearen aurrean euren eskubidea defendatzeko. Eta Cordobako kalifatoko harenetara bidaltzen zituzten neskak….

  • Gilen Mejuto 2020-12-17 21:16

    Erramun, orain gogoratu naiz “sorginen” hilketa gehienak nafar autoritateek egin zituztela, eta espainiar inkisizioak esku sartu behar izan zuela behin baino gehiagotan haien gehiegikeriei galga emateko.

  • Bueno, sorginen ehizan aritu ziren bertako nafarrak, baina ordurako Nafarroako Erresuma Gaztelako Eresumaren menpe zegoen.

  • Peru_Gabiriko 2020-12-17 23:46

    Mende ilun (eta luze) haietatik oso argi-errainu eskasak heldu zaizkigu, tamalez. Heldu zaizkigun apurrak, berriz, begirada posmodernoaren bidez zehaztu nahiko genituzke.

    1328. urteko Lizarrako progromaren sustatzaile Petri Ollogoien fraidea baskoia ote zen? Orduko Lizarran herritarrak elebidunak?
    Zer errealitate ote dago Baztango agoten mitoaren bestaldean? Zergatik inkonsziente kolektiboak gorde ote zituen mendetan?
    Batek daki !

  • Agoteen “mitoa” ondo ikertuta dago. Josu Legarretak gauza interesgarriak idatzi ditu. Nafarroako juduen kontrako sarraskiak ere nahiko ondo ikertuta daude. Baina hortik ze ondorio atera nahi duzue? Nafarroako herria oso txarra izan zela, Okzitaniatik kanporatutako agoteak ez zituelako abegi onez hartu edo judutarren lukurreriaren aurka oldartu zirelako?

  • Gilen Mejuto 2020-12-18 09:10

    Erramun, sorginen kontrako auziak konkista baino askoz lehenago hasi ziren Nafarroan. Hemen duzu zerrenda bat, dokumentazioaren urriagatik adierazgarria izatera baino ez dena heltzen:

    1280 Tudela 1
    1300 Viana 1
    1314 Donibane Garazi 2
    1329 Bastida 5 (5)
    1330 Donibane Garazi 1 [tribunal de la Cort, Donibane Garaziko gaztelaua]
    1330 Mehaine 1 (1) [Donibane Garaziko gaztelaua]
    1332 Los Arcos 2 (2)
    1334 Izaba 1
    1336 Bastida 1 (1)
    1338 Donibane Garazi 1 (1) [Donibane Garaziko gaztelaua]
    1342 Garrüze 2 (2)
    1342 Donibane Garazi 4 (2/4)
    1346 Iruñea 1
    1370 Ilharre 2 [Albreteko jauna]
    1376 Iruñea 1
    1429 Bortziriak 1 (1) [Bortzirietako juratuak]
    1450 Amikuze-Oztibarre 1 (1) [Amikuze-Oztibarre juratuak]

    Parentesi artean, exekutatuen kopurua; parentesi karratuen artean, zigortzaileak.

    Nire ustez bilakaera bat dago auzipetuei dagokienez: hasieran juduak dira; gero, eta konkistaren ondoan ere, euskaldun elebakarrak.

    Peru_Gabiriko, Lizarraren bidez Estella esan nahi baduzu, baliteke oso euskaldunak ez izatea pasadizo horretako protagonistak (zentzu hertsian: etnikoki).

    Jimeno Juriok dioenez, 1090ean Estella fundatu zen Lizarrako lurraldean, zeina hizkuntzaz “nafarra” baitzen, baina hiri berria atzerritar frankoez soil-soilik jendeztatu zuten; nafarrak, berriz, ezin ziren bertako bizilagun izan. Testuetan agertzen den “navarro” terminoak konnotazio linguistikoa omen du, eta, hortaz, hura euskal hiztunen kontrako debeku bat izan zen.

    Euskaldunduta egongo ziren Estellako frankoak 1328rako?

  • Benat Castorene 2020-12-18 09:33

    Garrantzizkoa iduritzen zait EHren ( batez ere Nafarroaren) historio serioa edukitzea gaurko egoera hobeki ulertzeko eta berari aurre egiteko.
    Baina gure borrokari sasi legitimazioa bat eman nahian historio faltsu eta apologetiko batekin gure burua xoratzeak ez du onik gure borrokarako. Alderantziz.

  • Memoria historicoa aztercen denean, cergatic aiphatzen dira soil soilic guerthaturico gauça charrac?
    Urtheetan daramagu contu honequin eta bethi soilic gauça charren bildumen aurrean ipincen gaituzte.
    Eta guero gure ikasleei, gure seme-alabei eta transmittitu behar derauztegula. Gauça charrac bakarric? Nolaco impressionearequin gueratuco dira gazteoc?

  • Gilenen iruzquina iracurriric emaiten du adiaraci nahi duela ecen sorguin horiec executatuac içan cirela euscaldun elhebakar içaiteagatic eta Naffarroaco Resuma ez cela euscaldunonçat osso differenta Gaztelatic edo Franciatic.
    Adeitsuqui

  • Benat Castorene 2020-12-18 11:56

    Josu zertan ari zara ? nun ikusi duzu gauza txarrak baizik erakatsi beharko ginituela seme alabei?
    Nik diotana ebidentzia bat da baizik eta egia behar dela erakatsi izan dadin on ala txar eta ez historio apologetikoa asmatu. Apologetiko hitzak erran nahi du faltsutua gure buruari artifizialk plazer egiteko asmatua.
    Apologia eta gezurraren arteko diferentzia ttipi ttipia da.
    Egia da bakarrik eraldatzailea ( eta iraultzailea noiztenka). Hark ditu kontzientziak hazteeta elikatzen ez eta haur kontuek.

  • Bai charra, bai ona, biac iracatsi behar dira.
    Memoria Historicoa deitzen den horretan, gauça charrac baicic ez dirade aiphatzen. Hemen Hegoaldean eta Espainian.

  • Eskerrik asko Gilen, gertaera horiek ez dira askotan aipatzen.
    Artikulu honen mamira bueltatuz: estaturik gabe euskarak iraungo du? Errealitatean indar politiko abertzaleek, erabaki dute Espainiar estatu barruan jarraitzea, eta bertan euskara sustatzeko ” politikak” bultzatzea. Euskaltzaleen jarduna ere hortik doa: egungo estatuko administrazioari euskara gehiago eskatzea.Emaitzak? Orain artekoak ez dira oso onak.

  • Sorguin horiec salhatuac içaiten ciren, behin baino guehiagotan, hemengo gende euscaldun “normal”ez. Batzutan salhatzaileac umeac içaiten ciren.
    Invidia deitzen den gaixotassun mental batengatic eguiten ciraden hauec salhaquetoc, errudun bat bilhatu behar baitzen guerthatzen ciren peste eta abar direla eta.

  • Peru_Gabiriko 2020-12-18 12:49

    Egia diozu, Erramun, artikulu honen haritik urrundu egin gara, eta aldez nire ogenez gertatu da. Ikaragarri maite baititut gai hauek, Unamunoren “intrahistoriaren” ideiarekin bat egiten dutelakoan.

    Beñaten baieztapena ere neure egiten dut, egiak beti bere bidea behar baitu. Baina ohartarazi nahi nizuke Caro Barojak bere bizitzaren hondarrean esan zuen harako hura: “historialariak egiaren bila joaten dira eta artxibategietatik era guztietako dokumentuak ateratzen diztuzte argitara (akta notarialak, prozesu judizialak, eta abar), Greziako Danaideak galbahea erabiliz iturrietako hura garraiatzen zuten antzera. Egiak ordea, bere hizki larri guztiekin idatzirik, EGIAK, beti bezala hortxe lehengo putzuan darrai”

    Nork atera dezake egia bere putzutik?

    Artikuluaren harira itzuliz, Erramun: zuk ere uste duzu estatu soberano bat eraikiz eta dekretu bidezko derrigortasuna ezarriz bakarrik lortuko dugula euskararen iraupena? Hori da zure ustez bide bakarra?

  • Estatu soberano bat eraikitzeko indarra bagenu, euskararen erabilera derrigortzeko indarra ere izango genuke. Baina ez dagoenez nahiko indarrik gure inguruko erdeldunak ” seduzitzen” ibili behar dugu. Ez daukagu indar sozialik, kulturalik….ezer inposatzeko.

  • Benat Castorene 2020-12-18 14:08

    Zorigaitzez Erramun momentuz ez zara egiatik oso urruti.
    Otsaburuk aipatutako Naziometroaren aldetik Iparraldeko kopuru batzuek estonatzen naute eta nago ian hemen galderak berdin ongi konprenituak ziren.
    Bestetik nahi nuke jakin %42.5 horietarik zenbait geldituko liratekeen erranez estatu berrian euskara litzatekeela hizkuntza ofizial bakarra edo hegemonikoa.

  • Gilen Mejuto 2020-12-18 15:41

    Erramun, gauza jakina da hizkuntzak indarrez hedarazten direla eta guk ez dugula inolako ahalmenik geurearen hegemonia soziala berrezartzeko. Egitate hori, baina, ezin da aitzakiatzat hartu gure ustez zor zaiguna, komunitate gisa bizirik irautea ahalbidetuko diguna, ez erreklamatzeko eta aldarrikatzeko.

  • Benat Castorene 2020-12-18 16:33

    Gilen, indarrak asko egin dezakeela bai dudarik gabe baina dena ere ez. Badira egoera gure aldetik desesperatuak ere zeinak indarrak ez baititu zuzentzen ahal.
    Ez uste ukan indarrez mintzaira berriro aldaraziko ginukeela hain aise komunitate erdaldundu oso bati
    Begira nola hainbat mendetik guk erresistitzen dugun baliabide eta indar gutirekin.

  • Gilen Mejuto 2020-12-18 16:59

    Hala da, Beñat, eta beraz indarrik gabe pentsa!

  • Benat Castorene 2020-12-18 17:18

    Alde batetik errealistak izan behar gara eta bestetik jakin behar zer nahi dugun, zer den garrantzizkoena guretzat.
    Hortik atera behar dugu helburu bat estimatzen duguna hil ala bizikoa eta errealista batera (zeinerako estrategia errealista asmatzen dugun)
    Ba badakit oso teorikoa eta orokorra dela eta errateko erraza baina horretaz jabetzen bagina beharbada astakeria, gezurkeria eta alferrikako gutiago erran ginitzazke.
    Animo Gilen eta Erramun.